365 egunetan
Martxoan dena dator more kolorez tindatuta. Batez ere hilaren zortziaren astea. Ekitaldi eta manifestazio asko emakumeen ikurraren pean. Karteletan ikusten dira emakumeak eskuak elkartuta triangelu bat osatzen. Egitarauetan arlo guztietako andreak agertzen dira hitzaldiak ematen, kantuan, bertsotan, bakarrizketetan… Dena andrakumea! Burbuila batek eztanda egin izan balu bezala, agertzen zaizkigu urteko beste hamaika hilabeteetan ahanzturaren tiraderan ostenduta dauden sortzaileak. Sarkileriak bazterrean abandonatutakoak azaleratzen dira urteko hirugarren hilabetean, martian, polen bioleta gisara, halako ekitaldietan pausatzen dena, geruza fin batez espazio konkretu batzuk estaltzen dituena, eta udaberriaren oldarraldian, lehen haize eta euriek eroaten dutena errutinaren erreketara, bertan disolbatu eta akordutik desagertu arte.
Baina non kukutzen dira hauts ubel horiek urtean zehar? Epailaren 8tik kanpo ere artista eta langile emakume horiek existitu egiten direlako, osterantzean ezingo lirateke kaleratu data horren inguruan. Izan, badira; jardun, badihardute.
Norbaitek pentsa lezake martxoko hodei lila hori faltsua dela, zuria, puztu egiten dela, artifizialki eraginda dagoela. Ez, bada! Egia da antolatzaileak bazterretan bila ibiltzen direla, adi, ahalegina egiten dutela nabarmendu nahi dutelako andrazkoak ere badaudela arlo guztietan. Interesa dutelako, berba batean. Begien bistakoari jaramonik egin barik, esfortzuaren puruan, lortzen dute helburua: emakumeak ikusgai bihurtzea, dagoena agerikoa egitea.
Orduan zer gertatzen da erauntsi purpura gabeko urteko beste hamaika hilabeteetan? Hartz emeak balira moduan, hibernazioan daude andrazko horiek guztioriek? Ez dago artista, hizlari, kirolari emakumerik beste 364 egunetan? Etxezuloan gustura bizi dira, diskrezio absolutuan, anonimato osoan? Edo gure sistema honek bihurtzen ditu ikusezin? Edo ez dago interesik sortzaile horiek ikusgai bihurtzeko?
Argi dago martxoak dakarren ubeltze hori ezinbestekoa dela argitara ateratzeko emakume horiek guztioriek, badirela baieztatzeko. Baina ekintza batzuen kasuan, purplewashing edo zuriketa moretik —feminismoa erabiltzea norberaren irudia zuritzeko eta beste helburu batzuk lortzeko—asko ere badutela esango nuke. Gorrindolez (berba ederra!) dena blaitu, zerbait egiten dutelakoan emakumeen alde. Atzera ere itxurakeria usaina hartzen diegu halako keinu eta adierazpen askori. Garbiketa morerik nahi ez dugulako, euri purpura baizik, zirimiria bada hobeto, dena ametista kolorez mela-mela lagatzeko. Martxoaren 8 honetan bertan, Zihara Enbeitak Twitterren bota zuen moduan: “Sentsazio arraroa izaten dut gaurko egunez. Gaur mikroa uzten digute, Twitterreko plazan guk hitz egiteko lekua egiten dute. Esan esateko duzuna orain, gaur. Hala hitz egin. Plaza erdira bueltatzeko presaz. Ez, ba. Nik bihar ere entzuna izan nahi dut, gaia dena delakoa dela.#M8″. Hobeto ezin da esan, ez nik behintzat.
Patxi Huarte Zaldieroa-k martxoaren 7an ateratako zintan zioen hemen bezperak ere ospatzen ditugula. Irribarrea atera zigun, baina bezperak ez ezik, ostekoak eta hurrengoak ere ospatu eta aldarrikatu nahi ditugu, urteko hirurehun eta hirurogeita bost egunetan ere martxoaren zortzia delako, egunero emakumeen eguna ere badelako.