Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Señora naiz eta harro nago

Leire Narbaiza 2021/05/21 13:00
Gipuzkoako Hitzan 2021eko maiatzaren 21ean argitaratua
Señora naiz eta harro nago

Elena Lakaren argazkia

Hilabete honetan jokatu da bertsolari emakumezkoen Señora Sariketa. Irabazlea Amaia Agirre izan da. Sariketa hori aurkezteko Maider Arregik BERRIAn adierazi zuen: “(…) denok ulertzen dugu zer den señora bat, eta kontzeptu hori aldarrikatu nahi genuen. Izan ere, emakume indartsu bat da señora bat, ahaldunduta dagoena”. Izugarri gustatu zitzaidan izena, eta oinarrian dagoen ideia.

Agian izango da —Atxaga eta Ruper Ordorikaren kantua parafraseatuz— apirilean nahi baino urte gehiago bete ditudala. Señora izateko adinera iritsita nagoela, helduaro bete-betean, sinistu ezinda. Beharbada horrenbeste gustatu zitzaidan Arregiren definizioa, aspaldi luze baten nabilelako defendatzen “señora eibartarra” naizela, izen sintagma horrek inplikatzen duen guztiarekin. Inguruko ez eibartarrek barre egiten didate, ez eibartar adjektiboagatik (ondo dakitelako Eibarkoa naizela, eta harro diodala nongoa naizen), señora substantiboagatik baino gehiago.

Señora izatea modaz pasatuta dagoelako askorendako, demodé, zahar egiten gaituelako batzuen begietan. Señorak dira zaharrak eta estatus soziala dutenak, perlazko idunekoa jantzita dabiltzanak. Eta Euskal Herrian, hainbatek zibilizazioaren dekadentziaren ikurtzat dauzkate perlak!

Baina nik “señora eibartarra” naizela diodanean, beste gauza bat adierazi nahi dut: perladuna edo perla bakoa izan arren, bizitzak eman didala hemen egoteko modu bat, hanka biak lurrean tinko jarrita, gauzei aurre egiteko jarrera bat. Askotan, ahula; beste batzuetan, zalantzatia; besteetan, noraezean eta alderrai. Askotan (gero eta gehiagotan), aldiz, bizitzan eroso egonarazten nauena, nire azalean hobeto. Maider Arregik ahaldunduta daudenei deitzen zien señora. Ez nuke esango neure buruaz ahaldunduta nagoenik —hori lau bizitzatarako lana, gutxienez, badelako—, baina badakit bidean nabilela, gabiltzala. Elkarrekin gabiltzalako bidea egiten señora batzuk batera: eurekin, euren bidez eta eurei esker.

Señora estereotipoak duen irudi txarra ere apurtu behar dugu, gainera. Serie eta nobela klasikoetan ahaldundutakoak gaiztoak dira, oso gaiztoak (nola ez!). Angela Channing bezalakoak: atso zaharra, ahaltsua eta despota, botere-gosea duena. Eta señora ganorazkoak ere badu maltzurretik asko. Ez da betiko matriarka, sarritan takarra eta ez abegitsua izan liteke. Horrek bere gaizto fama handitu egingo du, ez delako ama amultsua, ilobei kroketak egiten dizkien amama. Amantal bako señora. Hain dago gaizki ikusita, ezen señora esaten digutenean, izularritu egiten garen. Ni señora? Mesedez, ez. Ni gaztea naiz.

Bestalde, Simon de Beauvoirren esaldiak —”emakume ez da jaiotzen: egin egiten da”— inoiz baino indar handiagoa dauka señoron kasuan, emakume egin ostean, beste eraldaketa bat behar dugulako señora bihurtzeko. Askoren begietan, ezkonduz gero baino ez da lortzen hori (¿señora o señorita? Madame ou mademoiselle?), beti inoren señora izateko (señora de). Gizonezkoak, aldiz, beti dira señor/mosieur, hamazortzi urteko ezkongabea izan arren. Androk kategoria hori irabazi egin behar dugu. Beti lanean!

Horregatik guztiagatik señora izatea aldarrikatzen dut; adina ez ezik, ahalduntzea ere helburu dugulako. Gora señorak!

Gipuzkoako Hitzan

Zatzaizkit

Leire Narbaiza 2021/05/07 00:00
Gipuzkoako Hitzan 2021eko maiatzaren 7an argitaratua
Zatzaizkit

zatzaizkit

"Zu zatzaizkit axola” irakurri eta jendea aztoratu, dena bat. Iruñeko Udalak euskarazko Twitter kontuan bota zuen duela pare bat aste iragartzeko sanferminik ez dela izango aurten ere. “Zatzaizkit”? Nola liteke! Dena kritika, beharbada zetorren lekutik etorri zelako. Bitartean, Nor-Nori aditz paradigma negarrez dago bazterrean, ulertu ezinda zergatik baztertu dugun, zergatik ez dugun maite. Baina hala da, baztertu egin dugu, eta hainbeste murriztu da gure ezagutza, ezen “zu zatzaizkit axola” txartzat jotzen baitugu. Egoera tristea, egoera anormala gurea.

Askotan galdetu izan didate ea euskaraz nola esan behar den “me gustas“, ea “gustatzen zatzaizkit” den modu egokia. Erantzuna ezezkoa da. Gramatikalki zuzena izan arren —eta zatzaizkit moduko adizkiak atsegin arren—, ez da forma hori erabili inoiz norbaiti gogoko dugula esateko, edota interes erromantikoa (edo sexuala, kasuaren arabera) dugula aitortzeko. Ez. Mesedez: “Gustatzen zatzaizkit”, stop!

Hori komentatzen nenbilela ikasleekin, batzuek aitatu zidaten “norena gustetan zare?” erabiltzen zutela nerabezaroan. Ai, ama! Erdal usain nabaria izanda esaldi horrek, nondik ote zetorren asmatzen ibili ginen. Orduan, gogoratu nintzen guk gaztelaniaz “¿de quién te gustas?” esaten genuela, eta itzulpen literala dela konturatu ginen. Gero akordura etorri zitzaidan madrildar batek esan zidala “¿de quién te gustas?” hori Euskal Herritik kanpora ez zela ulertzen, eta euskararen eragina izan behar zuela non edo non. Baina ez nion inondik inora arrastorik antzematen. Halako baten, aspaldi hil zen gure kaleko andre zahar bat etorri zitzaidan burura: Rosario. Hark galdetzen zigun neska gaztetxooi mutil kontuez (neska konturik pentsaezina zen), eta gaztelaniaz esaten zigun: “¿Ya tienes gustoco? ¿Quién es tu gustoco?“. Orduan sasoian ez nuen lotzen gustoco hori ezerekin (bai, motza naiz), eta tokata eta bokata bezalako hitza zela uste nuen. Enfin! Aurrerago, askoz aurrerago konturatu nintzen euskarazko itzulpen traketsa zela: “Badaukazu (mutil/neska) gustukorik?”, esan nahi zuela Rosariok. Hortxe translazioa, tradukzioa ez esatearren.

Zenbat aldaketa “zein da zure gustukoa?” esalditik “zeinena gustatzen zara?” esaldira. Itzulpenak itzulpen, jatorrizkoa kiribildu eta txiribuelta larregi egindakoa, azken zatian gaztelaniaren morrontzapean. Ematen du Google translate erabilita egin dela itzulia. Itxialdi betean lagun zoro kuadrilla batek Furra, furra Oskorriren kantu ezagunari egin genion antzera: Google translate-n zenbait hizkuntzatara pasatu hitzak, hizkuntza-kate bat osatuta: euskara-gaztelania-frantsesa-txinera-gaelikoa-arabiera. Tartean, beti euskarara. Imajinatzekoa zen moduan, letra absurdo geratu zen —”zeinena gustatzen zara” bezain absurdoa—. Tartean, ez dakigu nondik, “arroz-bola” hitza agertu zitzaigun. Horregatik, “arroz-bolarena” deitzen diogu bideoari.

Google translate-rik gabe ere, euskaldunok gurea ahaztu, eta gazteleraren pean beti.

“Arroz-bola”, “Arroz-bola!”. “Zu zatzaizkit axola!”.

Gipuzkoako Hitzan

Gora Republikia!

Leire Narbaiza 2021/04/23 00:00
Gipuzkoako Hitzan 2021eko apirilaren 23an argitaratua
Gora Republikia!

Emakumeak

Apirilaren 14 guztietan Gora Republikia! idazten dut sare sozialetan. Eta urtero-urtero, baten bat(zu)ek —ia beti gizonezkoek— erantzuten dit/didate: baina Euskal Errepublika, zeren II. hori espainiarra izan zen, eta ez da gurea, eta tar, eta tar eta tar, tar, tar. Jakingo ez banu lez, bandera more-hori-gorria espainiarra dela, esaterako. Edo Alfonso XIII.a nongo erregea izan zen. Beti zerbait azaldu behar izatea ere! Baietz erantzuten diet, jakinaren gainean nagoela, eta nik ere Euskal Errepublika nahi dudala, lehenbailehen, baina jarraituko dudala Gora Republikia! esaten.

Aurreko larunbatean Jose Mari Pastorrek Eibarko tranpa izeneko artikulua argitaratu zuen BERRIAn. Bertan esaten du ez ote zen hobea izango Eibarren izan barik, Espainiako II. Errepublika Tordesillas, Tarazona edo Lucenan aldarrikatu izan balute. Ulertzen dut zer esan nahi duen, baina Eibarren izan zen, eta ez kasualitatez; bai nahastez, estreinakoz bandera errepublikanoa udaletxeko balkoian jarri zutenak konfunditu egin zirelako, uste zutelako herri gehiagotan ere aldarrikatu zutela. Patuaren amarruak. Baina kasualitatetik gutxi zuen, herrian ideia errepublikanoak eta sozialistak oso errotuta zeudelako. Datu bakarrarekin egiazta liteke herriko giroa: egun bi lehenago egindako hauteskundeetan sozialistek hamar zinegotzi lortu zituzten, zortzi errepublikanoek eta bat EAJk. Argiago ezin, ezta? Beraz, Gipuzkoa bazterreko herri honetan baino motibo gehiagorik, non?

Badakit errepublika sasoi hori idealizatuta daukagula, Eibarren mitifikatuta ere badagoela esango nuke. Beharbada, gure herriak egin duen —bizi baino askoz gehiago— gertakizun ikusgarriena izan zelako, eta sinbolo ere bihurtu delako udaletxearen argazkia. Eta ez dut ukatuko, izugarri gustatzen zaigu gure aurrekoek egin zuten ekintza gogoangarri hori kontatzea, guk geuk egin izan bagenu bezala. Herri guztiek dute euren epika, eta gurea hori da, gogor ordaindutakoa, gainera.

Bestalde, itsu geundeke ukatuko bagenu erregimen politiko horrek onura asko ekarri zizkigula euskal hiztunoi, batez ere. Aurreko zapatuko BERRIAn ere Hedoi Etxartek Gora apirilaren 14a! izeneko artikulua argitaratu zuen. Bertan, besteak beste, hau zioen: “(…) baina gerratik galtzaile atera ziren guztientzat (sozialista, abertzale, sindikalista, komunista, libertario) 31-37 zikloa izan zen ezagutu zuten eraldaketa gauzatzeko garairik nabarmenena (…)”. Sei urtean mendeetan egin gabe zegoena egiten ahalegindu ziren, eta horregatik ere ohoratu beharko genuke sasoi hori.

Pastorrek gehitzen duen beste kontu baten dio: “Eibarren Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zutenean Frantziako III. Errepublikan bizi ziren beste aldeko haurrideak”. Egia da Iparraldea errepublika baten mende zegoela orduan, baina nik genero xehetasun bat gehituko nuke: Frantziako hiru errepublikek bestaldeko ahizpei ez zieten aitortu boto eskubiderik; 1945a etorri zitzaien. Hegoaldean, kostatuta, eskubide hori 1931n onartu zen errepublikan. Dibortzio Legea ere egin zuten, emakumeak lan munduan sartzea ere sustatu zuten… Emantzipazioa, berba baten. Emakumea naizelako defendatuko dut beti Espainiako II. Errepublika, batez ere guri eman zigulako askatasun gehien.

Eta horregatik baino ez balitz ere, mila urtean segituko nuke oihukatzen: Gora Republikia!.

Gipuzkoako Hitzan

Ikurrina

Leire Narbaiza 2021/04/18 08:55
Argia aldizkariko 2728. zenbakian argitaratua
Ikurrina

Argazkia: Wikipedia

Aberri Eguneko gauean, ohera joan aurretik zintzilikatu nuen leihoan ikurrina. Literal, arropa eskegitzeko pintzekin lotu nuelako arropa esekitzeko sokan.

Berri-berria zen, estreinatu egin nuelako, iaz itxialdi ostean erosi banuen ere. 2020ko Pazko egunean zerbait jarri nahi izan nuen bentanan, baina ez neukan ezer. Hauxe da, hortaz, nirea den lehenengo ikurrina.

Gainera, independizatu nintzenetik, estreinakoz jarri dut aurten gure bandera bizi naizen etxean. Ez naiz oso ikurrinzalea izan, beharbada bazegoelako sinbolo horretan zeozer gogoko ez nuena. Koloreak gustuko ditut, diseinua ez hainbeste. Beste bandera batzuen aldean alaia da. Itxurak ez zidan ezinegona eragiten. Asperdura infinituak akaso? Klixe etenbakoa bihurtuta zegoelako? Ezin azaldu zergatia!

Katalanek procés-ean zabaldu zizkidaten begiak: bandera bat –edo batzuk– behar genuen, eta bageneukan. Bestalde, ezin ahaztu zenbatek defendatu zuten debekatuta egon zenean; gure aitak, besteak beste.

Aitxa akorduan, eta bere izenean, ibili zen dilindan bigurutzeduna etxeko leihoan. Iragana gogoan, etorkizuna iradokitzeko.

Argian

Lourdes, Maite, Estitxu, Amaia...

Leire Narbaiza 2021/04/09 12:55
Gipuzkoako Hitzan 2021eko apirilaren 9an argaitaratua
Lourdes, Maite, Estitxu, Amaia...

Iturria: Wikipedia

Izenburua irakurrita askok pentsatuko duzue txikitako kuadrillaz jardungo dudala, lankideez, lehengusinez, edo sasoi baten nire bizitzaren parte izan ziren emakumeez. Aitatutako lau andrazkoak ez ditut ez kuadrillakide, ez lankide, ez lehengusina. Baina, bakoitza bere neurrian, laurak izan dira (eta badira oraindik ere) nire bizitzaren parte.

Izenei ondo begiratuta, asko kargutuko ziren nortzuk diren emakume horiek, zerk lotzen dituen. Bai, kantariak dira: Lourdes Iriondo, Maite Idirin, Estitxu Robles-Arangiz eta Amaia Zubiria. Abeslari bide-urratzaileak, emakumeak, bere sasoian punta-puntakoak. Hala ere, luzaroan ahaztuxeak egon direnak. Mitikoak —esanahi konbertzionalean zein gazteek mitiko erabiltzen duten moduan— izan beharko lirateke, baina jende gutxi gogoratu izan da haiekin azken urteetan.

Dena dela, itxialditik honantz haien gaineko zenbait erreportaje eta artikulu iritsi zaizkit. Batzuetan, lagunen artean komentatu, eurek ikusi, eta bidali dizkidate estekak. Besteetan, sarritan gertatzen den era magiko horretan: bilatu barik, gure eskuetara ailegatzen direnak, patuak aurrean jarriko balizkigu legez; beste zerbaiti buruz gabiltzala, azaltzen zaigu begien parean momentu horretan buruan darabilgun gai hori. Niri askotan gertatu izan zait, espero ez nuen leku edota euskarrietan azaldu izan zaizkit sasoi horretan gogoan nerabiltzan autuak.

Dena etorri zen Xabier Leteren heriotzaren hamargarren urteurrena zela eta, egin zuten dokumentalaren haritik. Bertan Lourdes Iriondo agertzen da, ezinbestean. Baina testigantza askok zioten Iriondo zela izarra eta aitzindaria Ez Dok Amairu sortu zenean. Zer gertatu zen, orduan? Zergatik egin zuten aurrera Laboak, Letek eta Lertxundik? Zergatik laga zion kantatzeari Iriondok? Zergatik ez du izan zegokion errekonozimendurik? Abendu berean hamabost urte bete ziren bere heriotzatik…

Dena den, Amagoia Gurrutxagak BERRIAn Izar eta ezin artikulua eskaini zion urteurrenean. Artikulu horren eta dokumentalaren gainean sare sozialetan ahanztura horretaz jardun zen. Batzuek zioten kantatzeko era hura oso modaz pasatuta geratu zela; beste batzuek genioen eboluzionatzeko aukerarik ere ez zuela izan, beste kantari batzuek egin zuten legez.

Estitxu Robles-Arangiz etorri zitzaidan akordura, eta Maite Idirin. Hirurek desberdin kantatu arren, kantaera oso “femeninoa” zuten (tonu altuak, ahots fina…), oso modakoa lehen, baina aspaldian demodé dagoena. Zer gertatuko zatekeen eboluzionatu izan balute? Idirinek musika klasikorantz jo zuen; kontserbatorioan ikasi eta sopranoa izan da zenbait proiektutan. Baina Iriondok eta Robles-Arangizek beste aukerarik izan balute? Gizonak izan balira, ahaztuta zeudekeen? Kantatzeari lagako zion Lourdesek? Abandonatu egingo zuten Estitxu?

Amaia Zubiriaren kasua bestelakoa da. Zubiriak ez dio utzi inoiz kantatzeari. Bere ibilbidea egin du, eta beste bide batzuk ere jorratu ditu. Oker ez banago, jardunean dagoen emakume kantari zaharrena da, eta karrera luzeena duena. Baina biziraun besterik ezin du egin dituen diru sarrerekin. Eta errekonozimendu publikorik izan du? Saririk, ohorerik egin diote? Adarra saria, esate baterako?

Lau emakume hauek bidea urratu zuten, baina bide bazterrean laga ditugu. Ahanzmendutik atera, eta merezi duten ohorezko lekua emango ote diegu inoiz?

Gipuzkoako Hitzan

Kuadrilla, pipak eta lagunak

Leire Narbaiza 2021/03/26 13:55
Gipuzkoako Hitzan 2021eko martxoaren 26an argitaratua

Aurrekoan, ostiral iluntze batean, azken orduko erosketa bat egitera joan nintzen auzoko supermerkatura. Dendaren ateen ondoan, neskatila talde bat ikusi nuen, litxarreria poltsak eskuetan, zutik, aspertu itxurarekin. 13 bat urte izango zituzten, eta nire nerabezarora eroan ninduen ikusitakoak, anbulatorioko parkean pipak jaten ematen genituen arratsalde luze eta hotz haietara, zerbait gertatuko zitzaigulakoan, esperoan; etxera joan nahi ez, zeozer interesgarria pasatuko zelakoan, pasatu behar zelako, arrats horretan ez bazen, hurrengoan, adin horretan denok dakigulako pasadizo miresgarriak bizitzeko geundela parke triste hartan, nerabezaroa horixe baita: etortzeko dauden gertakizun miresgarrien promesa.

Neska kuadrilla ikusiteak, esan dudan moduan, edade horretara teletransportatu ninduen, nire bizipenetara, eta haien azalean sentitu nintzen. Pipa-jan etengabe hartan, itxaroten egonda, hezetasun eta asperduraren artean, giza-kondizioaz asko ikasten da, orduan momentuan kontziente ez bagara ere. Gainera, une horietan sortzen dira lagun-harreman asko, ez denak, ezta beti onenak ere. Askotan hartu-eman bereziak eta bizitza guztirakoak eraikitzen dira parkeko bankuetan eserita, pipa-lana egin bitartean. Baina talde horietan, laguntasunaz gain, pertsonok izan genitzakeen profilak ere ikasten dira, kuadrillak azken finean gizarte txikiak baitira, sozietatearen isla hutsa. Gaztetxoen multzoetan ere hierarkia existitu egiten da, eta esango nuke beti daudela liderraren rola eta haren akolitoena. Auzoko supermerkatuko atean zeudenen artean ere ikusi nuen nor zen, eta horrek ere anbulatorioko parkeko sasoietara eraman zidan oroimena. Lider hori, nahi duena egiten duena; diktadore txikia, ohituta dagoena bere burutaldi guztiak egitera, lidertza naturala balu legez, artalde otzan baten kapitain buruloka apetatsua. Taldeko erabakiak hartzen ditu, de facto boterea daukalako, inork zergatik ez dakien arren. Onartu eta baztertzeko gaitasun miragarria du.

Aitatutako neskato horien lagun taldeak ez dakigu zenbat iraungo duen; ez dakigu zenbat benetako adiskide eragingo dituen; ez zenbat ikusezintasun. Nik, gutxienez, opa diet lagun min bat betiko, eta beste lagun batzuk bizitzako une puntualetarako. Guztiaren gainetik, baina, lagunarte zintzoa desio diet, liderrik gabekoa, abaroa eskainiko diena, eta kritika suntsitzailerik zuzenduko ez diena, diren modukoak onartzen dituelako, ulertu eta entzungo dien adiskide taldea, barre egiteko eta asaskatzeko, amorruak lasaitzeko, negar egiteko, haserreak baretzeko, ondoezak elkarbanatzeko, errespetuz eta konfiantzaz. Nik lortu dut, eta pandemiak eman dit, piparik jan barik, hotza pasatu gabe. Babesteko txokoa, ahalduntzeko espazioa lortu dut. Gaizki-ulertuak ondo konprenitzeko, munduari nire begiekin eta besteenekin begiratzeko, ikuspuntua jiratzeko. Algara, malkoa eta oihua; emozioa, kezka eta amorrua; zoriontasuna, nekea eta babesa. Ni neu naizen lekua. Ni neu izatea ahalbidetzen didan espazioa, eusleku paregabea.

Eskerrik asko hor egoteagatik, lagunok, zuek barik pandemia eta bizitza askoz gogorragoa zatekeelako! Zenbat berraragiztatze behar ote ditugu amestu ditugun plan guztiak egiteko?

Gipuzkoako Hitzan

365 egunetan

Leire Narbaiza 2021/03/12 13:55
Gipuzkoako Hitzan 2021eko martxoaren 12an argitaratuta
365 egunetan

Zaldieroa

Martxoan dena dator more kolorez tindatuta. Batez ere hilaren zortziaren astea. Ekitaldi eta manifestazio asko emakumeen ikurraren pean. Karteletan ikusten dira emakumeak eskuak elkartuta triangelu bat osatzen. Egitarauetan arlo guztietako andreak agertzen dira hitzaldiak ematen, kantuan, bertsotan, bakarrizketetan… Dena andrakumea! Burbuila batek eztanda egin izan balu bezala, agertzen zaizkigu urteko beste hamaika hilabeteetan ahanzturaren tiraderan ostenduta dauden sortzaileak. Sarkileriak bazterrean abandonatutakoak azaleratzen dira urteko hirugarren hilabetean, martian, polen bioleta gisara, halako ekitaldietan pausatzen dena, geruza fin batez espazio konkretu batzuk estaltzen dituena, eta udaberriaren oldarraldian, lehen haize eta euriek eroaten dutena errutinaren erreketara, bertan disolbatu eta akordutik desagertu arte.

Baina non kukutzen dira hauts ubel horiek urtean zehar? Epailaren 8tik kanpo ere artista eta langile emakume horiek existitu egiten direlako, osterantzean ezingo lirateke kaleratu data horren inguruan. Izan, badira; jardun, badihardute.

Norbaitek pentsa lezake martxoko hodei lila hori faltsua dela, zuria, puztu egiten dela, artifizialki eraginda dagoela. Ez, bada! Egia da antolatzaileak bazterretan bila ibiltzen direla, adi, ahalegina egiten dutela nabarmendu nahi dutelako andrazkoak ere badaudela arlo guztietan. Interesa dutelako, berba batean. Begien bistakoari jaramonik egin barik, esfortzuaren puruan, lortzen dute helburua: emakumeak ikusgai bihurtzea, dagoena agerikoa egitea.

Orduan zer gertatzen da erauntsi purpura gabeko urteko beste hamaika hilabeteetan? Hartz emeak balira moduan, hibernazioan daude andrazko horiek guztioriek? Ez dago artista, hizlari, kirolari emakumerik beste 364 egunetan? Etxezuloan gustura bizi dira, diskrezio absolutuan, anonimato osoan? Edo gure sistema honek bihurtzen ditu ikusezin? Edo ez dago interesik sortzaile horiek ikusgai bihurtzeko?

Argi dago martxoak dakarren ubeltze hori ezinbestekoa dela argitara ateratzeko emakume horiek guztioriek, badirela baieztatzeko. Baina ekintza batzuen kasuan, purplewashing edo zuriketa moretik —feminismoa erabiltzea norberaren irudia zuritzeko eta beste helburu batzuk lortzeko—asko ere badutela esango nuke. Gorrindolez (berba ederra!) dena blaitu, zerbait egiten dutelakoan emakumeen alde. Atzera ere itxurakeria usaina hartzen diegu halako keinu eta adierazpen askori. Garbiketa morerik nahi ez dugulako, euri purpura baizik, zirimiria bada hobeto, dena ametista kolorez mela-mela lagatzeko. Martxoaren 8 honetan bertan, Zihara Enbeitak Twitterren bota zuen moduan: “Sentsazio arraroa izaten dut gaurko egunez. Gaur mikroa uzten digute, Twitterreko plazan guk hitz egiteko lekua egiten dute. Esan esateko duzuna orain, gaur. Hala hitz egin. Plaza erdira bueltatzeko presaz. Ez, ba. Nik bihar ere entzuna izan nahi dut, gaia dena delakoa dela.#M8″. Hobeto ezin da esan, ez nik behintzat.

Patxi Huarte Zaldieroa-k martxoaren 7an ateratako zintan zioen hemen bezperak ere ospatzen ditugula. Irribarrea atera zigun, baina bezperak ez ezik, ostekoak eta hurrengoak ere ospatu eta aldarrikatu nahi ditugu, urteko hirurehun eta hirurogeita bost egunetan ere martxoaren zortzia delako, egunero emakumeen eguna ere badelako.

Gipuzkoako Hitzan

Zartadak

Leire Narbaiza 2021/02/28 07:55
Argia aldizkariko 2722. zenbakian argitaratutakoa

Orain urtebete lehertu zen dena, amildu zen magala Eitzagan. Halere, amiltze horren benetako arrazoiak zeintzuk diren ez dakigu oraindik. Zabor olatu erraldoiak  beste horma batzuk ere zartatu zituen, barnekoak. Nire barruan eta beste askoren barruan. Zartatu zen agintarienganako geneukan konfiantza txiki hori. Uste genuelako ―txarto ala ondo, gustatu ala gustatu ez―, kargudunak gu babesteko zeudela halako hekatonbe larri baten aurrean. Konturatu ginen ezetz.

Ikasi dugu ez garela ezer eurendako, ez diegula ardura, orduko hartan inguruko biztanleok babesgabe eta abandonatuta laga gintuztelako. Inork ganorazko argitasunik ez zigun eman. Bitartean, gu noraezean genbiltzan, ezer aditu ezinda. Ez-itzultze puntu bat izan zen, eta batzuoi behingoz begiak zabaltzeko balio izan zigun.

Tristea da guztia. Tristea, Alberto eta Joaquin galdu zirelako. Tristea, hondamendi ekologikoa eragin zuelako. Tristea, desanparoa bizi izan genuelako. Tristea, bertan zer dagoen ez dakigulako. Baina tristeena da gogoa arrakalatu zigunak ―zabortegiak azaleratutako sistema ustelak― zartatu digula konfiantza.

Argian

Azalutsak

Leire Narbaiza 2021/02/26 18:55
Gipuzkoako Hitzan 2021eko otsailaren 26an argitaratutakoa

Azal gosea dabil bazterrotan. Aspaldi gabiltza esaten izurrite sasoi honetan azala ukatzen zaigula. Inoren azala, gurea baino ez daukagulako. Gehienok gogo itzela dugu beste batzuk besarkatzeko, laztantzeko eta ferekatzeko. Baina egoerak ukatu egiten digu keinua, eta hamaikatxo estutze, musu eta ukitu kolkoan gorde dugu, sasoi ez-pandemikoetarako, besarkada eutsiezinezkoren batzuk eman baditugu ere. Horrek guztiorrek azaleratu digu azal hutsa garela, haragi baino gehiago.

Besteen azalaren antsiak, baina, azaleratu digu azalekoak garela, ez batzuk azal eta hezur daudelako, azal-azalean geratu garelako baizik. Azalutsak garela, alegia. Eskaparatismoa praktikatzen dugulako ia gehienetan. Zelofan-gizartean bizi garelako, lagun batek dioen moduan. Kanpokoak baino ez duelako inporta sarriegi. Opari itxuroso horietakoen antzera: pakete ondo batua, paper polita duena, zinta ederduna, lazo, begizta, erroseta eta guzti. Zabaldu, eta txinatar bazarreko euro bateko plastikozko objektu bat, imitaziokoa, gainera! Itxurakeria.

BERRIA egunkariaren sasoi bateko leloa Azala eta mamia zen. BERRIAk azala eta mamia badu, baina gizartean mamia desagertzen dabil, azal ederragoa lortzeko asmotan, beharbada. Azala, kanpoa delako saltzen duena, irudi fiktizioa eman, ez garena azaltzeko postureo hutseko jardueretan, atsegiteen bila sareetan. Plantak baino ez.

Uste genuenean zenbait ideia eta ikuspuntu mamiraino sartuta zeudela, sexismoa eta genero berdintasuna, besteak beste. Konturatu gara polemiken bidez, ideal horiek azalean baino ez direla geratu. Atzazalarekin azka eginda azalean, kla-kla-kla, eta ui, zer dago hemen? Betikoa: matxismorik zaharminduena, zahitsuena, erreakzionarioena azaleratu da. Gizon moderno, euskaldun eta ezkertiarren ahotan eta teklatuetan entzunda, gainera. Batzuk, gazteak; besteak, zaharrak. Matxismoa eta sexismoa iraultzarako tresna! To eta no! Barkatu, to! besterik ez.

Emakumeak azal eta mamia gara: azal, hezur, haragi. Gure gorputzek balio diete hainbati barre egiteko, iraintzeko, erabiltzeko. Objektu hutsak bilakatu gaituzte. Baina nazkatu gara, higuinduta gaude.

Aliatutzat geneuzkanek defraudatu egin gaituzte, eta benetan azaleratu dute zer diren, ematen zuten mezua azalekoa zela, mamira ez zirela iritsi. Kanpoan krak egin, eta Kaliforniako intxaurren moduan erraz kraskatu da euren ustezko konpromisoa, eta oskol hutsa zen zeukatena. Konturatu gara barrukoa lehengoa dela, mami eraldaturik ez, arima betikoa hondo-hondoan.

Gizonezko horietako askok esan digute ez dugula ulertu, ur-azalean geratu garela, mamira ez dugula jo. Azala behar da, gero, halakoak botatzeko. Betikoa, betiko moduan. Azal tatuatua, usain zaharra. Histerismoa aitatzea baino ez da falta izan.

Orduan orain artekoa azalkeria hutsa zen? Hipokrisia? Fribolitatea? Engainua? Ondo gelditzeko egiten zena? Haize-boladak norakoa markatzen zuena aldarrikatzen zuten: eguzkiak nora, zapiak hara. Orduan uste baino azalekoagoak dira, faltsuagoak. Dezepzioa infinitua izan da, barruraino iritsi zaiguna, batzuoi behintzat.

Baina zer gura dugu sasoi likido hauetan? Zahagiak, azal hutsez eginda daude eta.

Gipuzkoako Hitzan

Urteurrenak

Leire Narbaiza 2021/02/22 09:40
...eta kitto! aldizkarixan agertutakua 2021eko otsaillaren 22xan

Hillabete honetan gure herrixak 675 urte bete dittu, Santa Ageda egunian, hain zuzen be. Urteurren edo urtebetetze, ezin esan zein berba dagokixon. Ixa zazpi gizaldi ekiñan, jo eta keian.

Gure herrixak aurre egin detsa kontu askori. Batetik orografixiari, ibar estua, maldez inguratuta. Bestetik, historixiari. Liberala, ingurua karlistia zanian; ezkerrekua, bestiak eskumakuak ziranian. Ixa beti kontrara. Jarki jakozen gure aurrekuak orduan nagusi ziran haixieri, eta eutsi egin zetsen pentsatzen zeben hareri. Kosta ahala kosta, siñistuta zertan zebizen. Ondoriak gogorrak izan arren, bildurra alde batera laga, eta ekin zetsen biharrari, eta idealak gauzatziari. Edo behintzat, ahalengitziari.

Holan erre zeskuen herrixa gitxienez bittan. Baiña holan be proklamau zan republikia. Atrebidu eta egin.

Alde horretatik Eibarko jendia ausarkixa izan da, ez detsalako muzin egin pentsatzen zeban ha defenditziari. Beti. Baiña hori kontu historiko hutsian geratu dalakuan nago. Batek diñuan moduan: tótal bájauta gare!

Hillaren 5ekua, baiña, ez da izan febreruan izan dogun urteurren bakarra. Hurrengo egunian, hain zuzen, urtebetia zan goguan hartu genduana. Urtebete Eitzagan jausi zanetik zakar mendixa. Urtebete informaziñua ezkutau, guzurrak esan eta anparo barik laga ginduezenetik, furano eta dioxinen bende.

365 egun luze pasau dira, baiña ordukuak ahaztu jakuez eibartar askori. Edo ez zala hainbesterako izan pentsatzen dabe: “neri ez desta eragitzen”, konponduta dago. Konformismo gozuan instalauta hobeto bizi garalako. Ostantzian, zelan aittu protesta jendetsueri ingurukuen begirada txepelak? Gure aurrekuak ez leukie onartuko gertaeria hain errez, eta egixan alde egingo leukie burrukan.

Barriro be gertatu ez dein, aurretikuak akorduan, egin deigun bihar Zaldibarko hondamendixa argitzeko!

...eta kitto!n

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua