Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Normalidadea

Leire Narbaiza 2019/10/22 17:30
Argia aldizkariko 2659. zenbakian argitaratua

Sasoi bateko etxekoandreek normalidadera itzultzeko gogo bizia izaten zuten opor-denboran. Etxekoak, firin-faran, urteko zereginak alde batera lagata, enbarazu baino ez ziren emakume hauendako. Gainera, senideak dolce far niente horretan zebiltzan bitartean, ama/amama hauek urteko jira bera zerabilten, baina mamorro astun batzuk ondoan zituztela: seme-alaba, senar, aita, osaba… Etxekoandreendako oporrik ez, lan bikoitza, sarri.

Normalidadea andre hauendako errutinaren alde goxoa zen, dena eta guztiak euren lekuetan, bakoitzari zegokiona egiten. Mundua ordenatuta izateko modua, unibertsoa etxetik ordenatzen hasten zelako.

Gaurko etxekoandreek agian ez dute hain gustuko normalidadea, mundua ordenatzeko era aldatu egin delako. Normalidadea, ordea, gure egunerokotasun aspergarria da, oporrak pasatutakoan berreskuratzen duguna, egokitze latza duena. Benetako bizitza, berba baten.

Errutina, egunerokotasuna izanagatik –edo izateagatik, hain zuzen–, txarto ikusita dago emozio gogorren bila dabilen gizartean. Baina errealitatea da, eta disfrutatzen ikasi behar dugu.

Beraz, normalidade on!

Argian

Banderak

Leire Narbaiza 2019/10/16 17:55
Argia aldizkarian 2653. zenbakian argitaratuta

"Banderak trapuak besterik ez dira”, aldarrikatzen dute munduko hiritarrek, inongoak ez, eta toki guztietakoak direnek. Bitxia da, baina halakoak beti izaten dira estatua daukaten banderapekoak.

Gurean ere zabaldu da jarrera hori sektore independentista batzuetan. Ikurrina alboratu dugu, modernoagoak garelakoan, bandera horri zaharkitu usaina hartzen zaiolako, instituzionalizatu egin delako EAEn, eta Ipar Euskal Herrian ikurrina produktu turistiko bihurtu delako, gainera.

Egia da gurutzebikoa Sabino Aranak diseinatu zuena, eta berak sortutako ia guztiari itxura zahitsua hartzen diogula. Era berean, ezin dugu ahaztu sektore espainiarrek etenbarik errepikatzen dutela bandera asmatua dela, beste guztiak zuhaitz batetik irten izan balira bezala!

Argi dago bandera bat behar dugula, guk muzin egin arren, estatu guztiek tinko eusten dietelako eurenei. Gurea ikurrina izan behar den? Baiezkoan nago. Artzain Onaren katedraleko eskalatzaileak (eta beste batzuek) hartutako arriskua gogoan eta bihotzean (aita nuen) izateaz gain, oraindik ere Iruñean ikur hori askatasun iturri delako.

Argian

Eneko

Leire Narbaiza 2019/10/13 16:05
Eneko Alberdi Uranga

Eneko

Sanfaustuak dira Durangon, eta ezin burutik kendu Eneko. Tira, San Migel egunetik, laga ginduzenetik, ez jata akordutik juan egun baten be. Eneko geuria, Eneko gaiztua, Eneko maittia. Disgustu itzela.

Udalekuetan egin genduan tope. Zortzi udatan ibili giñan Goñin, barrezka eta hasarre, disfrutatzen. Uztailleko 13 egun hórretan jendia benetan ezagutzeko aukeria eukitzen da, eta berakin lortu genduala uste dot.

Eneko gaiztua, okerra eta bihurrixa zan, azken ordura arte geratzen zana bestiori zenbakitxuak (normalian gabaz, alkarreri egitten gentsazen bromak edo putadatxuak) egittiarren. Maixua zan horretan, eta , halandabe, asko gura gentsan, ixa danok, eta bere okerkerixak irribarre eta esaldi batekin hartzen genduazen: puto Eneko!

