10 urte ostu zigutenetik
Egunkariaren itxierarena nire kafetera italiarrarekin lotzen dut beti. Sukaldean nengoen irratia piztuta, goizero bezala, gosarirako kafea prestatzen. Kafetera eskuan geratu nintzen, airean erreakzionatu ezinda! Ezin nuen sinistu, zurtuta laga ninduen berriak. Lortu nuen kafea egitea eta gosaria malkotan eman nuen, amorrazioa gero etorri zitzaidan.
Hamar urte pasatu dira, eta epaiketa ere egin zuten. Bertan absolbitu zituzten inputatutako guztiak. Baina ez ziguten ostutakoa itzuli, ez digute euskaldunoi barkamenik eskatu, ez dituzte torturak ikertu, ez dute epaiketa ekonomikoa egin. Hamar urte eta lehengo lepotik burua PPko gobernuak.
Estatuaren indar osoz sartu ziren Egunkarian, hainbeste kostatako ametsa bortxatzera eta hiltzera. Eta gainera euskaldunok geure buruaz babesteko izan zela esan zuen barne saileko ministroak esan. Ume txiki zentzubakoak bagina legez, gure hizkuntzan informatuak izateak kalte egiten zigun uste maltzurraz. Lapurretan egin eta, gainera iraindu. Dena gezurra. Euskal gizarteari egindako mehatxu bizia izan zen, inor seguru ez zegoela ohartarazteko.
Hamar urte pasatu dira. Kafeterari begiratzen diodanean, askotan, oraindik ere gogoratzen naiz goiz hartaz. Agian kikildu gintuzten, baina aurrera egin genuen, eta izerdi asko botata, beste egunkari bat egin. Nahiz eta ez duten barkamenik eskatu, diru-ordainik eman, azalpenik eskainik.
Hamar urte pasatu dira, baina ez zaigu ahaztu. Bihotzean daramagu itxi ziguten kazeta lehenengotxo hori. Betiko.
Topikoak
Orain denpora gitxi etxeko igongailuan sartu eta igarri neban atarira nonor zetorrela. Lehenengo pentsamentua botoia ahalik eta arinen sakatzea izan zan; auzoko batzuekaz igotea baino, gurago dodalako oinez joan bosgarreneraino. Ganera, beti ezin gara, bada, jatorrak eta sinpatikoak izan, ezta? Halan bere, azken momentuan damutu-edo egin jatan, eta igongailuko atea zabaldu neutsan.
Andra bat eta ume bat sartu ziran eta lehengo pisura egin eben. Orduan galdetu neutsan andreari ea bizilagun barriak ziran, banekialako pisu bat errentan egoala. Baietz esan eustan eta nik komentau bosgarrenean bizi nintzala.
Holan amaitu zan “biajea”. Pozik nik ondo etorria emon neutseelako, nahiz eta oso ondo jakin ez zelan egin. Emakumea hegoamerikarra zan, eta hortik etorren nere poztasuna: gu baino adeitsuagoak diralako, sarritan euskaldunok “lar euskaldun” jokatzen dogulako, takarrak izan geinkelako kanpokoen begietan. Sarritan, eurentzako astokilo samarrak baina nobleak, bon sauvage-ak bagina legeztxe; basajaun eta basandere koadrila bihotz onekoak, baia hezi bakoak. Barruan daroagun friztia horrek onak izaten lagunduko ez baleusku moduan.
Igongailuan, bakarrik geratu nintzanean halaxe sentidu nintzan, eta neure artean pentsau neban telesail amerikanoetan jakingo ebela auzo barrieri zelan egin ondo etorria, edo hain urrun joan barik, gure amamak-eta eukiko ebela formularen bat protokoloa beteteko.
Baia benetan gara halakotxeak, ala hori da gutaz daukeen irudia? Sarritan, gure karakter latzak imajina hori emongo dau. Kanpotarren begietan islatzen dana gure ganean daukezen aurreitxiak baino ez dirala esango neuke.
Edo benetakoagoa da “Vaya semanita” saioan agertzen dana? Burugogorrak, fanfarroiak, uzkurrak eta berba gitxikoak garala dinoskue, eta hori gitxi balitz, narrutan be urri egiten dogu, aukeran.
