Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Amante

Amante

Leire Narbaiza 2013/01/11 21:35
Egunotan hautsak harrotu ditu berba honek interneten.

Aste honetan "amante" berba bolo-bolo ibili da twitterren Joxe Rojasen "Uscaras no tengo, amante" postaren harira. Askok umetatik ezagutzen dugu, baina bizkaieraren eremutik kanpokoei –esango nuke– zeharo ezezaguna egiten zitzaien, eta maitale hitzarekin lotzen zuten. Elkarrizketa asko sortu ditu eta erabilera-eremu mapa bat ere egin genezakeen emandako erreferentziekin. "Gaurko hitza" ere bada.

Kokapen geografiko horien atzean jendearen oroitzapenak zeudela igartzen zen. Izan ere, nire iritziz, berba hau ezagutzen dugun guztiondako oso berezia eta maitatua da; agian, umetan horrela deitu izan digutelako amamek, izeko nagusiek eta hauen lagunek, gure inguruko andre zaharrek, beti kariñoz eta goxo. Umetako oroitzapenak dakarzkigu, une eskasetan kontsolagarri eta lasaigarri izan delako hitza; eta askotan, falta zaizkigun pertsona zoragarri horiek gogorarazten dizkigulako. Ume-denborara bidaia nostalgiko eta ederra egiten dugu entzuten dugunean, eta zer ez genuke emango "Etorri hona, amante! ez eizu negarrik ein, ez da ezer izan, barren!" entzuteagatik emakume maitagarri horren beso artean berriro ere.

Gurean, amamak ez zuen erabiltzen baina bere lagunek esaten zidaten, zorionez. Zeren sekulako inbidia nien nire inguruko umeei euren amamek erabiltzen zutelako "amante" takian potian. Pentsa zelako indarra duen berba honek! Zoritxarrez, baina, galzorian dago, andre horiek (Bai, andreak, inoiz ez baitut gizonezkoen ahotik entzun) poliki-poliki hiltzen ari zaizkigulako.

Ederra da berbek zelan itzultzen gaituzten gure gomutetara, zelako bidaia sentimentalak egin ditzakegun sei letra txikirekin. Iradokitzaileak, benetan!

Joxe
Joxe dio:
2013/01/11 23:22
Epa Leire,

Arrazoi duzu, ematen berba honek, sarritan usainekin gertatzen den bezalaxe, haurtzarora eramaten gaituela berehala.

Neuk ere txikitako oroitzapenekin lotzen dut 'amante' hori. Txikitako emakumeekin hain zuzen ere. Familia eta inguru erabat erdaldunean bizita, txikitan harrigarria egiten zitzaidan portaleko emakumezko helduenetako batzuek 'amante' esaten zigutenean portaleko haurroi.

Bazen familia bat, Lekuetarrak. Oker ez banago, eraikina haien baserria egondako orubean egina zegoen. 'Josechu, amante' nintzen etxeko amama eta berramamarentzat, eta gaur egun bizirik geratzen den amak ere halaxe deitzen dit. Eta entzuten diodan bakoitzean, ez dakit zergatik, etxeko zaharrena zen Martinak behin eman zidan txokolate pusketa goxo-goxoa etortzen zait burura. Beldurra ematen zigun gaixoak, peluka eta txarto marraztutako bekainekin, baina goxo-goxoa zen.

Eta seguru oso euskara ederra zuela, gurekin sekula konpartitu ez bazuen ere :/
Luistxo
Luistxo dio:
2013/01/13 10:26
Nik esango nuke Eibarko ahoskera jatorra 'amanté' dela, belarrira hala ematen dit behintzat.
ana i. morales
ana i. morales dio:
2013/01/13 11:36
Niretzako ere zapore eta usain goxoak ditu berba honek, Leire. Nik uste amak gehien erabiltzen zuela gu minez edo atsekabez ikusten gintuenean, manta lako berba bat da, oso-osorik biltzen zintuena eta bihotza xamurtasunez berotu.
Gure etxean nebak ere esaten du oraindik, baina uste dut ironieraz erabiltzen duela, gure amaren hizkera imitatu gura duenean.
Orain pare bat urte eztabaida xelebre horietako bat eduki nuen: lehendabizi, hark esaten zuen ezetz, hori ez zela euskaraz erabiltzen, eta inork erabiltzekotan, erdarakada bat esaten zuela. Nik Labayru hiztegia ateratzea nahikoa ez (tristea da, baina hiztegia edo dokumentu idatzi autoritateduna behar izaten da beti, ez da nahikoa norberaren testigantza informatua: nork, noiz, eta non esaten den jakitea, zeure belarriz mila aldiz entzun duzulako), bueno, ba, hiztegia nahikoa izan ez, eta azkenean hainbat euskalduni bere aurrean egin behar izan nien inkesta (bide batez, bitxia da Bizkaian nahiko orokorra izanik, Gernikan ez erabiltzea. Irla moduko bat da. Lehorrak dira gero gernikarrak ;-)). Itziar Lakak orain mila urte Hegatsen argitaratutako ipuin batean ere aurkitu nuen eta hori ere erakutsi nion.
Grazia handiena egiten didana da galdera hau (aste honetan berriz ere egin didate): "Baina hori euskara da?". Aibalaostia. Sutan jartzen nau galderak. "Kafea" edo "semaforoa" euskara da? Jakina euskara direla, euskararen hiztegian daude, eta euskaldunek normal-normal erabiltzen dituzte! "Mirakulu" berba euskara da? Horixe baietz! Edo "amante"-ren pareko lagun faltsuen adibideak jartzeko, oso maitatuak batzuentzat: "Elastiko" berba euskarazko berba da? Eta "eskarmentua"?
Behinola "Babel" aldizkarian irakurri nuen artikulu bat filmen katalanerako itzulpenari buruz. Zehazki aztertzen zuen ingelesezko biraoei katalanezko itzulpenetan eman ohi zaizkien ordainak. Egileak (katalanak) ez zuen inongo arazorik esateko ingelesezko "fuck" KATALANEZ "joder" eta "ostia" itzultzen dela esateko, besteak beste. Egingo genuke guk gauza bera euskaraz? Eeeez, akonplejatuegi gaude horretarako...
Musu handi bat, amante
Aingeru Epaltza
Aingeru Epaltza dio:
2013/01/13 16:34
Ana, zerbaitetarako balio baldin badizu, nire haurretan hamaika aldiz aditu nuen hitz hau Orozkon nahiz Lekeition. Egia da aspaldi handitik aditu gabea naizela.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua