Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Tontorrak

Leire Narbaiza 2021/01/17 08:45
Argian 2716. zenbakian argitaratua

Mendian pixka bat ibili den guztiari gertatu zaio halakorik: aldapan gora, tontorra hur ikusi eta poztu, ailegatu garelakoan. Baina aurrera joan ahala, konturatu gara mendi-gainak leku berean segitzen duela, guk metroak egin baditugu ere. Gailur engainagarriak dira horiek, begi bistan daudenak, baina lepotxoak edo dituztenez, helburua bertan dagoela iradokitzen digute, gezurra izan arren.

Iazko martxotik ere hala gabiltza. 2021. urtean sartu gara, aurrekoa gainetik kendu guran, gaitz guztien panazea balitz moduan zifra aldaketa. Gutxi falta delakoan beti, tontorra toki berean, ukiezin.

Gailurra pandemia aurreko bizitza da, eta iragan denbora dugu helmuga. Konfinamendu osoak tontorra hurbil ikusarazi zigun. Ondoren, udako eguraldiak. Orain txertoak.

Txertoaren promesetik begiratzen diogu maskara bako tontorrari, berehalakoan iritsiko garela sinistuta. Geratzen zaiguna, ordea, luze eta infinitua egingo zaigu, amaiera agerian egon arren, pazientzia eskatzen digulako, hainbatek saldutako ilusio hutsa delako, astoaren azenarioa.

Gailurra zapaltzeko esperantza ez dezala egonezinak zapuztu.

Argian

Kantu afariko begiluzeak gara

Leire Narbaiza 2021/01/15 12:00
Gipuzkoako Hitzan 2021eko urtarrilaren 15ean argitaratutakoa

Zapatu gaua da. Gau pandemikoa, etxeratze agindua daukana autonomia erkidegoan. Gainera, elur promesa dabil airean, Filomena ekaitzak gogor jotzen diharduelako. Agian elurrik ez du lagako, baina hotz itzela egiten du, azken egunotan bezala. Sofan, mantaz tapatuta eta telebistari begira egoteko gaugiroa. Egongelan baino goxoago, non?

Plataforma digitalik ez daukagunok telebista konbentzionala ikusten dugu. Egia esatera, euskara entzuteko modu bakarra ere bada. Gaurkoan, kate jeneralista guztiek Telemadrid dirudite, hango irudi eta arazoak baino ez dituzte ematen eta. Beti izan dira nahiko Telemadrid kanal horiek, baina oraingoan akabua da. ETBko informatiboek ere hori dirudite: Espainiako hiriburuko telebista autonomikoaren sukurtsala.

Mantapeko bunkerretik pantailara begira, zapping azkarra egiten gabiltza, baina dena etsigarria da, Filomena-ren gaineko saio bereziak baino ez daudelako. Bitartean, hemen, Debabarrenean, malutarik ere ez da ikusten. Arratsaldean egin du gurean, Bidea Gara mobilizazioa izan denean, zuritu ez duen arren. Goizaldean, beharbada, etorriko zaigu elurra? Hori da zaleon esperantza bakarra.

Telebisten panorama negargarri horretan, erpuruak ETB1eko botoia sakatu du. Errutina automatiko baten ondorioz iritsi gara euskarazko kate publiko bakarrera.

Aurretiko itxura negargarria izatetik tamalgarria izatera pasatu da, mingarria ez esateagatik. Euskal Telebistako lehenengo kanalean kantu afari bat ematen dihardute. Kantu afari bat!

Kontu erridikuluagorik ez dut inoiz ikusi: kantu afari bat grabatu eta eman. Afari horiek ez dira ikusteko, bertara joan, afaldu eta kantatzeko diseinatuta daude. Horrela disfrutatzen dira, ez etxetik ikusita, kuxkuxeroen antzera, zulotik begira espiatzen, gonbidatu ez bagintuzte lez. Ez da parte onekoa, horratik.

Seguru nago baten batek aurpegiratuko didala kategoriako kantariak zeudela. Konforme. Pantxoa Ospital, Pantxoa eta Peio bikotekoa (bai, ikasi dut desberdintzen, baxuena da), eta Aire ahizpak (gutxienez bi, osorik ikusi barik, ez dakit hirurak ote zeuden). Abeslari bikainak, bai. Baina, entzun nahi izanez gero, kontzertuan entzun nahi ditut, ederki disfrutatzeko, ez beste herritar batzuen artean afalostean.

Ikusi nuen zatian, etengabe fokatzen zuten Ospital, baina Aire ahizpak, ia ez. Egia esatera, kostatu zitzaidan jakitea Aire ahizpak zeudela bertan. Tira, emakumeak presente zirela ahotsagatik jakin nuen, ia ez zirelako irudietan agertu, morroskoak azaltzen zirelako pantailan. 7-8 andre ziren, denak elkarrekin. Eta Leteren sehaska kanta (Amaren bularra) kantatu zutenean, laga zieten ohorea, andrazkoen bozak izan ziren bakarrak. Ufa! Bakoitzak bere lekuan behar du. Esan zidaten emaztekiek zabaldu zutela emankizuna, eurak bakarrik kantuan sartu zirelako. Hori ez nuen ikusi.

Prime time-an kantu afari bat, inongo herri telebistak emango ez lukeena. Diru gehien duen euskal katea euskaldunoi gutxi irizten. Betegarri lanak egiten ikusleak aintzat ez hartzen. Nahita egiten dute, tontotzat gauzkate, edo berdin zaie? Ez dakit aukera guztien artean zein den okerrena.

Jon Maiak (bertsolariak, ez dantzariak) Kantu bat gara aldarrikatu zuen. ETB1eko programatzaileengatik kantu afari bateko begiluzeak garela esan beharko dugu. Tristea, oso tristea!

Gipuzkoako Hitzan

Ezurtea

Leire Narbaiza 2020/12/18 12:55
Gipuzkoako Hitzan 2020ko abenduaren 18an argitaratua

Hiztegiak artefaktu zoragarriak dira, ikaragarri maite ditut. Eurei esker gaur berba berri bi ezagutu ditut, biak sinonimoak: ezunea eta ezaldia. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak horrela definitzen du ezaldia: 1-Urritasun aldia, gabezia aldia. 2-Makalaldia, zoritxar aldia. Argi dago, ezaren denbora. Ez. Gure sasoi honetarako ba ote dago hitz egokiagorik? Ez zait iruditzen. Ezinaldia ere egokia litzateke, baina oraindik ez da hiztegian agertzen. Garai hau asko luzatzen bazaigu, dena den, baliteke laster hiztegiratzea. Edo ez.

Segitu dut aztarrika hiztegietan, eta ezurte berba topatu dut. Maitemindu egin naiz. Sare sozialetan idazten banenbil, begien lekuan bihotzak dituen emotikonoa jarriko nukeen hemen. Hitz egokiagorik aurtengoa bataiatzeko? Ezurtea: urritasun urtea dela dio hiztegiak. Uste dut 2020ak definizioa zertxobait modifikatuko duela, eta ezaren urtea ere badela adieraziko zaigula hurrengo edizioetan, marka guztiak ezeztatu baititu. Ezta?

Ezuneak blaitu gaitu zeharo. Eskasia (ezkasia?) zirrikitu guztietan agertu zaigu, eta inoizkorik gehien ernamuindu. Sekula baino gehiago igarri dugu zer falta dugun, gogoaren klaustrofobia moduko bat sumatu dugu, izpirituak arnasa hartzeko zailtasunak. Dena ezetz denean, dena ezin. Ez.

Kritikorik kritikoenak ere ziur nago Durangoko Azokaren falta igarri duela, gaizki esaka jarduteko baino ez bada ere. Zer esanik ez liburu feriaren fan sutsuok, abenduko erromeria barik geratu gara eta. Ziurgabetasuna dugu nagusi. Noiz ikusiko dugu berriro jendetza noraezean standen artean? Errepikatuko ote ditugu urteroko erromesaldia eta erritualak? Dena ezbaian dago. Ez dakigu. Oraingoz, ez.

Aurrekoan, bikotekiderik ez duen gizonezko batek esan zidan kokoteraino zegoela pandemiarekin, aspaldi ez zuelako harreman sexualik izan. Zehatz-mehatz “zunbatzeko” deseatzen zegoela, zunbatu, txortan egin. Baina dena zela ezina: aplikazioan begiratu baina ezin irten herritik; herrian topatuz gero, ezin elkar ukitu… saltseatu bai, baina besterik ez. Ez.

Inoren haragiaren falta igartzen da. Besteren azala ukitzea, miazkatzea girgiloak eta estriak ferekatzea. Musu, besarkada eta laztan eskasia dago, ukatu egiten ditugu osasunaren mesedetan. Bizikide ez den norbait lauskitu? Ezin da. Ez.

Negazionistek ere ezetza aldarrikatzen dute, eza delako ukazioaren oinarri. Ez dago gaixotasunik, ez da pandemiarik, ez jarri txertorik. Negazionistei zer esan? Ezari ezetz. Ez, ez, ez!

Baina pandemia aurretik ere izan zen 2020a. Ez dezagun atzendu otsaila, orduan hasi zelako ezaren festibala. Errefus (hartu hiztegiko lehenengo hiru adieretan) mendia amildu zenean Eitzagan, Zaldibar inguruko herrietakooi ezetza ematen hasi zitzaigunean: ez kezkatu, ez dago gai toxikorik, ez dago isurketa kaltegarririk… Eta oraindik ezetzean segitzen dute, azalpenik ez, barkamenik ez. Ezezkoa ikertzeari Legebiltzarrean. Eta Joaquin Beltranen gorpurik ere ez. Ez.

Aurten ere Leteren heriotzaren 10. urteurrena izan da: Ezaren gudaz baietza sortuz, ukazioa legetzat hartuz, beti aurrera joatea. Ezkorra ezkorrago agertuko ote zen ezurtean, ez?

Ez, ez, ez, ezurterik berriz ez!

Gipuzkoako Hitzan

Atzeak erakuts dezala aurreak nola dantzatu

Leire Narbaiza 2020/12/11 11:00
Gipuzkoako Hitzan 2020ko abenduaren 11n argitaratua

Azken boladan oso jende gaztearekin dut harremana, ikasle dauzkat eta. Aurreko ikasturteetan izan ditut gaztetxo batzuk taldeetan, baina aurten bezainbeste sekula ere ez. Konturatuta nago ia ez duguna erreferenterik konpartitzen, zeren eta ematen diedan testu askotan —ia guztietan ez esategatik—. hiztegia eta esamoldeak ez ezik, datu eta egoerak ere azaldu behar baitizkiet. Batzuetan harrigarria egiten zait ez ezagutzea kontu batzuk (abstinentzia sindromea zer den, esate baterako). Beste batzuetan sutan ere jartzen naiz, eskolan ikasi beharko zituzketen erreferentzia historikoak direlako. Gutxienetan —nire belaunaldia delako gizateriaren zilborra—, kontziente naiz ezin dutela jakin, eta inork ez diela transmititu —gure gizaldiaren errua, argi eta garbi—. Ez dizkiegu adierazi gauza asko gure ondorengoei, eta esamoldea eraldatuta, esango nuke atzeak erakutsi behar duela aurrea nola dantzatu, egin ditugun akatsak errepika ez ditzaten.

Hirugarren kasua izaten denean, Amama Kipuleta bihurtzen naiz, eta kontu kontari jarduten dut. Aurreko baten azaldu nien gutunak idaztea zer zen, zelako zirrara eragiten zigun lagun baten eskutitza jasotzeak, zelako kontuak kontatzen genituen, denbora behar izaten zela trukea gauzatzeko, batzuetan itxarotea zein gogorra izaten zen… inoiz ez dutelako benetako gutunik idatzi, ezta jaso ere! Baliabide teknologikoek moztu diete bidea, modernizatzeak beti duelako ordainketaren bat. Ez dadila gaizki uler: eskutitzena ez da aurreko sasoietako nostalgia, gure lanaren zati bat baizik. Gazte horiei gutunak idazten irakatsi behar diegulako, hirurehun hitzeko testu errealak produzitu behar dituztelako azterketari begira. Hirurehun hitz eta erreala! Eta eskutitza izan daiteke, gainera! Azterketagintzaren absurdoak! Baina, sistemak eskatzen duenez, guk bete egin behar.

Sistemak eskatutako horretaz gain, beste alor batzuetan ilustratzeko behar morala ere sentitzen dut, eskolak eta familiak egin ez dutena. Euskalduntze prozesuan egiten dugun moduan, baina zonalde nahiko euskalduneko D ereduko gazteez dihardut, euretako asko familia euskaldunetakoak, euskaraz bizi direnak. Baina ez zaizkie transmititu hainbat pasarte, oraingo hizkeran “errelatorik” ez diegu eman. Eta horrelakoak gertatzen zaizkigu: ia inork ez zekien nor zen Xabier Lete. Ezaguna ere ez zitzaien egiten.

Zer esanik ez euskararen jazoera garrantzitsuekin. Ez diegu debekuez hitz egin, ikastolen sorreraz, euskara batuaren jaiotzaz… Ez dutenez egunkaririk irakurtzen, ez dakite ezer Euskaldunon Egunkaria-z, adibidez. BERRIA existitzen dela bai, ematen dizkiegun artikulu askoren logoa delako. Bestela, zalantza dut jakingo zuten zer den ere.

Ezagutu barik Egunkaria zelan jaio zen, zenbat kostatu zen sortzea, zenbat oztopo zeuden eta jarri zizkioten, nola balioetsi produktua? Jakin gabe indarrez itxi zutela Auzitegi Nazionalak eta Guardia Zibilak, zelan prezatu BERRIAk egunero ematen diguna? Kazeta biek egindakoak ez dira esfortzu horiegatik estimatu behar, badakit, eguneroko beharrak balio ematen dielako emaitzari, baina adierazi behar zaie norbaitzuen eginahalei esker dugula orain duguna. Pertsona askoren proiektua (izan) dela hizkuntzaren normalizazioan, euskaldunon beharrak asetzean. Gure historiaren berri izan dezaten, berriro ere eraikitakoa berreraiki behar ez dezaten.

Gipuzkoako Hitzan

Katagorriak, paparrak eta dominak

Leire Narbaiza 2020/12/06 14:10
2020ko azaroaren 27an Gipuzkoako Hitzan argitaratua
Katagorriak, paparrak eta dominak

Wikipediatik hartutako irudia

Gauzak gordetzeko joera dut, joera handiegia. Batzuek pentsatuko dute Diogenes sindromearen hasieran nagoela. Baina izen hori ez dut gogoko. Nahiago dut katagorrien modukoa naizela pentsatu; ez bakarrik Edu Lartzangurenek azaldu zigulako filosofo zinikoak ez zuela inoiz zaborrik pilatu, sindromeduna izateak itxura narrasa ere ematen duelako. Gurago, urtxintxak bezala ez hain gora, ez hain trebe, jasotako fruitu lehorrak hainbat biltegitan gordetzen ditudalako irudia.

Katagorriei ere batzuetan gertatzen zaie ez dakitela non gorde dituzten jasotako ezkur eta intxaurrak, eta hala ibili naiz ni ere aurreko Euskaraldiko txaparen bila, etxeko kutxa, kaxoi eta zurkulu guztietan begira. Berandu izena eman, eta txapa berria jasotzeko ordutegi desegokia niretzat. Bazterrak arakatu, eta bidean makinatxo bat intsignia batu ditut. Esan nezake paparrean eroandako orratzen arkeologia egin dudala —lasai, momentuz ez dut ostrakarik topatu!—. Lomceren kontrakoa, Sahararen aldekoa (paparrera berriro), presoak Euskal Herriratzekoa, euskararen aldeko egitasmo askotakoak (euskara elkarte, mintzodromo, Korrika, Bai Euskarari-koa!), Seaskakoa, Gerrarik ez, propagandakoak (liburu, disko eta tabernetakoak!), Simone de Beauvoir eta Angela Davisen irudia dutenak, errefuxiatuen aldekoa, Itoizen kontrakoa (apurtuta, zelako pena!)… Zaharrena 1992koa da! Baina Euskaraldikoa agertu ez! Agian, indusketa geruza sakonegietan egin dut, eta orratz berriagoak azalago egongo dira, azkeneko gaztainekin.

