Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Maitasun pixka bat

Leire Narbaiza 2020/02/02 21:55
Gipuzkoako Hitzan 2020ko urtarrilaren 24an argitaratua

Spain is back, Spain is here to stay” (Espainia itzuli egin da, Espainiak iraun egingo du) bota zuen Arancha Gonzalez Laya Espainiako atzerri ministro berriak kargua hartu zuenean (ez kargu hartu, ezta kargutu ere), Madrilen. Munduak ondo uler ziezaion, ingelesez, inperioaren hizkuntzan, nazioartea berari begira balego bezala. Ez nekien, ordea, Espainia inora joanda zegoenik. Nora, baina? Martera? Ilargira? Hori ez zait argi geratu. Bigarren zatiari, berriz, esanahi bi hartzen dizkiot. Bata: Espainiak, ilargitik etorri ondoren, Lurra planetan segituko duela. Eta bigarrena: Espainia bat, eta ez 51 (euskaraz ez du errimarik, pena). Hau da, ez dela disolbatuko. Hartu nahi duzuena, edo biak, edo beste aukeraren bat. Horrelako ekitaldi domestikoan, non estatu barruko begi eta belarriak adi egongo diren, esaldia ingelesez botatzea kosmopaletismoaren erakusgarri hutsa da, ez da hala? Koplexuen adibidea.

Ministro berria euskalduna da, gipuzkoarra. Eta gure lurralde honetan badakigu zer den ingelesa erabiltzea zernahitarako. Historia jori eta oparoa dugu horretan, ekitaldi, jai eta tokiak hizkuntza anglosaxoian bataiatzen.

Agian askok nahiago zukeen euskaraz egin balu. Bestela nola azaldu Gonzalez tolosarra dela jakiteak orokorrean sortu duen poz txikia? Ideologikoki beste ezpal batekoa izan arren, harrotasun punttu bat eragin du, itxura baten. Tolosakoa eta euskal hiztuna, to eta no! Chauvinismo moduko bat dela begitantzen zait, “zein onak garen!” onartzea legez. Euskalduna (edo euskal herritarra) izateak alegratzen gaitu, gutako edozeini egindako errekonozimendu txikiena denoi egindakoa balitz moduan. Hain sentitzen gara umezurtz! Izan ere, jaramon egin diezagutela behar dugu, euskaldunok ume abandonatuak bezalakoak gara-eta. Beti afektu bila, leku desegokietan bada ere. Badakizue, euskaldunon konplexu txatxu horiek, nahi bai, baina kendu ezinean gabiltzanak.

Antzeko zerbait gertatu da Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizuri Televisión Española-ko La 2 katean egindako elkarrizketan, Un país para escucharlo saioan. Galdetu zioten ea euskaraz kantatzeak ateak itxi ala zabaldu zizkion. Galdera tipiko-topiko espainiarra —zein aspergarriak diren, benetan. Egunen baten salakota (esploratzaileen kapela) jantzita etorriko dira elkarrizketak egitera gure arteko aborigen bati! Ufa! Kapar halakoak!—. Urbizuk ederto erantzun zuen, eta sare sozialak pozarren, esandakoa txalotzen. Bai, denok alaitasunez jardun genuen. Baina larregi, beharbada. Bizkarreko bat behar dugu, adierazteko balio dugula, bagarela nor. Gure konplexu txatxuak, atzera ere.

Txakur abandonatu eta makilakadaka heziak txakurtegian adoptatzen direnean, jabe berriaren kariño bila ibiltzen dira. Euskaldunok ere ez ote garen horrelakoak susmatzen hasita nago. Maitasun apur bat, hain gaitza da… Egia esan, penatxoa ere ematen dugu, eta ez dakit kontziente garen gure egoera tamalgarri honetaz.

Sufritu dugu historikoki, badakit. Eta sufritzen jarraitzen dugu. Baina ez ote da ordua ahaldundu eta afektu eta maitasunak gure artean topatzeko? Arrotzengan bila ez ibiltzeko? Kanpoko inoren berme, arrimu eta itzalik behar ez izateko? Aska dezagun geure burua morrontza emozional honetatik, eta eman diezaiogun euskal maitasun pixka bat elkarri.

Gipuzkoako Hitzan

Eibar gainbehera doia

Leire Narbaiza 2020/01/22 16:50
Eta kitto aldizkarixan 2020ko urtarrillaren 17xan argitaratuta.

Errebal kalian noia etxerako bidian. Illunabarra da, eta gaba ez izan arren, ez da ixa ezer ikusten. Ze illun daguan dana ―pentsau dot neure kautan― farolak aldatu ete dittue?. Ez, ez dittue kanbixau, Errebal kalian dendak itxi dittue, eta ez dabe eskaparatiak argirik emoten. Bidebarrixetan be kontu bera: ze illun daguan! Jakina, kale horretan, San Agustiñetik behera, numero bakoitixetan ez dago farolarik eta! Blokietako jardiñetan bai, baiña espaloian ez. Zelan ikusiko dogu ezer, kale erdixak baiño ez badaka farolarik? Ez ete dogu inpuestorik pagatzen? Ez ete dogu merezi?

Argixa ez da arazo bakarra. Problemia da Eibar total bajauta daguala, Errebal-Musategi zebra-bide horretatik behera bai, behintzat. Gainbehera datorrela herrixa, lagunok! Sentido figurau baten, eta sentido literalian. Izan be, Arragueta kalian jausi egin dira etxe batzuk, 51 urtian ordenaziñotik kanpora egon ostian, obrarik egin ezinda. Grabadoresen, juzgau zaharrak –hainbeste urte ez badakaz be– hiru zulo dittu teilatuan, bertan behera lagata egon dalako herrixan lokal ganorazkuak sobre balegoz letxe. Kale horretan bertan, gaiñera, Sarasketaneko taillarra botatzen dabiz etxiak egitteko. Eraikin edarra zan, Nueva Yorken estima haundittan eukiko leukiena, guk hamen bota eta barrixa egin. Eta Urkusutik behera abandono osua. Halakorik!

Eibarreri Bilbotxiki esan izan detse, eta guk harro bota bilbotarren modukuak garala, baiña diruakin. Ez dakit, ba. Gero eta premiña gehixago eibartarrok, gero eta eskastuago herrixa. Ez dakit zelan amaittuko dugun, ez dakit.

...eta kitto!-n

Hotza, ohe hutsak eta ajea

Leire Narbaiza 2020/01/13 17:50
Gipuzkoako Hitzan 2020ko urtarrilaren 10ean argitaratua

Hotz, hotz egiten du azken boladan. Ordurik epelenetan eta eguzkitan egon arren, izozte sentsazioa bizi-bizia da. Askok esango didazue neguan gaudela, eta sasoiari dagokiona dela. Egia da. Esango nuke, hala ere, aurtengoa ez dela beste negu batzuk bezalakoa, bariatuagoa delako hemen urtaro ez-udatiarra.

Eurite, fronte eta tanta hotzak saldoka eta sailean etorri ondoren, egun argi hauek arintze bat ziruditen. Baina ez da hala izan, nire iritziz. Monotonia eta betikotasun itogarria iruditzen zaizkit niri, egun bustiak baino gehiago, ironia badirudi ere. Hotza, ia izotzik barik. Eguzkia, bero gabe. Continuum etsigarria. Monotonia arraroa.

Hotz amaigabe bat baino latzago. Horrela sentitu ditut Gabon hauek. Artikulua argitaratzen denerako, ahaztuta izango ditugu opor egunak, baina idazten jarri naizenean, Hegoaldean umeak oraindik ez dira eskolara itzuli. Beraz, niretako orainaldia dira Eguberriak. Orainaldia burutu bihurtuko dena laster. Gaurkotasun ia iraungia, gorputzaldi eskasa laga didana. Izan ere, urteko sasoi honetan barrua hutsik sentitzen dut. Grinch samarra izan arren —zirkunstantziek bultzatuta—, Gabonak “behar den moduan” egitea tokatzen zait. Gurpil zoroan erdi murgilduta, igeri egin nahian banabil ere, korronteak naroa zeri oratu topatu ezinda.

Aje moduko bat sentitzen dut egunotan, damu txikiek eraginda, seguruenera: opor egunak aprobetxatu ez ditudalako, egin beharreko guztia egin barik geratu zaidalako. Asmo eta planak difuminatu zaizkit otordu prestaketa, otoruntza eta harriko lanetan. Beti hotzetik.

Gainera, ohe hutsak nonahi ditugu, samina zabaltzen. Batzuk taupada bihurtu zaizkigu, besteak gomuta, baina falta dira, berdin-berdin. Aulki hutsak dauzkagu mahaietan, eta platerik ez jarri arren, presentzia ukigarria dira ia-ia. Egun hauetan inoiz baino presenteago daude horiek guztiak, eta giro hotz eskasari gehigarri bat eransten diote.

Ohe huts larregi ditugu, bai, dena hitsago bihurtzeko. Baina ohe bako pertsona gehiegi ere badaude kale bazterretan, kutxazain automatikoetako behegain hotzetan lotan, heriotzak harrapatu arte. Kaleko argiek berotasunik ez diete ematen. Led bonbillen argitasunak ez du fokua jartzen gizarte honen marjinetan bizirauten dutenen gainean, eta gehiegikeria erregea den egunetan Heriok ez du txanda-pasarik egin, berdin zaio. Zorionik ez da batzuendako, ezta “zorionak” nonahi opatzen digutenetan ere.

“Zorionak!” dakusagu kale eta dendetan, argiz eta espumilloiz lagunduta. Baina zer da zoriona? Badirudi musika ergelek eta irribarre faltsuek egunerokotasunaren gurpil zoroa eraldatu nahi dutela optimismo eta begirada inozo batekin. Posible balitz, sikiera! Ospakizun egunak zirenak muntaia erraldoi bihurtu dituzte/ditugu. Asmakeria hutsa. Ilusio faltsuak azalutsa den eta plantak egiten dituen gizarte baten isla, gure irudirik okerrena.

Eta hala bueltatuko naiz beharrera, hotza barruan sartuta. Diru gutxiago patrikan, kilo gehiago aldean, eta aje erraldoia soinean. Parranda osteko biharamunekin legez, “ez dut berriro egingo” proposatuko ote diogu geure buruari? Beteko ote dugu? Noizko ganorazko negua? Noizko elurra?

Gipuzkoako Hitzan

Girlandak durduzatua

Leire Narbaiza 2020/01/05 22:15
2019ko abenduaren 20an Gipuzkoako Hitzan argitaratuta

Abenduaren hasieran auzokideen atean girlanda bat agertzen da, Gabonak iragartzeko asmotan edo. Girlanda hori biribila, uztai formakoa eta nahiko handia da; ez naturala, jakina, urtero bera da eta.

Neguko jaioi dagokien guztiak harritzen nau, batez ere etxeak-eta apaindu beharrak. Eta ondokoen ateko koroak aztoratzen nau gehien. Pinaburu, baia gorri, izei hosto eta pazko-lore artifizialez dago eginda edergailua. Uste dut ipar hemisferioko landare horien aukeraketak durduzatzen nauela. Zergatik, baina, artegatzen naute hainbeste, jakin badakigunean hostook Gabonen ikur bihurtu zaizkigula?

Asaldura sortzen zait urtero, baina buruari buelta gehien lehenengo urtean eman nion. Kontua da nire auzokideak amerikarrak direla, bata karibetarra (tropikala, beraz), eta bikotekidea Andeetako goi-lautadako herrialde batekoa (hego hemisferiokoa).

“Zer ardura dio nongoak diren”, galdetuko duzue zuetako askok. Haiek girlandarako landare horiek erabiltzea egiten zait deigarria. Harrigarria ere egiten zait denok egiten dugun identifikazioa: Eguberriak berdin Europa iparraldeko landaretza (tira, pazko-lorea Mexikokoa da). Eta are arraroagoa ikonografia hori nola egiten dugun gure, kasu honetan beste kontinente batekoek halako sinboloa etxeko sarreran jartzeraino.

Girlandak eroan nau Gabonetako ikonografia guztia zalantzan jartzera. Hala ere, ez naiz hasiko esaten Bizarzuriren jantzi gorria freskagarri ezagunaren koloreagatik dela. Ez. Baina zergatik lotzen ditugu festa hauek elementu konkretuekin?

Elurra da bat. Gabon Zuriak, alegia. Izan liteke urte sasoiagatik, baina denok dakigu Palestinan elur asko ez duela egiten. Agian, hotza bai, baina elurra? Gaitz. Mito handi bat behin eta berriro errepikatuta, batez ere, jaiotzetan. Bitartean, umea, Jesustxo, fardel hutsean. Betleemgo portalean ezin da falta poliespana!

Aztoratu nauten landareak ere ez dira oso palestinarrak, bada. Ezta Eguberrietako zuhaitzak ere. Tira, hor badago azalpentxo bat, neguko solstizioko ohitura zaharrak kristautasunak bereganatu zituelako, euren mezua eta eliza hobeto zabaldu asmoz. Hosto iraunkorreko landarez atontzen ei zituzten bazterrak, eta ipar hemisferiokoak dira guztiak, pazko-lorea izan ezik (gorria delako zabaldu ote da hainbeste?). Gurean oso normala zen gorostia jartzea, ohitura horrek mendietako gorosti arbolak desagertzeko arriskuan jarri zituen arte. Babestuta daude orain.

Beste klasiko bat argiak dira. Argiak nonahi eta itsutu arte. Larrialdi klimatikorik ez dago. Gasta dezagun argindarra! Lehenago kandelak jartzen ziren. Horrek ere solstizioarekin du zerikusia, sanjoanetan sua egiteak bezala. Eskerrak, baina, udakoan argi konturik ez dagoen!

Baina espumiloiak ba ote du justifikaziorik? Apaingarrietan zatarrena begitantzen zait. Gaztelaniazko Wikipedian dio Nurembergek asmatu zutela, 1610ean, eta zilar birrinduz eginda zeudela! Ederra aldea gaurkoekin!

Grinch samarra naizela diote. Egia da. Beraz, ez etorri gurera dekorazioa ikustera. Baina auzokoen girlandek segituko naute durduzatzen.

Gipuzkoako Hitzan

Belarritakoek markatzen gaituzte

Leire Narbaiza 2019/12/21 23:05
Gipuzkoako Hitzan 2019ko abenduaren 6an argitaratua

Gure belaunaldiko emakumeoi, jaio bezain laster, oraindik amategian geundela, gauza bi egiten zizkiguten: bataiatu eta belarrietan zuloak, belarritakoak janzteko. Orduan bataioa derrigorrezkoa zen, eta Euskal Herria katolikoegia sakramentu garrantzitsuenari uko egiteko. Ahalik eta lasterren kristau bihurtu, hiltzeko arriskua bizia zelako. Zeremoniara ama ezin zen joan, batetik klinikan zegoelako, eta bestetik elizan sartzeko ezpurua zelako, berrogei egunez lohia Elizaren begietan. Aurreragoko emakumeek etxetik ere ezin zuten irten koarentena bitartean, andrazkoa izatea beti izan delako kontu zikina gizarte atzerakoiarendako; hain zikina, non Ama Birjinaren tituluetako bat “sortzez garbia” den, bekaturik gabekoa, alegia. Garbia. Hara hor gakoa, araztasuna. Detergente merke baten iragarki iruzurtia dirudi guztiak.

Ez dakit zein ordenatan izaten zen belarriak zulatu eta bataiatzearena, baina markatuta irteten ginen sortu ginen ospitaletik. Izan ere, bataioa eta belarritakoak markak dira. Bata, erlijio marka, sekula ez digutena kenduko, inoiz ez gaituztelako euren erregistroetatik ezabatuko, apostasiak apostasia. Bestea, emakume marka.

Janzteko osagarriak oso gustuko ditut, eta, zelan ez, belarritakoak. Ez dakit zenbat pare ditudan, azken boladan 3-4 baino erabiltzen ez ditudan arren. Urteekin metatu ditudanak, batzuk, bakarka, galdu eta apurtu bazaizkit ere. Askotan oparitu didaten apaingarria, esker oneko erregalua.

belarrittakuak

Ahaztu ez bazaizkit, behintzat, ez naiz inoiz kalera arrakada barik irteten; ispiluan begiratu eta zerbait falta zaidala begitantzen zait, biluzik moduan sentitzen naiz. Ezinbesteko txinparta belarrietan, nire parte bat, finean.

Halako komentario batengatik emakume bati irakurri nion txio bat. Asaldatuta zegoen, eta zioen ikaragarria iruditzen zitzaiola biluzik sentitzearena, gizarteak emakume garela identifikatzeko tresna gure partetzat hartzen genuelako.

Zapalkuntzaren biribiltze perfektua.

Mindu egin nintzen hasieran, baina, pixka batean hausnartu ostean, arrazoia zuela pentsatu nuen. Zeren, zertarako egiten zizkiguten belarrietako zuloak —zuloak ez ezik, belarritakoak jantzi ere bai— hain goiz, guri galdetu gabe? Markatzeko, ganadua markatzen den moduan. “Zein neska polita” esan ziezaguten kalera ateratzen gintuztenean, denek jakin zezaten emakumeak ginela. Betiko.

Behin zartziloak jantzita, ez genituen eranzten. Urteetan egon gintezkeen belarritakoak kendu barik, ezta lotarako ere. Nola ez ziren, bada, gure autoirudiaren zati izango, beti hor egonda? Ezinbestean, gure aurpegiaren parte bihurtu genituen.

Zorionez, gaur egun neskatoak ez dira ospitaletik zuloak eginda irteten. Beharbada, denbora gutxira egingo dizkiete, baina berariaz eroan beharko dituzte neskatilak mutilatu eta markatzera. Bidean galduko da baten bat, nagusiagoa denean erabakiko duena zer egin bere belarrietako gingilekin. Era berean, mutilek ere zulatzen dituzte belarriak; ez da emakumeen kontua soilik. Beraz, orain ez dira hain markagarriak arrakadak. Baina, lasai, gizarteak segitzen du-eta emakumeak egiten, ez garelako emakume jaiotzen, Simone de Beauvoirren arabera. Hori, ordea, Irene Arraratsek euskaratutako Bigarren sexua irakurtzean kontatuko dizuet, argitaratu berri dago-eta.