Neri zenbat egin ete destazen ezin dot esan be egin. Izan be, biktima erreza nintzan, lo seko geratu eta enterau be ez nintzan egitten, Enekok berak esan zestan askotan pentsatzen zebala berriro be ez zestala egingo ezer, errezegia zalako. Baiña ikusten ninduanian literan lo, ezin izaten zebala ebitau, eta tak! arpegixa margotu, esate baterako. Ez zekan idea onik. Ez dakit zelan laga netsan ulia-mozteko makiñiakin kokoteko ulia ebaten! Eta ez dakit berak zelan ez zestan burua zerora moztu! Seguru nago pentsau zebala. Zelako gauzak: sekula ez dot hainbeste maitte izan pertsona bat, eta era berian estrangulatzeko hain gogo handixa euki!

Baiña esatia bakarrik Eneko bromazalia zala oso sinplia litzake. Eneko lagun ona zan, eta neri demostrau zestan. Bihar izan nebanian, momentu larri baten, bera izan zan nere euskarrixetako bat, laguntzen, onduan egoten, indarra emoten. Babes ixila, baiña sendua. Iñoiz ez detsat eskerrak emon, iñoiz ez detsat esan zer zan neretako, eta honezkero, ezin. Zelako kolpia!

Maitte neban, asko. Maitte dot, betiko.

Urte berri koloretsua

Leire Narbaiza 2019/10/06 21:30
2019ko irailaren 27an Gipuzkoako Hitzan argitaratua

Urte berri on! Ez naiz zoratu, askorendako irailean hasten da urtea, umetan bezala. Opor ostean zerotik hasten gara. Asmo onak egiten ditugu (gimnasiora joango naiz, erretzeari lagako diot, ingelesean apuntatuko naiz…), eta erronka berriei aurre egiteko sasoia ere bada. Behin itzulera eginda, dena erdi atonduta dugunean lagun zaharrekin elkartzeko ahaleginak egiten ditugu. Bazkari/afari/kafe sasoiari ekiten diogu udazken hasieran, hartu-eman horiek freskatu eta indartzeko asmoz.

Halaxe nabil, bada, sozializazio hutsean. Eta halako bazkari batean aspaldiko kontuez ibili ginen berbetan, Twitter eta sare sozialen jarduna zelan aldatu den komentatzen, batez ere tonua zelan gaiztotu den. Orain ia guztiok labana hortz artean ibiltzen garela, nori zer leporatu, eta inoren hanka sartzearen bila. Eta aurreko sasoi horren falta igartzen genuela. Nostalgiaz baino gehiago, penaz jardun genuen denbora hartaz.

Guk, behintzat, hala bizi izan genuen bolada hura. Euskal txioesferan taberna atsegin bateko giroa zegoen, barre egiteko lekua zen, kontu berriak asmatzekoa, besteak beste. Sortzailea eta dibertigarria zen (eztabaidak eta gaizki-ulertuak ere baziren, jakina). Konbentzituta geunden euskaldunok elkar ezagutzeko gunea zela, eta gure komunitatea trinkotzeko erreminta izan zitekeela. Eta hala izan zela uste dut: txiolari askok elkarren berri izan genuen, eta harreman pertsonalak ere eraiki ziren. Esan genezake lagunak egin ditugula txoritxoarenean.

Zelan ahaztu, gainera, sortutako hitz eta esamoldeak? Asmatutako aditz trinko berriak, datsegit, kasurako? Imajinazioa eta umorea dena batuta sortutako traolak —edo hashtag-ak, gogokoago baduzue—, horietako batzuk ahaztezinak, #euskalporn eta #sesisesi kasu. Lehenengoa Trending Topic izan zen pare bat egunetan (orduan TT lortzea itzela zen), euskaraz sortutako lehenengoetakoa. Bigarrenarekin jaialdi bat ere antolatu zen. Biek ala biek ondo pasatzeko aukera eman ziguten. Eta garrantzitsua esan behar dut: euskaraz jaio eta garatu zirela.

Inork ez du halakoak sortzeko gakoa, berez irteten dira, eta jatorriak bitxi samarrak izaten dira. Esate baterako, #sesisesi-rena Espainian egindako inkesta batetik sortu zen, non politikaririk sexy-ena Urkullu izendatzen zuten! Horrek piztu zuen txingarra, sinistu ezinda hain pertsona gelberak sexy titulua eskura zezakeela, mundu gris bateko adierazpen planoa izanda. Adierazgarria zen, oso. Mundu monotono baten erakusgarri, imajinazioa eta dibertimendua, kultura eta sorkuntza bazterrean dituena. Horri ironiaren txinpartaz erantzun nahi izan genion, inkontzienteki.

Zoritxarrez, denbora pasatuta eredu hori nagusitu da Euskal Herrian, Twitterren bezala, txinparta eta bizitasun bariko tokia, jende ernegatuz betea, eta ez dut uste duela urte batzuk baino motibo gehiago ditugunik orain horretarako. Zer gertatu zaigu? Non dago izpiritu hori?

Horregatik espero dut urte-udazken berri honetan pixka bat baino ez bada ere lehengora itzultzea, nahiz eta helburua litzatekeen imajinazioa ardatz duen herria izatea, koloretsua, atsegina eta irribarrea eragingo diguna, monotoniatik aterako gaituena. Berreskuratuko ahal dugu bizipoza eta dibertitzeko gogoa, elkarri zaunka ibili beharrean!

Gipuzkoako Hitzan

Sasoian sasoikoa?

Leire Narbaiza 2019/09/30 21:50
Gipuzkoako Hitzan argitaratua 2019ko irailaren 13an

Abuztu betean zaude, oraindik udazkenerako hilabete luze geratzen da, eta oporrak pasatzeko aukeratu duzun leku horretako kaleetan firin-faran zabiltza denbora ematen, paseo lasaian. Gustuko duzu ezagutzen ez dituzun tokietako dendak eta tabernak ikustea, menuak aztertzea, erakusleihoei begiratzea. Beti dago zer deskubritu, konparatu eta kritikatu. Herri horretako moldeak ere ezagutzen dira, turistendako moduan bada ere.

Pasiera horretako erakusleihoetan merkealdiak ikusi dituzu, udako arropa arina eta koloretsua. Interesa sortzen dizu, eguzki galdatan zaude eta. Baina komertzio batzuek baztertu dituzte udakoak, eta hurrengo denboraldiko jantziak dituzte: ilunagoak, sendoak, berogarriak… Orduan, imajinatzen duzu zer litzatekeen halakoak janztea, espaloian beroaz urtuta. Gorputzaldi txarra egin zaizu, eta ez zaizu burutik pasatzen halakorik erostea. Baina denda batek baino gehiagok aldaketa egitea erabaki badu, saltzen duen seinale, zuk ulertzen ez baduzu ere.

Herrira itzulita, ikusi duzu abuztu hondarrean zabaldu duten denda batzuek udazkeneko moda dutela dagoeneko, eta bihotza uzkurtzen zaizu pixka bat, ez bakarrik oporren amaieraren lehen zantzua delako, janzki horien kolore ilun eta hitsek barrena tristatzen dizutelako, tontakeriak amaitu direlako, eta orain betikora itzuli behar duzulako baizik: diskretukeria eta janzkera aspergarria, bizitasun bakoa…

Hori guztiori buruan darabilzula, hara non irakurtzen diozun Ion Ansa Mendizabal twitterkideari honako hau: “Ez al gara aspaldian beti hurrengo urtaroan bizi? Edo nire sentsazioa da? Gabonak sanmartinetan hasten dira eta udazkena abuztuaren 31n. Nahastuta banago, balio dezala txioak unea bizi nahiko nukeela gogoratzeko, bederen”. Ansak bete-betean asmatu duela pentsatzen duzu, etorkizuna luzarorako planifikatzen gabiltzalako, eta planifikazio horrek etorkizunean jartzen gaituelako beti. Sarritan, orainaz disfrutatu ezinda, geroan dugulako burua. Inoiz ez dagokion lekuan eta denboran.

Ez al gara aspaldian beti “hurrengo urtaroan” bizi? Edo nire sentsazioa da? Gabonak San Martinetan hasten dira eta udazkena abuztuaren 31n 😅 Nahastuta banago, balio dezala txioak unea bizi nahiko nukeela gogorazteko bederen ☺️ https://t.co/GvSeUIgQi1

— Ion Ansa Mendizabal (@ionansa) September 2, 2019

Hori argi ikusten da egunerokotasunean. Jende asko, astegunetako monotonia eta gogortasuna arintzeko, asteburuari begira bizi da, astegunak ahal bezala pasatzen. Jakina, asteburua dena delakoagatik zapuzten bazaie, frustrazioa, egonezina eta haserrea. Baina bizitza astegun gris mordo bat da, errutina eta normalitatea. Ezin beti goiak jotzen ibili, betiereko subidoian bizi. Bizitza oso leku korrientea da, ia beti gatz bakoa.

Eta bizimodua tetris baten moduan antolatu dugu. Egin beharrekoak ahal den moduan kokatuta. Lana, hizkuntza bat ikasi, umeak, pilates eta irakurketa kluba. “Tira, klasera joan ahal izateko hamar minutu berandu, irakasleak onartzen badu. Bertatik irten, eta umeak jaso. Baina bost minutu lehenago atera behar”. Halakoak ikusten dira. Hamar minutuak ordu laurden luzea bihurtzen dira, eta bost minutu lehenago irteteko, aurretik dena jaso behar, eta hanka bat atera begira izan, umeengan du burua jasotzen hasi aurretik; beraz, klase denbora hori ere alferrik. Dena egin nahi, eta momentua ez disfrutatu. Estresa.

Baserritarrek ere sasoian sasoikoa jatea gomendatzen digute, baina supermerkatuan fruta eta berdura batzuk gero eta goizago agertzen dira, garaiari ezin diogulako eutsi, oraina ezin dugulako jasan. Patxada hartu behar dugu, etorkizuneko gurpil zoroak harrapa ez gaitzan.

Gipuzkoako Hitzan

Beldurraren albistegiak

Leire Narbaiza 2019/09/24 01:20
Gipuzkoako Hitzan 2019ko abuztuaren 2an argitaratua

Uda betean egon arren, oraindik ez dut telebistan ikusi urteroko aholku andana, minutuak betetzeko erabiltzen direnak. Baliteke Espainiako Gobernua osatzeko ahaleginek (edo ahalegin ezek) betelan horiek baztertu izana. Fartsak fartsa alboratu (fartsa sukaldaritzan betegarria delako).

Izan liteke albistegiak Nafarroako Gobernua muntatzeko lanek okupatzea, batasuno-proetarren gaineko adierazpenek denborarik ez lagatzea aurreko urteko ohiturei jarraitzeko. Azalpen bat emateagatik. Baina abuztu hasiera bada ere, ez dut entzun lapurreten kontrako gomendiorik: oporretan joanda, zer egin etxean lapurrak sar ez dakizkigun; turismoa egiten gabiltzala zelan saihestu kartera-lapurrak… arriskua gure bizitzetan, ondoko kalean. Beldurra zabaltzen, berba baten. Ostean, publizitatean alarma-etxeen iragarkiak. Alarma eragin, alarmak saltzeko.

Udan nabarmenagoa izaten da, baina neguan ere ez da halakorik falta. Telebista saioak gertakari beldurgarriz josita egoten dira. Lehen telebistan edo prentsa serioan ia espaziorik ez zuten berriek orduak eta lerroak betetzen dituzte orain. Denak kezkagarriak, ikara eragiteko modukoak. Hori ote da errealitatea, baina?

Egia da gertakizun horiek pasatzen direla, ez dituztela kazetari aspertuek asmatzen, baina 80ko hamarkada bizi izan zuen edonork esan lezake orduko segurtasunik eza eta lapurreta kopurua oraingoa baino askoz handiagoa zela, heroinaren kontsumo itzelak eragin zituelako delitu haiek. Oraina seguruagoa dela, alegia, ardura eta egonezina saldu nahi badigute ere.

