Liburutegi Legea
Liburutegi Legea onartu du Eusko Legebiltzarrak, EHAK ez beste alderdien babesarekin
Irune Berro
Eusko Legebiltzarrak Liburutegi Legea onartu du, eta horrenbestez, Euskadiko Liburutegia eratzeko lehen pausoa eman du. Legebiltzarreko alderdi guztiak azaldu dira legearen alde, EHAK izan ezik. Alderdi horretako legebiltzarkideen aburuz, «Liburutegi Legea ez da nahikoa». Bestalde, Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkidearen hitzetan, «legea motz gelditzen da», baina «aurrerapausoa da», eta aldeko botoa eman du. Hala, Miren Azkarate Kultura sailburua pozik agertu da «legea onartzeko lortutako adostasun zabalarekin», eta «Liburutegi Legea sektorea Europa moderno eta aurreratuan kokatzeko aurrerapausoa» dela esan du.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako liburutegiek Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeari jarraitzen zioten orain arte. Baina duela 17 urteko lege horrek ez zien eragiten EAEko liburutegi guztiei. Euskadiko Liburutegi Sistema osatzen zutenak bakarrik arautzen zituen, hots, udal liburutegiak. Izan ere, Euskadiko Liburutegi Sistematik kanpo daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat liburutegi; esate baterako, foru aldundietako liburutegi publikoak eta erkidegoko administrazioaren mende ez dauden liburutegi espezializatu eta pribatuak: honako hauek, besteren artean: Gasteizko Antso Jakituna, La Floridako Foru Liburutegia, Bizkaiko Foru Liburutegia, Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka, Eusko Ikaskuntzarena eta Koldo Mitxelena.
Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak bezala, Eusko Legebiltzarrak atzo onartu zuen Liburutegi Legeak ez die aipatutako liburutegi horiei eragingo, Euskadiko Liburutegi Sistematik kanpo baitaude. Alabaina, Irakurketa Sare Publikora biltzeko aukera emango die, «beren zerbitzu multzoa herritar guztien eskura jartzen badute».
Legearekin sektorearen erregulazio zehatzagoa egin nahi du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, «Euskadik liburutegi azpiegitura eta zerbitzu moderno eta koordinatuagoak izan ditzan, herritar guztiek erraz erabiltzeko modukoak». Hartara, «herri administrazioek establezimendu horietarako jartzen dituzten baliabideak optimizatu egingo dituzte».
BESTE IZEN BAT LIBURUTEGIARENTZAT. Halaber, Liburutegi Legearen bitartez, oinarrizko eskubide diren adierazpen askatasuna eta informaziorako irizpide publikoa bermatu nahi ditu Kultura Sailak.
Hori hala izan dadin, aginte publikoek helburuak betetzeko behar diren bitartekoak bermatuko dituztela esan du Jaurlaritzak, «eta liburutegi-zerbitzuen titularrak diren administrazioen arteko koordinaziorik estu eta eraginkorrena bultzatuko» dutela. Hortaz, Jaurlaritzako Kultura Sailaren arabera, Euskadiko Liburutegi Sistema «lankidetza harremanen bitartez liburutegi-zerbitzuak emateko gai diren erakundeen multzoa izango da».
Bestalde, Euskadiko Liburutegia sortzeko legea aurki aurkeztuko du Kultura Sailak Legebiltzarrean. Donostiako Tabako Fabrikan jarriko dutena, baina, ez da Euskal Liburutegi Nazionala izango, Euskadiko Liburutegia baizik. PSEE-EEk eskatuta, izena aldatu diote oraindik sortu ez duten erakundeari. Isabel Celaa legebiltzarkideak egin du proposamena, «terminoaren anbiguotasuna gutxitzeko». Eta Fernando Maura PPko legebiltzarkideak gaiari garrantzia kentzea leporatu dio, «izenak defenditzen duen ideia estatu bihurtu nahi duen nazioarena baita».