Sinistu
Kargu publikuotan dihardogunok gure onena emon bihar dogu gizartiaren alde. Horrez gain, ardura haundixa dakagu jendiaren konfiantzia berreskuratzeko. Egixa esan bihar dogu, eta gure hitzak ekintzen bidez berretsi. Jendiak askotan ez desku sinisten. Beste batzutan, ezin izaten dogu nahi beste egin. Baina ezinbestekua da beti, beti, beti, egiten dogun horretan sinistia. Nere ibilbidian akordio eta eztabaida askotan hartu dot parte, batzuk esne-berbak izan leikez, beste batzuk, ostera, itzal luzekuak gure hirixaren etorkizunarendako. Horietan danetan, emondako Hitzari eutsi nahi izan detsat; eta, era berian, eskutik jun dira nere konbikziño pertsonalak eta Euzko Alderdi Jeltzalearen posiziñuak. Harro izan naiz bozeramaille 2015etik hona. Hori bai, beti pentsau izan dot politikarako bizi bihar nintzala, ez politikatik. Hori posible da, soilik, sinisten dozun horretan dihardozunian. Harro nago herri ordezkari aritu izanaz, defendatu doten guztixan sinistu izanaz. Ezin leike sinisgarrittasunik transmitidu, zerbaitian sinisten ez danian. Horregaittik, politikaren sinisgarritasunari nik uniotan egin neiken ekarpenik haundixena agur esatia da. Etapa bat itxi da, barri bat dator, eta ez dagokit neri horren liderguari eustia. Zinegotzi aktari uko egingo detsat, egiteke dagozen gauza asko atzian utzita. Barkamenak eskatzen dittut horregaittik. Barkamena eskatzen detsuet agintaldixa amaittu bihar nebala uste dozuenori, baina ez naiz horretarako gai sentitzen.
Eibarrek bere burua berrasmatu bihar dau. Barriro izan bihar da aberastasuna sortzeko motorra, aberastasuna sortu barik ez baitago hori banatzerik. Hirigune erakargarrixagua bihurtu bihar da ekintzailletzarako, hazteko, bizitzeko. Apal-apalik, hori izan da nere ahalegiña. Horretarako, proiektu eraldatzailliak mahaigaineratzen saiatu naiz, eztabaida barrixak irekitzen. Gauza batzutan huts egin dot, beste batzutan asmatu, eta nahi baino gauza gitxiago lortu dittut, baiña beti be, emondako Hitzari eutsiz, egiten neban horretan sinetsiz. Banoia, eskerrak emonez aukera honengaittik. Eibar hobiago bat amestu dot eta horren alde borrokatu dot. Hortan jarraittuko dot beste leku batzuetatik. Izan be, gure hirixaren norantza onbideratzia zeregin kolektibo bat dala defendatu dot beti. Konpromiso horri ez detsat inoiz uko egingo, hori izan zan Udaletxera eraman ninduana, eta hori bera da gaur urtenarazten nabena.
Etorkizuneko erronka galantak dakaz Eibarrek. Eztabaida politikuan epe motzeko jolas larregi dago. Hortik ihes egiten ez badogu, ezingo detsegu erronkeri aurre egin. “Lehen haize-boladak adaburu handiko eta sustrai gutxiko zuhaitz bat eraisten du, eta sustrai ugariko eta adaburu gutxiko zuhaitz batek nekez uzten du salbia zirkulatzen. Sustraiek eta kopak neurri bera izan behar dute" (Susana Tamaro, Donde el corazón te lleva). Adarrak dira jendaurrian erakusten doguna, sustraiak, ostera, sinetsi egiten dogun hori. Zortia eta arrakasta desio detset bide barri honi ekingo detseneri, beren adarrak loratu daittezela, eta azken egunerarte, egin dezatela sinisten dabena eta sinetsi dezatela egitten daben horretan. Eibarrek merezi dau.
Koronabirusaren aurrean Eibarren hartutako neurriak
COVID-19 (Koronabirus) birusaren inguruko informazioa nahi baduzu joan Osakidetzaren webgunera
Prebentzioa helburu, neurriak hartzen ari gara Eibarko Udalean, jasotako gomendioak jarraituz zein inguruko udalek egiten dutena erreferentzia hartuta. Kasu batzuetan, aurre hartzen ere. Helburua da pairatu dezakegun eragina ahalik eta txikiena izatea.
Iragarri diren neurri guztiei babesa adierazi nahi diet. Adostutako neurriak ez dira nahikoak, baina adostutakoak aho batez hartu ditugu udal taldeetako bozeramaileok. Hartutako erabakietan mantendu dudan posizioa izan da zalantza ororen aurrean neurririk prebentzionistena hartzea eta irizpide horren arabera neurri gehiago hartzea proposatu dugu.
Oraingoz hartutako erabakiak:
PUBLIKODUN JARDUERARIK EZ
Kultur egitarau osoa bertan behera. Berdin bestelako jendaurreko ekintzak.
INSTALAZIOAK ITXITA
Itxi egingo dira: Portalea Kulturetxea (museoa eta liburutegia barne), ludoteka, gaztelekua, musika eskola, zeramika eskola, euskaltegia, dibujo eskola, Coliseo Antzokia eta kiroldegiak.
JENDAURREKO ZERBITZU PUBLIKOAK, MUGATUTA
Zerrendatuko dira zein zerbitzu mantendu behar diren eta zeintzuk itxi daitezkeen aldi baterako, salbu eta jendaurreko zerbitzu guztiak ixteko gomendiorik jasotzen badugu.
BIDE PUBLIKOEN OKUPAZIOA, MUGATUA
Asteazkeneko markadillorik ez da egongo. Terraza kentzea gomendatu zaie tabernei (kentzen dutenei ez zaie tasa kobratuko).
INFORMAZIO PUBLIKOA
Osakidetzaren gomendioak zabaltzeko lana egingo du Udalak: webgunean eta sareetan jartzeaz gain, gomendioak paperean inprimatu eta espazio publikoetan jarriko dira (eraikin publikoetarako sarreran, igogailu publikoetan, jendea pilatzen den lekuetan eta Eibarko etxeetako atari guztietan).
TELELANA ETA MALGUTASUNA
Harrigarria bada ere, Eibarko Udala ez dago teknikoki prestatuta langileei telelana eskaintzeko. Oraingoz ordenagailu portatil gutxi batzuk prestatu dituzte telelana eskaintzeko. Ahal den neurrian eskainiko zaie, lehentasuna jarriz etxean norbait (haurrak, nagusiak…) zaindu behar dutenei. Eginkizunen arabera posible den neurrian, ordutegi malgutasuna emango zaie langileei.
PREBENTZIO NEURRIAK
Udal bulego guztietan erabili eta botatzeko zapiak eta gel desinfektanteen dispensadoreak jarri dira. Dispensadore horiek udal eraikinen sarreretan jarriko dira, baita informazio kartelak ere.
HEMENDIK AURRERAKO ERABAKIAK
Mahai tekniko bat eratu da koordinaziorako. Hartzen dituzten erabakiak Bozeramaileen Batzordeak berretsiko ditu. Bozeramaileen Batzordeak kasuren batean Koordinazio Mahaiak gomendatutakoa baino haratago hartu du erabakiren bat, prebentzioa helburu.
EIBARKO EAJ-PNV UDAL TALDEAREN POSIZIOA
Egin ditugun proposamen batzuk indarrean daude, beste batzuk oraingoz ez. Besteen proposamenik ez dugu ukatu. Uneoro gure posizioa da ahalik eta prebentzionisten jokatzea. Proposatu dugu Udalak edozein agintaritzatik jasotako gomendioak zuzenean aplikatzea betebeharrak izango balira bezala.
Masterrik onena ordaindu zidatenekoa
Hogei urte eskaseko unibertsitateko ikaslea nintzen. Asierrek eta Aintzanek eskaini zidaten Badihardugu Euskara Elkartearentzat elkarrizketa batzuk egitea. Pertsona nagusiei elkarrizketak egin, antzinako bizimoduaz galdetu eta euskalkian emandako erantzunak grabatu. Baietz esan nien.
Eibarren egin genuen lehen elkarrizketa, Aintzanek lagunduta. 101 urte zeuzkan Genoveva Billarrek. Gero elkarrizketa batzuk egin nituen neuk, Elgetan eta Aretxabaletan. Uste dut ez nintzela konziente zenbaterainoko altxorra ari ziren sortzen. Gaur gogo gehiagoz egingo nuke lan hori.
Euskaraz horrelako bideoteka bat izatea izugarria da. Balio hori ezin da kalkulatu. Jende entusiasta eta langilea dago gure herrian. Lan aparta gure herria ezagutzeko, lurraldez lurralde, udalerriz udalerri, ohiturak, historia, ezagutzaren transmisioa tokian tokiko euskalkia erabiliz. Ehundaka pertsona elkarrizketatu dituzte. Pertsona bakoitza bere kontestuan, bere hizkeran, bere bizipenak azalduz. Horietako gutxi batzuk egin nituen, 19 guztira.
Hizlariek ematen dutena guztientzako jartzen du eskuragarri Ahotsak proiektuak. Baina elkarrizketatzaileak zuzenean ikasten du. Momentua bizitzen du. Ezezagun baten etxean sartu, galderak egiten hasi, eta pixkanaka, kamara bat daukagula ahaztu. Gero publiko egingo bada ere, intimitate moduko bat sortzen da, konplizitate bat, eta miresmena sentitzen duzu.
Urte batzuk lehenago, 2001ean, Ustekabe txarangan saxofoia jotzen hasi nintzen. Eibarko historiako lehen txaranga zela esaten ziguten. Baina 2008an jakin nuen ezetz: Elgetako jaietara Eibarko txaranga joaten zen. Juanita Beretxinagak kontatu zidan, eta hortik egun gutxira, Migel Elkorok konfirmatu.
Hurrengo urtean, 2009an, estreinakoz joan zen Ustekabe Elgetako jaietara. Eta harro kontatu genuen historia errepikatzen ari ginela. Atzo jakin nuen joan berri dela Juanita, 94 urte zituela. Eta inpaktatu zidan Asier bilobaren tuitak, bideoa ikusi nuenean. Doluminak familiari eta betirako nire esker ona Juanitari.
Egindako elkarrizketen oroitzapen ugari etorri zaizkit gogora. Eta erabaki dut aspalditik egin beharreko zerbait egitea: hizlariei eskerrak eman hurrengo belaunaldiei altxor horiek uzteagatik... eta eskerrak eman, baita ere, Badihardugu Euskara Elkarteari lan mardul horri ekiteagatik. Bereziki Asierri, proiektuaren zati txiki batean parte hartzeko aukera emateagatik, duela hamaika urte, hogei urteko umemoko hari.
Eibar, igela ur epeletan
Hiruzpalau futbol zelai eta gehienok sekula erabiliko ez dugun eraikin bat. Hamabost-hogei milioi inguru urrenez urren, Ipurua futbol zelaitik edo Untzaga plazatik hamar-hamabost minutura dauden lekuetan. Ipuruak leku berean jarraituko omen du. Baina erabiltzaileena ez ezik, herri osoarena omen da kezka.
Urez betetako ontzi bi ikusi ditu igelak. Hor dago, zein edo zein aukeratu.
Lurzorua zein udalerritan dagoen kezkatzen gaitu, bilbotarrak gisa. Eurak ere kezkaz daude, ea zein astapotrori bururatu ote zaion aireportua Loiun, erakustazoka Barakaldon, parke teknologikoa Zamudion eta Athleticen kirol hiria Lezaman egitea. Onartezina! Eibarrera ere iritsi da oinarrizko zerbitzuen deszentralizazio-prozesua.
Uretara salto egin du igelak eta konturatu da ura irakiten dagoela. Ur berotan, zipristinak hara eta hona. Korroskada berbal baldarren bat edo beste ere irten zaio. Jauzi bezain laster konturatu da igela. Ura irakiten, erretzeko arriskua. Azkar batean egin du ihes, ez du kiskalita hil nahi. Hor utzi du lapikoa, irakiten, eta joan da alboko lapikora.
Ura epel dago han. Goxotasunak eman dio pentsatzen hasteko aukera. Nola liteke Burger King eta El Corte Inglés gurera datozen garaiotan Eibar KEak hiritik ospa egitea!, pentsatu du. Triangelu berdeko merkatalgunearena kontu zaharra da, baina hanburgesen erregearena? hori berritasuna da. Eibarko mendebaldeko auzoen macdonalizazioa esango luke Ferminek.
Fabrika hutsak kolorez estaliko dituzte, opariak paperez estaltzen ditugun bezala. Oparia jaso eta ireki aurretik, edukiak baino inpresio handiagoa egiten digu kanpoko paperak, zelofanak, lazoak, eta “Zorionak!” dion pegatina diztiratsuak. Oparia ireki ondoren datoz pozak eta desilusioak. “Kaka paperian batuta” ote den, ireki arte ezin jakin… usaina ez badiogu aurretiaz hartzen.
Ongietorria fastfood horri gurera. Eibarrera baldin badator, lasai: ez da izango baserri bati baratza okupatzeko, horiek ere maldan dauzkagu eta Eibar Valleyn. Lekua egin diogu fabrika esplotatzaile eta kutsatzaileak itxi edo kanporatuta. Museorako argazkiak atera (iraganaz harro egon beharra daukagu!), eraikina bota, eta Gipuzkoako periferiako Megapark sortu beharra daukagu. Zertarako? Enplegua sortzeko, noski. Ez zara ba aurka egongo? Eske ez dakit ez ote duen lana prekarizatuko, pentsatu du batek. Betikontra dela leporatu dio besteak, izan ere, dena da enplegua.
Agur esan genien Jazzmaneko bokatei, agur Txistuko kroketei. XXI. mendean gaude, haisuek!, hain gara inportanteak, whopperrak ere izango ditugula Ospitalaren alboan. Dena osasunaren alde. Popatik Merkatu Plazako desmadrea (nola liteke Udalak ez ikuskatzea gure baserritarren tomateen trazabilitatea!, dio baten batek). Beharko dituzte hogei, hogeita hamar, berrogei urteko sasibekadunak patatak frijitzeko, zaborra botatzeko. Lana langabezian daudenentzat. Prekarioa? Langabezia baino hobe, nola egon zaitezke aurka?
Ur epeletan dago igela, eta pentsatu du ea zergatik egon behar ote den Otaola berritzearen aurka. Industriarik ez da sekula santan etorriko gurera. Nola egin enpresa bat hona etortzeko? Oso zaila da fabrika zaharretan negozio berriak ezartzea. Planeamendu urbanistikoak zailtasun handiak dauzka gure ezaugarridun udalerrian.
Eta orografia!
Aitzakirik ez zaio falta igelari ur epeletan egoteko. Baina lapikoa sutan dago. Tenperatura igotzen. Eta igela hor dago, barruan. Gorputza moldatzen zaio uraren tenperaturari. Horretan gastatuko du daukan energia, eta urak irakiten duenean, galdua izango du indarra berriro jauzi egiteko. Lehenago edo beranduago itoko da igela. Baina berak ez daki, gustora baitago ur epeletan. Aitzakien mundua elikatzen jarraitu du bere plazerrean. Lurzoru industriala? Ez dago eta maldarik gabeko ingururik. Izan ere, berotuko, asaldatuko, suminduko gara daukagun bakarrean ez baditugu entrenamendurako futbol zelaiak egiten. Epel-epel, lodi-lodi, punta motza… paperez ondo batu dezagun Mari Andresan korotza.
- Artikulu honen bertsio laburtua ...eta Kitto! aldizkariaren 1074. alean argitaratu da. Alea PDF formatuan.
- Moztutako irudia. Jatorrizkoa (CC BY 2.0): andrezzinho
Sebastian Aizpiri gogoan
Harategia zeukan Elgoibarren, jatetxea Eibarren. Ondo ezagutzen dugu eibartarrok jatetxe hori (gure amama ere bertan lanean aritua zen, beste hiru hamarkada atzerago). Enpresari gazteak betetzeke zeuzkan 40 urteak, harategitik jatetxera bidean zihoan egun hartan. Baina ez zen iritsi Ego Gainetik Isasira. Tartean, oraindik ilun xamarra den puntu batean, pistoladunak zituen zain. Tiroz akabatu zuten pertsona haren bizia. Eibarren.
“Erahil arte jendeak ez du erreakzionatu”, esan zuen garai hartako ordezkari politiko batek. Lagun batek, duela egun gutxi, sare sozial batean esan zuenez, “manifestazio hartan txistua bota ziguten. Eta diru beltza ondo generamala esan ziguten”. Nik ezin oroitu, baina orduko kazetari batek duela zenbait urte pasartetxo bat kontatu zuen. Aita gazte bat, 30 urtera iristen ez zena, haurra bizkar gainean joan omen zen. “Ikusi hori, kanpainan dago”, esan omen zion nagusiak kazetariari. Milaka pertsona altxatu ziren gure herrian, Sebastian Aizpiriren erahilketa salatzeko. Eta ez, ez zen kanpaina kontua: arrazoi etikoz eta gizalegez eman zuten pausua.
Indarkeriaren amaiera oinordetzan jaso duen gazte gisa, nire esker ona adierazi nahi diet pertsona ausart guzti horiei. Tartean, haurra lepoan eraman zuen aita hari. Bere semeak ez zuen horren berririk izan, aita hil eta urte batzuk pasa arte. Gaur, lerro hauen bidez, eskerrak ematen dizkio aitari, manifestazio hartara eramateagatik.
Euskara ikasi zenuen herri honi hezkuntza bere hizkuntzan emateko
Galdetzen diot nire buruari (galdetuko nioke Idoia Mendiari) eta posible dudan Administrazio Publikoan lan egin eta espainola ez jakin. Edo jakingo ez banu bezala egin.
Datorrela herritar bat zerbitzu-eske, eta ea erantzun ahalko nion "barkatu, ez dut espainolik hitzegiten, niri euskaraz edo zoaz beste batengana".
Nola ulertuko luke hori Mendiak? Inposizio gisa ala aukera-berdintasunaren izenean defendatuko luke nire jarrera?
Hegoaldeko euskaldunak transbertsalak gara Hego Euskadin, Iparraldekoak Ipar Euskadin diren bezalaxe. Prest gaude bertako hizkuntzan zein Estatu osoan ofiziala den hizkuntzan lan egiteko. Langile publiko euskaldunak ematen dio aukera-berdintasuna herritarrari ematen dion zerbitzuan.
Eta... gaur egun herritarrok aukera-berdintasun dexente zabala daukagu euskara ikasteko. Halaxe egin zuen gure amak (eta asko eskertzen du horretarako eman zioten aukera): gogor saiatu zen euskara ikasten, herri honi hezkuntza-zerbitzua bere hizkuntzan emateko gai izan zedin. Ama, harro nago zutaz.
Ezin erabagi erabagitzeko eskubidiaren aldeko nahixa
Juan dan aprillaren 14an, Espaiñiako Republikia aldarrikatu ta 85 urte beranduago, moziño bat aurkeztu genduan Eibarko Udalian. Testuan errekonozidu egitten genduan 1931n zinegotzixek izandako ausardixa, ta euren borondate demokratizatzailliaren oiñordeko gisa, eskatzen genduan Eibarko Udalak aldarrika zezala Euskal Herrixak herri gisa dakan erabagitzeko eskubidia.
Moziñua ez dogu Udalbatzan eztabaidatuko, Alkatiak (PSOE) blokeatzia erabagi dabelako. Apaindu leike milla modutara, baina jarrera argixa da: erabagitzeko eskubidia ez da eztabaidagarrixa. Izatez, hala bihar leuke: eskubidiak ez dira eztabaidatzen, berezkuak dira. Baina hamen blokeatu egitten da ez eskubidia, baizik eta horren aldarrixa. Alkatiak aukera kendu detsa Udalbatzari, eztabaidatu eta bozkatu zezan herri honen erabagitzeko eskubidiaren (eskubide oiñarrizkua ta demokratikua, tranbertsala biharko lukiana) aldeko eskabidia.
PSOE harro agertzen da Udalak Espaiñiako Republikia aldarrikatu zebalako. Baiña billurra detsa Euskal Herrixak erabagitzeko eskubidea dakala adierazteko aukeria ireki leiken ekiñaldixari. Udalbatzan dakan gutxiengua agerixan lagatzeko arriskuaren aurrian, eztabaida blokeatu eiñ dau.
Erabagi hori blokeatu dabenek, ba al dakixe zer diñon Udaletxeko aurrealdian daguan plakak? Edo, euskeraz daguanez, ez detse jaramon haundirik eiñ?
Eibar eta “Euskadi Eredua”
Atzoko datua: duela urtebete baino 17.469 pertsona gutxiago daude EAEn, gaur gaurkoz, langabezia-egoeran. %10,19 jeitsi da. Gipuzkoako langabeziaren liderra den udalerrian, Eibarren, bilakaera ez da hain positiboa izan.
2015eko laugarren hiruhilekoan (hori da Lanbidek ematen digun azken datua), 2.078 pertsona ziren Eibarren lan bila zeuden herritarrak, aurreko urtean baino 172 gutxiago. Bilakaera %7,5ekoa izan da.
Kalkuluak ez digu balio azterketa serio gisa. Baina hori aitortuta, egoeraren laburpena egiteko eta bere larritasunaz jabetzeko nahiko erakusgarria da: demagun bilakaera konstante bat emango dela datozen urteotan… 150.016 pertsona langabetu daude EAEn. Beraz, urtero 17.469 langabetu gutxiago egonda, 8 urte eta 7 hilabetean langabezia osoa asetzeko beste lan sortuko genuke. Eibarko datuak aintzat harturik, berriz, 14 urte eta bi aste beharko genituzke.
Gauza jakina da industri-politikak Eusko Jaurlaritzari dagozkiola, eta zerga-politikak, berriz, Foru Aldundiari. Egia da, izan, ekonomia berpiztea ez dela, bere horretan, udalen eginkizuna. Baina urrutira joan gabe badauzkagu ereduak. Elgoibarren eta Ermuan, asmatu edo ez, bertako alkateek apustu argiak egin izan dituzte industria garatzeko, berrikuntza bultzatzeko eta, finean, lanpostuak sortzeko.
Eibarko EAJ-PNVren eskutik udal hauteskundeetarako hautagaitzan parte hartzea erabaki nuenean, argi ikusi nuen aukera bat zela gure herriko industri-ehuna laguntzeko, ekintzailetza sustatzeko edo bertako merkataritza bultzatzeko. Hori da behin eta berriro Udal Gobernuari eskatu izan dioguna, eta hori eskatzearen ondorioz, eztabaida sutsuak izatera ere iritsi izan gara… zoritxarrez.
Udal aurrekontua aztertu eta gure proposamenak egiteko orduan, hori izan da guk mahai gainean jarri duguna:
- enpresa-proiektuen inkubagailua (200.000€)
- enpresa berriak sortzeko laguntzak (30.000€)
- bikaintasun-bekak (50.000€)
- merkataritza biziberritzeko plana )20.000€)
- enpresa txiki eta ertainen berrikuntza proiektuak bultzatzea (100.000€)
- enplegu-plana (300.000€)
Guztira, 750.000€ gure hiriko egitura ekonomikoa biziberritzeko, eta Plan Estrategikoa martxan jartzeko baliabideak ezartzea.
Neurri txikiak herri batentzat... handiak, nik uste, udal oposizioko talde baten ekimena izateko. Jarraipena baldin badute eta Plan Estrategikoan jasotako ildotik lan eginda, akaso lortuko dugu Eibarko Udalak azken urteotan izandako politika ekonomikoen noraeza zuzentzea eta hauteskunde-kanpainan adierazi bezela, eibartarrona beti izan den eta ondo funtzionatzen duen Euskadi Eredura itzultzea.
Amantala berdea
Gogoan dut nola txikitan, eskolan, amantala urdina eramaten genuen mutilok, eta arrosa neskek. Bazegoen urdinez janzten zuen neskarik, baina nekez egingo zuen aurkako bidea mutilak, ez bazituen ikaskide guztien barreak jasango. Oroitzen dut Iturburun Lehen Hezkuntza hasierako egun hura, 6 urte genituela, gu baino urtebete nagusiagoa zen mutiko bat ikusi nuenean amantala berdea jantzita. Faszinantea iruditu zitzaidan. Orduan kuestionatu nintzen lehen aldiz zergatik jantzi behar nuen urdinez.
Uste dut badagoela oraindik ere indar handiz eta gogo biziz parekidetasunaren defentsa egiten duen emakumerik, uste duena eurei -emakumeei- dagokiela tamainako aldarrikapena. Nire ustez, ez da berdintasunik lortuko, aldarrikapena amantala arrosa besterik jantzi ez dutenen esku dagoen bitartean... amantala urdindunok gure jokamoldeak ispilu aurrean jarri eta amantala arrosa, berdea edo morea jartzeko kemenik ez dugun bitartean.
Errebal, bullying eta Neverending Story
Bastian Baltazar Bux bullyinga jasaten daben ume bat da. Ihesi zoiala, bullynga egitten zetsen umiengandik ihesi, Kreander jaunaren liburudendan sartu da eta han liburu bat hartu zeban: Die unendliche Geschichte (Neverending Story).
Azkenaldiko jarrerak ikusitta, nun Alkate jaunak leporatzen deskun proposamen ilegalak egitten dittugula, –kostau jako tasen inguruko eztabaidari Udaletxian heltzia, ez hedabidietan-, danon hobebiharrez, saiatuko naiz girua baretzen. Eta hortaz, ez dot esango Udalak bullyinga egin detsenik Merkatu Plazako dendari eta baserrittarrei, baiña bat etorriko zarie danok esaten badogu dendari eta basarrittarrek Istorio Amaitezina bizi izan dabela urtiotan.
Uste dot proiektu hau, adostasun mailla berarekin, martxan egon zeikeala aspaldi. Bittartian, Zona10 izenaz ezagutzen dogun ingurua degradaziño ekonomiko eta urbanistikua ari da pairatzen. Urte askoko atzerapenaz, Eusko Jaurlaritzaren injekziño ekonomikuaz eta negozio asko pikutara bidali ostian, badirudi hastiar dagozela lanak. Izan deixala amaiera (ahal dan neurrixan) zoriontsua eta besarkada haundi bat burruka hontako bidelaguneri.