Intsignia multzoa ikusita, askotxo begitandu zaizkit; uste dut denak batera ikusteak inpresio hori sortzen duela —urtxintxek ere hori usteko dute fruitu lehor multzoa ikusten dutenean?—, baina nire paparra ez da izan aldarrikatzaileena, ez horixe. Urte lartxo izateak ere badu eragina, jakina. Katamixar zaharra naiz.

Aurkitzen ez dudan Euskaraldikoa, ostera, aldarrikapena baino gehiago ikurra da, hamabost egun hauetan jokatuko dugun rolarena, hain zuzen ere. Eztabaida dezente izan ditugu azken boladan rolen inguruan, eta askotxok esan dute ahobizi intsignia domina zela, ohore bat bezalakoa. Ez nago ados, txapa horrek erronka ere badakarrelako: egoera gehiagotan euskaraz mintzatzea, lehenengo berba euskaraz egitea, ahalik eta gehienetan. Baina elkarrizketetan laguntzea ere badakar, pazientzia irabaztea, kostatzen zaionari adorea ematea, zenbaitetan gure euskara modulatu eta errazagoa egitea hobeto uler diezaguten. Esanahi hori ere badauka paparreko orratzak.

Ahaztu barik sare sozialetan eta Interneten ere euskara gehiago erabiltzea ekarri beharko lukeela. Era berean, euskaraz irakurtzeko ahalegina inplizitu eduki beharko luke. Edo euskara hobea erabiltzekoa; izan ere, ahobizi izateak, erronka izateaz gain, gure kontzientzia ere inarrosi behar duelako. Ahalegin guztia ezin diegu lagako belarriprestei, ezta?

Urtxintxa honek hau guztiau pentsatu du zoko-mokoetan Euskaraldikoaren bila ibili bitartean. Karraskari sinpatikoei ere ahaztu egiten zaie non dituzten jasotako intxaur eta hurrak. Ondorioz, eta denboraren poderioz, metatu eta atzendutako haziak ernamuindu, eta arbolak sortzen dituzte bazterretan. Gordetako gure txapok ere garatuko ahal dute aldarrikatzen dutena, katamixerrak bezain zuhaitz landatzaile onak izan gaitezen. Oxala!

Gipuzkoako Hitzan

Prakak

Leire Narbaiza 2020/11/30 10:00
Argia aldizkarian 2710 zenbakian argitaratua

Emozioz ikusi dut nerabeak eskolara joaten gona jantzita, Mikel izeneko gaztetxoari elkartasuna agertzeko. Eurengandik irten zen ekintza xumea eta ikusgarria. Gonaren aldarria baino gehiago, edozer janzteko askatasuna aireratu nahi zuten, bernak airean lagata.

Andrazkoek prakak jartzeko eskubidearen alde egin zuten borroka etorri zitzaidan niri burura. Prakak askatasuna zirelako, ezinbesteko gonaren esklabotzatik libre. Borroka hori latza izan zen, ausartzen zirenei marimutil edota maribandera deitzen zietelako: nahikoa emakume ez zirela, edo prostituta. Betikoa.

Ondotxo zekiten zentsoreek prakek marderaren oztopoak kentzen zituztela libreago mugitzeko, noranahi iristeko.
Inguruan baditut andreak ia amama izanda erantzi dutena gona lehenengoz, errehabilitaziora joateko txandala jantzi dutelako, adibidez. Edo alabek negu gorrirako erosi prakak, apropos, galtzak ―pantiak, barkatu polisemia― gehi gona binomioaren desabantailak erakusteko. Ezagutzen ditut emakumeak, oraindik, pijamaren prakak baino jantzi ez dituztenak.

Argian

Pandemiaren hedapenari eutsi!

Leire Narbaiza 2020/11/19 10:00
Gipuzkoako Hitzan 2020ko azaroaren 13an argitaratuta

Ahoa tapatuta daroagu hilabeteotan. Talde oso bat horrela ikustea irudi zarradagarria eta bortitza da, aldi berean. Askotan irudikatu izan da zentsura eta adierazpen askatasun eza ahoa estalita. Baina neurri profilaktiko zuzena da maskara janztea, eta, besterik ez dugun bitartean, modu erraza eta eraginkorra izanda, ohitu eta bizimodua egiten laguntzen digu.

Egia esatera, maskara ez da oso erosoa; hala ere, dagoena dago, eta aurrera egin behar. Mutur aurrean oihal zati bat izatearen deserosotasuna ez ezik, komunikatzeko zailtasuna ere badakar. Gaitzagoa da parean dugunari zer esan digun aditzea (entzun edo ulertu, hautatu nahi duzuen esanahia), komunikazioa eragozten duelako, jakinekoa da hori, ezpainak irakurtzeko beharra izan barik ere. Gaizki-ulertuak ere eragiten dizkigu, barrea eragin ere bai.

Baina agintariek berba egiten duten guztietan ez dute maskara eroaten. Hala ere, komunikazioan hanka sartze galantak egin dituzte. Izurria kudeatzen huts askotxo egin dutela begitantzen zait, baina guztiaren gainetik, komunikazioan egin dute kale. Mezu garbirik ez, askotan kontrajarriak, azalpen gabekoak, logika azaldu barik… Jendeak, guk, mezu zuzenak, argiak eta arrazoituak behar ditugu, gero jaramonik egin diezaiegun nahi badute, behintzat.

Ez da pandemian bakarrik gertatu den kontua, zoritxarrez. Aurtengo otsailean ere sufritu genuen inkomunikazioa Zaldibarko zabortegia amildu zenean. Ordukoa okerragoa izan zen, beharbada, ezkutuan ibili zirelako hasieran, ezer gutxi esanda; ondoren mezu kontrajarriak emanda. Noraezean laga gintuzten Eitzaga inguruko herritarrok, eta oraindik ere inork ez digu ganorazko azalpenik eman, ez ardurarik hartu. Kasu bietan mezuen transmisioa —edo transmisio eza— gaztelaniaz egin da nagusiki, eta euskaraz egin denean, berandu, eskas eta txarto egin da.

Drogarik gabe, atsedenik ez! famatuaren bertsio pandemikoa zabaldu zuten urriaren hondarrean Urkulluren Twitterren kontuan: “[…] Neurri horien helburua da koronabirusaren hedapenari eustea”. Irakurri genuen askok bai barreari ezin eutsi! Ibili zen adar-jotzearekin konturatuta, txioa borratu, eta “Neurri horien helburua da koronabirusaren hedapenari etetea” ez zuten argitaratu, bada? Berridazketa gutxi egindakoak dira lehendakariaren kontua kudeatzen dutenak, horratio! Twitterren ez ezik, Irekia webean ere hala jarri zuten, bertatik kopia-pega egin zutelako. Jakina, horretan —kopiatzen— ere jakin egin behar da-eta. Arte pixka bat, mesedez!

Baina pasa den astean Urkulluk onartu zuen txio batean lan asko egin gabe dituztela: “Ez dut ahazten egiteke daukagu lan itzela”. Hori da, egiteke dauzkaten lanak osasun publikoan, hezkuntzan, zaintzan, kulturan… Egiteke, ez dutelako egin, hain zuzen ere, egiteko obligazioa izanda! Onartzea ez da gutxi horrelako baten ahotik (eskutik?) etorrita. Pena akats gramatikala izatea, agintariek ez dutelako inoiz gaizki egin dutela aitortzen, karguak berarekin urguilua balekar bezala. Urguilua.

Urkulluren komunitate kudeatzaileak —community manager izendatzea gehiago gustatuko zaie, ziur— zalditik astora eta astotik lurrera dabiltza. Baina beti euskarazko mezuekin (ezin ahaztu Google Translate erabilita idatzitakoak) gertatzen zaie, zelako kasualitatea! Eta Euskaraldiaren atarian!

Gipuzkoako Hitzan

Hiru olatuak

Leire Narbaiza 2020/11/15 19:15
Euskadi Irratiko Baipasa saioko Zesuma atalerako prestatutakoa. 2020-11-08an
Hiru olatuak

Wikipediatik hartua


Badirudi martxotik surf ikastaro baten izena emanda gaudela. Olatuak gora, olatuak behera… Olatuez baino ez dugu berba egiten. Orain, antza, bigarrenean gaude. Bigarren Uhin pandemikoan, alegia. Ez dakit, baina, gai izango garen olatu hau surfeatzeko, ez dakigulako bera zein momentutan dagoen eta guk zer egin behar dugun: kukurusta betean, eta hartu nahian gabiltzan; edo tutu perfektua sortuta, barruan gauden taula gainean orekari eutsi nahian. Nahiko genuke uhainak indarra galdu, eta itsas-ertzera hurreratzen ibiltzea, osasuntsu eta salbu. 


Olatu bi izan ei ditugu, martxo-apirilekoa eta oraingoa, baina tartean ere izan dira uhin txikiagoak, herri batzuetan eragina izan dutenak, uztail-abuztuan. Ez dakigu oraingo olatu hau zenbat denboratan izango den gurean, ez zein indarrez eragingo digun ere. Ziurtasun gutxi daude sasoi honetan. Jakin ere  ez dakigulako zenbat olatu izango ditugun oraindik. Ezta tsunamirik etorriko ote den ere. Nahiko genuke, bai, jakin. 


Badago kostako herrietan kontatzen den “Hiru olatuak” izeneko ipuina, Arakistainek argitaratua. Bertan 3 olatu suntsigarri agertzen dira. Lehenengoa esnezkoa, bigarrena malkozkoa eta hirugarrena odolezkoa, eta suntsigarriena. Spoiler pixka bat eginda, leiendak dio arrantzaleek arpoi batekin deuseztatu zutela hirugarren uhina, eta lortu zutela euren bizitza salbatzea.


Izurri honetan ere lortuko ahal dugu bigarren olatuaren mende ez jaustea, eta hirugarrena ez etortzea! Oxala! Baina hala izan dadin lan mardula dugu aurretik herritarrok, baina batez ere agintariek. Oraingoan arpoia izan liteke zerbitzu publikoak indartzea, eta dirua ez xahutzea alferreko lan faraonikoetan. Bestela, olatuak  (malkozkoa eta odolezkoa) tsunami bihurtuko zaizkigu, eta surfeatzen jakinda ere urak hartu eta ito egingo gaituelako!

Osasuna eta maitasuna!

Baipasa saioa 1:52:00tik aurrera

Zatarra, eta?

Leire Narbaiza 2020/11/09 00:00
...eta kitto! aldikarixan 2020-10-30ian agertutakua
Zatarra, eta?

Eibar eta Arrate zerutik. Egoibarra.eus-etik etaratako erretratua

Oin urte batzuk, sare sozial baten ezezagun batek, ni iraindu nahixan, zatar deittu zestan. Neri barre egitteko asmotan perfilleko erretratu bat hartu, eta burla egin nahi zestan jentiaren aurrian. Haluzinau egin neban, batez be ezagutu ez,eta txiripaz jakin nebalako. Kontua da, beste argumenturik ez zekanez, fisikua zala geratzen jakon eraso egiteko arma bakarra

Oso zabalduta dago atakatzia itxura kontuengaittik, batez be andrazkuori; izan be, kanpoko plantiagaittik juzgatzen gaittue zorrotz, edertasun estardar konkretu (eta ixa eziñezko) batzuk bete bihar dittugulako zihero onartu gaixezen. Azkenian, badirudi kanpuak baiño ez dabela inporta. Itxurakerixia.

Eibartarrori be behin eta berriro esaten deskue herri zatarra dakagula. Badakigu zer herri dakagun, badittugu begixak-eta. Zatarra dala bota, txiste moduan esan eta? Zer? Zer lortzen dabe horrekin? Sinpatikuak izatia ez, gero! Ez dake beste ezer esateko Eibarren gaiñian, barren! Eta Pragako alde zaharrekuak edo Tiroleko mendi aldekuak balitzaz, tira. Baiña inguruko jirakuak dira, euren herrixak edar-edarrak balitzaz lez!

Ez zagozie kokoteraiño hori entzutziakin? Ez ete da besterik ez dakela esateko gure herrixaren gaiñian, Eibar ezagutzen ez dabelako? Gaiñera, zer ardura detse herrixa zatarra izatiak? Badakixe zergaittik dan halakua? Zelan sufridu daben historixan zihar? Orduan, zer egin bihar dogu zatarrok, hil? Zer egin Eibar zatarrakin, atzera be bonbardeau barrixa egitteko?

Graziarik ez daka. Originala be ez da. Lagako gaittue inoiz bakian?

...eta kitto!n

Aldaketa, bizitzeko

Leire Narbaiza 2020/10/31 00:00
Gipuzkoako Hitza 202ko urriaren 30ean argitaratua

Udazkeneko ordu aldaketa izan genuen pasa den zapatuan. Beti hizpide ematen diguna, beti eztabaida sortzen duena, beti nahasten gaituena. Nik neuk ez daramatzat batere ondo kanbio hauek, nahiz eta azken hau izan ondoen daroadana; ordubete gehiago ematen diolako asteburuari, seguruenera.

Ingurukoei baino gehiago eragiten didatela ere konturatu naiz. Izan liteke, oro har, edozein aldaketarekin oso txarto konpontzen naizelako; urtaroek eragindako eguraldi aldaketekin, esate baterako. Beti gertatzen zait, neure buruari galdetzen diot ea zer janzten nuen sei hilabete lehenago, biluzik edo barruko arropa hutsean ez nintzelako kalera irteten, eta armairua arropaz gainezka egonda.

Kanbioa kontu latza da, buruan geneuzkan ustezko segurtasunak deuseztatu egiten dituelako, eta, askotan, ziurtasun ez seguru horiek eusleku bihurtzen zaizkigulako, bizitzan aurrera egiteko modu bat balira legez, zeri atxikitzeko edukiko bagenu bezala, flotagailu bat itsasoan (bizitzan) igeri egiten ez dakigunondako. Baina egindako planak lehertu eta desagertzen dira gutxien espero dugunean, ondo ikasi dugun bezala.

Dena den, hori da bizitza, aldaketa hutsa. Bestela, nola bizi mudantza barik, bada? Beti ume denboran edo nerabezaroan egongo ginateke. Gizartean ere kanbioak egongo ez balira, eskubide indibidualik ere ez litzateke egongo, emakumeok boto eskubiderik ez genuke edukiko, esklabotza legala litzateke. Kostatuta ere, mudantza ezinbestekoa da. Kontua da gehienetan soseguz eta patxadaz gauzatzen dela, hazten dabiltzan umeen moduan: ezin dugu ikusi haurrari zelan luzatzen zaizkion hezurrak, zelan sortzen zaion azal eta haragi berria. Prozesu ikusezina da gertatzen ari denean, baina denbora igarotakoan ederto igartzen dugu.

Horregatik, tupustean gertatzen denean da durduzagarria aldaketa, deskolokatu egiten gaituelako; lehen aipatu dudan moduan, segurtasunak desagerrarazten dizkigulako, ezeren arrimu barik. Hala gaude ia guztiok izurrite honen erdian, gure bizitzeko era aldatu digulako, inoiz esperoko ez genuen bezala. Larrialdi egoera etengabean gaude aspalditik.

Martxo-apiril urrunetan esaten ziguten hobeak irtengo ginela pandemiatik. Zalantza handia daukat, jakin ere ez dakigu-eta noiz irtengo garen! Argi daukat, ostera, bizi dugunak aldatuko bagaitu ere, ez duela gizartearen oinarria kanbiatuko, epe laburrean, behintzat. Pertsonak aldatu beharko genukeelako, eta hori nekez gertatzen delako.

Hobeak ez gaitu bihurtu, baina bai, begi-bistan geratu dira gure sozietatearen itoginak, oinarrian dauden desberdintasun eta injustiziak. Era berean, agerian laga du gure hirien eta herrien egitura fisikoak berak ere ez digula balio. Herri bizigarriagoak behar ditugulako, plaza eta berdeguneak dituztenak, ume eta zaharrak lasai ibili eta jolasteko. Herri gozoagoak, abegikorragoak. Gune publikoak ere birdiseinatu beharko lirateke: zahar etxeak, eskolak, ospitaleak… Lorategi eta espazio zabalak izan ditzaten, erabiltzaileen beharretara egokituta. Lekuak pertsonendako izan daitezen, eta ez porlan eta automobilen erresuma hutsa. Goitik behera kanbiatu behar da herrien egitura, eta pertsonen beharrak zentroan jarri.

Tokiak kanbiatzeko gu ere aldatu behar gara, dena bizigarriago egin dezagun denon onerako.

Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua