Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Josu Leokanne / Masterrik onena ordaindu zidatenekoa

Masterrik onena ordaindu zidatenekoa

Josu Mendicute 2019/02/22 15:38
Unibertsitateko ikasle nintzela, Ahotsak proiektuan lan egiteko aukera eman zidaten. Altxorra sortzen laguntzeko aukera eman zidaten.
Masterrik onena ordaindu zidatenekoa

Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea

Hogei urte eskaseko unibertsitateko ikaslea nintzen. Asierrek eta Aintzanek eskaini zidaten Badihardugu Euskara Elkartearentzat elkarrizketa batzuk egitea. Pertsona nagusiei elkarrizketak egin, antzinako bizimoduaz galdetu eta euskalkian emandako erantzunak grabatu. Baietz esan nien. 

Eibarren egin genuen lehen elkarrizketa, Aintzanek lagunduta. 101 urte zeuzkan Genoveva Billarrek. Gero elkarrizketa batzuk egin nituen neuk, Elgetan eta Aretxabaletan. Uste dut ez nintzela konziente zenbaterainoko altxorra ari ziren sortzen. Gaur gogo gehiagoz egingo nuke lan hori. 

Euskaraz horrelako bideoteka bat izatea izugarria da. Balio hori ezin da kalkulatu. Jende entusiasta eta langilea dago gure herrian. Lan aparta gure herria ezagutzeko, lurraldez lurralde, udalerriz udalerri, ohiturak, historia, ezagutzaren transmisioa tokian tokiko euskalkia erabiliz. Ehundaka pertsona elkarrizketatu dituzte.  Pertsona bakoitza bere kontestuan, bere hizkeran, bere bizipenak azalduz. Horietako gutxi batzuk egin nituen, 19 guztira.

Hizlariek ematen dutena guztientzako jartzen du eskuragarri Ahotsak proiektuak. Baina elkarrizketatzaileak zuzenean ikasten du. Momentua bizitzen du. Ezezagun baten etxean sartu, galderak egiten hasi, eta pixkanaka, kamara bat daukagula ahaztu. Gero publiko egingo bada ere, intimitate moduko bat sortzen da, konplizitate bat, eta miresmena sentitzen duzu. 

Urte batzuk lehenago, 2001ean, Ustekabe txarangan saxofoia jotzen hasi nintzen. Eibarko historiako lehen txaranga zela esaten ziguten. Baina 2008an jakin nuen ezetz: Elgetako jaietara Eibarko txaranga joaten zen. Juanita Beretxinagak kontatu zidan, eta hortik egun gutxira, Migel Elkorok konfirmatu

 

Hurrengo urtean, 2009an, estreinakoz joan zen Ustekabe Elgetako jaietara. Eta harro kontatu genuen historia errepikatzen ari ginela. Atzo jakin nuen joan berri dela Juanita, 94 urte zituela. Eta inpaktatu zidan Asier bilobaren tuitak, bideoa ikusi nuenean. Doluminak familiari eta betirako nire esker ona Juanitari. 

Egindako elkarrizketen oroitzapen ugari etorri zaizkit gogora. Eta erabaki dut aspalditik egin beharreko zerbait egitea: hizlariei eskerrak eman hurrengo belaunaldiei altxor horiek uzteagatik... eta eskerrak eman, baita ere, Badihardugu Euskara Elkarteari lan mardul horri ekiteagatik. Bereziki Asierri, proiektuaren zati txiki batean parte hartzeko aukera emateagatik, duela hamaika urte, hogei urteko umemoko hari. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Josu Mendicute

Goizaldean jaio nintzen, gurasoek koadrilarekin afaria amaitu eta Korrika Eibartik pasa artean. Urte batzuk geroago Eibarko Alkate izateko hautagai izendatu naute.