Liburutegi Legea motz gelditu da
Gerardo luzuriaga Joana Albret Mintegiko kidea
«Legea motz geldituko da, liburutegi garrantzitsuenak sistematik at badaude»
- BERRO
Eusko Legebiltzarrak onartutako Liburutegi Legearekin kritikoa da Gerardo Luzuriaga.
Liburutegi Legeak ez die eragingo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako liburutegi guztiei, haietako batzuk Euskadiko Liburutegi Sistematik kanpo baitaude. Hortaz, legea eraginkorra izango dela uste duzu?
Gauzak dauden bezala egonda, zaila izango da eraginkorra izatea. Euskadiko Liburutegi Sistema motz geldituko da, liburutegi garrantzitsuenak sistematik kanpo daudelako. Borondatez, ahalmena daukate sistemara biltzeko. Legeak aukera ematen die. Baina Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak ere ematen zien aukera hori, eta 17 urtean, arrazoi bategatik edo besteagatik, liburutegi horiek ez dira sistemara bildu. Orain, egoera politikoa bestelakoa da, badaude beste tresna batzuk duela 17 urte ez zeudenak, baina susmoa daukat liburutegi horiek sistematik kanpo jarraituko dutela. Euskal Herriko egoera berezia da; Espainiako eta Frantziako ereduen mende daude hemengo liburutegiak. Eta garrantzitsuenak Euskadiko Liburutegi Sistematik kanpo geratzen badira, zaila izango da noizbait sistema propio eta antolatua izatea.
Liburutegien eremuan interes asko eta desberdinak daudela esan duzu. Batzuek eredu propioen alde egiten dutela eta beste batzuek Espainiako eta Frantziako eredu bibliografikoei jarraitzen dietela. Legeak eredu propioa ezartzen lagunduko duela uste duzu?
Legea pauso bat da, baditu alde onak. Duela 17 urteko legea sistemari buruzkoa zen bakarrik. Oraingo honek beste gauza batzuk arautzen ditu; esaterako, Euskadiko Liburutegia. Baina liburutegien euskal eredua lortzeko beste gauza batzuk kontuan hartu beharko lituzke legeak. Adibidez, ez du esaten liburutegietako katalogoek euskaraz egon behar dutela. Egun, erdaraz daude gure herrietako liburutegietako katalogoak.
Euskadiko Liburutegi Sistema lankidetza harremanen bitartez liburutegi zerbitzuak emateko gai diren erakundeen multzoa izango dela esan du Kultura Sailak. Hori praktikara eramatea posible dela uste duzu?
Zaila ikusten dut lankidetza sistema, liburutegi asko sistematik kanpo badaude, eta sistemak baino indar handiagoa badute. Haien interesei eta beharrei soilik erantzuten badie bilduko dira sistemara liburutegi horiek.