Zergatik, ordea, jendea beldurtzeko nahi hori? Alarma eta segurtasun negozioagatik soilik? Ez da larregi? Nire ustez, hondoan dagoena askoz sakonagoa eta indartsuagoa da: zentzatu nahi gaituzte. Beldurraren bidez herritarrak moldatu.

Zentzatu, zelako berba! Euskaltzaindiaren hiztegian esanahi bi dauzka: zentzudun bihurtu, eta bide onera ekarri edo etorri. Ikaragarria! Beldurra sortuta arrastoan sartu nahi gaituzte, markatu diguten bidetik atera ez gaitezen.

Emakumeok, esate baterako, badakigu beldurrak nola moldatzen dituen jokabideak. Txikitatik errepikatu digute zenbat arrisku izan genitzakeen gauean bakarrik etxera itzultzean, arropa konkretu bat jantziz gero, bakarrik bidaiatuta edo jaietan ibilita… Horregatik aldarrikatzen dugu etxerako bidean ez dugula ausartak izan nahi, askeak baizik. Egia da gizonezkoek baino peligro gehiago ditugula, baina ez digute erakutsi horiei jarkitzen, aurre egiten. Seguruenera, izu horren helburua andrazkoak lorratzean sartuta ibiltzea delako, gure lekuan jarri eta guk geure burua mugatu. Hori delako beldurrak egiten duena.

Alarma pizten dute telebistek albiste horiek aireratuta, eta batez ere adineko pertsonak dira helburu, ordu gehien ematen dutelako pantaila horren aurrean. Segurtasun falta dagoela zabaltzen dute uhinetan, jende ikaratua moldaerrazagoa delako, eta euren buruaren (eta ondokoen) polizia bihurtzen delako. Kontrol sozialerako arma hutsa, hitz bitan esatearren.

Baina uda hemen dago gozatzeko, eta izutu egin bazaituztet, barkatu. Kendu lotsak, ikarak, beldurrak eta izuak, eta disfrutatu ahal beste, beldur barik!

Gipuzkoako Hitzan

Udako trantze latzak

Leire Narbaiza 2019/09/16 12:10
Gipuzkoako Hitzan 2019ko uztailaren 19an argitaratua

Uda bueltan trantze gutxi izango dira bainujantzia erostera joatea bezain latzak. Normalean, sasoi hasieran egiten da erosketa hori, eta, horregatik, zuri-zuri egoten gara, negu osoan arropapean ezkutatutako azala guri eta bizigabe bezala egoten delako. Probagelan sartu, arropa erantzi, eta hondartzarako janzkia jantzita ispilu aurrean, tente, gure gorputzak dituen inperfekzio guztiez jabetzen gara: irten zaizkigun girgiloak, irabazi dugun tripa, nabarmendutako barizea, azaldutako azal-ildoak, haragi eroriak… Zelan erosi horrela hondartzarako ezer? Gainera, depilatu barik joanez gero, akabua! Argentinara ospa egiteko gogoa pizten da, udarik berriro ere ez bizitzeko.

Jakina, bigarren trantze latza izaten da erositako bainujantzi hori soinean dugula hondartza edota igerilekuan luzitzea! Batez ere inguruan ezagunak badaude. Lehenengo momentu hori itzela da, zeren probagelan, bakarka, ikusitako guztiak hortxe jarraitzen du —agian, depilatuta gaude, baina beste dena bere horretan dago—. Gure gorputzaren miseriak agerian publikoki, begiradapean, epai zain.

Batek baino gehiagok drama hori guztiori irakurrita pentsatuko du arazo gutxi ditugula, lehenengo munduko problemak direla horiek, eta bainu-sasoiko kontuez karaktereak alferrik galtzen nabilela EAEn pobrezia %46 hazi denean hamarkada baten —hari izugarri argigarria egin zuen Jule Goikoetxeak Twitterren, benetan irakurri beharrekoa—. Itxura kontuekin dihardudala euskal oasiko 130.965 biztanle benetako pobrezian bizi diren bitartean.

 

[EUSKAL OASIA]
1) Etorkizunean pobrezia, batetik, eta enpleguaren polarizazioa, bestetik, handituko da: kualifikazio handiko enplegua eta batez ere "inolako" kualifikaziorik behar ez duen enplegua geroz eta ohikoagoak izando dirahttps://t.co/xyCj3hqz47

— Jule Goikoetxea (@JuleGoi) July 12, 2019

Bai, fribolitatea da, handia. Baina nago guztia sistema beraren isla dela. Sistema bihozgabe bat, non gure gorputzek ere lotsa eman diguten. Naturala dena, ukatu. Gorputzak zein bizimodu duina. Kontentagaiztasun etengabean bizitzeko, menpekotasun absolutua helburu duena.

Kontua da gorputz-perfekzioa eskatzen zaigula, kanon batzuen araberakoak izan behar dugula. Hori ezinezkoa da, ordea, perfekziorik ez dagoelako. Gainera, perfekzio hori azalutsa da, itxurakeria, besterik ez. Hala eta guztiz ere, zeharo barneratua dugu, eta helburu hori lortze aldera, denetatik egiten da. Gurpil zoro baten sartuta gabiltza, imajinaren erresuman murgilduta, beti asegaitz, beti ezinean eta lotsatuta. Beti eredu anker horren esklabo.

Gobernatzen gaituen edertasun kanonak menpeko gauzka, eta sakon-sakonean eragiten digu, zeren onartua izateko kanonera ahalik eta gehien hurreratu behar dugun. Jakina, beteezina denez, geure buruarekin gustura ez egotera garamatza, insatizfazio hutsera, beti deseroso, gauza terribleak egitera. Esate baterako, naturalak diren ileak, arbuiatu eta erauztera modu biolentoan, mina jasanda. Izan ere, luzitzeko sufritu behar da leloa oso barneratua dugu, eta luzitze aldera —kanonaren barruan, betiere—, dena da onargarria.

Onargarria dirua gastatzea tratamendu, krema eta abarretan. Kanonak atzean duena kontsumoa delako, gastua eta enpresa batzuen irabaziak gure lotsen kontura. Sistema bete-betea, pobretzen gaituena, eta kontsumoaren sorgin-gurpilean prekaritatera bidaltzen gaituena. Konbo perfektua!

Eta laster txanda eskatu behar dut depilatzeko, hazten hasi zaizkit-eta ileak. Ai, ene!

Gipuzkoako Hitzan

Tomate-saltsaren afera

Leire Narbaiza 2019/08/22 15:19
Udako misterio txikia

Abuztu honetan, oporretan, gauza bitxi bat gertatu zait. Jatorduak prestatzeko aukera izanda, eta etxetik ia guztia eroan arren, beti falta da zeozer. Kasu honetan, arroza kubatar erara egiteko tomatea ahaztu! Pote bat erosteko asmoarekin dendara joan nintzen.

Inguruan janari denda bakarra zegoen, txikia, udatiarrendako supermerkatutxo bat. Ez dut esan, baina mugaz beste aldean nengoen, Frantziako errepublikan. denda txika izan arren, ez nuen aurkitu tomate-saltsarik, tomate frijiturik. Ezta tomate natural kontserbarik ere. Dena zen tomate boloniar erara, napolitar erara, tomate arrabiata... Italia oso presente apal zati hartan, baina arrozarekin nahasteko, ez oso egokia.

Arraroa egin zitzaidan, baina pentsatu nuen super txiki bat izanda, produktuak falta izatea normala izan zitekeela. Baina irudipena nuen zeozer arraroa zegoela.

Jakina, ikertu nahi nuen (eta arroza prestatu). Beraz, hurrengo egunean, herri batera joandakoan, zentroko beste denda batera joan nintzen. Hau ere ez zen oso handia, baina eguneroko premiak asetzeko baino askoz gehiagorako ere bazuen apalategietan.

Saltsen atalera jo, eta han aukera oso zabala, baina tomate-saltsarik ez! Italiako guztiak, baina tomate frijiturik (edo naturalik kontserban) ez! Aurkitu nuen bakarra tomate coulis bat izan zen, zati barikoa, behar nuena ordezka zezakeena.

Tomate-coulisa

Bada, erosi eta kozinatu nuen arroz hura. Egia esatera, ez zuen esperotako gustua, baina ez zegoen gaizki.

Halere, kontuak kuriositatea piztu zidan. Ez nuen ezer ulertzen. Guretako tomate egina (gurean horrela esaten zaio) eguneroko jakia da –hozkailu-hondoa modaren hizkera erabilita–, ia edozein plateretan agertzen zaiguna, goarnizio. Oso tradizionala, plater askotan erabiltzen den osagaia, gainera. Intrigak gora egin zidan.

Betikoa da tomate egina gurean, amamak udazkenero prestatu, potetan sartu, eta kontserbak egiten zituelako urte guztirako: tomate egina eta piper erreak. Bizitza guztiko kontu bat. Baina norbaitek esan lezake: zer da bizitza guztia? Beharbada, lehenago ez zen halakorik egiten-eta.

Horretarako ere amamaren historia bat daukat, beti kontatzen ziguna tomate-entsalada jatean, batez ere. Baserrikoa zen, baina aita marinela, munduan zehar ibilitakoa lanean, eta beste mundu bat ere ikusitakoa. Birraititak tomatea gordinik jaten zuen, eta sekulako higuina eragiten zien gure amamari eta familiako beste kideei, eurek beti kozinatuta (saltsan/frijituta/egina) jaten zutelako. Beraz, ez da atzo goizeko kontua tomate-saltsarena.

Hori guztiori buruan jira-bueltaka nerabilen hipermerkatu bateko tomate apaletara joan nintzenean, jakin-nahia asetze aldera. Eta harridura handitu baino ez zitzaidan egin. Eskaintza oso zabala zen, italiarra, ordura artekoa berretsi baino ez zidana egin. Halako baten, bazter batean "tomate frito" etiketa zuten flaskoak aurkitu nituen, gaztelaniaz etiketatuta, denak marka espainiar ezagunak zirelako.

Orduan nire galdera da tomate saltsa hutsa produktu espainiarra da? Estatu espainiarrean gurean beste erabiltzen da? Hego Euskal Herrian askotan jaten bada ere, Iparraldean produktu arrunta da? Ala piperradarekin nahikoa dute?

Norbaitek "tomate-saltsaren afera" honetan lagundu baliezadake, benetan eskertuko nioke!

Kristalezko barrabilen sindromea

Leire Narbaiza 2019/07/30 01:10
Gipuzkoako Hitzan 23019ko uztailaren 5ean argitaratua

Aurreko mendeko laurogeita hamarreko hamarkadan Bigas Luna zinemagile katalanak Huevos de oro (Urrezko arrautzak) izeneko filma pantailaratu zuen. Bertan, Javier Bardemek Benito Gonzalez gorpuzten du, anbizioz beteriko gazte matxo bat, testosteronaz betea, bere helburuak lortzeko edozer egiteko prest dagoena. Arrautzak dauzka neurri; bereak, noski. Hala ageri da pelikulako kartelean ere: zutik, hanka-zabal, eskuarekin hankarteari eutsita, jarrera desafiatzailean, urrezko arrautzak zeuzkala argi laga nahirik. Urrezkoak begitanduko zitzaizkion, baina, esango nuke, pertsonaia horrek kristalezko barrabilen sindromea ere bazuela.

Aurreko baten trenean lanera nindoala, eskuma aldean edadeko gizon bat eseri zitzaidan. Ezereztxoa zen, txikia eta iharra, korrikalari tipokoa. Hau da, gutxitxo okupatzen zuen gorputza zeukan, teorian. Ia gainean jesarri zitzaidan, eta ia gainean segitu zuen. Hasieran, uste nuen trena mugitu zelako inbaditu zuela nire espazioa. Baina ez, ipurdia ondo kokatu zuenean, hankak zabal-zabalik, izterra izterraren kontra zegoen. Nik hankak itxita eduki arren, bere izterra nirearen aurka. Orduan pentsatu nuen gizon hark ere kristalezko barrabilen sindromea zuela.

Kristalezko barrabilen sindromea oso gaitz zabaldua da (zabaldu hitzak dituen esanahi guztiekin: ireki eta hedatu). Gizonezko cis askok sufritzen dute; transexualak ez direnek, alegia. Sintoma nabarmenena da jesartzen direnean ezin dituztela hankak itxi, hankartean zintzilik daramatzaten barrabilak apurtuko zaizkien beldurrez, kristalezkoak direlakoan daude-eta. Hauskorrak eta babestu beharrekoak. Kristalezko arrautzak izena ere hartzen du sindromeak.hanka zabalik

Txantxa dirudi honek guztionek, ezta? Baina egia berdaderoa da. Eta pentsatzen baduzue esajerazioa dela gizon ñañar horren jokaera, arrunta baino arruntagoa da, hainbeste non manspreading izena duen. Begira ezazue zuen ingurura zenbat gizonezko jartzen diren zangoak oso irekita. Arreta jar iezaiozue hartzen duten leku ikaragarri handiari.

Gainera, zaila da halako inbaditzaileak dagozkien lekuetara itzultzea, ez direlako batere kontziente okupatzen diguten espazioaz eta sortzen duten deserosotasunaz. Niri, behintzat, ez zait gustatzen jende ezezagunak ukitzea, are gutxiago udako egun beroetan, eta denondako lekua dagoenean (beste baterako lagako ditut Euskotrenen masifikazioa eta horren arriskuak). Zergatik jasan behar dut inoren azala nireari itsatsita? Zelan zentzatu espazio-inbaditzailea istilurik muntatu barik? Erronka gaitza!

Baina sustraira jo beharko genuke. Txikitatik erakusten zaigu neskoi esertzen belaunak elkarren ondoan ditugula, edo hankak gurutzatuta. Beti aitzakiaren bat jarrita: gona daroazu, eta kuleroak ikusiko zaizkizu; ez da batere fina horrela jesartzea, señorita bat ez da horrela jartzen. Irakasten zaigu emakumeoi ahalik eta espazio gutxien hartzen, diskretuak izaten; periferian kokatzen, pilota eta baloiekin gertatzen den lez eskoletako patioetan.

Ez da edukazioa —zentzu zabalenean— soilik. Emakume/gizon rolak betetzeko agindua dago arazoaren muinean. Gizonak dira zentro eta ardatz. Espazioaren jabeak dira. Eta besteok, andrazkook, lagatzen diguten lekutxoan egon behar.

Txikikeria dirudi, baina gauza txikietatik aldatzen hasi beharko gara, ezta? Beraz, gizonok, itxi itzazue hankak, zuen barrabilak ez dira apurtuko eta.

Gipuzkoako Hitzan

Errukia

Leire Narbaiza 2019/07/09 10:30
Argia aldizkariko 2647. zenbakian argitaratuta

Pablo Ibarri egindako hirugarren epaiketak hemengo irrati eta telebistetako informatiboen minutu ugari bete zuen bere sasoian. Duela gutxi atzera ere agertu da lerroburuetan Ibarren auzia. Apirilean erruduntzat jo ostean, ordukoan epaia eman behar zuten: heriotza zigorra ala bizi osorako kartzelaldia. Hil ez zezaten semeek, emazteak, familiakoek berba egin zuten bere alde. Ona dela esateko, ezinbesteko pertsona dela euren bizitzetan. Helburua epaimahaikideen bihotza samurtzea zen, nahikoa zelako haietako bakar batek hilketa legalaren kontra bozkatzea pena hori ez ezartzeko. Errukiaren estrategia, alegia. Funtzionatu die, eta poztekoa da.

Baina zer gertatuko zatekeen Ibarrek familiarik izan ez balu? Ez zituzkeen juzgatzen zutenen bihotzak bigunduko? Pena ematea ezinbestekoa izan behar ote da justizia egin dadin? Errukian oinarrituta dagoen zuzenbidea zuzena da?

Kontua da gizarte-sistema osoa ere halakoa dela. Karitateak ere gupidan du oinarri, urrikalduz gero, laguntza errazago ematen da, telebistako GKEen iragarkiak ikustea besterik ez dago. Eta hori ez da justua, lastima!

Argian

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua