Haurtzaro lapurrak
Lehengo baten, goizean lanerako bidean nindoala, lagun batekin eta alabatxoarekin elkartu nintzen. Alaba triste zihoan ikastolara. Zazpi urteko neskatilak itsasoari buruzko ipuin bat eraman behar zuelako klasera eta berak Pirritx, Porrotx eta Marimototxen bat aukeratu zuelako, eta bazekielako gelako mutilek barre egingo ziotela.
Bai, hala daude kontuak: umeendako pailazoak gustuko izateagatik barre. Antza, nagusiegiak dira horretarako. Badirudi mutiko horiei futbola gustatzen zaiela eta neskatoei Violetta, lehen Hannah Montana izango zen, baina modak aldatu egien dira, futbol jokalariak zahartu ahala.
Ama eta biok animatzen ibili ginen umea, pailazoak gustatzea ondo zegoela eta berari gustatuz gero, hor konpon beste guztiak, ez ziela jaramonik egin behar esaten jardun genuen; eta barre egiten bazioten “eta zer!” ozen bat jaurti behar ziela. Baina uste dut gure diskurtsoak ez zuela gehiegi konbentzitu.
Agurtu nituen eta gaiari bueltaka ibili nintzen luzaroan, nahiko hunkituta laga ninduelako neskatoaren tristurak. Oso gogorra iruditu zitzaidan zazpi urteko haurrendako pailazoak txikien kontua izatea, eurak nerabeak balira bezala. Eta orduan Jose Ignazio “Piter” Ansorenari, Mirriri, egindako elkarrizketa batean irakurri niona gogoratu nuen. Berak zioen Txirri, Mirri eta Txiribitonen aurreko urteetan ikuskizunetara hamar-hamaika urteko umeak joaten zirela, eta denbora joan ahala haurren adina gero eta baxuagoa zela. Bere esanetan, haurtzaroa murriztu egin diegu umeei, aurre-nerabezaroan jartzen ditugu goizegi. Esango nuke, ikusitakoa ikusita, Ansorenaren esperientzia hori beste pailazoei ere gertatzen zaiela, eta kontu orokortua dela.
Zein tristea den, baina! Umeak desumetu egiten ditugu, gaztetxo bihurtu, behar baino lasterrago, honek dakarren guztiarekin. Nerabezaro amaiezina jasaten dute/dugu horrela. Txarrena da pubertaroan sartzen direla, pubertaroaren aldaketa fisiologiko eta mentalik gabe, eta ematen dizkiegun ereduak guztiz sexualizatuta eta genero estereotipoak zeharo markatuta daudela: neskak emakume pinpirin, makillatu eta tuntun; eta mutilak gizontxo patetikoak indarra eta oilarkeria demostratu nahian dabiltzanak.
Hala kontatu dit lagun batek, behintzat, 11 urteko iloba neska duena: makillaje, itxura eta abarrak baino ez omen dituzte berak eta bere lagunek buruan, Disney channel-i esker, itxura denez. Izan ere, telebista kate horretan “site-comedy” direlakoak eredu horiek zabaltzen dituzte, zeharo estatubatuarrak oso sexualizatu, banandu eta estereotipatuak. Galdetu beharko genuke zein den helburua, zergatik ostu nahi diguten bizitzako sasoirik ederrenetakoa, zergatik kendu nahi diguten inozentzia, zergatik niniak heldu bihurtu nahi txepel hori. Zer interes ekonomiko, sozial eta politiko ote dagoen horren atzean.
Ikaragarria begitantzen zait hau guztiau. Ume denbora luzean izan beharko luke, kantu, jolas eta barre artean bizitzekoa, itxura eta modari erreparatu barik, helduon eguneroko “arazo” txotxoloetatik kanpo, inork barre egiten badie “…eta zer?” ozen baten planto egin eta jarki daitezen, dibertitzen ibili, barrezka, arboletara igota, eta txiribueltaka lurrean, zoro, alai…
"Black friday" edo ingelesez bataiatzeko joera txatxua
Ostiral Beltza. Orain urte bira arte inoiz entzun bakoa nintzen. Thanks giving day edo esker emate egunaz etengabe bete dizkigute igande eguerdiko film txepelak, mantaz eta siesta egitekoak, baina halakorik sekula ez dut ikusi; nahiz eta jai horren osteko eguna izan. Hau da, Esker emate eguna azaroko azken ostegunean izaten da beti eta AEBetan festa handia, Gabonak bezain bestekoa. Jai izaten dute, zubia askok, eta Thanksgiving day eta asteburuaren artean dagoen ostiral horri esaten ei diote Ostiral Beltza. Gaur, alegia.
