Osatu, osotu, trinkotu
Zer ote dute udazken eta udaberriko asteburuek plan, ekintza eta errebindikazioz beteta daudela? Bihar bertan Gure Esku Dago-koek mosaiko erraldoia antolatu dute Zurriola hondartzan Katalunian etzi egingo den kontsultari babesa adierazteko asmotan, goizean. Arratsaldean, ordea, Ziburun Kaskarotenia ikastolaren aldeko manifestazioa izango da. Gauza gehiegitxo larunbat bakar batentzat, nire iritzirako.
Hau da, koordinazio pixka bat beharrezkoa litzateke, bakoitzak bere astoari arre esan beharrean eta besteei hor konpon. Arrain txikien kasuan bai, handiari begiratzen zaio, handiak (edo handiaren ekitaldiak) txikiarena jan ez dezan. Hori ez da ez trinkotzea, ez herria egitea, kohesioa lortzea. Ez genuke jardun beharko elkarri begira, elkarri entzunez, denok garrantzitsu?
Larregitan ibiltzen gara epe laburreko kontuetan, beharbada gure egoera prekarioagatik, eta maiz erantzuna brastakoa izan behar delako, azken orduko larrialdi eta injustiziei erantzuna emateko. Baina horren hustu eta higatu egiten gaitu, eta behin baino gehiagotan lepoa moztutako txitak bezala gabiltza, noraezean gauzak eta ekimenak egiten, pentsatu gaberik, egin egin behar delako…
Herri santu/madarikatu honetan (aukeratu zuk, irakurle, gehien gustatzen zaizun adjektiboa), uste dut, gainera, sarri askotan, kanpora gehiegi begiratzen dugula, barrura beharrean. Kanpolarrosa samarrak garela, alegia; horrek dakarren guztiarekin: etxekardo izatea, edo nahiago baduzue, etxekalte. Baina gure kanpoeder izaera hori ere ez dugu ondo erabiltzen, kopiatzen ere ez dakigu eta! Kataluniari begiratzen diogu, baina ez gara gai han sortu dutena hemen berregiteko, handik ikasi genezakeena, ondo inportatzeko.
Katalunian jendeak egin du bultza, behetik gora, trinkotuta eta elkartuta. Baina gurean ez ote gaude zatikatuegi? Ez ote ditugu besteak susmagarritzat hartzen? Gure lakoak ez direnei –ez soilik politikoki– ez ote diegu autentikotasunaren labela ukatzen? Oso sakabanatuta gaudelakoan nago. Alde batetik estatuen arteko zorigaitzeko muga hori, elkarri begiratu beharrean elkarri bizkarra emanda bizitzera kondenatu gaituena, oraindik ere Euskal Herri kontinentaleko euskaldunak exotiko eta berezitzat hartzera garamatzana penintsularrok. Ahaztu barik probintzianismo merkea, hondartza-txizati eta onddo-lapur etiketapean sailkatzen gaituena, guipuchi eta vizcaino, faltsuak eta kortesak, elkar ezagutu barik batak bestearenganako mesfidantzaz. Eta futbola aipatu gabe, askorentzat hori baita herri bakarra… Horrela nola egin (ab)herria, nola osotu komunitatea?
Hala eta guztiz ere, dena ez da izango krika, hausnarketa eza eta irreflexioa. badugu ekimen zoragarria –ez da bakarra, baina bai agian berriena–, herria egiten ari dena, osatzen, elkarri begira jartzen gaituena, aurrez aurre, mapa erditik tolestu eta elkarri muin emateko moduan, Errigora, alegia: gure hegoalde fisikoko ekoizleei erosi, bitartekari gabe, eta etekinak atzera ere inbertitu hantxe, euskararen alde. Bertako produktuak bultzatu, ingurunea zaindu, bertan lanpostuak mantentzen lagundu eta euskara indartu,. era xumean eta gozoan, tripa bete eta animoa goratu. Hala bai osatu, osotu eta trinkotu.