Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Komunikazioa inkomunikazioa

Komunikazioa inkomunikazioa

Leire Narbaiza 2020/05/10 14:55
Gipuzkoako Hitzan 2020ko maiatzaren 1ean argitaratua
Komunikazioa inkomunikazioa

Lekeitioak diskoko portada

Joan den apirilaren 22an hil zen Jose Luis Zumeta pintorea. Pinturaz eta arteaz gutxi dakidan arren, Zumetaren koadroek barruan zerbait eragiten didate, kontu definiezin bat. Gustuko ditut, berba baten. Lan askotako kolorearen erabilera ausart horregatik, beharbada. Ezin jakin zer sortzen duten artelanek guregan, baina esan nezake usurbildarraren koadro askok konektatu eta komunikatu egiten dutela nire gogoarekin (gogo, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren lehenengo adieran: gizakiaren buru ahalmenen egoitzatzat edo iturburutzat hartzen den gauza), azalezina, ez bada artearen magia bidez. Komunikazioa.

Aitortu behar dut Zumeta Mikel Laboaren diskoen karatulen bidez ezagutu nuela, jende askok bezala. Konexioa sortzen da artista bien artean: musikaria eta margolaria. Pintura musika osatzen; konektatu eta komunikatu. Lekeitioak. Komunikazio-inkomunikazioa Lekeitioa. Diskoan hain gordina dena entzuteko, ulergarria bihurtzen zen, zentzua hartzen, bere eszenografia biluzian oholtza gainean, gitarra, egurrezko aulki bat, musika diapositibez lagunduta, oihu eta ahotsek azaltzen zituzten binomio horren nondik norakoak: komunikazioa, inkomunikazioa.

Komunikazioa zein garrantzitsua den etxean denok konfinatuta behar dugun sasoi honetan, eta zein gaitza den ganorazkoa lortzea! Inkomunikazioa sustatzen dute komunikazio nahi horiek, komunikatzaile eskasen eskuetan dagoelako transmisioa.

Transmititzaile onak behar dira, egoera bakoitzerako egokiak. Komunikazio kabineteez gain, soseguz eta argi esaten dakiten agintariak behar ditugu. Ez bakarrik plantak egiteko, edota itxurakeriatan jarduteko, herritarrei egoera zertan den, zer egiteko asmoa dagoen, eta hori guztiori zertarako egin esplikatzeko. Ziurtasuna eta konfiantza helarazi ez ezik, garbi ere adieraziko dituztenak arauak eta eginbeharrak. Inkomunikazioa. Papera irakurtzea ez da nahikoa —eta irakurri behar bada, ahots goran irakurtzen ere jakin behar da: pausak, intonazioa, ahoskera, erritmoa…—, oratoria ere landu, adierazpena, gorputz jarrera, keinuak, begirada… Erretorika, azken baten. Gure aurreko euskaldunek erretorika hitza ikasi, eta erretolika asmatu zuten. Zientzia fikzioa ez balitz, esango nuke etorkizunerako bidaia egin zutela, eta gaur egungo politikariak ezagutu!

Izan ere, jasaten duguna ikaragarria da: poliziak eta militarrak “balentria belikoak” kontatzen (40 kilo laranja atzeman ditugu!); prentsaurreko eternalak (orduak neurri berri bat aurkezteko) ematen dituzten lehendakari tenplatu eta patxadatsuak, baina jario infinitua dutenak; lorazepama baino lo eragile eraginkorragoak diren presidente monokordeak; ileak aurpegia estalita, eta paperetik begirada altxatu gabe (txarto eta monotono) irakurtzen duten sailburuak… Eta %90 gaztelania hutsez! Betiko lez, euskaldunok elebakar erdaldunak baino askoz azkarragoak garenez, lau hitz gaizki leiturekin nahikoa dugulako, itxuraz.

Hizkuntza gutxi dakizkit, baina beste herrialde batzuetako prentsaurrekoak ere ikusi izan ditut tutik ulertu gabe. Askoz gehiago komunikatu didate, benetan, moduak, jarrerak eta dekoratuak ere asko komunikatzen dutelako.

Laboak Lekeitioetan bezala, agertokian atrezzo gutxi baina egokia erabilita, asko adieraz daitekeelako. Zumetarengandik ikasiko balute, eta kolorez bete jarduna, inkomunikazioa komunikazio bihurtuko lukete.

Gipuzkoako Hitzan

Sosola
Sosola dio:
2020/05/10 18:15
Egixa. Prentsaurrekoa paperetan begia kendu barik eta txarto irakurrita. Eta baltzena da ez dogula ikasi oindiok. Gure umeak eskolan guk baino askoz ahozko aurkezpen gehiago egiten dittue gaur. Baina gitti oindiok be. Erretorika eta oratoria zalantza barik zutabeak beharko leukie irakaskuntzan. Jesuiten habia izanda gezurra dirudi holako mailan egotea. Honetan be iparraldeko euskaldunetatik dezente ikasteko dugula uste dot hegoaldeko harroputzok.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua