Hutsunea
Hil ala biziko zeregin baten aurrean, geure gorputz eta buruak lanari era berezian ekiten diote. Dena emanda jarduten dugun bitartean, estresak edota adrenalinak aurrera eroaten gaitu, mantendu eginkizun horretan buru belarri. Nahiz eta batzuetan pot egin, edo animo gorabeherak izan, beharrean segitzen dugu, besterik egin ezin delakoan.
Esfortzu handiaren ondorioak sinestezinak izaten dira, baina. Eginbeharra amaitutakoan, haren falta igartzen da, eta noraezean bezala geratzen gara, zer egin eta gure lekua non dagoen jakin ezinda.
Halako zeozer gertatu zaigu batzuoi itxialdiaren ostean. Konfinamenduaren helburua argia zen, zehaztapen nahasiak eman bazizkiguten ere. Ahalegin handia eginda, indarrak ere ia agortu zaizkigu bidean, hustuta sentitzen gara barrutik, kantsatuta. Normalitate berrira ailegatutakoan, ostera, ez dago ezer espazio horretan, ez dugu xede zehatzik, hutsik dago, zulo beltz erraldoi bat besterik ez da, energia xurgatzen duena, ezerezean laga gaituena.
Itxialdiak kaleak hustu zituen lez, deskonfinamenduak barruan hutsune erraldoi bat zabaldu digu, gaitza betetzeko.
Uztaileko antsiak
Uda hasierak beti egiten zaizkit gogorrak, aldaketak beti konplikatuak izaten direlako. Uztaila ez da hilabete erosoa, neguan alde batera lagatakoa, geroratutakoa, azaltzen zaigulako: Geroa, alferraren leloa esaerak ederto definitzen du. Era berean, arropa kentzeko unea ere bada, eta buruhaustez betetako sasoia: armairu aldaketak; arropa zaharra deskubritzea (onerako zein txarrerako); oso gustuko dugun nikia ez aurkitzea; oinak, bernak eta besoak airean erakustea… Azal-huste bat, nolabait esateko. Biluzte fisiko eta metaforikoa, arropa geruzak erauztea, benetako hezur-haragia erakusteko. Latza, oso latza!
Are latzago aurtengo uztaila, udaberri bariko uda dugulako. Etorri, etorri zen udaberria, baita joan ere. Baina itxialdian harrapatu gintuen. Esan genezake ez dugula primaderarik bizi izan, gure leihoetatik pasatu besterik ez zelako egin negu osteko urtaroa. Eta orain, bat-batean, eguzkia eta beroa jaun eta jabe bihurtu dira. Gure larru zurbilegiak, hanka iletsuak eta konfinamenduan areagotutako girgiloak azaleratu eta protagonista bilakatu zaizkigu, arropa erantzi dugulako, batere sexya ez den striptease ez-borondatezkoan.
Porlan eta asfaltoz betetako lekuetan gogorragoa da trantsizio hau. Galipotak beroa, eta ondorioz izerdia, handitu egiten baitu. Gipuzkoako barru aldeko herri handietakook freskura bila ihesi irten behar izaten gara gure hiribilduetatik mendira edota itsasora, gure herriak negurako daudelako pentsatuta —inork ezer pentsatu eta planifikatu bazuen, behintzat, kaleak eta plazak egitean—, kale-zuloegi direlako, egonean egoteko ez daude diseinatuta, baina bai barruan (tabernan zein etxean) sartzeko. Ez dira bertako biztanleokin goxoak, abaroan ez gaituzte hartzen, batez ere, beroaldietan. Horregatik egiten dugu ospa, eta inguruko herri eta toki amultsu eta atseginagoetara joaten ahalegintzen gara, bake bila.
Hanka egiten dugunean, ahal den moduan egiten dugu. Etengabe errepikatzen duten mantra ere sartuta dugu buruan: erabili garraio publikoa. Adibiderako, egunotan ikusi ditugun irudiak Eibar-Deba-Eibar treneko desplazamenduetan. Baina ez dira pandemiak ekarritako nobedadeak, ekain amaierak eta uztailak halako imajinak laga izan dituzte, umetatik bizi izan ditugu. Trenak egurrezkoak zirenean, orain 35 urte, ikusita gaude umeak leihoetatik sartzen, ezinezkoa zelako pasatzea. Taldeko ama pare bat aurretik sartu eta beste amak umeak bentanatik pasatu. Orain ez dago halakorik, leihoak ezin direlako zabaldu, bestela…
Kontu historiko bat izan arren, ez da ezer egiten trenen edukiera zaintzeko, segurtasuna bermatzeko. Izan ere, geltoki askotan ez dago langilerik kontrolatzeko, eta langilerik badago, bakarra, eta ez da nahikoa.
Debako irudiak pic.twitter.com/KbprQVuJQU
— GAZTEZULO (@Gaztezulo) July 1, 2020
Jendeak badu ardurarik? Bai, jakina. Baina itxialdiak eragindako antsia horrek galduko gaitu izurrite sasoi honetan. Halere, eguzki eta aire libre goseak ezin justifika lezake zer zikin lagatzen diren hondartzak. Horrek ere galduko gaitu, izurrite izan ala ez.
Gogoko dut trenean mugitzea, eta hondartza. Desiratzen nago Debaz disfrutatzeko. Beste edozein paraje ederrez ere berdin. Baina merezi du horrela ibiltzea? Ezingo diogu antsiari eutsi, eta disfrutatzeko beste modu batzuk deskubritu? Seguru badaudela!
Solstizioa sukaldean
Igande eguerdia da, eta sukaldean nabil bazkaria prestatzen. Oraintxe etorri naiz etxera, berandu, domeka goizetako patxadarekin ibili naizelako. Eguraldi ederra egiten du, naturala. Solstizioa da. Leihotik begiratu, eta bertan zintzilik dudan Zaldibar Argitu banderatxoa buelta emanda dago, airea dabil eta. Eraz jarri dut, ondo ikus dadin.
Oraintxe kaletik etortzea egin dudanez, etxea isilik dago, ez dut inolako zaratagailurik isiotu. Kozinatzeko, baina, beti da ona irratia. Piztu dut. Hara non Aritz Gallastegi agertu den uhinetan futbol partida bat kontatzen. Ez dakit zein, eta ez dit ardura. Amatatu egin dut.
Banderatxoa dantzan dabil airean. Bentanatik begiratu dut berriro ere, eta Ertzaintzaren automobil bat dakusat aparkatuta. Tira, autoaren ipurdi aldea. Luzaroan dago bertan, argiak emanda. Zertan ote dabiltza?
Ahuakatea nabil sardexkaz zapaltzen, maspil-maspil egiten guakamolea lortzeko. Goxoa irteten zaidalakoan nago. Baina ahuakateak ezin dira sarri erosi, karuak eta urrunekoak direlako. Urrun, Malagakoak direlako, kontinente honetakoak, halere. Amerikarrek, gure plateretara iristeko, nik baino gehiago bidaiatu dute. Hauek gutxiago bidaiatu arren, besteak baino garestiagoak dira. Orokorrean, sasoiko fruta eta berdura freskoa dena dago karu, iaz baino askoz karuago. Gereziak 6 eurotan. Gerezi denbora den arren —literala, ez metaforikoa, pandemiak ez digu halakorik ekarri-eta, zoritxarrez. Osasun arduradunek egunean bost errazio fruta/barazki jan behar ditugula esaten dute. Merkeagoa da txokolatezko palmera industrial erraldoi bat erostea, kilo bat sagar baino. Palmera palma olio eta azukrez lepo badago ere. Kontraesanak. Txileko sagarrak, adibidez, Lleidakoak baino merkeago. Mundua aldrebes. Diru hori sasoikako fruta batzaileendako balitz, sikiera. Baina ez. Lleidan Keita Balde futbolariak ordaindu behar izan die langile horiei lolekua. Balioko balu, behintzat, Huelvako mailuki batzaileek kontratu duinak izateko, sexu jazarpenik ez jasateko? Ez, hori ere ez. Zeinen eskuetan geratzen da etekina, orduan? Nola elikatu ganoraz umeak eta zaharrak prezio horiekin? Normalitate berria lehengo normalitatea da, baina garestiagoa.
Normalidadea esaten zioten gure aurreko andreek opor sasoiaz kanpoko denborari, umeak eskolara eta senarrak beharrera itzultzen zirenekoari, errutinari. Baina oraingo normalidade berria delakoak betiko anormalidadea du bere baitan, lehenengo anormalidade zaharra. Zaldibarkoak argitu barik segitzen du, Alberto eta Joaquin zaborpean daude oraindik. Futbola ere hortxe, egunero, negozioan. Ertzaintzaren automobil aparkatua, orain ere susmagarri. Pandemia batek ere aldatzen ez dituen kontuak.
Solstizio eguna da, uda dator. Baina barruak esaten dit ezin dela uda izan, ez nago-eta prestatuta uda izateko. Hala ere, naturak bere bidean segitzen du, ez du barkatzen; nahiz eta niri begitandu duela gutxi izan zela sukaldeko bentana txiki honetatik malutak jausten ikusi nituen unea, banderatxoa lekuko.
Normalitate anormal honetan, hemen, sukaldean, segituko dut telelanean. Garbigailua jarri ezinda, bideo-deian sar ez dadin zarata. Bazkaria egiten den bitartean, erlatibo erreferente gabea azaltzen jardungo dut. Bitartean, Zaldibar Argituko banderatxoa dilindan, ezer aldatu ez den seinale.
30 urte
Gabon ostean 30 urte bete ditut beharrean. 30, nahiz prekarietatearen ondorioz, askoz gutxiago kotizatu ditudan, ia beti lanean ibilita ere.
Hiru hamarkada ofiziorik ederrenetakoan, irakaskuntzan, euskara irakasten helduei euskaltegietan. Zenbat desafio, eta zenbat haserre, zelan ez, ba. Azterketekin borrokan, titulitisaren zama arindu nahian. Sarri gizartearen oldearen kontra, baita instituzio batzuen aurka ere.
Zelan aldatu den guztia sei lustrootan. Hasi nintzenean, aldizkari hau, Argia, baino ez zen existitzen. Ez egunkari, ez herri aldizkaririk. Internet existitu ere ez zen egiten. Liburu gutxi eta gaitzak ikasleendako. Hori bai, ETB1en serie eta filmak ematen zituzten. Gizartea eta ikasleak ere aldatu dira, orain jolasean kale.
Zenbat ikasi dudan, eta ikasten dudan egunero. Batez ere ikasleengandik eta ikasleekin. Euskaran ere ikaragarri sakonduta, gaztelanian ere bai, kontraesana iruditu arren.
Baina helburua litzateke gure ogibide hau, ederrena bada ere, betiko desagertzea, beharrezkoa ez delako izango, Euskal Herria zeharo euskalduna izango delako.
Beste 30 urte beharko ote?.
Fenomeno paranormalak eta euskara
Ez dakit inoiz Iker Jimenezen saioa ikusi duzuen, seguru nago baietz, Hegoaldekoak bazarete, behintzat. Cuarto milenio du izena, eta fenomeno paranormalez, OHEz (objektu hegalari ezezagunez), konspiranoiez eta abarrez hitz egiten du bertan. Gidoilariak gozatzen ibiliko dira pandemiarekin, beste hamar denboralditarako ere emango dielako materiala. Bada, programa horretan teoria bat defendatzen dute: eraikin baten hormen artean bizi izandako gertaerak indartsuak eta bortitzak badira, paretak sentimendu horiekin blaituta geratzen dira, sufrimendu hori kutsatuta geratzen da bertan, alegia. Jakina, fenomenoa sufritzen dutenak beti izaten dira ospitale psikiatrikoak, kartzelak, barnetegi krudelak… Oinazea eta terrorea aterpetu duten etxeak aztertzen dituzte, psikofoniekin-eta. Beldurgarria (hartu nahi duzuen zentzuan).
Ez dakit Euskal Herrian ibili ote diren halakoen bila. Badakit ankerkeria aterpetu duen leku bat baino gehiago dagoela gurean, polizia etxeetan, esaterako. Halere, badago toki bat non urduritasun neurgailu guztiek —existituko balitz halakorik—, eztanda egingo luketen: BEC, Barakaldoko erakustazoka. Hango pabiloietako hormek milaka azterketariren urduritasuna xurgatuko zuten honezkero, han egiten diren azterketa eta oposizioen ondorioz. Iker Jimenezen lantaldeak kirio-neurgailua jarri beharko luke Ansioko eraikinean ea poltergeistik dagoen.
Aurten, ordea, BECeko hormek ez dute urduritasunez kargatzeko aukera handirik izan, bertan behera geratu direlako pentsatuta zeuden oposizio eta azterketa guztiak. Tira, den-denak ez, HABEkoak egingo dituztelako; barkatu, egiten dabiltzalako dagoeneko. Atzo goizetik datorren asteko ostiralera arte, EAEko euskara ikasleek B2, C1 eta C2ko etsaminak egingo dituzte. Pandemiaren amaieran euskara ikasten dabiltzanek BECera joan beharko dute. Lehen, hiru azterketa leku egoten ziren: Donostia, Gasteiz eta BEC. Orain, bakarra. Izurritearen erdian erabakitako kontua. Euskaltegietakoek ez ezik, C1era euren kasa aurkeztuko direnek ere han egingo dute etsamina. Komentario gutxi merezi du erabakiak.
Askok argudiatu dute ikasleek merezi zutela azterketa izatea. Hala bada, zergatik ez du inork halakorik esan HAEEk (IVAPek) bertan behera laga zuenean udaberriko deialdia? Osakidetza, Ertzaintza, Hezkuntza, suhiltzaileak… Oposizio (ez oposaketa, mesedez) horiek guztioriek atzeratu zituztenean sine die? Ez ote dute oposiziogileek ere errespetua merezi? Ezinbestean egin behar zen C1eko azterketa librea deialdi honetan, orain arte inoiz egin gabea? Derrigorrean BECen, beste aukera batzuk mahai gainean jarri zirenean (eskualdeka, herrika, euskaltegietan)? Ez litzateke logikoagoa, osasuntsuagoa, Barakaldoko areto erraldoian 14.000 pertsona ingururen joan-etorria eragitea baino? Hainbeste galdera dauzkat, Misterioaren ontziak ere argituko ez lizkidakeenak…
Eta galderarik handiena: zergatik bihurtu dira azterketak euskararen irakaskuntzan ezinbesteko? Azterketa dugu ardatz, zoritxarrez. Euskara ikasi eta erabiltzea inportanteena izan beharrean, probak (eta ez frogak) gobernatzen gaitu, euskararen kaltetan. Titulua versus praktika. Gurpil zoro horretan dugu murgilduta euskaltegien jarduna. Iker Jimenezi ere kostako zaio fenomeno paranormal hori argitzea!
Biribiltasuna, ilarak eta multzoak
Aitortu behar dut itxialdia apurtzeko faseek desosegua eragiten didatela. Sekulako gogoa dut maite dudan jendea ikusi eta besarkatzeko, Kalamuara igotzeko eta Deban itsasoa ikusteko, baina era berean asko urduritzen nau jendetza ikusteak. Kontraesana dirudi: lehengora itzuli nahi, baina erreparoa izan. Beharbada, konfinamenduaren fobia moduko bat da, eragin dizkidan umore gorabehera guztien artean beste kontu bitxi bat. Ez dakit. Baina erneguaren eta esperantzaren artean nabil segundo gutxiren tartean, sigi-saga emozionala balitz bezala. Arraroa, oso arraroa dena. Atopia-koen irudimen zoroenak ere inoiz ezingo zuen halakorik imajinatu. Horregatik, ezin umorea galdu, geratzen zaigun arma bakarra delako. Barrea eta algara inoiz baino gehiago behar ditugulako.
Ez dakit inoiz irten zareten zaharren orduan kalera. Aurreko zapatu baten suertatu zitzaidan niri, eta haluzinatu eta beldurtu egin nintzen, edadetuen lekuetan ibiltzen ohituta banago ere. The Walking Dead zirudien, zonbien ordua, errespetu osoz diot. Inpresioa eragin zidan zenbat adintsu zebilen makulu, taka-taka eta gurpil aulkian. Gehienak ezinean. Lehenago ere horiek beroriek ikusita neuzkan, baina heldu, ume eta gazteekin espazio bera okupatzen. Nahasian dena naturalagoa da, neutralagoa ere bai. Ordutegi markatuekin, ostera, zaharrak (eta laguntzaileak) baino ez ziren ageri, askoz nabarmenago, askoz gordinago. Ikuslea beti dantzari eder, baina nago ordutegiena beste modu baten ere egin zitekeela, adina izan barik muga. BERRIAn maiatzaren 17an Mari Luz Estebanek idatzi zuen belaunaldien arteko lotura kolektiboak eta horizontalak asmatzea eta sendotzea premiazkoa ikusten zuela, familiatik harago. Berarekin bat nator. Horretarako, belaunaldiak elkartu eta baltsatu egin behar dira, banandu ordez. Lagun bati Guatemalako maia batek esan zion guk zuriok dena kaxoi desberdin eta karratuetan sartzen dugula, gauzak biribilak badira ere. Adinka sailkatu digute denbora, kaleka, adibidez, sailka zitekeen arren.
Karratuak eta biribilak, ez lerro zuzenak. Horrela egiten dute ilara batzuek. Eskoletako ikasgai bihurtu behar da zelan egin ilarak, hurrengorako. Bata bestearen atzean, errenkadan, kalean pasatzen dabiltzanei enbarazurik egin barik. Lerro bakarra, ez hiru. A, ikasgai horretako sakontze mailan irakatsi beharko lukete distantziak nola zaindu. Asko kabitu ezinda ibiltzen direlako gure herrietako espaloi estuetan. Gehienetan eta batez ere, gizonak: larregi hurreratu, edota espazioaren jaun eta jabe sentitzen direlako, agian.
Beste alde batetik, eta klasifikatzen jarraitzeko, ikertzaileek ere aztertu beharko lukete kuadrillak ematen duen immunitatea, nerabe eta oso gazteen artean, besteak beste. Osterantzean, zelan ulertu maskara gabe, elkarrengandik hamar zentimetro izanda, edo elkar ukitzen ibiltzea? Superheroiak direlako! Kuadrillarenari hormonek emandako ziurtasuna gehitzen zaio, kapa babesle ikusezina baleukate legez. Fenomeno paranormala, ia-ia. Baliteke superheroi uste hori informazioek ere areagotzea, batez ere zaharrei eragiten dielako mezua zabaldu da-eta. Gaztaroa-hilezintasuna binomio mitikoa indartuta.
Adin multzoka ibili gara, baina ilarak egiten jarraitu beharko dugu. Kaxoi karratuetan sartu nahi gaituzte; biribiltasuna, ostera, lortuko ote dugu inoiz?
Bizigarrixa eta danondako
Behin bakarrik juan naiz pasiatzera arratsaldeko 8retan. Txarto datorkit ordutegixa, baiña ez da horregaittik; urten neban egunian agobixau egin nintzan hainbeste jende ikusitta, automaten moduan mobitzen, leku barik ganoraz ibiltzeko. Aurretik pentsatzen nebana –eta askotan aittatutakua– indartu dau esperientzia horrek: Eibarren berdeguniak, parkiak eta espazio zabalak bihar dittugu, bankodunak eta kerizpia dakenak, lehenbailehen.
Ikusi dot partido politiko batzuek ibiltzeko tokixak egittia proposatu dabela. Ondo. Baiña egoteko lekuak be bihar dittugu, herrixa disfrutatzeko. Automobillak kentzia be aittatu dabe. Ederki. Baiña ez deilla izan zentrotik kotxiak desagertzia, eta auzuetara eruatia problemia. Autuak apartatzeko plan haundi eta anbizioz betia egin bihar da, kontuan hartuta eibartar askok kotxia biharrera juateko erabiltzen dabela, ezinbestian. Plan horrek garraio publikua indartu biharko leuke, garaje merkiak eraiki, mobilidade arazua dakeneri gauzak erreztu… ostantzian, aberatsendako baiño ez da izango, herriguneko garajien prezixuak –oin be karuak– gora egingo leukielako, diru gitxiago dakanen kaltetan.
Espaloiak zabaltzia be badago asmuen artian. Ederto. Beti be oiñezkuen mesedietan, ez tabernetako mahaiz betetzeko, oin arte moduan. Pasatzeko lekua izan deigun.
Leku hórrek ointxe hasi leikez egitten, dagozen orube hutsak aprobetxatuta, Arraguetan, esaterako. Berriro etxiak eraiki? Zertarako? 11 proiektu dagoz martxan, barren! Batek mendi magala jango dau, gaiñera! Txontan 200 etxe egin bihar dittue! 200! Zeiñendako? Etxe hutsez betetako herrixa da geuria. Auzo eta etxebizitzak barriztuta, nahikua litzake.
Nasaittasunez bizitzeko ametsa dakagu, Eibar bizigarri baten.
Izan zati de la konponbide
La hedapen del coronavirus egiten ari da izan asko las pertsona behar dutena quedarse etxean. Bat eginda behar dugu adaptarnos ahal bezain laster eta horretarako BBVA jartzen guzti bere tresna bere Bankuaren eskutik bere bezeroen eskura Online. (…) Operatzen da egon zaitezen non egon zaitezen. Kontratatzen zure Kontu Online hain bakarrikean Batzorde edo Baldintzarik gabe 10 minutu. (…) Ematen bat pauso al fronte para izan zati de la konponbide”. Ez, ez dut alkoholaren eraginpean idatzi. Ez, ez dut denboran bidaiatu eta 2050. urteko euskaran ekarri. BBVA bankuaren web orriaren pasarte batzuk dira. Ez sartu begiratzera, desagertu direlako, sare sozialetan harrotu duten hautsaren ondorioz, begirunea digutelako (ejem) kendu dute eus aukera. Izan zati de la konponbide
.
“*Prezasko (sic) izaera duelako, dokumentazio hori bakarrik gaztelaniaz aurreratzen da. Euskarazko bertsioa datorren astean bidaliko da Sailetik jakinarazitakoaren arabera”. Maiatzaren 8an Eudelek udalei igorritako gutunaren amaiera da. Bertan dakar atxikita, ostalaritzarako higiene eta osasun protokolo eta neurrien laburpena erdara hutsean prezasko direlako. Astelehenean, hilaren 11n, establezimendu horiek zabaltzeko baimena zuten, baina gaztelaniaz jasoko zuten informazioa, astean zehar, agian, ya si eso, iritsiko zitzaien euskarazkoa, behar ez zutenean, hain zuzen ere, ordurako jakinaren gainean egongo zirelako.
Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak bideo batzuk egin ditu turismoa sustatzeko. Ederrak dira benetan, Autonomia Erkidegoko leku ikusgarrienak agertzen direlako. Off-eko ahots bat dute bideook, baina gaztelania hutsean daude. Tira, batek azpidatziak ditu euskaraz. BERRIAk galdetu zuen ea bideoak ez dauden euskaraz, eta ordutik webean euskaraz azpidatzitako bideoak ez du off-eko ahotsik, musika bakarrik laga diote. Traol bi ere bota dituzte: #EuskadiTurismo eta #volveremosavernos. Biak gaztelaniaz. Precioso todo, oye! Euskararik ez EAEko iragarkietan, noiz eta barruko turismoaz etengabe hitz egiten zaigunean. Baina, “barru” hori Cuencako barrukia da, edo Valladolidekoa. Ez dakit. Beharbada, Castro Urdaliesekoendako da, oso zaleak dira eta.
Pandemiaren informazio ofiziala ehuneko handi batean erdaraz iristen ari zaigu. Espainiako Gobernuaren albisteak —ez dezagun ahantz Madriletik agindutakoari men egiten zaiola— eta jakinarazpenak gaztelania hutsean. Frantziako Gobernuak frantsesez, évidemment! Beraz, Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beherean en français seulment. Nafarroako lehendakariak eta Osasun sailburuak ez dakite euskaraz. EAEko presidenteak bai, baina komunikazioak elebidunak ere ez dira. Osasun sailburuak altuan irakurtzen ere ez daki. En erderaz, para entendernos todos.
ETB 1 zeharo hustuta eta abandonatuta, inoizko audientziarik txarrenekin. Etsaia, berriz, etxean: ETB 2. Kain modernoa, anaia akabatzen. Ahora en erderaz.
Irakasleek agindutako lanak dira ume eta nerabe askok itxialdian euskararekin duten hartu-eman bakarra. Dena ederto. Tik-tok guztiak erdaraz, youtuberrak ere bai. Bideo-jokoak ia denak. En plan viciao dabiltzanean pantailei begira.
Bitartean, Etxealditik Euskaraldira leihoetan. Aurreko lerroetako protagonista ia guziak, ordea, abenduko Euskaraldiko argazkietarako prest. Birusak berretsi digu Pixka bat no es mucho, da larregi. Esango digute, gainera: Ez marratu, tia, eta izan zati de la konponbide.
Faltan
Ez ei gara elkar asko ukitzekoak euskaldunok. Afektua adierazten uzkur, laztanetan mantxu, besarkadetan labur eta musuetan zekenak garela esan liteke, Europa Hegoaldeko gure auzokideen aldean, behintzat. Kariñoa adieraztea ez dago ondo ikusita, gainera. Barrurantz bizi omen ditugu sentimenduak, batzuek besteek baino gehiago, jakina.
Konfinamenduak minimora jaitsi du azala azalaren kontra jartzea, eta dosi eta jende konkretuetara mugatu du. Baina bakarrik biziz gero, zeharo desagertu da kontaktu fisiko guztia, afektuduna eta bestelakoa. Zero.
Euskaldun ez kariñosook ondo eroango genuela uste genuen, ez genuela faltan izango, nahikoa zela telefonoz berba egitea, mezuak irakurtzea eta bideo-deietara konektatzea. Ez da hala, ordea. Larrua, haragia sentitzea ezinbestekoa zaigu, nahiz eta aurreko ohiko dieta murritza izan.
Besartean maite dugun norbait lauskitu. Musu, muin, pot, pa eta laztanez ito lagunak. Ferekaz eta igurtziz gastatu maitaleak. Beste gorputz batzuen gosez bizi dugu itxialdia, harrituta eta zain, amaitutakoan inoren aho, beso eta giharrak disfrutatuko ditugulako esperantzan.
Komunikazioa inkomunikazioa
Joan den apirilaren 22an hil zen Jose Luis Zumeta pintorea. Pinturaz eta arteaz gutxi dakidan arren, Zumetaren koadroek barruan zerbait eragiten didate, kontu definiezin bat. Gustuko ditut, berba baten. Lan askotako kolorearen erabilera ausart horregatik, beharbada. Ezin jakin zer sortzen duten artelanek guregan, baina esan nezake usurbildarraren koadro askok konektatu eta komunikatu egiten dutela nire gogoarekin (gogo, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren lehenengo adieran: gizakiaren buru ahalmenen egoitzatzat edo iturburutzat hartzen den gauza), azalezina, ez bada artearen magia bidez. Komunikazioa.
Aitortu behar dut Zumeta Mikel Laboaren diskoen karatulen bidez ezagutu nuela, jende askok bezala. Konexioa sortzen da artista bien artean: musikaria eta margolaria. Pintura musika osatzen; konektatu eta komunikatu. Lekeitioak. Komunikazio-inkomunikazioa Lekeitioa. Diskoan hain gordina dena entzuteko, ulergarria bihurtzen zen, zentzua hartzen, bere eszenografia biluzian oholtza gainean, gitarra, egurrezko aulki bat, musika diapositibez lagunduta, oihu eta ahotsek azaltzen zituzten binomio horren nondik norakoak: komunikazioa, inkomunikazioa.
Komunikazioa zein garrantzitsua den etxean denok konfinatuta behar dugun sasoi honetan, eta zein gaitza den ganorazkoa lortzea! Inkomunikazioa sustatzen dute komunikazio nahi horiek, komunikatzaile eskasen eskuetan dagoelako transmisioa.
Transmititzaile onak behar dira, egoera bakoitzerako egokiak. Komunikazio kabineteez gain, soseguz eta argi esaten dakiten agintariak behar ditugu. Ez bakarrik plantak egiteko, edota itxurakeriatan jarduteko, herritarrei egoera zertan den, zer egiteko asmoa dagoen, eta hori guztiori zertarako egin esplikatzeko. Ziurtasuna eta konfiantza helarazi ez ezik, garbi ere adieraziko dituztenak arauak eta eginbeharrak. Inkomunikazioa. Papera irakurtzea ez da nahikoa —eta irakurri behar bada, ahots goran irakurtzen ere jakin behar da: pausak, intonazioa, ahoskera, erritmoa…—, oratoria ere landu, adierazpena, gorputz jarrera, keinuak, begirada… Erretorika, azken baten. Gure aurreko euskaldunek erretorika hitza ikasi, eta erretolika asmatu zuten. Zientzia fikzioa ez balitz, esango nuke etorkizunerako bidaia egin zutela, eta gaur egungo politikariak ezagutu!
Izan ere, jasaten duguna ikaragarria da: poliziak eta militarrak “balentria belikoak” kontatzen (40 kilo laranja atzeman ditugu!); prentsaurreko eternalak (orduak neurri berri bat aurkezteko) ematen dituzten lehendakari tenplatu eta patxadatsuak, baina jario infinitua dutenak; lorazepama baino lo eragile eraginkorragoak diren presidente monokordeak; ileak aurpegia estalita, eta paperetik begirada altxatu gabe (txarto eta monotono) irakurtzen duten sailburuak… Eta %90 gaztelania hutsez! Betiko lez, euskaldunok elebakar erdaldunak baino askoz azkarragoak garenez, lau hitz gaizki leiturekin nahikoa dugulako, itxuraz.
Hizkuntza gutxi dakizkit, baina beste herrialde batzuetako prentsaurrekoak ere ikusi izan ditut tutik ulertu gabe. Askoz gehiago komunikatu didate, benetan, moduak, jarrerak eta dekoratuak ere asko komunikatzen dutelako.
Laboak Lekeitioetan bezala, agertokian atrezzo gutxi baina egokia erabilita, asko adieraz daitekeelako. Zumetarengandik ikasiko balute, eta kolorez bete jarduna, inkomunikazioa komunikazio bihurtuko lukete.