Dendek prezio bereziak izaten ei dituzte eta jendeak erosketak egiteko aprobetxatzen du jaia. Eskaintza onen amuari kosk egin eta behar ez diren beste hainbat produktu irentsi. Antza denez, dendetan gehien saltzen den eguna da. Beraz, ez du garratzi gutxi Estatu Batuetan.
Badirudi, moda honek ozeanoa zeharkatu eta Europara ere etorri dela. Espainiako telebistetan hasi dira iragarkiak ematen egun honetako eskaintzak zabaltzeko. Eta izena dagoen-dagoenetan jarri diote “Black friday”.
Ez dakit nik, estatu espainiarrean arrakastarik izango duen, jairik ez dagoelako, eta krisia itzela delako. Baina eskaintza handiak beharrean ez litzateke hobea prezioak merketxoagoak izatea beti? Ez dakit, dendariek esango digute. Nik hartzen diodan itxura azalera handietako dendek eta kate handien kontua baino ez dela. Dena den, denborak esango digu zer etorkizun duen.
Baina beste kontu bat ere ekarri nahi nuke honen harira: Black friday. Beharrezkoa da ingelesez jartzea, benetan? Ostiral beltza ez litzateke ulertuko? Ez dakit ze obsesio dagoen ingelesezko izenak jartzearekin. Batzuetan, ziur naiz euskarazko izena ez jartzeagatik dela, badakizue, euskara zabarra eta abarkadunen hizkera basa delako. Beste batzuetan euskara-gaztelania hautua ez egiteagatik, erdiko bidea hartzea. Baina zenbat halako dauzkagun! Bilbao Exhibition center, Basque culinary center, BAT Basque team,… Hamaikatxo! Eta ez dezagun “basque” hitza ahaztu, gainera, horrek ematen baitigu autentikotasuna! (ironic mode on).
Joera hau herrietara ere iritsi da, zoritxarrez: Eibarren merkatariek merkealdiko hondarrak saltzeko “Eibar factory” egiten dute eta Elgoibarren duela aste bi “Friday Market” antolatu zuten! Begiak talo eginda dauzkat oraindik! Zer, dendara joan eta How much is it? galdezka ibili behar dugu? Ala natural jokatua: Zenbat balio du honek?
Tristeena da asko munduko hiritar sentitzen dela halakoak esanda, eta Anjel Lertxundik artikulu bikain honetan zioen bezala "Nago ez ote gaituzten Basque Tontoland Center izeneko hiritarrak egin nahi…". Dena den, jarrera kanpolarrosa hauek etxekardo bihurtzen dituzte bataiatzaileak, barregarri geratzen dira, erridikulo, ustez kosmopolita dena, kosmopaletoa bihurtuta. Benetan, ufa!!!!
Kalitateaz
Lagun batzuekin bazkal oste baten askotan egiten dugun txantxa bat aipatu genuen: Euskaltzaindiak ergatiboa kenduko duela urte batzuk barru, eta guk ikusiko genuela, ez zirela, beraz, urte asko pasatuko. Nik beste forma batzuk ere gehitu nizkion abolituko omen zituztenen zerrendari: Nor-Nork (agian, “maite zaitut” lagako dute, arkaismo moduan eta Pirritx, Porrotx eta Marimototxi esker!), erlatiboa (nork esaten du, bada, gaur egun “lagun bat dut medikua dena”?), partitiboa (“*Ez daukat sua” da arruntena), galderetako ba- (“*Daukazu sua?” biak konbinatuta), geroaldia (“Jolasten gara?” egunero balitz bezala), -eta esplikatiboa (“*Etorri hona, berandu dela!” azalpen barik, besteena errepikatuta!),… Zerrenda hau hainbeste luza liteke…
Hala da, euskaraz dihardugunean badirudi gaztelaniazko formak dauzkagula buruan, eta horren gainean eraikitzen dugula esaldia eta, ondoren, diskurtsoa. Gailetak egiteko moldea balitz bezala: moldea gaztelaniazkoa litzateke, forma ematen diona, eta orea, gaileta-orea, euskarazko hitzak, hiztegian aurki ditzakegunak. Labean sartu ondoren, gaileton gustua euskarakoa izango da, baina arraroak egingo zaizkigu. Gailetagileak, ordea, pentsatuko du euskal gailetak egin dituela, euskaraz dabilela, alegia, hitza euskaldunak direlako. A, baina ez dakigula burutik pasa gaztelaniaren itxura duten hitzez betetzea moldea, nahiz eta moldea euskararen egituraduna izan; inori ez dakiola bururatu “bentana”, “zarratu”, “kozinatu” eta halakoekin orea egitea; segituan esango diote-eta erdarakadaz betetzen duela jarduna. berba horiek Euskaltzaindiak berak Hiztegi Batuan jasota baditut ere…
Zergatik hau guztiau? Ez naiz gai erantzun egokia emateko. Batzuetan, lotsa ere bada. Badakit inguru batzuetan “ikusi zaitut” bezalakoak erabiltzea pedantekeriatzat hartzen dela, irakasle kontua dela, eskolakoa, beraz, “31 eskutik” blogean Maialen Berasategik “Lau irri” izeneko postean dioen moduan, lotsarazten gaituztela hainbat esaera jatorrek, jatorkeriak direlakoan (hitz hau ez du berak aipatzen), “normal” hitz egiteko eskatuko dute; hau da, akatsez.