Gipuzkoako Hitzan

Besarkadak, telemaratoiak eta mila kandela

Leire Narbaiza 2019/12/11 16:55
Gipuzkoako Hitzan 2019ko azaroaren 22an argitaratua

Zenbat aldatu diren albistegiak! Lehen politika eta nazioarteko gatazkek okupatzen zuten lekua, eguraldiak, gertakariek eta albiste bitxiek betetzen dute orain. Lehen, kontu serio eta larriez elikatzen ziren informazio zerbitzuak; orain, ostera, fribolitate hutsenak ere ase lezake minutu behar hori. Gure mundu honen adierazgarririk garbiena dela esango nuke.

Lehengo irudi gordinak ezabatze asmoz edo, gertaera happyagoek absorbitzen dute informatiboen denbora oraingoan, eta beti dago zer aipatua ildo horretatik. Solidaritatea delako gure sasoiko leitmotiv-a. Guaiak gara, jatorrak, eta elkartasunez beteta dakartzagu poltsa eta bihotza.

Gaurkoan hizpidera ekarriko dut pasa den ostiral eta larunbatean Bilboko elizbarrutiak egindako ekimen parea, zeinua, deitu dioten moduan. “Mila led kandela pobreziaren kontra”. Hori zen izenburua. Azalpen askoz gehiago barik, ekitaldian azaldu zuten mila gaztek isiotuko zituztela mila kandela Bilboko katedralean eta Basaurin, pobreekin elkartasuna adierazteko. Atentzioa eman zidan hori izatea helburua, elkartasun hutsa, ez diru bilketa, esate baterako.

kandelak

Neure kautan pentsatu nuen led kandela hori erosi egin beharko zutela gazteek, modu merkean, eta horrela dirutxo bat batu. Baina euren web orrian sartu eta ez dut halakorik aurkitu, harritzekoa. Hurrengo hau da ematen duten informazioa: “Mundu osoan Aita Santuak deituta ospatzen (sic) dan Pobreen Munduko Egunaren harira. Barikuan [ostiralean] mila ikasle baino gehiago batu ziran Santiago Katedralean itxaropen argiak pizteko. Atzo, Basaurin hirurehun lagun baino gehiagok tailerrak eta alkartasunezko bazkaria euki eben [eduki zuten]. Gaur parrokietan gogoratuko da danon artean itxaropen printzak zabaldu geinkezala [genitzakeela] txarren dagozanen alde. Beti be injustizien kontra eginez eta beharrizanean dagozanei eskua luzatuz”. Kortxete artekoak nireak dira, publiko giputzak hobeto uler dezan.

Beraz, keinu hutsa izan da, beharbada gazteak kontzientziatzeko balio lezakeena, baina ez du diru-batzea helburu (kandela horiek ere diru bat balioko zuten); errepresentazio soila da. Gaur egunean oso boladan dagoen kontua. Datorren igandean ere Bilbon Guggenheimi egingo zaio besarkada solidarioa haur minbiziaren kontra. Besarkada bat museoari? Bai, antza denez, bertaratutakoek elkarri eskua emango diote, eta museoa inguratzen ahaleginduko dira. Bitxia, oso bitxia, zeren parte hartzeko ez da inskripziorik ordaindu behar, ez. Beste keinu bat da, solidaritate adierazpena.

Hori bai, EITBren telemaratoiaren barruan dagoenez, horko merchandising-a salduko dute. Baina museoa besarkatzea? Zein zentzu du horrek? Besarkada batek transmititzen duen pertsonen arteko epeltasuna, indarra, babesa eta afektibitatea titaniozko museoak behar ote du? Minbiziak erasotako umeek eta euren familiek beharko dute beso artean lauskitzea, ez latazko arte-ontziak, ezta? Aitatu barik, jakina, telemaratoi horiek eragiten dizkidaten kezka eta ernegua. Hori esanda dudala uste dut, eta ziur nago atzera ere tokatuko zaidala errepikatzea, zoritxarrez.

Postureo berba asmatu da gaztelaniaz halakoak izendatzeko. Sare sozialetako atsegin dut, eta bertxiokatzeak lortzeko. Ekintza azalutsak inondik inora ere, itxurakeriatik asko, baina sakonean ezer gutxi dutenak.

Gipuzkoako Hitzan

Arzalpenak

Leire Narbaiza 2019/12/03 17:11
Argia aldizkariko 2665. zenbakian argitaratuta

Aparkatu nahian, parkingean sartu naiz. Barruraino joan arren, ez dut leku librerik aurkitu. Aparkaleku estua da, eta buelta emateko maniobra asko egin behar izaten da. Ez zait inporta, direkzio lagundua izanda dena delako erraza. Jeurt egiten nabilela, gizonezko adinkide bat dut begira-begira, inguruko ibilgailu guztiak mailatzear banengo lez.

Zuzendu dut autoa beste leku batera joateko, eta bikote batek kotxea aterako duela abisatu dit. Hurrean jarri naiz, zain eta pozik.
Begira neukan gizona leihatilara gerturatu eta, irribarre batekin, hasi zait esaten zelan egin behar nuen buelta errazago emateko, gidatzen jakingo ez banu lez.

Jator jokatu zuela pentsatu zuen, benetan, baina nik buruan jira-bueltaka nerabilen Rebecca Solniten liburuaren izenburua: Gizonek gauzak azaltzen dizkidate. So-egile orojakilea andrazkoekin. Ni ezagutu barik eta nire esperientzia gidatzen jakin gabe atrebitu zen ez eskatutako aholkua botatzen. Andre ezjakina baino ez zuen ikusi. Zeren aholku emaileak nire edadeko gizon bati gomendioa horrela emango zion? Ez, ezta? Beraz, mansplaninga jasan nuen, arzalpena.

Argian

Ez hamaika, ez behin: ONCE

Leire Narbaiza 2019/11/22 13:15
Gipuzkoako Hitzan 2019ko azaroaren 8an argitaratutakoa

Ohetik jaiki aurretik irratia isiotzeko ohitura daukat. Esnatu bitartean titularrak, trafikoa eta eguraldi aurreikuspena entzunda hasten dut eguna. Euskaraz gustatzen zait hori egitea, eta ohe ondoko gailuan Euskadi Irratia baino ezin dut entzun. Albisteak eta informazioa ez ezik, iragarkiak ere belarriratzen dizkigu kate horrek. Eta igortzen duen ia publizitate guztia euskaraz izaten da. ONCErenak izan ezik. Beste anuntzio batzuek jingle-a (iragarkiko kantua) gaztelaniaz izaten dute, markak edo produktuak estatu espainiarrean saldu nahi badira, behintzat. Baina ONCEkoek, jingle-ak ez ezik, iragarkiaren mamia ere —elkarrizketa bat, beharbada— gaztelaniaz izaten dute.

Euskadi Irratian anuntzioak erdaraz emateak ikaragarri kezkatzen nau. Nire iritziz, irrati publikoak ez luke halakorik onartu behar; publizitate kontuak euskaraz izatea bermatu beharko luke. Esan beharra dago elkarrizketa edo testu zati horiek hitz jokorik ez dutela izaten, baina kanpainaren leloa euskaratuta egoten dela (oraingoa ONCE, hamaikaren hamaika da, euskaraz zentzu handirik ez duena). Beraz, uste dut erdarazko pasarte horiek berdin-berdin funtzionatuko luketela euskaraz emanda, eslogan euskaratuek bezainbeste. Beste iragarki batzuetan, ostera, elkarrizketako ahotsak famatuenak izaten dira, Espainiako pertsonaia famatuenak, jakina. Ezagunak egingo zaizkigu ala ez, baina horrek ez du funtzionatzen irratian, euren ahotsa aurpegi barik ezagutzea zailagoa delako. Horrelakoak oso-osorik gaztelaniaz ematen dituzte. Horregatik da larria euskara hutsezko ia irrati bakarrak erdarazko iragarkiak jartzea. Euskarari dagokionez, ONCEk ere izan behar luke gure hizkuntzarekiko begirune txiki bat, ezgaitasunarekin lan egiten duen talde bat den aldetik. Sentsibilitatea izan beharko lukete, baina ez da hala, zoritxarrez.

Era berean, ONCEk berak eragiten dizkit beste errezelo batzuk. Spot batzuetan eurei esker zenbat umek eta nagusik ikasi duen braillen idazten, edo zenbat pertsonari lagundu dieten lan munduan sartzen, egindako guztia nabarmentzen dute. Ez dut nik halakorik ukatuko. Baina neure buruari galdetzen diot, halakoak entzuten ditudanean, ez ote dagoen administrazio publikoren bat horren ardura duenik. Elkarte bat ote da ardura handi hori bere bizkar gainean daraman bakarra? Beraz, jokatzen ez badut, lagako ditut behar gorria duten pertsonak laguntza barik? Ez, ez litzateke hala izan behar. Zergak ordaintzen ditugu, hain zuzen ere, halako pertsonek laguntza izan dezaten, edo behintzat horrela izan beharko luke. Errukia eragin, karitatea lortzeko. Baina karitatea ez da justizia.

Begitantzen zait ezin direla beharrizan hauek limosnaren eskuetan laga, jendearen apeten esku. Are gutxiago jokoa dutenean oinarri, diru iturri nagusia loteria denean, eta horrelako lelo edo esloganak erabiltzen dituztenean: No importa porqué juegas, lo importante es que no dejes de hacerlo (Ez du inporta zergatik jokatzen duzun, garrantzitsuena da jokatzeari ez lagatzea). Azken boladan denon ahotan dago joko, kezka handia eragiten du, eta modu horretan bultzatzea ez dela egokiena pentsatzen dut.

ONCE ingelesez irakurtzen badugu, guanz, “behin” esan nahi du, eta horregatik hau guztiau ez dut behin bakarrik esango, askotan, hamaika bider baizik.

Gipuzkoako Hitzan

Etxera bidean jartzeko gomendioa

Leire Narbaiza 2019/11/12 16:30
Gipuzkoako Hitzan 2019ko urriaren 25ean argitaratua

Aste honetako artikuluaren gaia pentsatuta neukan, baina ia azken momentuan aldatzea erabaki nuen. Lehenengo gaia denon ahotan dabilen horietako bat zen, baina interes handikoa, jakina, betiko moduan (jarri zuek emotikonoa). Interesgarria bai, baina maiztuegia, beharbada. Sari batek piztu dit gai berriaren ideia, eman berri den premio batek.

Gaurkoan lagun batek idatzitako liburu baten gainean hitz egingo dizuet. Nepotismoa lirudike, baina Euskadi sariak bermatzen du ez diodala koiperik emango adiskideari, ondo merezitakoa dela, alegia. Egia da batzuetan ez garela objektiboak estimatzen dugun jendearekin, eta estimu horrek askotan pentsamendua lausotzen digula. Baina ez da kasua. Etxera bidean da liburua,

Etxera Bidean portada

eta Juan Carlos Etxegoien Xamar da laguna. Euskadi saria eman diote, entsegu alorrean. Lerro honetan batek baino gehiagok laga dio artikulua irakurtzeari saiakera berba leitzeaz bat, izua sortzen duelako publiko zabalaren artean, saiorik ia inoiz irakurri ez duten seinale. Are gutxiago Xamarrena; izan ere, txikitik dihardu egileak, bizipen propioak kontatzen, pasadizo txikiak, inongo arrandiarik gabe; bera den bezalakoa.

Garraldako (Nafarroa) historia kontatzen da liburuan, baita idazlearena berarena ere. Aezkoako herri horretako euskara galtzearen eta berreskuratzearen prozesuaz ere mintzo da Etxegoien. Sarritan, haurtzaroko oroitzapen moduan gauzatu du paperean, irakurleari gaztetako esperientziak eta aurkikuntzak kontatuz.

Egongo da irakurlerik liburua kostunbristatzat hartuko duenik, baina guztiz kontrara dela esango nuke, bizi-esperientzia konkretu batzuetatik orokortasuna inferitu litekeelako, gure hizkuntza eta herriaren historia narratzen duela txikitik, eta erraz-erraz handira pasatu ahal dugula. Ni neu ere identifikatuta sentitu naiz pasarte batzuetan nahiz eta Xamar Pirinioetakoa izan, eta nire herria zuloan egon Gipuzkoan; nahiz eta urte gutxi batzuetako aldea izan, biok bizi izan dugu hizkuntzaren berreskuratze prozesua, eta gure moduan, baita beste askok ere. Hori da liburuaren mamia, hain zuzen. Horrek ematen dio, hein baten, unibertsaltasuna. Eslogan ekologista famatuari, Globalean pentsatu, lokalean ekin-i, buelta eman dio idazleak oraingoan: lokalean gertatzen dena, globalean ere gertatzen da.

Hor dago gakoa; gure historia pertsonaletatik jauzi egitea, historia global bat sortzeko. Gure huts eta galtzeen historia, zer gertatu zen jakiteko, eta kaltea konpontzeko zer egin litekeen eta nola eragin genezakeen ikusteko. Atzeak erakutsi behar digulako aurreak nola dantzatu.

Pentsatzen dut gure osteko belaunaldiei ez diegula behar beste (eta behar bezain ondo) kontatu zein hondamen sufritu genuen, zenbat kostatu den orain dugun apurtxoa edukitzea. Hain zuzen, bide horren berri emateak galtzadak zabaltzeko aukera emango ligukeela uste dut. Horregatik da hain garrantzitsua. Eta guztiaren gainetik etxea metafora gisa, gure gutasunaren sinbolo bihurtuta. Horrela planifika genezake zer egingo dugun apurtuta eta hondamen zorian daukagun etxe hori berreraikitzeko. Noiz jarriko garen eta nola egingo dugun bidea, etxera bidea.

Gehituko nuke oso atsegina dela irakurtzeko, eta aezkera apur bat ikasteko ere balio duela. Liburu ederra, berba baten. Beraz, irakur ezazue, merezi du eta.

Xamar, zorionak, bitan!

Gipuzkoako Hitzan

Burka batzuk ez dira oihalezkoak

Leire Narbaiza 2019/11/07 15:25
2019ko urriaren 11n Gipuzkoako Hitzan argitaratuta

Zelan hasten zarete paperezko egunkariak eta aldizkariak irakurtzen? Portadatik, ala kontraportadatik, atzeko aldetik? Nik beti atzetik ekiten diot paperean irakurtze/ikusteari. Ez dauka fama onik hala egiteak garrantzitsuena aurrean dagoelakoan. Baina, beharbada, atzetik hasten garenoi in crescendo joatea gustatzen zaigu: gauza banalekin hasi, benetan inportanteenetan amaitzeko.

Bada, hori egin nuen aurrekoan taberna baten hartutako egunkariarekin. Bizkaian hegemonikoa den kazeta neukan esku artean, eta kontraportadako tituluak hauxe zioen, gutxi gorabehera: “Irango Spotifyk emakume guztiak borratu ditu diskoen portadetatik”. Eta argazki batzuekin hornitzen zuten albistea; argazki originala eta ezabatua erakusten zituzten, binaka. Rosaliaren bati txadorra ere jarri zioten (emakume xiitek erabiltzen duten goitik beherako janzki beltza, aurpegia agerian uzten duena). Modu baldarra emakumeak bistatik kentzeko, gero. Eta Iranen, gainera, badakigu nolakoak diren hango aiatolak, beti andrazkoen kontra. Ene! Arrazoia izango du azkenean Bertin Osbornek esan zuenean feministek Irango enbaxadaren aurrera joan behar zutela protesta egitera, han urratzen direlako emakumeen eskubideak, eta ez Espainian! Badaki zerbait andaluziarrak, alajaina!

Irangoa

Jarraitu nuen periodikoaren aurre alderako bidean, eta telebista atalera iritsi nintzen, Espainiako estatuko kateen programazioa agertzen den orrialde bikoitzera. Kanaletako programen artean egunkariko diseinatzaileak saiootako aurkezle eta aktore batzuen argazkiak zekartzan, sei bat. Denak gizonezkoak. Ez ote dago andrazkorik saio bakar baten ere? —pentsatu nuen nire artean—. Ez, bada, programa horretako batzuetan andreak ere agertzen dira.

Korreoko telebisiñuana

El Correo-k ez zuen Photoshopa erabili telebista atalean emakumeak desagertzeko, txadorrik edo burkarik ez zion inori jarri fisikoki, ez da Irango kazeta bat, baina hartu zituen erabakiek telebistako emakumeak ezabatu zituzten. Photoshop mental horrek ikusezin bihurtzen gaitu, modu askoz ezkutu eta bihurriagoan. Iranen argi esaten dute: “Emakumerik ez”. Txadorrak eta burkak oihalez egiten dituzte, edo Irango kasuan bezala Photoshopezkoak ere badira. El Correo bezalakoek ez digute oihalezko burka bat jartzen, euren estaltzeko manera era metaforiko baten egiten dute: euren imajinarioan andrazkoen rola oso bigarren mailakoa da, eta garrantzi gutxikoak izanda, argazkietan agertzea ez dugu merezi. Kasu guztietan, emakumeak ikusezinak.

Andrazkoekin ez ezik, euskaldunekin ere gertatzen da hori. Nafarroako auzitegi nagusiak ebatzi du euskara ezin dela meritutzat hartu zona misto eta ez-euskaldunean. Ingelesa, frantsesa eta alemana, ordea, bai. Hori euskaldunei burka ez-oihalezkoa jartzea ez bada, zer da, bada?

Harago joan da Nafarroako UGTko arduradun bat, eta esan du ea zer den karteletan eta seinaleetan euskara letra larriz eta gaztelaniaren gainean jartzea! Sotilago eta tentuz jokatu behar genukeela euskaldunok. Euskaraz ez ikusteko eskubidea ere aldarrikatu du. Oihalezkoa ez den burka jarri nahi digute berriz ere.

Ez dakit feminista eta euskaltzaleok nongo enbaxadatan egin beharko genukeen protesta, baina Nafarroako UGTko egoitza nagusian egin dute dagoeneko. Agian El Correo-ren ateetan? Ea norbaitek kentzen digun ez-oihalezko burka hau!

Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua