Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Piropo teraupetikoen ostean...

Luistxo Fernandez 2005/05/26 09:38

Aurten nobedade haundia Eibarren: Udako ikastaroak. UEUrekin uztailaren 11tik 15era Markeskuan.

Batek arreta deitu dit: Emakumeentzako striptease terapeutikoa. Hala azaltzen da ikastaro horren zioa:

Jendearen arreta guztia zugan dagoenean zer sentitzen duzu? Nolakoa da zure gorputzarekiko harremana? Zeintzuk dira zure beldurrak, blokeoak, lotsak...? Hau dena striptisa egiten ikasteaz gain era dibertigarri eta emakumez osaturiko talde giro gozoan lantzeko aukera izango dugu ikastaro honetan. Dantza pausoak ikasteaz gain, ariketa terapeutiko ezberdinak tartekatuko dira, azken egunean ikasle bakoitzak bere show-a egitera iristeko.

Moxonean saio praktikoak barraren gainean? Piropo teraupetikoen gainean Eibartarrak zerrendan luze jardun ostean, ea ikastaro honen kronikarik jasotzen dugun...

Pentsatzen dut aukeratxo bat ere eskapatu zaigula Eibar.org-ekooi ikastaro hauekin. Lehenago jakin izan bagenu edo listo ibili bagina, aukera izango zen ikastaro internautiko praktiko bat emateko: RSS eta Tagak, beharbada. Duela urtebete gehienontzat Blogak ziren bezain kontzeptu ilunak askorentzat, baina ikastarotxo batekin, jendea Bloglines, del.icio.us eta Flickr bezalako zerbitzuak erabiltzen jartzeko moduko zeozer izango zen. Interneten ibiltzeko esperientzia asko handitzen da gauzatxo horiekin, sinistu...

Interneteko terapeutarik ez zen faltako irakasteko Eibar.org-en... Adibidez, Igor Leturia gure zerrendakidea ezkontza batera joan, eta ezkontideak eta frailea blogista bihurtuta bueltatu zen etxera! Irakurri hemen

Itzulpen antologia blog bihurtu

Luistxo Fernandez 2005/05/25 12:55

LHGaztea.com gunearen propaganda egiten ari da Jaurlaritza, irrati iragarkiak entzun ditut nik, eta kaleko markesinetan ere ikusi kartelak. Bi web helbide ari dira publizitatzen, LHGaztea.com hori eta GenteFP.com

Bata euskaraz eta bestea erdaraz, pentsa daiteke. Baina bietan mezu bera gaur.

Esta web estará operativa a partir del 25 de Mayo (gaur da hori, baina...). Eta horren ondoan, kanpainaren lema bi hizkuntzatan:

  • Lanerako heziketako gaztea (sic)
  • Gente formada y preparada

EIZIE Itzultzaile Elkartearen ItzuL posta-zerrendara bidali dut pieza hori, han euskarazko itzulpen okerren Antologia egiten ari baitira, gutxi gora-behera, batak eta besteak bidalitako aurkikuntza barregarri edo negargarriekin.

EIZIE eta ItzuL-eko lagun pare bati, iradokizun bat egin nien duela egun batzuk: antologia ditxoso hori blog bihurtu. Outsider baten gomendioa, besterik ez. Baina polita izango zen.

Blog antologiko hori hornitzeko, honako hau ere ez litzateke txarra:

Kultura Saileko Euskara Planen Zuzendaritzak Eusko Jaurlaritzaren webgune ofizialean argitaratu ditu Web orri elebidunak edo eleaniztunak diseinatzeko aholkuak.

Gomendioetako bat: URL helbideetan artxibo eta karpetan izenak artxibo eta karpeta horietako edukiak dauden hizkuntzan ematea komeni da. Baina aholkuak dauden orriaren URL-ari erreparatuz: /eu/contenidos/informacion/... irakurtzen dugu. Gomendio hori ez dute betetzen, ikusten denez.

Da!

Luistxo Fernandez 2005/05/23 12:42

Sustatu weblogean atal berria ireki dugu. Interjekzio euskaldun baten izena jarri diogu: Da!

Honela definitzen du Juan Martin Elexpururen Bergara aldeko hiztegiak: *intj. Zerbait bat-batean gertatzen duela (sic) adierazten duen hitza. Adib.: Don Manuel, Dotriñia preguntau saltanduan. Ez ekin saillian, e. Da! oiñ lelengua, oiñ erdikkua, oiñ atzenekua.*

Da! azkar baten bidez, web erreferentzia bat ziztu bizian komentatzeko asmoa dugu. Lotura bat eta komentario labur bat, hori da dena. Irakurleek gero erantzun bezate iruditzen zaiena.

Adibidez, oraintxe kargatu duguna. Eusko Legebiltzarrak presidente berria du, eta euskalduna da, Izaskun Bilbao.

Legebiltzarraren webgunean bertan aurkitu dugu Bilbaoren berri. Aipagarria, HIZKUNTZAK epigrafean dioena: Euskara, Frantsesa. Bi hizkuntza... Da!

Gipuzkoa DVko orrietan hasi eta amaitzen da Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat

Luistxo Fernandez 2005/05/20 14:50

Babestu zuen ba, Diputazioak, blog lehiaketa negargarri bat Diario Vascon...

Gaur amorratuta segitzeko motiboekin jarraitzen dut. Apuntatuta nago e-postazko buletin batera, Gipuzkoa.net atari ofizialean zer dagoen berri jasotzeko. Etorri da gaur, eta, konpentsatzeko-edo, berritasunetan lotura bat: Goiena.net ! Berritasuna, non eta urtebete pasa dabilenean ekimen hau sarean. Blog komunitatearekin ere, Eibar.org baino beranduago, baina euskaraz ederto, eta DV baino lehenago, eta klaro, protesta edo egingo zuten... eta hemen ordaina: HONEKIN BAKEA, esango zuren. BERRITASUNETAN lotura... Adar jotze mingarria iruditzen zait (aklarazioa: Goiena, neure enpresaren bezeroa da, CodeSyntax-ena).

Horrez gain, jardunaldi batzuen berri ematen zaigu. Ekain hasieran, gaia da e-gobernua eta hiritarren parte-hartzea

Eta hizlari nor? enpresa pribatuak, nik dakusadala, bi bakarrik: Europa Press eta Digital Vasca, DVren adarra. Tira, bakoitzak bere merituak ditu, eta guk eta Goienak, egin ditugun udal webekin, Gipuzkoako webgune administratibo erabilgarrienak eta erabilienak ditugu, eguneratze erraz eta ganorazkoena dutenak, eta, besteak beste, RSS eskaintzeko dezentzia duten bakarrak. Baina zein meritu dugu horiekin? Batere ez. Nola hartuko gaituzte kontuan, hemen Deba Bailaran, San Vicente de la Barqueraren parean... Horientzat Gipuzkoa hasten da DVko orrietan eta amaitzen da Igara-Ibaeta inguruan.

Gu, teknologia eta Interneteko komunikazioa egiten dugun enpresa euskaldunak, ez gara inor. Horiek bai: Europa Press eta DV.

Europa Press herri-partaidetzaren inguruan egiten ari dena da diru lapurreta ikaragarri bat, zeinean Eusko Legebiltzarrak eta hainbat udalek dirua bota eta bota diharduten... Halako txorakeria bat egin zuten hauteskundeetan, denon poltsikotik pagatuta, eta udalez udal, lapurreta publiko berdinera doaz han eta hemen.

Tira, beude, ba, horretan. Agintari publikoak guk aukeratzen ditugu eta hala...

Baina DVko bat hizlari ikustea, herri administrazioez eta herri partaidetzaz, ba berriro sutan jarri nau horrek, ze hizlariak, ez dauka gezurra esateko lotsarik bere kurrikulumean, webgune ofizial horretan, Jardunaldien web ofizial horretan, kargatutako kurrikulumean:

...compañía que además de editar DIARIOVASCO.COM asesora a numerosos clientes de corte institucional. DIARIOVASCO.COM fue el primer medio digital en incorporar foros de discusión sin pre-moderación, y ha sido también el primero en poner a disposición de sus usuarios un servicio de blogs.

Blogetan haiek izan dira lehenak, beraz. Bale.

Tira. Jardunaldioetan izan ematea libre da, eta joan naiz orrira euskaraz bete ere datu-orri hori. Handik gutxira etorri zait erantzuna. Hizkuntza OFIZIAL bakarrean:

Su inscripción en las "III Jornadas Giupuzkoa en la Sociedad de la Información: e-gipuzkoa" se ha realizado correctamente.

Ondo. Adarjotze bat bestearen atzetik.

Batzuetan negargurea ematen du herri honetan teknologia egiteak, euskaraz egiteak.

Denda txinuak eta denda alemanak

Luistxo Fernandez 2005/05/06 16:45

Amatiñoren artikulu bat, Europak perestroika egin beharko duela Txinaren indar ekonomikoaren aurrean...

Gure herrixetako denda merkienak txinuak dira. Bazar hórrek. Todo a cien-ak baino merkiago. Baina, bueno, todoazienak be kategorixa berekuak dira, jenerua txinua, esan gura dot.

Baina, gero, txinuen ostian, ze denda klase dago zabaltzen merke merke? Alemanak.

Supermerkatuan, Lidl.

Elektronikan, famoso egin dira zentro komertzialetako Media Markt hórrek.

Eta drogerixetan, ez dakitt Eibarren dagoen, baiña geure auzuan (Antigua, Donostian) Schlechter izeneko gauza merke merke bat dago, eta beste herri batzuetan be ageri dira. Drogerixako gauzez aparte, umiendako papillak eta txakurren jana be badago. Edozein konpetentzian baiño merkiago dana. In Faradis drogerixetan baiño, zer esanik ez (lehen Denok ziran horrek, too basque for my body).

Orduan, ba bueno, akaso alemanak egin dabe perestroikaren bat edo, bestela, zein da esplikaziñua?

Gure mezuak 30 urte barru

Luistxo Fernandez 2005/05/04 18:08

Mezu ikaragarri batekin, astinduta utzi gintuen Elena Laka abokatu eibartarrak joan den astean. Oier bi urteko semetxoak minbizia du begian, eta osatzeko prozesua hasi dute. Interneten kontatu behar izan du Elenak, ezin gordeta barruan.

Beste eibarnauta batek, Mikel Iturriak, gaztelaniara itzuli du

Dio Iturriak bere sarreratxo sentituan: Oigo y leo por ahí que los bloggers somos unos exhibicionistas. Ni entro ni salgo, pero me quedo con este tipo de exhibicionismo, a pecho descubierto.

Interneten gauzak kontatze honek, egia da, exhibizionista ote garen galdetzera eroaten gaitu. Nik uste dut galdera horrek 30 urte barru izan dezakeela erantzuna.

Nik Eibartarrak zerrendara bidali nuen lehen mezua, Interneten dago, duela zazpi urteko gauza bat (Gmane-ren artxiboa). Bigarren mezua, nonbait, galdu egin da, baina hurrengo egunetako erantzunetan ageri da nirea, aipuen zeinu horiekin...

Kontrolatzen eta ezagutzen ez genuen teknologia batean idatzita geratu zen hura, Makelist izeneko enpresa baten makina pribatuetan. Baina zazpi urte geroago, Eibar.org elkarteak, bere kontrolpeko (gutxi gora-behera, gurutzatu ditzagun hatzamarrak) teknologiekin gordeta ditu mezu haiek, eta orain egunero sortzen ditugunak ere bai.

Hortaz, nik uste dut duela zazpi urtekoa Interneten badago, gaurkoa 30 urte barru ere egon daitekeela Interneten. Hemen akaso (beste artxibo bat, Gmanekoaz gain).

Eta 30 urte barru-edo, akaso aita izateko edade eta trantzean, Oierrek Elenaren mezu hori irakurriko du. Erantzungo digu orduan, Bai, exhibizionista batzuk zineten edo beharbada beste zerbait, okurritzen zaiona.

Mezu horrek zerbait balioko du orduan. E-postan eta zerrendetan, ingelesez aspaldi asmatua da my 2 cents esamoldea, esateko-edo, zeozer idazten eta bidaltzen inbertsio hori egin duzula, horixe kostatu zaizula, neure bi zentimoak. Akaso hori balio du gure mezu bakoitzak gaur. Baina 30 urte barru...

Coreblog euskaratua, berrikuntza nabarmenekin

Luistxo Fernandez 2005/04/27 12:33

Joan den ostiralean aurkeztu zuen nire lankide Mikel Larreategik Coreblog euskaratuaren bertsio berria. IEB 2005 Biltzarrean izan zen eta sarean dago aurkezpena

Coreblog euskaratu honen beste bertsio batzuk ere kaleratu izan ditugu lehenago, eta Eibar.org-eko blog hauetan ikus daitezke garapen haien adibideak.

Baina bertsio berriak berriak ezaugarri interesgarriak ditu. Bereziki hau:

  • Kudeaketa eta edizio interfazeak ZMItik atera ditugu.

Edizio interfazea, blogari arruntarentzat, aterata dago guztiz ZMI-tik. Ez Zope ez gauza arrarorik: euskarazko kudeaketa orriak ditu erabiltzaileak eskura. Aldamenean duzue irudi bat ideia bat izan dezazuen.

Halaxe darabilte une honetan Goiena.net-eko blog komunitatean diharduten blogariek, Zope interfazearen arrastorik ikusi gabe.

Blog dotoreak ari dira sortzen tresna berriarekin, hala nola Zinema , Joxe Aranzabalen Faroa edo Goio Aranaren Superbai

Garapenaren beste ezaugarri batzuk:

  • Data editagarria da. Sarrera baten data alda daiteke nahi erara edozein unetan.
  • Irudi gehikuntza eta kudeaketa: mezuetan integratuta geratzen dira irudiak. Aukera hau, Jeff Hicks, Brady Davis eta Blogplot-eko lagunek garatu zuten eta geurean aprobetxatu dugu.
  • Trackback eta erantzunen kontrola kudeaketa interfazean integraturik.
  • Mikro-CMS bat, edukia kudeatzeko sistema bat, eduki finkoak izateko, eta fitxategi eta irudiak kargatzeko.
  • CSS bidez ukitzen da diseinu osoa, eta erabiltzaileak zuzenean edita dezake.

Dena euskaratua. Espainolezko eta ingelesezko bertsioak prest, eta beste gizkuntza batzuetan lokalizatzeko aukera irekita.

Demo bat hemen eta produktua jaisteko eta instalatzeko, hemen gehiago

Mugarri torrealdaikoak

Luistxo Fernandez 2005/04/26 13:32

Duela egun batzuk, mahainguru batera gonbidatu ninduten. Euskal Blogosfera Gaur. Gero, jakina, blogean komentatu nuen bertan entzundakoak, eta mahainguruari torrealdaikoa iritzi nion. Jakina, izenburu horrekin...

Norbaiti grazia egin zion. Grazia du-eta. Torrealdaikoa. Izenlagun larri eta serioa ematen du. Teknoarkaikoaren eta uralo-altaikoaren artean, hor behar du, nonbait, torrealdaikoak.

80ko hamarkadan, Joan Mari Torrealdairen liburu mardula izan genuen, Euskal Idazleak Gaur. 90eko hamarkadan, liburu birmardula, Euskal Kultura Gaur. Eta 2000ko hamarkada honetan? lau txoro elkartu ginen, eta Euskal Blogosfera Gaur egin genuen mahai baten inguruan. Ez dute, ez ahalegin intelektualak, ezta aztertutako esparruaren pisuak, garrantzi bera. Gurea anekdota bat besterik ez da.

Josu Landari entzuna diot ekintza kultural baten oihartzun edo pisuak ez duela bere hedapen, espontsorizazio edo demografiarekin bat etorri behar derrigor. Aurrezki kutxa baten babesak, edo ehun mila laguneko audientziak izan gabe ere, afaloste batean, mahainguru galdu batean, botatako ideiak, piztutako eztabaidak edo kezkak, eragin handiagoa izan dezakeela herri baten garapen kulturalean.

Sinesten zaila dirudi Landaren susmo horrek. Baina geroak frogatuko du, beharbada, egia den ala ez.

Etorkizuneko arkeologoek, inguruotako hondarretan aztarnak azaleratzen dituztenean, aurkituko dituzte apika gure epoka markatzeko balioko duten materialak. Torrealdairen liburuak ezinbesteko erreferentzia izango dira, eta akaso deituko diote torrealdaikoa garai historiko-kulturalari, mugarri horiek ardatz bihurtuta... Kultura baten hezurdura osoa. Nork erreparatuko die, erraldoiari begira, femurraren ertz batean ageriko diren koxka milimetriko horiei?

Karraskariek ez zuten garrantzirik jurasikoan, edo kretazikoan, edo torrealdaikoan. Harik eta asteroideak jo arte. Orduan loratuko da blogosferaren promesa. Hamar urtez behin, gizon handi bat barik; hamar minutuz behin, sagu baten haginkada. Eta esango dute mikrougaztunek: euskal kultura gaur gu gara, eta blogean posteatu dugun azken okurrentzia... Bueno, beharbada bai, eta beharbada ez.

-------------------------

Irutxulo Hitzarako artikulua da hau. Gaurko eskatu zidaten, baina ez nago seguru noiz irtengo den paperean. Dedikatu nahi diet txorakeria hau blogista berriei, bereziki Edu Lartzanguren eta Edorta Aranari. Animo lagunak, ongi etorri karraskerien azpikulturara.

Irudien egiazkotasuna

Luistxo Fernandez 2005/04/25 18:25

Gaur komentatu dut Eibartarrak zerrendan Julen Gabiriak bere blogeko diseinu berrian, goiburuan, itsatsi duen argazkiarena, Robert Doisneauren argazki famatua, Hotel de Ville-ko musuarena.

doisneau.jpg

Sentitzen dut, baina gezurra zen, eta Gabiriari eman diot erantzun bat. Gaur jakin dut, argazkiaren orijinala enkantean irtengo dela. Negatiboa edo orijinala, edo ez dakit, baina irudian musu ematen ageri den emakumea ei da jabea, eta 20.000 eurotan edo irten daiteke. BBCn zeozer honetaz

Argazki prestatua dela esatearekin, nonbait Gabiria literatoa ez da asko mindu, ze bera hor ibiltzen da igerian, fikzioaren eta errealitatearen artean, literaturan.

Baina pena eman omen zien nire errebelazioak nire lankide emakumezkoei, Zaloa eta Maite artistei. Benetako argazkia zela uste zuten, gaixoek...

Ai, ai, ai... neskak: zuek ere mundua engainatzera dedikatzen zarete barren! Argazki honekin, adibidez:

transpa.jpg

Blogarien bilkuran batek baino gehiagok galdetu omen zuen ea nola genuen lanean holako pantaila aluzinantea... Ba ez, gezurra da, eta gezur bikoitza: photoshopezko engainu bat da. Ze, benetako pantaila gardenaren kontua nik sinesten dut. Sinesten dut benetakoak direla Flickr-en agertzen diren pantaila gardenak, benetakoak, zentzu teknosexualean: argazkia atera, pantailako fondo gisa ezarri, eta beste argazki bat atera ordenagailuari.

Gure lanekoak, ezta hori ere. Photoshop. Maitek esaten dit Flickrekoak ere hala direla, photoshopekoak. Baina nik ez, nik sinisten dut, egiazkoagoak direla haiek... prestatua izan arren, Doisneauren musuan maitasun puntu bat zutela aktoreek sinesten dudan bezala. Baina Maite, Zaloa: Photoshpean ez dago maitasunik.

Eta beste baterako utziko dut Ikeako gure butakaren gaineko komentarioa.

Blogak, medioak eta politika lotuta geratu dira

Luistxo Fernandez 2005/04/19 12:11

Blogak eta politika lotuta egon ziren herenegun blogs and beers topaketan Elgetan: pantaila erraldoian blogak, moblogak eta emaitzak tartekatuz joan ziren. Baina fenomeno mediatiko orokorra da. Blogak, medioak eta politika lotu egin dira azken hauteskunde hauen kanpainan, eta hemendik aurrera hala jarraituko dute.

Alfonso Rojo El Mundokoa zena, bota zuten handik, eta egunkari digital amarillo batean jarri da orain, Periodista Digital. Blog_zone izeneko atal bat ireki zuten duela egun batzuk, eta apirilaren 18an, hara!, euskarazko bi blog ere erreferentziatzen zituzten bertan:

  • Amatiñorena, Eibarko komunitatekoa
  • Aintzane Ezenarrorena Diario Vascon.

Egunero aldatzen dute Blog_zone hori eta pantallazoak atera nituen, izan ere, gaurko desagertua da euskera bertatik.

blogzone1.gif
blogzone2.gif

Goiburuan jarri zuten Ibarretxeren bloga, eta Ibarretxeren ustezko artikulua, ez dira bereak, bere kanpainako bloga baizik, EAJ-EA koalizioarena, eta agerian jarri zuten artikulua Amatiñok idatzitako mezu baten itzulpena da.

Blogak, politika eta medioak nahastu dira kanpaina elektoral honetan. Deiak, Telecincok, DVk, El Paisek... blog mediatiko-politikoak atera dituzte azken 6 aste hauetan. Alderdi politikoek ez zuten RSSrik eta ez zuten blogeatzen, eta orain bai.

Euskarazko medioak, ez. Jarraipen klasikoa egin diete Berria, Argia eta EITB digitalek kanpainari, berrikuntza barik.

Honen guztiaren eragina zein ote den ez dakit. Akaso bisita asko-asko dituen blog batek, 1000 bisita izan ditzake egun batean... Eta aldiz, teleberriak miloi bat hauteslek ikusten dituzte gau horretan bertan. Eraginaren neurria hortxe dago. Baina, hala ere, medioez eta politikaz ezingo da jardun aurrerantzean konponente hau barik. Derrigorrezko bihurtuko da.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2025 2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004