Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret

Euskadi ala Euskal

Gerardo Luzuriaga 2007/10/30 08:08

Iruzurra: aurretik den-dena hitzartuta baitzegoen. Lege hau indarrean jartzeko prozesua luzea izan denez, liburutegi mundutik atzemandako kontu batzuei buruzko gogoetak egingo ditut:

Zergatik EAJ, EA, EB, EHAK eta Aralarrek aurkeztu zuten Euskadiko Liburutegien legearen Irizpena era honetan: “Euskal Liburutegi Nazionala, eta Euskal Bibliogragia Gordailua” azkenean EAJ, EA, EB eta Aralarrek osoko bilkuran atzera egiteko eta PSEren proposamenarekin bat etortzeko: “Euskadiko Liburutegi Nazionala, Euskadiko Bibliografia Gordailua” uzteko, alegia.

Zertarako?, agian izan da afera nahasteko? Gogoan daukat duela hiru urte, kontu hauekin hasi ginenean idazle eta argitaratzaile ospetsu baten hitzak, liburutegi legea PSEren proposamenekin adostuko zituztela. Horrela izan da, Legebiltzarrean azken irizpena EAJ, EA, EB, EHAK, eta Aralarreko adostasunarekin aurkeztu zen osoko bilkura. Baina, dakizuenez, Euskal Sozialistak honen gaineko boto partikularra aurkeztu zuten, testu osoan aipatutako terminologia aldatzeko. Eta PSE-EEk eskatuta, izena aldatu diote oraindik sortu ez duten erakundeari eta gainontzeko testuari…, beraz Euskal Liburutegi Nazionala Euskal erakundea soilik izan da fetoa izan den arte, erakundea jaio berri orduko Euskadiko Liburutegia bihurtzeko.

Euskadi edo Euskal jartzeak prentsan ere nahaspena ekarri du. Baina legea indarrean jarri ondoren ezin garbia geldituko da, izena eta ahalmena, eta funtzioak. Egun, berriz inork ez du jakin nola jarri, nola izendatu, ikus dezagun nola eman duen berria prentsak:

Deiak: “Por otro lado, la nueva norma es el primer paso para la creación de la biblioteca nacional vasca o Biblioteca de Euskadi, que se creará por medio de otra ley”. Diario de Noticiasek: “Durante el debate de la ley, el PP y el PSE han intercambiado críticas por la consideración que cada grupo da a la denominación de la biblioteca nacional vasca.” Gasteizen emandako prentsa oharran ere horrela zetorren: “La futura Biblioteca nacional vasca se creará sobre la base de una normativa con rango de Ley que será desarrollo de la aprobada hoy”.

Aurrekoak garbi adierazten du izenaren aldaketa inork ulertu ez duen azken mugimendua izan dela. Euskadi edo Euskal izatea erabat desberdin baita, jakina.

Nafarroako Liburutegi Digitala

Gerardo Luzuriaga 2007/10/29 17:37

Ustekabe atsegina jaso dut ASNABIko blogetik, horren bitartez jakin izan dut BINADI, Nafarroako Liburutegi Digitala sortu dela. Nafarroako Liburutegi Digitalaren helburua (BiNaDi) Nafarroako ondare bibliografikoa hedatzea da informazio teknologia berrien bitartez. Egun 120 lan eskuragarri dago.

Liburutegi Legea motz gelditu da

Gerardo Luzuriaga 2007/10/27 19:10

Gerardo luzuriaga Joana Albret Mintegiko kidea

«Legea motz geldituko da, liburutegi garrantzitsuenak sistematik at badaude»

  1. BERRO

Eusko Legebiltzarrak onartutako Liburutegi Legearekin kritikoa da Gerardo Luzuriaga.

Liburutegi Legeak ez die eragingo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako liburutegi guztiei, haietako batzuk Euskadiko Liburutegi Sistematik kanpo baitaude. Hortaz, legea eraginkorra izango dela uste duzu?

Gauzak dauden bezala egonda, zaila izango da eraginkorra izatea. Euskadiko Liburutegi Sistema motz geldituko da, liburutegi garrantzitsuenak sistematik kanpo daudelako. Borondatez, ahalmena daukate sistemara biltzeko. Legeak aukera ematen die. Baina Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak ere ematen zien aukera hori, eta 17 urtean, arrazoi bategatik edo besteagatik, liburutegi horiek ez dira sistemara bildu. Orain, egoera politikoa bestelakoa da, badaude beste tresna batzuk duela 17 urte ez zeudenak, baina susmoa daukat liburutegi horiek sistematik kanpo jarraituko dutela. Euskal Herriko egoera berezia da; Espainiako eta Frantziako ereduen mende daude hemengo liburutegiak. Eta garrantzitsuenak Euskadiko Liburutegi Sistematik kanpo geratzen badira, zaila izango da noizbait sistema propio eta antolatua izatea.

Liburutegien eremuan interes asko eta desberdinak daudela esan duzu. Batzuek eredu propioen alde egiten dutela eta beste batzuek Espainiako eta Frantziako eredu bibliografikoei jarraitzen dietela. Legeak eredu propioa ezartzen lagunduko duela uste duzu?

Legea pauso bat da, baditu alde onak. Duela 17 urteko legea sistemari buruzkoa zen bakarrik. Oraingo honek beste gauza batzuk arautzen ditu; esaterako, Euskadiko Liburutegia. Baina liburutegien euskal eredua lortzeko beste gauza batzuk kontuan hartu beharko lituzke legeak. Adibidez, ez du esaten liburutegietako katalogoek euskaraz egon behar dutela. Egun, erdaraz daude gure herrietako liburutegietako katalogoak.

Euskadiko Liburutegi Sistema lankidetza harremanen bitartez liburutegi zerbitzuak emateko gai diren erakundeen multzoa izango dela esan du Kultura Sailak. Hori praktikara eramatea posible dela uste duzu?

Zaila ikusten dut lankidetza sistema, liburutegi asko sistematik kanpo badaude, eta sistemak baino indar handiagoa badute. Haien interesei eta beharrei soilik erantzuten badie bilduko dira sistemara liburutegi horiek.

Liburutegi Legea

Gerardo Luzuriaga 2007/10/27 19:07

Liburutegi Legea onartu du Eusko Legebiltzarrak, EHAK ez beste alderdien babesarekin

Irune Berro

Eusko Legebiltzarrak Liburutegi Legea onartu du, eta horrenbestez, Euskadiko Liburutegia eratzeko lehen pausoa eman du. Legebiltzarreko alderdi guztiak azaldu dira legearen alde, EHAK izan ezik. Alderdi horretako legebiltzarkideen aburuz, «Liburutegi Legea ez da nahikoa». Bestalde, Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkidearen hitzetan, «legea motz gelditzen da», baina «aurrerapausoa da», eta aldeko botoa eman du. Hala, Miren Azkarate Kultura sailburua pozik agertu da «legea onartzeko lortutako adostasun zabalarekin», eta «Liburutegi Legea sektorea Europa moderno eta aurreratuan kokatzeko aurrerapausoa» dela esan du.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako liburutegiek Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeari jarraitzen zioten orain arte. Baina duela 17 urteko lege horrek ez zien eragiten EAEko liburutegi guztiei. Euskadiko Liburutegi Sistema osatzen zutenak bakarrik arautzen zituen, hots, udal liburutegiak. Izan ere, Euskadiko Liburutegi Sistematik kanpo daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat liburutegi; esate baterako, foru aldundietako liburutegi publikoak eta erkidegoko administrazioaren mende ez dauden liburutegi espezializatu eta pribatuak: honako hauek, besteren artean: Gasteizko Antso Jakituna, La Floridako Foru Liburutegia, Bizkaiko Foru Liburutegia, Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka, Eusko Ikaskuntzarena eta Koldo Mitxelena.

Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak bezala, Eusko Legebiltzarrak atzo onartu zuen Liburutegi Legeak ez die aipatutako liburutegi horiei eragingo, Euskadiko Liburutegi Sistematik kanpo baitaude. Alabaina, Irakurketa Sare Publikora biltzeko aukera emango die, «beren zerbitzu multzoa herritar guztien eskura jartzen badute».

Legearekin sektorearen erregulazio zehatzagoa egin nahi du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, «Euskadik liburutegi azpiegitura eta zerbitzu moderno eta koordinatuagoak izan ditzan, herritar guztiek erraz erabiltzeko modukoak». Hartara, «herri administrazioek establezimendu horietarako jartzen dituzten baliabideak optimizatu egingo dituzte».

BESTE IZEN BAT LIBURUTEGIARENTZAT. Halaber, Liburutegi Legearen bitartez, oinarrizko eskubide diren adierazpen askatasuna eta informaziorako irizpide publikoa bermatu nahi ditu Kultura Sailak.

Hori hala izan dadin, aginte publikoek helburuak betetzeko behar diren bitartekoak bermatuko dituztela esan du Jaurlaritzak, «eta liburutegi-zerbitzuen titularrak diren administrazioen arteko koordinaziorik estu eta eraginkorrena bultzatuko» dutela. Hortaz, Jaurlaritzako Kultura Sailaren arabera, Euskadiko Liburutegi Sistema «lankidetza harremanen bitartez liburutegi-zerbitzuak emateko gai diren erakundeen multzoa izango da».

Bestalde, Euskadiko Liburutegia sortzeko legea aurki aurkeztuko du Kultura Sailak Legebiltzarrean. Donostiako Tabako Fabrikan jarriko dutena, baina, ez da Euskal Liburutegi Nazionala izango, Euskadiko Liburutegia baizik. PSEE-EEk eskatuta, izena aldatu diote oraindik sortu ez duten erakundeari. Isabel Celaa legebiltzarkideak egin du proposamena, «terminoaren anbiguotasuna gutxitzeko». Eta Fernando Maura PPko legebiltzarkideak gaiari garrantzia kentzea leporatu dio, «izenak defenditzen duen ideia estatu bihurtu nahi duen nazioarena baita».

Euskadiko Liburutegien legea

Gerardo Luzuriaga 2007/10/22 22:15

Liburutegi Legea aurkeztuko da aurki Eusko Legebiltzarrak onartu dezan, Euskal Erkidegoan liburutegiek 1990tik izan duten araudia garatzeko. Lege horrek Euskadiko Liburutegi Sistema nekez planifikatu, antolatu eta sortuko du, alde positibo asko eduki arren. Alde horiek legea indarrean jarri orduko goraipatzeko denbora edukiko dugunez, oraingoz, Liburutegi Sistemaren gabezia batzuek nabarmentzeari ekingo diogu, beti liburutegien legea hobetzeko asmoz.

Duela 17 urte sortu zen Euskadiko Liburutegi Sistema, eta sistema honetatik at zeuden foru aldundietako liburutegi publikoak eta erkidegoko administrazioaren mende ez zeuden liburutegi espezializatuak -Gasteizko Antso Jakituna, La Floridako Foru Liburutegia, Bizkaiko Foru Liburutegia, Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka, Koldo Mitxelena, Eusko Ikaskuntzarena...- beren borondatez eta hitzarmenez sartzeko aukera zuten, orain aurkeztuko den legeak egiten duen bezala. Eta denok dakigu zer-nolako sistema liburutegi izan dugun urte hauetan.

Liburutegi publiko guztiek osatu beharko lukete Liburutegi Sistema, horiek kanpoan uztea fundamentu gabeko sistema eratzea dela iruditzen baitzaigu.

Horren harira, Euskadiko Irakurketa Publikoko sarea udal liburutegiek baino ez dute osatuko, gainontzeko liburutegi publikoak hitzarmenen bitartez Euskadiko Irakurketaren sarean parte ahal izateko aukera ematen bada ere. Irakurketa Publikoko Sarea eratuko da, liburutegi publiko guztiek osatzen ez dutena, alegia.

Liburutegien eremuan ez da nahikoa hemen ditugun berezitasunak eta beharrak kontuan hartuko dituen arautegi egokia edukitzea -eta kasu honetan hori ere ez dago bermatuta- legean agertzen diren aurrerapausoak praktikan jar daitezen. Eremu honetan interes asko eta oso desberdinak daude, liburutegi batzuek eredu propioen alde egiten dute eta beste batzuek, aldiz, Espainiako eredu bibliografikoei jarraitzen baitiete.

Ezbairik gabe, lege honek nekez lortuko du eredu propioa ezartzea Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, alde batetik, hemengo liburutegi garrantzitsuenak Euskadiko Liburutegi Sistematik kanpo jarraitzen dutelako, eta bestetik, orain arte egon ez den aldaketarik ez badago behintzat, Espainian indarrean dagoen ereduari jarraituko diotelako.

Eskarmentua badaukagu, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legean Euskadiko Liburutegi Sistema sortu zen arren, ezinezkoa egin baitzaigu legean agertzen ziren aurrerapausoak praktikara eramatea. Eta 17 urte joan dira.

Nabarmendu nahi dugu egindako proposamen eta iradokizun guztiak EAEko lurralde-eremuari begira eta planteamendu teknikoetan oinarrituta izan direla.

Baina, euskal kulturari buruz dihardugunez, gainontzeko euskal lurraldeekiko lotura ekonomiko, sozial eta kulturalak kontuan hartuta, eta batez ere hizkuntza bera edukita, ezinbestekoa da arlo honetako proiektuak elkarrekin egiteko aukerak kontuan edukitzea. Eta harrigarria da, zinez, aipatutako 7/1990 legearen 8. artikuluan jarritakoa orain egiten ari den legean ez jasotzea: «Jaurlaritzak, euskal kultur ondarea aldezteko, babesteko eta sustatzeko lagungarrietarako, Nafarroako Foru-Elkartearekin lankidetza-itunak egin eta harremanak izateari bultz egingo dio» (sic).

Oraintxe Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako Lege honek kultura, ekonomia, gizarte eta hizkuntza arloan alde komunak dauzkaten lurraldeen artean lankidetzan oinarritutako tresnak eta proiektuak egiteko aukerak bermatu beharko ditu, irizpide teknikoak kontuan izanik profesionalek elkarrekin behar lituzketen baliabideak sor ditzaten.

Baionako Artxiboa

Gerardo 2007/10/17 11:38

PAUen dauden Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako artxiboak Baionara ekarriko dituzte. Ipar Euskal Herrriko artxiboko lehen harria Baionan hilabetearen hasieran paratu dute. Zorionak... Halaber hiru berri blog honetan gehitu nahi dut: Jose Antonio Arana Martixak, euskaltzainak, bere bibliotekaren dohaintza egin diola Euskaltzaindiari; bigarrena, Bizkaiko Liburutegi Foraleko berrikuntza, liburutegi berri honek 12.000 m2 erabiliko ditu bere zerbitzuak eskaintzeko; eta hirugarrena, Deustoko Unibertsitateak Liburutegi berria Abandoibarran sortu du, eraikuntza berri honek 10.000 m2 dauka hamar solairutan.

Euskadiko Liburutegia ez, Euskal Liburutegi Nazionala baizik

Gerardo Luzuriaga 2007/09/24 18:32

EHAK-k izen aldaketa eskatu eta Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza eta Kultura Batzordeak ontzat jo du. Parlamentuko batzarraren balekoa falta da orain.

Euskadi Liburutegiak Euskal Liburutegi Nazionala izena hartzea proposatu du gaur EHAK taldeak Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza eta Kultura Batzordearen bileran, eta gehienek ontzat jo dute eskaera. EHAK-k ez ezik, EAJk, EAk, EBk eta EAk egin dute alde. PPk kontra egin du eta PSE-EEk abstenitu egin da. Legebiltzarreko batzarrak jo beharko du orain ontzat.

Liburutegiaren lege egitasmoaren barruan sartzen da izena aldatzeko aukera. Horretaz gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako liburutegien plangintza, sormena, antolaketa, funtzionamendua eta koordinaziorako oinarriak eta baliabideak jarri nahi dituzte.

Espainako Liburutegi Nazionaleko zuzendariak kargua utzi du

Gerardo Luzuriaga 2007/08/28 13:18

Rosa Regas Espainiako Liburutegi Nazionaleko zuzendariak kargua utzi du. Molina Ministroak urte hauetan ez zuela ezer egin esan ostean, Espainiako Liburutegi Nazionaleko zuzendariaren dimisioa etorri da.

