Kamiseta hori
Elastiko bat dakart hizpide. Elastiko urdin bat. Asteon egunkari bateko portada izan dena. Eta azkenean tiraderan sartuko dugula ospatu dugu. Bai, kamiseta urdin arraro hori, letra horiduna. "Egunkaria aurrera" dioena. Hamaika urtean (11 urte asko eta luze da) askatasun aldarri izan dena. Estetikoki oso polita ez bada ere, ezinbestean maite duguna, duintasunaren ikurra izan delako, baita elkartasunarena ere. Azkenean, betiko sartuko dugu kutxan, baina ez dugu ahantziko. Oroitzapenen kaxan izango dugu agerian, gertatutakoa atzendu ez dakigun.
Euskal Herria herri tristea da, -ondo ulertu, e?- Barre egiten dugu, umorekoak gara. Baina erreparatzen badiogu zerk ematen digun poza, sentsazioa oso tristea da, pobrea: Euskaraz irtengo dela hurrengo android telefonoa, eta bibaka gabiltza. Lisboako autobus turistikoak euskaraz eskaintzen dutela informazioa, zoragarri, etxean ez bezala. Hamarkada luze batean inputatua egon ostean libre kargu barik, ustezko delitua iraungi delako, pozez zoratzen.
Normala da pozik jartzea (ez dezagun ahantz beste batzuk oraindik kartzelan daudela egunkari bat, Egin, argitaratzeagatik). Baina nork itzuliko digu jasandakoa, lapurtutako dirua, kendutako osasuna?Nork eskatuko digu barkamena?
Gauza gutxirekin gaude konforme, eta hizkuntza handien mahaietatik jausitako edozein hondakinek egiten gaitu zoriontsu. Baina, zorionez, gure bidea ere jakin dugu egiten, crowdfoundinga sortu genuen, diru-batzea zuenean izena. Auzolan, elkartasun eta boluntario lanari esker lortu dugu orain duguna. Gutxi ala asko, baina gure borondate eta indarraz lortutakoa da, inorekin zorretan egon barik; sarriegi, agintari eta handi-mandien gogoaren kontra. Gure burugogorkeriari esker. Hau ahaztuko ez bagenu, ekinak izaten jarraituko bagenu, askoz gehiago lor genezakeelakoan nago.
Horregatik, kamiseta urdin hori sarrekan gorde, baina oroigarri eta bandera izan behar du: egin diezaguketen mina eta kaltea ez ahazteko, eta elkarrekin egin genezakeen indarra eta lana akorduan izateko.