Beharbada, gaztelaniaren presentzia etengabe eta betierekoa da arrazoia. Nonahi daukagu gaztelera, inguratuta gaude, edo hobeto esanda, irentsita gauzka, murgilduta, pentsamenduak eta berbaera inbadituta. Hiztegian garbizale gara, egituretan, ez. Agian, hiztegi kontuak errazago antzematen ditugulako, usaina errazago hartzen zaielako. Begi bistakoak (edo belarri entzutekoak) direlako.
Hain barneratuta dugu lotsarena, ezen zuzentzeak erreparoa ematen digun. Ezagutzen ditut irakasleak seme-alabei ia zuzentzen ez dietenak, nabarmendu ez daitezen, edo euskarari tirria izan ez diezaioten, erdaldun elebakarrek euren seme-alabei inoiz zuzenduko ez baliete bezala. Ai, ene!
Baliteke euskara ikasi eta zabaltzearena, berreuskalduntzearena alegia, hain bizkor egin izanagatik eta hausnarketa gehiegi gabe egiteagatik pagatu behar dugun ordain-saria izatea. Baliteke. Baina benetan merezi du hainbeste ordaintzea? Zalantzan jartzen dut. Eta berreskuratuko duguna euskara izango da ala beste hizkuntza bat, kriolloa, hibridoa? Batek daki!
Edukazio ona eta txarra
Gure amama Maria Angelesek esaten zuen edukazioa zela garrantzitsuena, manera onak izatea. Berak “urbanidade” esaten zion, eta eskolan halakorik ez zela gaur egunean (orduan) irakasten. Ez zegoela nagusienganako errespeturik eta gazteok (orduan gazteak ginenok) txakur jokatzen genuela adinekoekin. Jakina, heziketa ona eta urbanitate kontu horiek zaharren kontuekin lotzen nituen eta oso atzerakoia, oso carca-tzat neukan.
Baina denbora pasatu ahala, eta adinean aurrera joanda, gure amamaren iritzikoa naiz. Ez dut esango gaur eguneko gazteek heziera txarra daukatenik, baina gero eta gehiago estimatzen ditut gizalegea eta kortesia bizitzako edozein unetan.
Gustuko dut jendeak igogailuan agurtzea, baita laneko karrajuetan ere. Irribarrea ahoan ibiltzea, eta ez betozkoa jantzita, nahiz eta batzuetan saihestezina den. Ateak zabaltzean, ondokoari pasatzen uztea, emakumea izan, zein Ingalaterrako erregina. Trenean irteten lagatzea, sartu aurretik, eta nasa eta bagoiaren artean tarte handia dagoenean, karrodunei laguntzea. Trena hartzera berandu datorrenari, pasatzen lagatzea. Kontutxo hauek kortesiak dira, politesse hutsa.
Esan dudan moduan, gaztetxotan uste nuen zaharren kontuak zirela, baina ez da hala. Ez dira aberatsen kontuak ere, gure amama ez zen familia aberatsekoa, bada, bizitza osoan lan egin behar izan zuen bizimodua aurrera ateratzeko. Ez dute klase sozialarekin zerikusirik, errespetua eta gizalegea direlako, elkarbizitza hobetu eta errazten duten keinu txikiak baino ez.
Aurreko batean esan nuen, bada, automobilean, gidatzen ezagut genezakeela jendearen benetako pertsonalitatea, ezta? Bada, horrelakoetan ere ikus liteke nolakoa den pertsona. Berekoiak heziketa eskisitoa ez badu behintzat, ez digu lagako bere aurretik pasatzen atean, esate baterako. Eta lagunkoia ez denak ez du agurtuko eskaileran. Hala da.
Baina badago leku bat, nire ustez, gakoa dena: mahaia. Jaten ez dakienak, mahaian “portatzen” ez dakienak nirekin jai du. Izan liteke George Clooney edo Kapurtalako maraja, berdin zait, ez dut jasango. Bai, lagunok, mahai-tresnak erabiltzen ez dakiten horiek (eta ez naiz ari sagarra sardexka eta aiztoaz jateaz, ez, edozein xerra ganora pixka batekin baizik); ahoa zabalik jaten dutenak, denok euren hausnarra ikusteko moduan elikadura-boloa nola prozesatzen duten; edo jaten zarata egiten dutenen horiek, zopa zurrupatuz, koilaraz baino zurrutean zurrut-zurrut ari direnak,… ez, ez da pijoa izatea, egoten jakitea baizik.
Eta goazen trenera edo autobusera! Zer esan bagoi osorako musika jartzen dutenei buruz? Beti, gainera, gustuko ez dudan musikaren bat! Gogoa ematen dit esateko: aizu, ze musika ez duzu gustuko? Trikitixa, ba, tori trikinosia! Aupa Maurizia!
Bo, eta azken higuingarriak: kalean txu egiten dutenak!!!! Nazka ematen duzue!!! Ez baduzue zapirik, irents ezazue zuen mukiak, zuenak dira eta! Gargajorik, karkaxarik ez! Zakurren kakak jasotzen ez dutenen parean zaudete
Horregatik, lagunok, begiramen pixka bat, denok leku berean bizi behar dugu eta! Gora urbanidadea!
Gorputz perfektuak
Victoria’s secret lentzeria markak publizitate kanpaina bat abiatu du: The perfect “body” lelopean. Erresuma Batuan hasi dira firmak batzen eslogan honen aurka. Gainera, emakume eredu errealen aldeko kontrakanpaina ere abiatu dute eta parodia bat egin, argazkiko modeloak dauden jarrera berberetan, mota eta kolore askotako emakumeak posatzen: lodiak, arruntak, titi txikiak, hanka sendoak, beltzak zuriak, asiarrak...
Gorputz perfektua asmatutako entelekia da. Mendez mende aldatua, eta beti lortzen gaitza izan bada ere, gaur egunekoa ezinezkoa. Izan ere, modelo horien moduan, kanon estetiko honetan mehe egotea da ondo egotea. Argazkiko modeloak, gainera, gorputz inposibleak dauzkate, meharrak dira, txanka mehe eta gero titi-ipurdi txiki baina biribiltxoak dauzkate. Kirurgia barik, zail.
Denok taila 38an sartu behar, eta 36a bada, hobeto. Baina zoratuta gaude, ala? Lehen, jendea mehea, argala, normala, mejoratua eta lodia zen. Gaur egun, ondo eta lodi, bi marka baino ez daude. Hainbeste joan zaigu burua ezen taila 42a, lehen taila arrunta zena, gaur egun taila handien atarian dagoen.
Titi eta ipurdi betetxoa derrigorrean, baina txikiak. Hori bai, tripa eta izterrak finak, lauak eta ahurrak, konkaboak izan behar, bestela gorputzaren forma naturala izanez gero, girgiloak (edo mitxelinak) dauzkagula esango dute. Dena oso naturala eta osasungarria, horratik!
Eta buru-jan honek sortzen dituen konplexu eta buru-hausteak? Inperfektuak garela badakigu, baina sekula irudi egokirik ez dugula lortuko pentsatzeak dakarrena ere, ez da osasungarria: beti gure gorputzarekin diskonforme, deseroso. Gure etxea beharko lukeena, atzerri bihurtuta, kosmetiko eta kremen enpresen mesedetan.
Gizonak, halere ez zaudete salbu. Gero eta gehiago exijitzen zaizue, eta eredua osasungarriagoa bada ere, ezinezkoa da. Abdominal, pektoral eta abarrak lortzeko, gimnasioan ordu larregi eman behar; agian, inoiz ez lortzeko. Dietak ere, zoroak, anabolizatzaileen kontsumoa eta beste zorakeria batzuk ere tartean…
Egia esatera, txokolate tableta horiek argazkietan ikusita gustuko nituen. Baina hondartzan gutxi ikusi baditut ere, zuzenean ez zaizkit hainbeste gustatu. Bular zabalak nahiago, gimnasio itxura duten gizonezkoen artean.
Gainera, tabletok ez dira erosoak izan behar, ezta? Kontua da ez dudala bat bera ere ukitu. Zorionez, fortunatu zaizkidan gizonezkoak askoz ere mundutarragoak izan dira, eta zilbot txikiak gustuko ditudala esan behar: biguntxoak dira gerri bueltako flotagailutxo horiek, atseden hartzeko atseginak eta leunak. Eta argazkietan ageri zaizkigun txokolate tableta abdominal horiek hainbeste konkorrekin, ezin erosoak izan, ala bai? Biak probatu dituenik balego, konta diezadala!
Osatu, osotu, trinkotu
Zer ote dute udazken eta udaberriko asteburuek plan, ekintza eta errebindikazioz beteta daudela? Bihar bertan Gure Esku Dago-koek mosaiko erraldoia antolatu dute Zurriola hondartzan Katalunian etzi egingo den kontsultari babesa adierazteko asmotan, goizean. Arratsaldean, ordea, Ziburun Kaskarotenia ikastolaren aldeko manifestazioa izango da. Gauza gehiegitxo larunbat bakar batentzat, nire iritzirako.
Hau da, koordinazio pixka bat beharrezkoa litzateke, bakoitzak bere astoari arre esan beharrean eta besteei hor konpon. Arrain txikien kasuan bai, handiari begiratzen zaio, handiak (edo handiaren ekitaldiak) txikiarena jan ez dezan. Hori ez da ez trinkotzea, ez herria egitea, kohesioa lortzea. Ez genuke jardun beharko elkarri begira, elkarri entzunez, denok garrantzitsu?
Larregitan ibiltzen gara epe laburreko kontuetan, beharbada gure egoera prekarioagatik, eta maiz erantzuna brastakoa izan behar delako, azken orduko larrialdi eta injustiziei erantzuna emateko. Baina horren hustu eta higatu egiten gaitu, eta behin baino gehiagotan lepoa moztutako txitak bezala gabiltza, noraezean gauzak eta ekimenak egiten, pentsatu gaberik, egin egin behar delako…
Herri santu/madarikatu honetan (aukeratu zuk, irakurle, gehien gustatzen zaizun adjektiboa), uste dut, gainera, sarri askotan, kanpora gehiegi begiratzen dugula, barrura beharrean. Kanpolarrosa samarrak garela, alegia; horrek dakarren guztiarekin: etxekardo izatea, edo nahiago baduzue, etxekalte. Baina gure kanpoeder izaera hori ere ez dugu ondo erabiltzen, kopiatzen ere ez dakigu eta! Kataluniari begiratzen diogu, baina ez gara gai han sortu dutena hemen berregiteko, handik ikasi genezakeena, ondo inportatzeko.
Katalunian jendeak egin du bultza, behetik gora, trinkotuta eta elkartuta. Baina gurean ez ote gaude zatikatuegi? Ez ote ditugu besteak susmagarritzat hartzen? Gure lakoak ez direnei –ez soilik politikoki– ez ote diegu autentikotasunaren labela ukatzen? Oso sakabanatuta gaudelakoan nago. Alde batetik estatuen arteko zorigaitzeko muga hori, elkarri begiratu beharrean elkarri bizkarra emanda bizitzera kondenatu gaituena, oraindik ere Euskal Herri kontinentaleko euskaldunak exotiko eta berezitzat hartzera garamatzana penintsularrok. Ahaztu barik probintzianismo merkea, hondartza-txizati eta onddo-lapur etiketapean sailkatzen gaituena, guipuchi eta vizcaino, faltsuak eta kortesak, elkar ezagutu barik batak bestearenganako mesfidantzaz. Eta futbola aipatu gabe, askorentzat hori baita herri bakarra… Horrela nola egin (ab)herria, nola osotu komunitatea?
Hala eta guztiz ere, dena ez da izango krika, hausnarketa eza eta irreflexioa. badugu ekimen zoragarria –ez da bakarra, baina bai agian berriena–, herria egiten ari dena, osatzen, elkarri begira jartzen gaituena, aurrez aurre, mapa erditik tolestu eta elkarri muin emateko moduan, Errigora, alegia: gure hegoalde fisikoko ekoizleei erosi, bitartekari gabe, eta etekinak atzera ere inbertitu hantxe, euskararen alde. Bertako produktuak bultzatu, ingurunea zaindu, bertan lanpostuak mantentzen lagundu eta euskara indartu,. era xumean eta gozoan, tripa bete eta animoa goratu. Hala bai osatu, osotu eta trinkotu.
Autoa eta umorea
Zer ote dauka autoak umorea aldatzeko? Pertsonala lasaiena ere haserre bizian jarri eta bere onetik irtenda ikusteko? Ez dakit, baina hala izaten da.
Automobila espazio berezia da, intimoa. Barruan sartzen garenean badirudi etxe barruan edo gure logela propioan sartzen garela, inoren begirada indiskretuetatik salbu, nahiz eta denen begiradapean egon. Horregatik, beharbada, semaforoetan ikusten dira gidariak sudurretik mukiak arrantzatzen, uste dutelako ikusgai ez daudela, automobileko parabrisak dohain magikoak baleuzka legez, ikusezin bihurtuko balitu moduan.
Baina gidatzea gustuko dugunok askotan sentitu dugu hori: kotxean sartu, eroso eseri, gogoko musika jarri eta kilometroak irentsi; gustura, iristeko penaz. Aparkatutakoan ere, kanta zoragarri hori entzuten geratu, amaitu ez delako. Bizitzaren plazer txikiak.
(Hala ezegutu nuen kanta hau, gau batean Elgetako Espaloitik nentorrela, autoan sartu, irratia piztu eta kanta eder hau entzun)
Eta lagunekin egindako bidaiak (laburrak edo luzeak izan) eduki lezaketen xarmaz, zer esan? Leku gutxi dago automobilaren eremu txiki eta mugatu hori baino hobea konfidentzietarako. Zenbat aitorpen, deklarazio eta asaskatze egon ote dira kotxeetan? Zenbat laguntasun eta intimitate kontatu ote ditugu?
Pentsatzeko gune aparta ere bada autoa. Egunero lanera bakarrik joaten direnek ondotxo dakite hori. Norberaren buruarekin egoteko gune ere badelako.
Beti eskura dagoen espazio propiorik gabeko maitaleen aterpe sokorritua, fereka eta laztan bizkorren etxea. Autorik ez balego, zenbat pasio frustratu!
Baina dena ezin perfektua izan. Automobilak gure alderdi txarrena eta agresiboena ere ateratzen du. Zenbat irain, oihu eta hatz luze atera ote ditugun gidatzean! Hau ez dut ulertzen, baliteke tentsioan egoten garelako izatea. Edo zitaldu eta mukertu egiten gaituela, ez dakit!
Askorendako euren gorpuzten luzapena ere bada, zakilarena esate baterako. Bai, entzule laztanak, testosteronaren neurgailua ere izan liteke, zebrabidean oinezkoak itzurtzen dituzten gizontxoen kasuan, adibidez, edo aurreratua izatea jasaten ez dutenena. Edo autobidean marrazo jarrera daukatenena, ziurtasun distantzia mantendu beharrean, ipurdia jaten ibiltzen diren horien detektagailu; aurrekoak jazartzen beraien kotxea handiagoa, indartsua eta garestiagoa delako, eta horregatik guztiarengatik, uste osoa dute bidea euren jabetzakoa dela.
Bai, halako askok autoa seme-alabak baino hobeto zaintzen dute, eta etxeak platerik ere jasotzen ez badute ere, astero kotxea barru eta kanpotik garbitu, etxeko andre (autoko gizon?) maratzak bailiran. Horiendako, autoa euren buruaren adierazgarri eta erakusgarri da, nortasunarena (nortasun pobrearena, alegia) azken baten.
Hori dela eta, pertsona bat ondo ezagutu nahi baduzue ikusi bere autoa eta eraman zaitzatela norabait, hala benetako nia agertuko du. Proba paregabea da! Sekula ez du huts egiten!
Bizikletaz lanera joatea
Parisen diru-laguntzak emango omen dituzte lanera bizikletaz joaten direnei. Oso ondo iruditzen zait, bizikletak abantaila asko dauzkalako. Alde batetik, lanera bidean kirola egin liteke, osasunarendako abantaila, beraz. Bestetik, kutsadura ikaragarri murrizten da, baita trafikoa eta zarata ere. Gainera, bizitza-abiada moteldu egiten da, eta humanoagoa bihurtu gure erritmoa. Horretara, onurak alde guztietatik.
Tira, desabantaila batzuk ere aurkitzen dizkiot. Bata izerdia. Zer egiten dute bizikletan doazenek, egun osoan eramango duten arropaz jantzita egin ibilaldia? Gauza bera euria denean, bustita iritsi lanera eta hala egon lanaldi osoan? Deserosoa, ezta?
Eibarren, bizi naizen herrian bizikletarekin harreman sakonak izan ditugu, familia askori jaten eman digulako (amak GACn egin zuen lan, bere lan-bizitza osoan). Gurea, baina, ironiaz betetako herria da: euskal bizikleta fabrika askoren jatorrizko herria izan (GAC, Orbea; BH,) eta oso desegokia bizikleta erabiltzeko, aldapaz beteta dagoelako.
Aurrerago esan dudanez, bizikletak bizitza erritmoa humanoagoa bihurtzen du, eta Eibarren krisi sakon batetik irteteko balio izan zuen: armak egitetik, bizikletak (eta josteko makinak) egitera. Industria-birmoldaketa bikaina, heriotza eragiteko trepetxuak egitetik, aisia disfrutatzeko eta natura zaintzeko trepetxuak egitera!
Baina aipatu dudan bezala, lanera joateko (Eibar-Ermua) trena erabiltzen dut, eroso, merke eta azkarra delako. Beti aparkatzen du ondo! Bizikletan ez naiz inoiz joan. Oinez inoiz itzuli bai baina Eibarren bizikletaz ibiltzeko,esan dudan aldapengatik, behar da ia karrerista profesionala izan. Gainera dabilen auto mordoarekin ere, txarto.
Gipuzkoako Foru Aldundia bidegorriak suspertu nahian ei dabil, baina gurean ez, premia gorrian izan arren. Elgoibarren badute, ia Maltzagaraino doana, Saturixon amaitzen da. Eta Debagoienetik datorrena, Soraluze pasatu eta ia Maltzagaraino ailegatzen da! Diru asko dela diote (Deba ibaia zeharkatu behar du) baina oraingoa desastrea da, Eibartik (Azitaindik Maltzagara) joateko bide bazterra baino ez dago eta N-634ko artzena estua eta arriskutsua da! Ez dugu nola ibili bizikletan ez oinez! Eta kanpaina bat abiatu dute sinadurak jasotzeko. Ermutik oinez etortzeko ere zebrabide arriskutsuak gurutzatu behar zarata eta keen artean, penagarria. Ez dago lekurik ez lanera bizikletaz joateko, ez paseatzeko! Gurekin dagoen abandonu historikoa ote? Hemendik eskatu nahi diot Aldundiari mesedez jaramon pixka bat egin diezagula kontu honekin!
Iritzia emateaz
Azken aldian ezagunekin elkartu eta zer berri dudan galdetzen didatenean, hemen, Gipuzkoako Hitzan, hamabostero idazten hasi naizela aipatzen diet, hori baita nire bizitza errutinazkoan dagoen nobedade bakarra. Askotan, komentario horrek garamatza blogaz hitz egitera, eta bertan futbolaz idatzi nuenean izan nuen erantzun iraingarriez ere egin izan dugu berba: ia 9 urtean erantzun onak eta politak izanda, eta kirol sakratuari kritika eginda, deskalifikazioa!
Honen guztionen gainean hitz egin ostean, ia beti galdera bat egiten didate: “Ez zaitu beldurtzen iritzia emateak?” Lehenengoz hori galdetu zidatenean ahoa bete hotz laga ninduten. Izan ere, beldurra ez da eragiten didana; beste pertsona batzuk mintzeak ematen dit erreparoa, nahi gabe mina sortzeak, ez besterik.
Agian, oso normala da niretzat gaiei buruz iritzia izatea. Alde batetik, euskaltegian irakasle izanda, ikasleei idazlanetan hori eskatzen zaielako/diegulako idazlan eta azterketetan: eman zure iritzia tabako legeaz/zezenketak debekatzeaz/tabernen ordutegi berriez… ia eguneroko kontua da gurean. Beste aldetik, bloga sortu aurretik ere eibartarren posta zerrendan makinatxo bat eztabaida edukitakoak gara, mila gairi buruz, inongo ikara barik.
Hori dela eta, aho zabalik segitzen dut, hainbat jenderi –pentsamendu, bizimodu eta adin desberdinekoei– entzun diedalako, aurrerago aitatutako egoera berean, beldurraren kontu hori. Horrek zeharo nahasita utzi nau, eta buruari eragin diot galderaren zergatiaren bila. Azkenean, itaunak adierazten du lagun horiek beldurra diotela posizionatzeari, besteek jakiteari zer duten gogoan. Masaren anonimotasunean ezkutatu beharra sentitzen dutela, alegia. Inork ez dezala jakin beren buruetan dabilena, badaezpada ere!
