Ezin erabagi erabagitzeko eskubidiaren aldeko nahixa
Juan dan aprillaren 14an, Espaiñiako Republikia aldarrikatu ta 85 urte beranduago, moziño bat aurkeztu genduan Eibarko Udalian. Testuan errekonozidu egitten genduan 1931n zinegotzixek izandako ausardixa, ta euren borondate demokratizatzailliaren oiñordeko gisa, eskatzen genduan Eibarko Udalak aldarrika zezala Euskal Herrixak herri gisa dakan erabagitzeko eskubidia.
Moziñua ez dogu Udalbatzan eztabaidatuko, Alkatiak (PSOE) blokeatzia erabagi dabelako. Apaindu leike milla modutara, baina jarrera argixa da: erabagitzeko eskubidia ez da eztabaidagarrixa. Izatez, hala bihar leuke: eskubidiak ez dira eztabaidatzen, berezkuak dira. Baina hamen blokeatu egitten da ez eskubidia, baizik eta horren aldarrixa. Alkatiak aukera kendu detsa Udalbatzari, eztabaidatu eta bozkatu zezan herri honen erabagitzeko eskubidiaren (eskubide oiñarrizkua ta demokratikua, tranbertsala biharko lukiana) aldeko eskabidia.
PSOE harro agertzen da Udalak Espaiñiako Republikia aldarrikatu zebalako. Baiña billurra detsa Euskal Herrixak erabagitzeko eskubidea dakala adierazteko aukeria ireki leiken ekiñaldixari. Udalbatzan dakan gutxiengua agerixan lagatzeko arriskuaren aurrian, eztabaida blokeatu eiñ dau.
Erabagi hori blokeatu dabenek, ba al dakixe zer diñon Udaletxeko aurrealdian daguan plakak? Edo, euskeraz daguanez, ez detse jaramon haundirik eiñ?