Liburuzaina naizen aldetik, ez nator bat Espainiako Biblioteka Nazionaleko zuzendari hautatzeko erarekin, ezbairik gabe erakunde horren arduraduna liburuzainen artean hautatu beharko litzateke. Dena den, orain arte hautatutako zuzendarien artean –Carlos Ortega, Luis Alberto de Cuenca, Jon Juaristi, Luis Racionero-, liburuzain lanbideren aldetik, Rosa Regas hoberena izan da helburu bibliotekologikoak betetzerakoan.

Nire ustez, zuzendariaren jarrera eta lana txalogarria izan da: batetik, Biblioteka Nazionalaren funts bibliografikoak ezagutarazi dituelako, eta bestetik, erakundea gaurkotu duelako. Proiektu berriek –digitalizazioa, programa kulturalak, organigrama berriak- Europako antzerako erakundeekin parekatzea lortu dute. Emakume ausarta eta aurrerakoia iruditu zait.

EUSKAL HERRIKO LIBURUTEGI DIGITALAK

Gerardo Luzuriaga 2007/07/17 10:39

Jakin 160. zenbakian lehendabiziko artikuluan “liburutegi digitalak” ikertu ditut. Sarean jarri arte, artikuluaren ildo nagusiak aurreratuko dizkizuet: Liburutegi digatalari buruzkoen gogoetak sarreran aurki ditzakezue. Europako liburutegi digitalak egindako urratsak hurrengo orrialdeetan aztertu ditut, Euskal Herriko egoeraz ere mintzatu naiz, bereziki proiektu bateratua egiteko premia eta abentaiak azpimarratuz, Euskal Herriko liburutegi digitalen helbide elektronikoak, ezaugarriak eta bibliografia funtsen zerrenda artikuluaren zati potoloena bihurtu da.

Zure gustukoa izango delakoan…

Liburuen azalak eta ataria

Gerardo Luzuriaga 2007/07/11 19:43

Xan Airen liburuaren atarian izeneko artikulu interesgarria gustatu zait. Mamiarekin bat nator, ñabardura batearekin izan ezik. Beste hizkuntza batzuetan gertatzen den bezala, (gurean ere) azala, ataria eta portada hitzak artikulu honetan ere nahasten dira. Artikuluaren paragrafo bat kopiatuko dut: «Liburuan sartzeko atea dela esanez aurkeztu du Gantzarainek liburuaren azala. Horregatik portada hitza erabiltzea gehiago gustatzen zait azala baino. Irakurleak liburua eskuetan duenean, mundu baten atarian egoteko sentipena izan behar du. Baina mundu horretan sartzeko urratsa ere egin behar du irakurleak".

Hona hemen labur-labur, liburuaren azalaren eta liburuaren atariaren definizioa: Liburuaren azalak liburuen gaineko eta atzeko orriak dira, gehienetan barrukoak baino gogorragoak dira; berriz, liburuaren ataria horrela deskribatuko nuke: izenburu nagusia, erantzukizunaren aipua eta argitalpenari buruzko datuak dituen dokumentuaren hasierako orrialdea.

Gaztelaniaz ere askotan nahasten da “cubierta eta portada”ren artean.

Susmoa daukat nahasketa hau liburuen aurretikoen bilakaeran datzanik. Jakina da, lehendabiziko liburuetan, inprenta sortu arte ataria ez zela existitzen, egileen, inprenten eta liburuen datuak azken orrialdean jartzen zirela, liburuek ez zeukaten aurretikorik. Inprenta sortzearekin batera lehendabiziko atariak azaltzen ari ziren.

Liburuen azalak, berriz, aspalditik existitzen ziren, hasieratik helburu liburuak babestea eduki dute, horregatik gehienak larruzkoak ziren. Mendeak aurrera joan ahala azalek gero eta garrantzia handiago hartu dute, atarian agertzen diren datuak errepikatzen dira, eta azken finean liburua babesteaz gain geheinetan adituak ez direnentzat azala atari bihurtzen da.

Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.