Ez dot esango tipiko topiko horreek egia ez diranik, ligau larregi ez dalako egiten, baia momentuz jendea alkarregaz bizi, batzuk ezkondu eta umeak bere jaiotzen dira…batzuek, behintzat, minimoa egingo dabe, dinot nik. Ume honek guztionek ez dira-eta probetetan egin, ezta?
Horregaitik, nere eritxian ez dira euskaldunok gure ganean ditugun usteak. Bertako erdaldunak holan ikusten gaituela esango neuke, beharbada, gure mundua bentan ezagututen ez dabeelako, euskerarik ez dakielako. Horrek kontu guztiak lanbrotuten dituz.
Beste guztiak albo baten itxita, zelan ikusten dogu guk geure burua? Esango neuke aspaldiko euskadunari ez jakozela hiru akats parkatuten: alperra, barritsua edo zikoitza izatea. Zikoitzarena kenduta, besteez ez dakit zer pentsau! Irudi nahiko zintzo eta kalbinista dogula uste dot, gurearen moduko herri katoliko-ohi barria izateko. Behargin fintzako dogu geure burua, alperkeria pekatu handia da gizarte produtibo honetan, eta barritsukeriak markau egiten gaitu (esperientziaz dinotsuet), Euskal Herrian barriketalari handiak egon ez balitzaz moduan…
Mundua aldatu egin da ikaragarri, baina uste sakon horrek geure barruan dagozela ondo sustraituta begitantzen jata, eta mundua eta gu aldatu bagara bere, gutaz dogun imajinak lehengo ikutua daukala esango neuke; hau da, barruko tradizionalista oraindino hortxe daroagula.
Ustelkeria
Azkeneko berriek porlanak agintzen duela konfirmatu digute. Bagenekien, baina ustelkeriak agerian laga du hala dela: agintari diru-goseak erosiz, proiektu faraoniko oro aurrera joatea ez dela kasualitatea. Ondo koipeztu burutik pasatzen zaien edozein makro-proiektuk aurrera egiteko, nahiz eta hegazkin bako aireportua izan, esate baterako.
Espainiaz dihardugu eta bertan egindako astakeriak kritikatzen ditugu. Asko diogu Madrilez eta Espainiaz, baina begira diezaiogun geure zilborrari: gurean ere zenbat halako ote dago? Zein interes ezkutu daude AHTren atzean, adibidez, bertan murrizketak ez egiteko; eta bai, ordea, hezkuntzan eta osasunean?
Bai, Hego Euskal Herrian, zoritxarrez, espainiarren hezkuntza jaso dugu luzaroan, eta pikareska horretatik ere ikasiak gara. Ez gara salbatzen! Bertatik trikimailu eta truku zikin guztiak ikasita gaude eta porlana dabilkigu zainetan, odola beharrean. Porlana eta dirua!
Ez dezagun ahatz honen atzean enpresari ustelak daudela, diru-gosez, erreparo barik edozer egiteko, politikoak erosi zein langileak esplotatzeko gai direnak, inongo kontzientzia ausiki barik (Jakina, horretarako kontzientzia eduki behar, eta bihotzaren lekuan kutxa-gotorra duenak ezin du holakorik izan).
Hala ere, enpresari handiak kakaztu beharrean, politikoak huts-hutsean lohitzen dituzte ustelkeria kasu hauek. Horrela zikintzea, eta zaku berean sartzea politikan diharduten guztiak ez dago ondo. Politikaren beharra zalantzan jartzen duelako, faxismoari ateak zabalduz, eta eskuin-muturreko taldeei hauzpo eta hegaztada emanez; izan ere, zalantzan jartzen du demokrazia kontzeptua.
Kontua hauek guztiauek gero eta konbentzituago naute krisia asmatua dela, edo, gutxienez, aprobetxatzen dabiltzala Erdi Aro moduko batera eroateko gizartea, lortutako eskubideak deuseztatzeko, eta gehien dutenek gehiago izan dezaten.
Azken finean zer gara pertsona arruntak, bada, merkatu, kapital, Bildeberg, korporazio eta abarrentzat? Aldagarriak diren peoiak, soberan daudenak, euren interesen txotxongiloak. Erabili eta botatzeko esku-lan merkea.
Era berean, eta helburua oso argi markatuta, jendea apaltzea eta alienatzea lortu dute. Herritar asko lan barik, etxetik kanporatze arriskuan, umeei ganoraz jaten ezin emanda, baina kemen barik borrokan egiteko, jarkitzeko eta gutxienez oihu ozen egiteko. Errebolta, matxinada, oldarraldi, altxamendu eta iraultzaz ez dezagun hitz egin!
Kaleak sutan beharko lukete, baina tentelduta gaude, kaskailduta. Indarrak kendu dizkigute eta kemena; hustuta eta makalduta laga gaituzte alde guztietatik. Lastima!
Irauli beharra
Ezin da eskolaren gainean laga euskalduntzearen pisu guztia, eta gainera pentsatu ume horiek barita magiko batek ukituta moduan, euskaraz egingo dutenik, giroa guztiz erdalduna denean.
Ezin da helduen euskalduntzea 100. mailan laga eta euskaltegiak txaplata bailiran erabili. Ezin dute euskaltegi publikoek agonia luze honetan jarraitu, jaio zirenetik hiltzen dabiltza-eta. Utzikeria eta ganorabakokeria administrazioaren partetik. Helduak ez ei dira estrategiko, baina giro erdalduna sortzen dute.
Ezin da pentsatu euskara ikasi duen jendeak titulu bat lortu duelako euskara erabiliko duenik. Tituluak bere horretan ez duelako ezertarako balio, batez ere, ikasteko motibazio bakarra paper hori lortzea izan denean.
Ezin da erabilera handitu, erremintak ematen ez bazaizkio tituludun beharginei, euskaraz ez badaude, adibidez, aplikazio eta ordenagailuak, Osakidetzan pasatzen den moduan. Titulua lortu baina gero lanean power-point ikastaro batek duen erabilgarritasun bera badauka, ezin motibatu eta erabili.
Ezin da ardura guztia euskaldun kontzientziatu eta militante guztien gainean laga. Gu gara egiten ez dugunak, guk erreklamatu behar, bekatariak egiten ez badugu, errudunak.
Uste dut badela momentua euskara exijitzeko, etiko eta legalki badagokigulako.
Uste dut badela unea edukazio onarekin amaitzeko; kontrako eragina izan duelako, eta, agian, ozen eta ez-adeitsu erreklamatuta jaramon handiagoa egingo digutelako.
Uste dut badela sasoia jarkitzeko, eta bagarela esateko, euskaraz bizi gura dugulako
Bada garaia matxinadarako!
Oharra: post hau eibartarrak zerrendako erantzun-soka baten bota dut eta Iturrik ohartu nau post bat zela. Mila esker, wapo!
Amante
Aste honetan "amante" berba bolo-bolo ibili da twitterren Joxe Rojasen "Uscaras no tengo, amante" postaren harira. Askok umetatik ezagutzen dugu, baina bizkaieraren eremutik kanpokoei –esango nuke– zeharo ezezaguna egiten zitzaien, eta maitale hitzarekin lotzen zuten. Elkarrizketa asko sortu ditu eta erabilera-eremu mapa bat ere egin genezakeen emandako erreferentziekin. "Gaurko hitza" ere bada.
Kokapen geografiko horien atzean jendearen oroitzapenak zeudela igartzen zen. Izan ere, nire iritziz, berba hau ezagutzen dugun guztiondako oso berezia eta maitatua da; agian, umetan horrela deitu izan digutelako amamek, izeko nagusiek eta hauen lagunek, gure inguruko andre zaharrek, beti kariñoz eta goxo. Umetako oroitzapenak dakarzkigu, une eskasetan kontsolagarri eta lasaigarri izan delako hitza; eta askotan, falta zaizkigun pertsona zoragarri horiek gogorarazten dizkigulako. Ume-denborara bidaia nostalgiko eta ederra egiten dugu entzuten dugunean, eta zer ez genuke emango "Etorri hona, amante! ez eizu negarrik ein, ez da ezer izan, barren!" entzuteagatik emakume maitagarri horren beso artean berriro ere.
Gurean, amamak ez zuen erabiltzen baina bere lagunek esaten zidaten, zorionez. Zeren sekulako inbidia nien nire inguruko umeei euren amamek erabiltzen zutelako "amante" takian potian. Pentsa zelako indarra duen berba honek! Zoritxarrez, baina, galzorian dago, andre horiek (Bai, andreak, inoiz ez baitut gizonezkoen ahotik entzun) poliki-poliki hiltzen ari zaizkigulako.
Ederra da berbek zelan itzultzen gaituzten gure gomutetara, zelako bidaia sentimentalak egin ditzakegun sei letra txikirekin. Iradokitzaileak, benetan!
Goizeko erremuskadak
Gaur goizean erresumindu egin naute! Etxera joan eta nire ernegazio osoa metraileta-mezuetan jaurti dut twitterren. Hemen idatziko dudana, bertan idatzitakoaren kopia eta moldaketa da, abisatuta zaudete!
Iberdrolak, La Caixak eta Lan Ministerioak jarri naute honela. Honekin ere pista bat eman dizuet nondik nora doan nire haserrea.
Goizean La Caixara joan naiz 29 €-ko sarrera egitera. Ilaran egon ostean, esan dit horrelakoak astelehenetik ostegunera 8,30etatik 10,30etara egin behar direla. Eta 11k zirenez € 2 kobratuko zizkidatela!!! Ezetz esan diot, jakina! Konturik badudan galdetu dit eta nik ezetz. Orduan, nire bankura joateko esan dit. Baina han ere transferentzia denez, kobratu egingo didate! Dirua sartu behar dut eta kobratu behar didate? Zoratuta daude. Gogoa eman dit kontua zabaldu, traspasoa egin eta gero kontua itxi! Baina jende larregi zegoen ilaran!
Gainera, La Caixako bulegoa Castilla La Mantxakoa izan zitekeen: dena gaztelania hutsean! Kartel bi baino ez zauden elebidun! Katalanek sentsibilitate handiagoa izango zutela uste nuen. Eta DV baino ez! Bihoaz pikotara, lapur zikin madarikatuak!!! Lehen gogo gutxi nuen bertan kontau izateko, eta orain minus 100!
Txarrena da Kerobiaren Supernova erosteko zela La Caixako ingresoa! Sentitzen dut, nik ez dut kolaboratuko!
Gero, etxean geundela armairua jartzen, Iberdrolako morroi bat etorri zait: faktura erakusteko ea deskontua tokatzen zitzaidan! Deskontua tokatu? Ez dakite beraiek nori dagokion zer? Gasaren faktura ere nahi zuen, nahiz eta eurekin ez dudan! Fakturak aurkitzeko? Beraiek ez dituzte, ala? Ez! Etxean sekulako nahas-mahasa geneukan armairu bat konpontzen ari ginelako. Esan diot hori dena, hankaz gora zegoela (ikusi egiten zen atetik) Baina ez zitzaion inporta, berak ekin eta ekin, fakturak ateratzeko! Esan diot ea ez zuen ikusten ze etxealde neukan! Eta entzun ere ez! Bai, zera! Gezurretan ere harrapatu dut kontatu didan kontu batekin. Komunitatea kexatu dela esan dit, eta handik denboratxo batera, bera lankide bat ondoko hiru atari gorago ikusi dut!
Azkenean, nik galduko duela esan dit. Galduko dut! Eta zer!! Hemendik egiten duten deskontua bestetik kentzen dute, barren! Elektrikak, oligopolio nazkagarri eta zikin hori! Lapurrak ber bi! Higuingarri halakoak!
Ilobarekin nengoen kontu biak gertatutakoan. Azaldu diot lapur hutsak direla. Iloba koitaduak galdetu dit ea zergatik diren lapurrak! Gizajoak ba ote daki zer den lapurtzea? Ea zergatik egiten duten hori ere esan dit. Nola esplikatu?
Eta azkena, errekaduak egin eta buzoiko gutunak hartu ditudanean: Ministerio de Trabajok lan-bizitza ez dit, ba, bidali? Eskatu barik! 6 orri alde bakar batetik, kuatrikomian, paper potoloz! Zenbat balio ote duen denoi bidaltzeak! Gero murrizketak egin behar direla? Orduan, zer dela eta gutuna? Ez dagoela dirurik? Gastu alfer horrekin ziur norbaitek ederki irabaziko duela! Murrizketak, bai, baina euren samaren alturan! Gillotina!
Nazka, higuina, enpagua, narda, antojua,… sortzen didate! Eta gure posibilitateen gainetik bizi izan garela! Bai, zera! Eurek, madarikatuok izan dira gure posibilitateetatik gaindi xahutu dutenak, zerriok!
C'est fini! Sentitzen dut, baina dena batera gertatu zait, ordu baten buruan! Ez dakit nola oraindik ez dugun zer edo zer egin! Haluzinatuta nago gure pasibotasunarekin. Horrela egiten digute kaka burutik behera!
Betetasun hauskorra
Etxera itzultzean, burua eta animoa pozik sentiarazten duen oreka, betetasunean, jasotako musu eta besarkadengatik, irudi batek hautsi lezake. Irudi hutsak, berri ezdeusak, esperotakoak –gainera– apurtzen digu denbora luzea lortzea kostatu zaigun baretasuna, heldutasuna, betetasuna.
Bat-batean, lortutako oreka, indartsua zela uste genuena, desagertu egiten zaigu. Granitozkoa ez, agian; baina arbelezkoa gutxienez bazela pentsatzen genuena, kare-harrizkoa da, uraz erraz desegiteko modukoa. Edozein kolperekin deuseztatzeko egokiagoa. Singlea, arina, ahula.
Konturatu zerrendan ez garela lehenbizikoak, mundua aurrera doala, eta gu betiko bazterrean gaudela, ikusle bihurtuta, txalo egiteko baino ez gaituztela gonbidatu, ez jokatzeko edo parte hartzeko. Bizitza albotik pasatzen zaigula, keinu maltzurra eginda, agur, agur!
Etxera itzuli eta barnean hutsa, zuloa, ezereza.
47. Durangoko azoka
Berandutxo nabil, askotan moduan, baina ezin nire kolkorako laga azokaren edizio honek sortu dizkidan hausnarketak. Azken urteotan beti itzuli naiz Durangotik inpresio antzekoarekin eta hainbat zalantzarekin. Aurten, baina, beste zerbait ikusi diot.
Durangokoa espejismoa iruditzen zait beti. Urteko lana eta esfortzua, garbitu eta denon bistan jartzea lau egunetan. Gune gotorra, adierazteko euskal kultura existitzen dela, komunikabide ia gehienetan egunero ez duen espazioa egiteko. Hori lortzen da. Baina dakigunez, ispilatzeak basamortuan sortzen dira, eta gure kulturak gehiago du desertuz, basoz baino. Gaur Andoni Tolosa Morauk azoka Oasia zela zioen Garan. Ados nago berarekin.
Obsesio moduko bat ere badut azokarekin; izan ere, gutxienez beste pare bat post ere idatzi izan ditut. Hainbat kontu kezkatzen naute, batez ere gaztelaniazko produktuena. Betiko eztabaida, baina nire ustez oraindik planteatu ez dena ganoraz.
Baina, aurtengo edizioan beste kontu asko ere bururatu zaizkit. Alde batetik, aldaketa datorrela, nik hori sumatu nuen. Agian, mundu editorialak aldaketa dakarrelako, igual zuzendari berria dagoelako, edo bidegurutzean gaudelako arlo guztietan.
Liburu eta disko kontua bajatuta ikusi nuen, erakusmahai gutxiago, "inpaktuzko" nobedade guxtirekin (ez dakit beharrezkoak diren ere, baina beste batzuetan izaten dira). Bestalde, beste arlo batzuetara zabaltzen dabilela iruditu zait. Nire inpresioa baino ez da: gune paralelo asko, euskal kulturaren irudi anitzago, osotuago eta kaleidoskopikoagoa emateko. Hori Kabi@ eta Irudienea espazio berrietan nabaritu da, Ahotsenea eta Umeen txokoarekin batera etenbako programazioan (ikaragarria horrelako egitaraua osatzea!). Eta ezin ahaztu azokako telebista, asmakizun ona!
Zer edo zer indartsua bihurtu dala esango nuke euskal kultura osorako. Eta hortxe etorkizun oparoa ikusten diot. Inpass batetik irten duela uste dut, eta aukeratutako bidea ona dala. Oso gustuko!
Hau da aurtengoak laga didan aho-gustua. Betiko kontuak ahaztu barik, jakina (gaztelaniazko produktuak, kulturaren negozioa, merkantilismoa,…). Horrela bizi izan dut nik eta horrela sentitu!
Zeuek zelan ikusten duzue?
Ile-apaindegian
Pasa den astean ile-apaindegira joan nintzen. Beharra nuen, zegoeneko flekilloa sudur puntaraino ailegatzen zitzaidan; eta, gainera, ile zuriak gero eta ugariago jaiotzen zaizkit, zoritxarrez. Benetako premia neukan, beraz. Baina beti ibiltzen naiz berdin: astirik hartu ezinda, eta gero txanda hartzea ahaztuta.
Horrela esanda, badirudi ez dudala atsegin pelukeriara joatea. Ez, horratik, guztiz kontrakoa! Ezin dudalako, bestela astero joango nintzateke. Ezin da, baina. Alde batetik, astia behar delako horretarako; eta bestetik, dirua; izan ere, ez da kontu merkea ilearena.
Horregatik ez dut ulertzen ile-apaindegira joatea gustatzen ez zaion jendea, sinestezina iruditzen zait, nire ustez plazer hutsa baita. Niretako astia, mundu paralelo batean egoteko, pentsatu barik, laztanak eta masajeak jasotzen. Sentsazioen leku atsegingarrian.
Horrela sentitu nintzen aurrekoan. Bertara iritsi eta besaulki erosoan eserarazi ninduten. Horrekin batera betaurrekoan kendu. Egia esatera, behin antiojoak kenduta, miopeok erraz dugu mundu paralelora bidaiatzea, gure baitan murgiltzea. Mundu erreala lausotzen zaigu eta beste zerbait dela pentsa genezake.
Orduan hasten da benetako plazera: metxak egin eta ilea zilar-paperez beteta badut ere, gustura nago (agian ez dudalako ganoraz ikusten), berotzeko gailu bat jarri didate, ez lehorgailua, ez. berogailu moduko batzuk, epeltasuna zabaltzen dutenak.
Estetizista hurreratu eta ea atzazalak egitea nahi dudan galdetu dit. Nik, baietz. Gutxitan egin didate manikura, baina plazer txiki eta zoragarri horietako bat da. Imajina zenezakete? Ni besaulkian jesarrita eroso, estetizista, beherago eskuetan eta atzazaletan zirkulutan krema igurzten, azal hilak kentzen, … Itzela! Ingalaterrako erregina baino boteretsuagoa sentitzen naiz, denak nire atseginaren bila dabiltzalako!
Ondoren, ilea garbitzera. Uff! Ikaragarria, ura nire gustuko tenperaturan, xaboiaz masaje txiki bat… beti iritzi diot plazera norbaitek burua garbitzeari, eta birritan garbitu didatenez, zer gehiago eska nezake?
Gero, tintea. Pausu hau ez da bereziki gozagarria, baina banabil pentsatzen ile-lehorgailuan sartuko nautela (bai kaskodun horretan) eta aurretiaz nabil disfrutatzen izango dudan plazeraz. Izan ere, pentsatzen nabil horrelako bat erosi eta etxeko egongelan jartzea, estresatuta nagoenean, bertan sartu eta munduaz deskonektatzeko, laino burrunbatsu horretan murgildu eta materia bako planeta paralelo epel horretan flotatu izpiritu hutsezkoa banintz bezala,: brrrrrrrrrrr…………Ommmm!!!! Esperientzia mistikoa, berba baten esanda. Gainera, fribolitatearen maila gorenera iritsi naiz: Hola! aldizkariaren zenbaki bi ondoan! Zer gehiago eska nezake? Entzefalograma laurako azken ukitua! Julio Jose Iglesiasen ezkontzaren argazkiak ikusi eta konturatu Isabel Preyslerrek eta alaba nagusia Chabelyk eta dutela elkarren ondoan argazkirik ateratzen amak alaba dirudielako, edo familia horretan zimur hitza ez dela existitzen, edo Holakoek zein gaizki erabiltzen duten photoshopa konprobatu… Zerua da! Deskonektatzea, mundu hutsal batean jaustea, lastaira bigun eta arol batean etzatea… Errealitatea, krisia, lana, familia, arazoak,… ile-lehorgailuaren bestaldean geratzen dira, pizten den bakoitzean!