Egia esatera, gure herrian diskretu izatea bertutea da. Diskretu, ez nabarmentzearen zentzuan, jakina. Politikari zenbaitzuek ere diskrezioz jokatzen dutela diote, ona balitz bezala. Eta hala izango da batzuetan, ezer ez baita ona edo txarra beti; baina nire iritziz, sarritan diskrezioak imajinazio falta, zenbaki bihurtzea eta aspergarri izatea esan nahi du. Sentitzen dut!
Baina nondik ote datorkigu pentsamendua kamuflatu edo ezkutatu nahi hori? Zerk eragin ote du beldur madarikatua? Ez dakit, baina esango nuke frankismoaren arrastoa dela. Bai, oraindik ere, gerraren ondorioak, berrogei urteko diktadurak eta errepresioak markatzen gaitu, ez gaude salbu, zoritxarrez. Hainbeste eta hain luzaroan sufritu duen gizartean aztarna sakonak laga ditu errepresioak. Gizartean ez ezik, geure barruan ere bai, ezinbestean. Nahiz eta sasoi hori bizi transmititu egin da familietan eta sozietate osoan.
Frankismoaren hipotesia darabilt beste leku batzuetan ikusi dudanagatik. Ez naiz oso kosmopolita, munduan ez naiz gehiegi ibili. Baina uste dut beste herrialde batzuetan, Frantzian, adibidez, askoz errazago eztabaidatzen dutela, ideien elkartrukea naturalagoa dela. Seguruenik ohitura badutelako, eztabaidak badirelako, haserretu gabe, ahots bolumen normalean, oihu barik, beldur gabe iritzia emateko orduan.
Beldurra. Ba ote da gehiago mugatzen eta paralizatzen duen sentimendurik? Uxatu behar dugu, beraz, adierazi, bota dezagun pentsatzen duguna!
Kamiseta hori
Elastiko bat dakart hizpide. Elastiko urdin bat. Asteon egunkari bateko portada izan dena. Eta azkenean tiraderan sartuko dugula ospatu dugu. Bai, kamiseta urdin arraro hori, letra horiduna. "Egunkaria aurrera" dioena. Hamaika urtean (11 urte asko eta luze da) askatasun aldarri izan dena. Estetikoki oso polita ez bada ere, ezinbestean maite duguna, duintasunaren ikurra izan delako, baita elkartasunarena ere. Azkenean, betiko sartuko dugu kutxan, baina ez dugu ahantziko. Oroitzapenen kaxan izango dugu agerian, gertatutakoa atzendu ez dakigun.
Euskal Herria herri tristea da, -ondo ulertu, e?- Barre egiten dugu, umorekoak gara. Baina erreparatzen badiogu zerk ematen digun poza, sentsazioa oso tristea da, pobrea: Euskaraz irtengo dela hurrengo android telefonoa, eta bibaka gabiltza. Lisboako autobus turistikoak euskaraz eskaintzen dutela informazioa, zoragarri, etxean ez bezala. Hamarkada luze batean inputatua egon ostean libre kargu barik, ustezko delitua iraungi delako, pozez zoratzen.
Normala da pozik jartzea (ez dezagun ahantz beste batzuk oraindik kartzelan daudela egunkari bat, Egin, argitaratzeagatik). Baina nork itzuliko digu jasandakoa, lapurtutako dirua, kendutako osasuna?Nork eskatuko digu barkamena?
Gauza gutxirekin gaude konforme, eta hizkuntza handien mahaietatik jausitako edozein hondakinek egiten gaitu zoriontsu. Baina, zorionez, gure bidea ere jakin dugu egiten, crowdfoundinga sortu genuen, diru-batzea zuenean izena. Auzolan, elkartasun eta boluntario lanari esker lortu dugu orain duguna. Gutxi ala asko, baina gure borondate eta indarraz lortutakoa da, inorekin zorretan egon barik; sarriegi, agintari eta handi-mandien gogoaren kontra. Gure burugogorkeriari esker. Hau ahaztuko ez bagenu, ekinak izaten jarraituko bagenu, askoz gehiago lor genezakeelakoan nago.
Horregatik, kamiseta urdin hori sarrekan gorde, baina oroigarri eta bandera izan behar du: egin diezaguketen mina eta kaltea ez ahazteko, eta elkarrekin egin genezakeen indarra eta lana akorduan izateko.