Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Josu Leokanne

Muturrak beti mutur, eta beti muturtuta

Josu Mendicute 2013/12/13 11:17
Dani Maeztuk Legebiltzarreko Erregelamendua hautsi du. Presidenteak hitza kendu dio hiru aldiz abisatu ondoren, eta EHBilduko legebiltzarkideek ospa egin dute.
Muturrak beti mutur, eta beti muturtuta

EHBilduren aulkiak, hutsik

Legebiltzarrean, eztabaidatzen diren gaiak aurrez zehazten dira. Taldeek ekimenak Erregistroan aurkeztu, eta Mahaiak onartzen ditu. Gaia eztabaidatzeko momentuan,ez dira beste kontuak eztabaidatzen. Eztabaida antolatua da.

EHBilduk Interpelazio bat aurkeztu zuen, Toki Administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasunerako legeari buruz. Interpelazioa da ekimen parlamentario bat, Jaurlaritzaren jokabidea ezagutzeko gai jakin baten inguruan. 10 minutu aurkezpena egiteko, 10 minutu Jaurlaritzak erantzuteko, eta 5na minutu bigarren txandarako (III. Kapitulua, 1. Atala).

Minutu horiek erabili behar dira gai hori jorratzeko. Eta ez besterik. Beste gai bat lantzeko, prozedimenduari ekin behar zaio: "beste gai bat sartu nahi denean, beteta eduki beharko ditu gai horrek gai-zerrendan sartu ahal izateko Erregelamenduak ezarritako tramiteak" (II. Kapitulua, 78. artikulua, 4. puntua).

Legebiltzarkide batek ezin du bere diskurtsoa erabili bestelako gai bat jorratzeko: "Gaiari lotzeko deia egingo zaie hizlariei aztertzen ari den gaitik kanpo jarduten diren bakoitzean" (VIII. Kapitulua -Legebiltzarreko disziplina-, 2. Atala -Gaiari lotzeko eta ordena zaintzeko deia-, 114. artikulua). Eta artikulu berak zehazten du, legebiltzarkide batek hala jokatuz gero, hitza kenduko zaiola: "Hizlari bati gaiari lotzeko deia hirugarren aldiz egin behar badio lehendakariak esku-hartze berean, kendu egingo dio hitza".

Maiatzean Gorka Maneiro (UPYD) izan zen horrelako numeritoa egin zuena. Gaur Dani Maeztu (EHBildu) izan da. Interpelazioa egin du "Toki Administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasunerako legearen inguruan", eta aprobetxatu nahi izan du beste gai batzuk jorratzeko. Presidenteak hiru aldiz eskatu dio bere gaira mugatzeko, eta ez du nahi izan. Erregelamendua eskuan, hitza kendu dio. Eta Maneirok egin zuen bezala, ospa egin du, EHBilduko gainontzeko legebiltzarkideekin batera.

Pataleta-eskubidea dute Maneirok eta EHBildukoek, eskubidea dute muturtuta aritzeko eta muturreko jarrerak izan eta muturreko proposamenak egiteko; baina ez dute eskubiderik arauen mugak hausteko, ezta bere betebeharrei uko egiteko ere. Izan ere, "Legebiltzarkideak derrigortuta daude beren portaeran Erregelamenduari jarraitzera" (III. Kapitulua, 3. Atala, 18. arikulua). Gaur Dani Maeztuk egin duena arau-haustea da, eta bere taldekideak muturtu egin dira, Presidenteak hori ez baimentzeagatik.

Legebiltzarreko Erregelamendua (pdf).

EITBk alderdiei eskeinitako denbora

Josu Mendicute 2013/11/28 17:09
EHBildu EITBk alderdiei eskeinitako denboraren datu partzial bat ari da sareratzen. Interesgarria da konparazioak egiteko, Iturbek zuzendari daraman denbora osoko datu guztiak elkartzea eta ondorioak hortik ateratzea. Datuak hemen, nahi duenak azter ditzan.
EITBk alderdiei eskeinitako denbora

Zegokiena baino zenbat puntu portzentual gehiago edo gutxiago izan duten denera (elkarrizketak kontutan hartu gabe)

EITBk Alderdiei eskeinitako denbora informazio publikoa da. Legebiltzarrean horren berri ematen du aldiro-aldiro, eta (egia bada ere ez dagoela formatu oso erabilgarrian) datu horiek herritarren esku daude nahi duenak aztertzeko. Datu horiek excel batean batu ditut errazago elkarbanatzeko.

Martxoan izendatu zuten Maite Iturbe EITBren Zuzendari, eta aproposa iruditu zait lagina hurrengo hilabetean hastea. Legebiltzarrean erregistratutako azken datuak uztailekoak dira. Hortaz, batu ditut 2013ko apirileko, maiatzeko, ekaineko eta uztaileko datuak. Dokumentua partekatzen dut hemen nahi duenak begiratzeko, eta bertako ondorio nabarmenenak doaz jarraian.

Elkarrizketak

  • EAJri boto portzentaiaz legokiona baino 10 puntu portzentual gutxiago egin dizkiote.
  • EHBilduri, legokiona baino 10 puntu portzentual gehiago.
  • PSEri, legokiona baino puntu portzentual 1 gehiago.
  • PPri, legokiona baino 7 puntu portzentual gehiago.
  • Eta UPYDri, legokiona baino 0,58 puntu portzentual gutxiago.

Ondorioa: Elkarrizketetan oso kaltetua irten da EAJ, oso pareko geratu dira UPYD eta PSE, eta zegokiena baino denbora dexente gehiago izan dute PPk eta EHBilduk.

Albistegietan denbora vs. hauteskunde-emaitzak

  • EAJri, botoz legokiona baino 15,2 puntu portzentual gutxiago.
  • EHBilduri, legokiona baino 4,6 puntu portzentual gutxiago.
  • PSEri, legokiona baino 2,9 puntu portzentual gehiago.
  • PPri, legokiona baino 13 puntu portzentual gehiago.
  • UPYDri, legokiona baino 1,6 puntu portzentual gehiago.
  • Gainontzeko alderdiei, legokiena baino 1,6 puntu portzentual gehiago.
  • EHBildu eta beste alderdiak batuta, legokiena baino 3 puntu portzentual gutxiago.

Ondorioa: oso kaltetua irten da EAJ. Kaltetua, neurri askoz txikiagoan EHBildu. Zegokiena baino apur bat gehiago eskaini zaie PSEri eta UPYDri eta dexente gehiago PPri. Beraz, ez da bidezkoa -inondik inora- EHBildu sare sozialetan egiten ari den kritika.

Informazio hau askoz zehatzago, eta Excel horretako informazioa txosten moduan aurkeztuta deskargatu dezakezue PDF dokumentu honetan.

OH: Laneko ordenagailuan ez daukat flash instalatzerik, eta hortaz ezin izan dut pdf txostena SlideSharera edo Scribdera igo.

EHBildu, postureo politikoa

Josu Mendicute 2013/11/27 18:22
LOMCEri buruzko Bilkura Monografikoa eskatu zuen EHBilduk Legebiltzarrean. Gaur izan da Bilkura, eta proposamen bakarra egin du: Ponentzia bat eratzea. Bilkurarik egin gabe eskatu zezakeen hori.

Postureo politiko hutsa. Propaganda. Hori da EHBilduren politika egiteko modua. Gaurkoa horren froga argi bat baino ez da izan.

Duela hilabete t´erdi Osoko Bilkura Monografikoa eskatu zuen EHBilduk Legebiltzarrean. Egun osoz aritu dira gaur alderdi desberdinetako bozeramaileak, LOMCEren aurka (PPkoa salbu, EAEko hautesleen %11,73 duen alderdia baita LOMCE defendatzen duen bakarra).

Egun osoz 75 legebiltzarkide batzartuta LOMCEri bueltak eta bueltak ematen. Dozenaka langile horri bueltaka (kazetariak, zerbitzuak, laguntzaileak...). Espero genezakeen EHBilduk proposamen mardulen bat eramango zuela gaur besapean.

Bada, kuantitatiboki hutsaren hurrengoa eraman du: proposamen bakarra (EAJk 33, PSEk 36, PPk 12 eta UPYDk 11). Proposamen 1 bakarrik EHBilduk. Ez ditut beste alderdien 92 proposamenak aipatuko, baina bai EAJren bat, 6.a, ukatua izan dena. Aurka bozkatu dute PSEk, PPk eta UPYDk, eta abstenitu egin da EHBildu. Eurek esan beharko dute zergatik esan dioten ezetz proposamen honi: "euskal hezkuntza sisteman hizkuntzen erabilera arautzea euskal erakundeen eskumen esklusiboa da".

EHBilduren lana kualitatiboki ebaluatu behar badugu, zein da bere aportazioa? Bere proposamen bakarra ponentzia bat eratzea izan da. Ponentzia bat eratzeko ez da beharrezkoa inongo Bilkura Monografikorik egitea. Halako muntairik gabe ere sortu zitekeen Ponentzia.

Ponentzia bat eratzeko Bilkura Monografiko bat eskatzearen atzean arrazoi bakarra egon daiteke: jardun politikoaren helburua propaganda izatea, eta ez herritarren bizitzan eragina duten gauzak egitea (edo geldiaraztea, kasu honetan).

Gehiegizko zigorra, biktimentzako iraina

Josu Mendicute 2013/10/21 15:59
Terroristak legeen mugen gainetik zigortu izan ditu Espainiak. Paradoxikoa dirudi, baina azkenean biktimekiko iraina izan du ondorio.

Estrasburguko Auzitegiak Espainia kondenatu du. Izan ere, hainbat urte daramatzate hainbat presok kartzela barruan... Espainiako legeen kontra.

Hogeita lau erahilketa egitea leporatuta, Parot Doktrina aplikatu zion Espainiak Ines Del Rio ETAkideari. 2008an kalean behar zuen, baina doktrina horren bidez, Legea hautsita, kartzelan darrai oraindik Del Riok.

Egoera hori ulergaitza da demokratikoa den Zuzenbide Estatu batean. Edo ustezko Zuzenbide Estatu batean, behintzat. Espainian, aldiz, sutsuki defendatu dute. Horrek agerian uzten du zer nolakoak diren Espainiako kalitate demokratikoa eta segurtasun juridikoa. Zorionez, Europar Batasunaren baitan dagoen Estatua da, eta Batasuneko Giza Eskubideen auzitegiak aho batez erabaki du Parot Doktrina bertan behera uztea.

Inés Del Río eta beste 54 preso aske utzi beharko ditu Espainiak. Hori gutxi ez, eta 30.000 euro eman beharko dizkio Del Ríori kalte-ordainetan. Ez da berri pozgarria izan biktima batzuentzat, iraingarritzat hartu baitute albistea.

Kontua da... Zuzenbide Estatua defendatzen duenak, nekez defendatu dezakeela Zuzenbide Estatuaren aurkako neurririk. Eta Zuzenbide Estatua eskuan, ezin dituztela preso horiek kartzelan mantendu. Hori horrela izanik, kuriosoak dira zenbait erreakzio. Izan ere, ustez Zuzenbide Estatuaren alde daudenak baitira gaur ospakizunetarako gogo gutxien daukatenak.

Ama, hoiei ze gustatzen zaie, Euskadi edo España?

Josu Mendicute 2013/09/25 11:14
Ama, hoiei ze gustatzen zaie, Euskadi edo España?

Errepublika españolaren banderak Eibarren. DV 2012/04/14

Behin, umetan, bost bat urte izango nituen, dozenaka lagun ikusi nituen etxe parean Izquierda Unidako banderak eskuan. Aitari eta amari hori zer zen galdetu, eta partido politikoa zela. Eta nik, nire inozentziatik...

- Ta hoieri ze gustatzen zaie, Euskadi edo España?

Biak barrezka hasi eta "horreri, Mundua!!!" erantzun zidaten. Konzientzia politikoa eta identitatea eraikitzen ari nintzen hartan, faszinantea iruditu zitzaidan.

Gerora jabetu nintzen euren banderek estatu eredu bat bakarrik ez, nazio bat ere ordezkatzen dutela. Nik ere badudala nazio bati lotutako identitate bat, eta badela posible nork bere herrian sustraiturik munduarekiko ikuspegi irekia izatea. Are gehiago... horrela egindakoa baino aportazio aberatsagorik nekez egin dakiokeela munduari.

“I do not want my house to be walled in on all sides and my windows to be stuffed. I want the cultures of all the lands to be blown about my house as freely as possible. But I refuse to be blown off my feet by any.” (Mahatma Gandhi)

EA: bere lekua behar izatetik, bestearenean egotera

Josu Mendicute 2013/05/02 14:05
Eusko Alkartasuna alderdiak azken urteotan izandako deriba ideologikoaz daukadan iritzia: ona izan da abertzaleen bitasuna posible egiteko, baina diskurtsoen berritzerako berarengan jarritako esperantzak ezerezean geratzear daude.
EA: bere lekua behar izatetik, bestearenean egotera

Erasoa Zaramagako Alkartetxean (Gazte Abertzaleak, 2004)

Abertzaletasunaren mesederako, 2 indar politiko handi egotea defendatu izan dut. Bi espazio politiko abertzale baitaude euskal soziologia politikoan: EAJ eta ezker abertzalea. Horregatik ez nuen ulertu bere garaian EAk EAJrekin erabat hautsi izana, bere indar propioa erakusteko saiakera baldar batean, bi hanka horien –eta ondorioz abertzaletasunaren- sendotzearen aldeko apustua egin beharrean.

EAk bere bidea egin behar omen zuen, ez beste inoren segidismoa. Eta bere bidea markatze hori hain zen garrantzitsua, zentzugabekeria iruditu zitzaidan barne zatiketa bat izatearen kostua asumitzera iritsi zela EA. Ez da kontu makala.

Orduan espero ez genuena (edo sinistera iristen ez ginena) zera zen: bere bide propioaren aldarriaren atzean zegoena oso bestelakoa zela. Bide propioa egin baino, artzaiz aldatu eta hark gidatutako artaldean integratzea -bere diskurtsoak asumituz- izango zela hain zuzen ere bere egitekoa. Zilegi dena, noski, baina duela 5 urte inondik inora inork espero ez zuena.

Ezker abertzale tradizionala eta Eusko Alkartasunaren arteko harremanak gozotzen joan ziren pixkanaka. Gernikako akordioa iritsi zen, Bildu koalizioa gero, eta berarekin batera beste sakrifizio latz bat: Nafarroa aldatzera bidean zegoen Nafarroa Bai koalizioa zapuztea. EAren ibilbide bitxi honek, eszizioak barne, balio izan du abertzaleen batasuna (bitasun perfektua, hobe esanda) posible egiteko. Hori aitortzen diet EAn geratu zirenei zein EA utzi eta betiko bidea jarraitzeko asmoz proiektu berri bat hasi zutenei. Alderdi abertzaleen atomizazioarekin amaitzea posible egin dute, eta aitortu beharrekoa da hori.

Baina hori aitortzearekin batera, ezker abertzalearen batasun berri horren (Bildu, Amaiur, EH Bildu) eduki politikoetan, espero nuenaren erabat kontrakoa gertatu da. Gernikako Akordioarekin eta Bilduren hasierako diskurtso eta keinuekin, bazirudien EA ezker abertzale tradizionalarengan eragin handia izaten ari zela bere diskurtsoak berritzeko eta demokratizatzeko. Ez dakit zein izan den kausa: Espainia ozpinduaren eragina (ilegalizazio mehatxuak eta inmobilismoa bake prozesuaren aurrean) edo ezker abertzale tradizionalak ezarritako hegemonia; baina badakit zein izan den ondorioa: hasieran EAk ezker abertzale tradizionalarengan influentziarik izan bazuen, dagoeneko erabat eraldatu da eta diskurtso zaharraz jarraitzen duen artzaiaren artaldeko kide baino ez da. Ezker Abertzalearen diskurtso tradizionala erabat propio asumitu du EAk. Pozik egoteko arrazoiak dituzte ideologia iraultzaile horretan sinisten zutenek, baina abertzaleen arteko elkarlanari mesede egingo zion diskurtsoen eguneraketa bat beharrezko ikusten genuenontzat ez dirudi pozik egoteko kontua.

Azken egunotan ugaritu egin dira EAJren Batzokien aurkako erasoak. Eta horren aurreko erreakzioetan sorpresa izan dut. Lehenago EAk eta Aralarrek ere jasan izan zituzten antzekoak, eta alderdi demokrata guztiek gogor gaitzetsi zituzten erasook, baita eurek ere. Eusko Alkartasunako gazteek, Gazte Abertzaleak elkarteak hain zuzen ere, “ataque fascista” gisa katalogatu zuten bere egoitzak jasandako erasoa. Gaur, berriz, horrelako ekintzen aurrean, bere kide diren zenbaitek beste alde batera begiratzea nahiago dutela dirudi. Besteak bere lekurantz hurbiltzeko zuen gaitasuna abandonatu, eta bestearenean egotera pasa dela dirudi. Gogoetan erratuta egoteko esperantza daukat, baina susmoa dut oraingo artzaiarekin ezin ote diren artaldetik irten.

Epaiketa injustuen ondorioz ebatzitako atxiloketak gauzatu beharraz

Josu Mendicute 2013/04/18 17:20
Segi erakunde politikoko kide izateagatik 8 pertsona atxilotzeko agindua jaso du Ertzaintzak. Ertzaintzak atxiloketa gauzatzeko betebeharra duela uste dut, atxiloketarekin ados ez banago ere.
Epaiketa injustuen ondorioz ebatzitako atxiloketak gauzatu beharraz

"Herriharresia", Ertzaintzak atxiloketa gauzatzea ekiditeko (@askegunea Twitterren)

Segi erakunde politikoko kide izateagatik 8 pertsona atxilotzeko agindua jaso du Ertzaintzak. Behoa aurretik injustua deritzodala erakunde politiko bateko kide izate hutsa kriminalizatzea, ez baldin bada jarduera zehatzik frogatzen, eta horretara nire elkartasuna adierazi nahi diedala injustua deritzodan epaiketa hori jasaten ari diren 8 pertsona horiei. Uste dut iraganekoa den –edo iraganean utzi nahi dugun- egoera bati erantzuten dion Estatu-estrategia gogor bati erantzuten diola epaiketa honek, ETAri eta bere jardunari bere gaitzespen argia erakutsi ez dion oro erakunde terroristaren apendize kontsideratzearen bide maltzurrean oinarritutako estrategia eta Euskal Herrian beste hainbat epaiketa injustu ekarri izan dituen estrategia, hain zuzen ere, Egunkaria kasu horren adibide argia izanik.

Egoera horren aurrean eskaera luzatu zaio EAJri Ertzaintzak ez dezan askok injustutzat hartzen ditugun atxiloketa horiek gauzatu. Zentzu horretan, gogoratu beharra dago Ertzaintza polizia judiziala denez gero, Ministeritza fiskalaren, epaileen eta epaitegien esanetara dagoela, horien agindu zuzenetara, legez araututa hala egiten badute. Horren aurka egiteak izango lituzkeen ondorio lirateke bere arduradun politikoekiko inputazioa, beste polizia bat bidaltzea eta hortaz Ertzaintzaren polizia integral izaeraren izatezko deuseztapena, eta Ertzaintzak legea urratzeak suposatzen duen segurtasun juridiko eza. Legeak, gustoko edo ez, denok bete beharrekoak dira; eta erakunde publikoen kasuan, betearazteko ere bai. Bere funtzioen utzikeria larria litzateke, aipatutako arrazoiak medio, legeen kontrako jarduna egitea Ertzaintzak, herri honen gehiengoak lege horiek justuak ez direla uste izanda ere.

Legeen aurka egiteko erakunde legegileetan hartu behar dira horiek aldatzeko eta deuseztatzeko neurriak, eta auzitegietan –nazioartekoak barne- eskatu urratzen diren giza eskubideen bermea. Zentzu horretan lan mardula dago aurretik; eta baita horiek ahalbidetzera bidean, zenbaiten ikusmolde politiko ozpinduak eta zaharkituak egoera berrira egokitzea ahalbidetzeko. Hor jarri beharko genituzke ahaleginak arazo honi konponbidea jartzeko eta gauzatzear dagoen espetxeratzeari irtenbidea emateko, eta hala izatea espero dut, Ertzaintzak atxiloketa gauzatu ala ez, berdin-berdin izango baita beharrezko lan hori.

Simulakro urbanistikuak

Josu Mendicute 2012/10/15 16:10
...eta kitto! aldizkarixa, 2012/X/12, 5. or.

Atxakixarik ez da falta izaten diru publikua porlanian gastatzeko, eta oiñ modan daguana kalietan oinezkuendako guniak sortzia da. Aspaldittik daroiat hori defenditzen, ta ez naiz ba horren kontra hasiko oin, baiña poltsikuari be begiratu bihar jako... krisisan atxakixakin bada be! Estaziño kalia barrizteko, 211.000 euro. Ego-Gain, 280.000 euro. San Agustin, 255.000 euro. Laugarren kale bat eindakuan milloi bat euro izango da danera. Ta damutu ezkero, ze?

1996xan Getxon peatonalizaziñua probau zeben obrarik eiñ barik. Pintura pixkat nahikua izan leike proba bat eitteko. Eredu hori Massachusettseko teknologia institutuak bere ikaslieri erakusten detsa, eta eredu horri jarraittu zetsan New Yorkeko Udalak Times Square berriztu aurretik probia eitteko. Guk, badaezpada, dirua aurretik. Eibartarrak harruak ez garanik ezingo dabe esan behintzat.

Obsesiño identitarixua... zeiñena?

Josu Mendicute 2012/10/11 16:21
Batzuri tripako miña emoten detse Galizia ta Gaztelatik etorrittakuon oiñordekuak herri honen erabakitze eskubidia sutsuki defenditzia. Halako aldarrikapen demokratiko baten aurrian, deskalifikaziño personalerako tartia baiño ez jake geratzen. Irain batek probokatuta idatzi dot artikulu hau.

Nahiko neuke krisisari aurre eitteko soluziñuak egotia mahai gaiñian egunotan. Langabezixa %35a igo ta zorra 8 aldiz biderkatuta gastu arruntari heldu ahal izateko, sozialistok argumentu gitxi dakez kanpaiñian zihar kontau ahal izateko. Euron zorion ta gaiñontzeko lurtarron zorigaitzerako, holako egoerieri aurre eitteko beti dake karta bat gordeta kanpaiñarako, euren maletiñak ondo berotu ostian: maleten diskursua. Obsesiño identitarixua ta Euskal Herrittik alde eittera bihartuko doguzela kanpotik etorrittako hainbeste euskal herritar. Astelehenian etorri jakun bisitan López Amañara, horretxek kontuokin. "Nunca más bajaremos la mirada por tener apellidos y acentos diferentes" esatera etorri zan gurera, ta bide batez Jaurlaritzak Eibarren eindako inbersiñuen sasiegixak kontatzera... baiña hori, beste baterako.

Galiziatik etorrittako langille baten alaban semia naiz. Valladolidetik etorritako langille baten alaban semia zan nere aitta be. Baiña gauzak ze diran, herri honen erabakitzeko eskubidian defentsa sutsua eitten dot. Neu be herri honen seme naizelako, nere lehen zortzi abizenen artian Rodriguez, Del Barrio edo Vazquez egonda be. Mingarrixa jake XIX. mendeko diskursuetan itxi nahi diran batzueri, ta horren aurrian anonimotasunetik deskalifikaziño personalera jotzia beste aukerarik ez dake, eta holako perlak jasatera kondenau nau gure herriko gizaseme batek: "el nieto de matarratas es el nuevo vocero del PNV".

El nieto de Casimiro, el nieto de Matarratas, Josu Mendicute está muy orgulloso de defender el derecho a decidir de su pueblo con su palabra y sin descalificar al ajeno desde el anonimato. Mal que les pese a los unionistas de este país, somos cientos, somos miles los ciudadanos y ciudadanas vascos y vascas descendientes de gallegos, castellanos, extremeños o andaluces que creemos en la existencia del pueblo vasco y en su derecho a decidir su futuro en paz y en libertad, y dicho sea de paso, que vivimos en un bilingüismo real. Y por mucho que les pese, derecho a decidir no es una obsesión identitaria, no es hacer un país para gente con 8 apellidos vascos y RH negativo. Yo, con apellidos españoles y RH positivo, reivindico el derecho de este pueblo a decidir su propio futuro. Porque más allá de una lucha de identidades, es reivindicar el pleno ejercicio de la democracia. Que no nos enreden.

Argi euki deixela Eibarko eta Euskal Herriko extremeño, andaluz, boliviar eta argentinarrok eta euren seme-alabek. Herri honen parte dira eta herri honen  etorkizuna erabakitzeko eskubidia dake. Dakagu. Demokraziari mugak jartzen detsana da kanpotik etorrittako hainbeste laguni, gaiñontzekueri bezela, eskubidiak murrizten ari dana.

Eibarko Udalak Ermuko txaranga kontratatu du danborradarako, Ustekabe beharrean

Josu Mendicute 2012/06/11 16:50
11 urtez Eibarko Ustekabe fanfarreak Umeen danborrada jo ondoren, Kultura saileko buruak Ermuko Irulitxa ekartzea erabaki du. Bi aldiz joko du Irulitxak Eibarren.
Eibarko Udalak Ermuko txaranga kontratatu du danborradarako, Ustekabe beharrean

Ustekabe, umeen danborrada batean (Irudia: ...eta kitto!)

Minduta nago, oso, Udalaren erabakiarekin, eta min hori erreprimitu ezinda Twitterren hau bota dut:

 

¿Os imagináis un eibarrés de jefe de Cultura del Ayto. de Ermua y quite a Irulitxa en Santiagos para poner a Ustekabe? En Eibar es posible.

— Josu Mendicute (@jmendicute) June 11, 2012

 

Bai, Ermukoa da gizona, baina hori ez da larria. Udal bateko funtzionario izateko ez daukazu zertan udalerriko biztanle izan, bistan denez. Larria dena da Eibarren txaranga bat sortu zenetik beti jo duela umeen danborrada (eskaririk jaso gabe sartzen zuen Udalak programan!!!) eta aurten Oria eta Irulitxak joko dutela danborrada, Oriak eta Ustekabek beharrean. Eta ez digute ezertxo ere esan: programan ikusi dugunean enteratu gara.

Noski, pentsatu dugun lehen gauza izan da inprentaren akatsa izan dela. Irulitxak ekainaren 23an ere jotzen du Eibarren, Udalak berak kontratatuta, eta ekainaren 24ko ordutegi berean. "Konfunditu egingo ziren" pentsatu genuen.

Baina ez. Gaur joan naiz Portaleara, badaezpada, inprenta akatsa zen galdetzera. Ez zen inprenta akatsa. Kultura buruak erabaki du Ustekabe beharrean Irulitxa ekartzea. Bi arrazoi eman dizkit:

  • Prezioa: Irulitxa merkeagoa da.
  • Aratosteetan ez genuela Eibarren jo.

Biak azaltzen saiatuko naiz.

Prezioa

Egia da Ustekabe ez dela Euskal Herrian aurkitu daitekeen txarangarik merkeena. 3 orduko aktuazio baten truke, printzipioz, 1.150 euro eskatzen ditugu, nahiz eta oso gauza arrunta den kilometroen arabera, aktuazioaren exijentziaren arabera eta abar %20 inguruko deskontu bat egitea.

Danborradak printzipioz garestiagoak dira: ordu bakoitza 700 euro eskatzen ditugu (Donostiako danborradan ordaintzen den beste). Arrazoiak bi dira: batetik, errepertorioa bereziki prestatu behar da (gure kantutegitik aparte, propio ensaiatu behar dira kantuak) eta aktuazioa gogorragoa da (fuerte jo behar da, deskantsu bakarra dago...).

Edonola ere, prezioak beti negoziatu egiten direla konprobatu dugu 11 urteotan. Eibarko Udalari, normalean, 200 euroko deskontua aplikatzen diogu (950 euro aktuazio normal batean, 1.200 euro beraz danborradan).

Prezio hauek beti dira negoziagarriak. Badakigu garai latzak bizitzen ari garela eta gure helburu nagusia han eta hemengo jaietan ondo pasatzea da. Prest gaude, eta hala egiten dugu, prezioak sakrifikatzeko guretzat bereziak diren ekitaldietan.

Hala ere prezio hauek ez ditugu errespetatzen herriko elkarteek deitzen digutenean. Eibarko herriaren alde askotan jo dugu doan edo kostuak finantzatzeko ere balio ez duen prezioan. Galdetu Club Ciclistari, Mogel Ikastolari, Alzheimerdunen Gipuzkoako Familien elkarteari, La Salle ikastetxeari, AEKri Korrika pasatzen denean, Jaixak Herrixak Herrixari elkarteari, Eskozia La Bravari, Eibar K.E.ari, J.D.Arrate taldean zebizenei... eta ea zenbat ordaindu diguten. ¡¡¡Ni pa pipas!!!

Badakigu Irulitxa merkeagoa dela. Baina ez dut uste Irulitxak doan egingo lituzkeenik Eibarren guk egin ditugun guztiak. Eta halere, Ustekabe baino garestiagoak badaude. Beste txaranga batzuen aktuazioa 2.700 euro ordaindu izan du Udalak, Sanjuanetan bertan (goiz eta arratsaldeko aktuazio, baina proportzioan ere gurea baino garestiagoa).

Aratosteetan ez genuela jo

Urtarrilaren 31an aurrekontu eskaera bat jaso genuen Eibarko Udaletik, otsailaren 18an jotzeko (Aratosteetako larunbata). Lehenago deitu ziguten Bilboko Konpartsetatik, egun berean eta ordutegi berean jotzeko, eta hortaz ezin genion baiezkorik eman Eibarko Udalari.

Gure akatsa izan zen ezezkoa ematen astebete baino gehiago tardatu genuela (otsailaren 8an erantzun genion ezezkoarekin). Noski, gu ez gara enpresa bat, guk gure lana eta ikasketak ditugu eta txarangaren kudeaketa astez astekoa izaten da, ez egunez egunekoa. E-maila ikusi genuenean erantzun genuen!

Aratosteetarako kontratazioak urrian hasten dira. Askotan esan diot nik neuk hori Eibarko Udaleko kultura saileko buruari. Baina aurrekontu eskaerak 3 aste lehenago egiten jarraitzen dute.

Haserre dago, antza, aratosteetan ez genuelako jo, "larunbatean beti jo izan dugunean". Ez da egia. Hara:

  • 2001ean Ustekabek jo zuen, baina programatik kanpo (txarangak oraindik ez zeukan izenik).
  • 2002 eta 2007 urteak bitartean Ustekabek jo zuen ostegun arratsaldean.
  • 2008an Ustekabek ez zuen Aratosteetan jo (Pasai txarangak jo zuen).
  • 2009an Ustekabek ez zuen Aratosteetan jo.
  • 2010 eta 2011an Ustekabek jo zuen larunbat arratsaldean.
  • 2012an Ustekabek ez zuen Aratosteetan jo, azaldu berri dudana medio.

Danborrada berriz URTERO jo dugu 2001etik hona, kenduta urte bat (2006a uste dut) zeinetan euria egin zuen eta antolatzaileek bertan behera utzi zuten danborrada (hala ere erdialdeko kaleetan jotzen aritu ginen).

 

Azalpenen batean erratu banaiz edo norbaitek uste badu ez dudala informazio guztia eman, arren erantzunetan bota bota beharrekoak edo galdetu nahi beste.

Eguneraketa: ekainak 12, 11.15

Idatzi nuenean ez nintzen akordatu. Ze demontre!! Eibarko Udaleko Kultura Sailarentzat ere jo du Ustekabek doan! Iazko Euskararen Egunean adibidez.

Eguneraketa: ekainak 17, 14.55

Astelehenetik ostiralera gauzak aldatu egin dira. Azkenean Ustekabek joko du Eibarko umeen danborrada.

Josu Mendicute

Goizaldean jaio nintzen, gurasoek koadrilarekin afaria amaitu eta Korrika Eibartik pasa artean. Urte batzuk geroago Eibarko Alkate izateko hautagai izendatu naute.