Azkenik, galaxia miragarri horretatik atera ninduten, jakina! Orduan, berriro ere etorri zen ile garbiketa! Berriro ere gozatua! Amaitzeko, ilea moztu, orraztu eta lehortu eskuko ile-lehorgailuaz. Hori arruntagoa da, baina beti izan dut gustuko.
Hori bai, beti etortzen da ordaintzeko unea. Garestia da, baina ez zitzaidan inporta izan, benetan: ederrago eta ordu ordu atsegingarri batzuk pasatuta, gustura ordaintzen da. Poltsiko arinagoekin irteten gara, baita gogoarekin ere! Merezi du!
Ile-apaintzaileek barre egiten didate. Normala! Nik beste gutxik gozatzen dutela ile-apaindegian, diote. Horregatik ezin dut ulertu Thyssen baronesa bezalako jendea existitzea: diruz josita egon eta bera orrazten da, inoiz ez da ile-apaindegira joaten. Jakina, igartzen zaio… Duen diruaz, bere lekuan, astean birritan joango nintzateke! Zein txarto dagoen banatuta mundua, ai!
http://barretartia.com/2012/11/29/ile-apaindegian/
Besarkada ahaztezinak
Astea honetan aspaldiko ezagun batzuen berri izan dut. Internet bidez, eta sareak dauzkan bide bihur horietatik, ziber-lagun batek aspaldiko lagun batzuen berri eman zidan, eta ikusiz gero eskumuinak emateko nik esan. Hark, ondo bete zuen lana, eta goraintziak ekarri dizkit bueltan.
Poztasun handia eman dit mezulariak, berak ere ez daki zelakoa. Irribarrea ahoan eta bihotza pozez beteta laga ninduen errekaduak. Aspaldiko lagunak, aspaldian une ederrak konpartitutakoak. Egun horiek ez dabiltza egunero neure buruan, baina bai lantzean-lantzean etortzen zaizkit, beti zer edo zerk gogorarazita. Oroitzapen txikiak eta politak dauzkat gordeta, buruaren zirrikitu batean, oroimen onen eta maitatuenen artean.
Lagun horietako bat asko maite nuen, maite dut. Berak ez daki, askotan gertatzen den moduan. Kide zaharrak maite diren moduan, kariñoz eta nostalgiaz, pasio barik, sexu barik. Izan ere, nire bihotzeko okupetako bat da. Harrituko litzateke, baina hala da, nik eskatu barik, hala sortuta.
Momentu eder horiek beti gogoratuko ditu, baina akordutik joango balitzaizkit ere, inoiz ez nuke ahaztuko eman zidan besarkada. Berak ahaztua izango duena, baina nik une horretan behar nuena eta indarra eman zidana.
Besarkada batzuk betiko geratzen zaizkigu iltzatuta memorian. Eta askok kontrakoa prentsatzen badute ere, ez dira izaten amak gaixorik geundenean emandakoa, edo aitak berri on hura jakindakoan eskainitakoa, edo lehenengoko musuaren ostean jaso genuena. Ezta umetxo kuttun horrek (seme, alaba, biloba, iloba,…) babes bila eskatu ziguna ere. Askotan, lagun eta gertukoen eskutik dator, besoak zabal-zabalik eskaini dizkigute gehien behar genuen mementoan, anparo gose geundela, arimaren kontsolagarri. Hor zeuden besook, gu gerizatzeko; lauskitu eta, indar horrekin, bihotza altxatu.
Ez ditut inoiz ahaztuko. Hainbeste ere ez dira izan. Espero dut, desio dizuet, horrelako une kritikoetan besarkada beroa, tinkoa eta abegikorra izatea. Bihotzez.
Post scriptum: Interneten Barack eta Michelle Obamaren besarkadaren argazkia ikusi dut, eta post honi ondo zetorkiola iritzita, jarri dut!