Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret

Euskaldun bat liburutegian

nere 2005/10/29 10:00

Liburutegietan euskaldunei egiten zaien harrera "normalizatua" noizbait aztertuko da... bitartean honelako perlak!

ITURRIA: Berria. 2005-10-29. Iritzia.

------------------

Irakurgarria naiz?

ERLANTZ URTASUN ARTANO

historialaria

Nondik hasi. Ene irakurle maitia, nahi bai, baina ez dakit nola. Azaltzen saiatuko naiz. Horrela, eta kutxazain, kajeroetan ezina adierazteko diotenez, «barka endredoa». Aupa, ez nahastu bazterrak, gizona; harira, harira!

Aurreko egunean gertatu zitzaidan. Bon, ez da egia. Izan ere, aspaldidanik ohartu bainintzen ezin gauza ikaragarriagoa zela. Gure patua edo, auskalo. Inoiz existitu ez den abesti haren arabera, «hauxe duk, hauxe, gure destinu petrala, hauxe!». Ene Iruñeko Alde Zaharreko teilatuetan aritu nintzen bila, miatu ere egin nuen. Ezin kausitu, halere, uskaldunon zoritxarraren iturburua. Bertan ez baitzen, bistan da. Teilak altxa, haien azpian behatu, gibelean sudurra sartu, alboetan zabor tipiak ertzean utzi eta emaitza berdin. Hots, deus ez. Ondorio zuzena: gure errua ez da. Eskerrak.Ekainean kontatu nizuen moduan, eta eni Iruñeko hainbat amatxik errana, duela 70 urteko eskola publikoan erranairu, esaera hau ikasi behar zuten haurrek buru-belarri: «vasco ser, oreja no tener, ir al colegio y no aprender». Euskaraz jakin ala ez, hori barneratu eta erran behar izaten zuten klasean. Antza, euskaldunok edota, euskaraz jakin gabe, baskook ez baikinen ikasle onak, Australiako aborigenen mailakoak baizik. Ankawa, wazemank.

Egun, aipatu Iruñeko eskola publikoan, tipienen artean euskarazko ikasketak, D eredua delakoa, nagusi ditugu, bertan %52 edo matrikulatu baita 2005ean. Hau berri pozgarria! Bai, hala da, baina, itxuraz behintzat, aldaketarik ez. Lehen bezain leloak, belarrigabeak ez belarrimotzak, bai zera, omen gaituzue, eta eskolatzen bagara ere, ez dugu zipurrik ere ikasten. Horregatik, apika, auzoetan ingeles haurtzaindegiak hedatzen ari dira. Badakizue, Iruñea berria eraikitzen ari diren gure abokatuak, arkitektoak, informatikariak edota ekonomialariak zibilizatzeko, euskaraz jakinez gero ez baitira fidagarriak Pamplona zaharrean.Zer argudioa dut, beraz, honelako iritzi potoloaren defendatzeko, duela 70 urteko iruinsheme-iruinalabok eta egungook kalamidade hutsa garela erraiteko? Ba, frogak badira, esku artean hamaika dut. Zer diozue? Bat irakurri nahi duzuela? Hementxe.

Froga baten eske...

Iruñean bada supermegahiper ezaguna den liburutegi publiko bat. Alde Zaharreko San Frantzisko plazan da, ostatu handi baten eraikuntzan paraturik. Aitzinean ehun urteko San Frantzisko eskola dago, lehen «vasco ser, oreja no tener» eta orain nagusiki D ereduan, euskara hutsez aritzen den ikastetxe publikoa. Garbi erran dezagun, Iruñeko jendearendako, toki estrategiko samarraÉ

Bada, normalean jendeak deitzen duen «la biblio de sanfrancisco» hartan ehunka ikasle aritzen da, unibertsitate ikasleak oro har, klaseak eta, batez ere, azterketak prestatzen. Liburutegi publikoetan gertatzen ohi dena, hitz batez.

Liburuak kontsultatu nahi izanez gero bertako karneta eskuratu beharra dago, eta horretarako fitxa bat bete. Arrunta, datu pertsonalak eman, Suedia, Egipto edo Bostonen egiten dena. Ezberdintasuna da hemen bi aukera duzula fitxa betetzeko. Bata gaztelaniaz. Bertzea elebiz, gaztelaniaz eta euskaraz dago. Azken hau ez da batere elebiduna, euskaraz bigarren mailan azaltzen baita, azpian eta letra etzanda, ulertzen didazue.

Europan ezin sinetsi, bai, baina hemen errealitate hutsa: bi txartel, bata gaztelaniaz eta bertzea gaztelaniaz euskarazko itzulpenekin apaindurik. Mespretxu handiagorik ote? Apustua egiteko garaian Mila kolorau!Demagun euskaldunak garela eta, «vasco ser, oreja no tener» eredu, jadanik nahikoa frogatu dugula zein «tontos delculo» garen, hau da, berdin diola zein karneta egin dugun, gaztelaniazkoa edota gaztelaniazkoa. Hortaz, eta kexatu gabe, hurrengo urratsa egin dezagun, paperak prestatu dituenak eskuan duen azukre kozkorra erakutsi eta guk salto egin dugulakotz, alehop! Abere onak uskaldun hauekÉ Eta ni zeruari begirat, biraoka, horretarako eman dut makina bat ordu Txepetx, Xamar, Irigarai, Txillardegi, Odriozola, Gaminde, Urrutia, soziolinguistika lan mardulak irakurri eta irakurri gure hizkuntza egoera zertan den jakin ahal izaiteko. Inozoa ni, inozo galanta!Zergatik galdetzen du jendeak zergatiari buruz, Lauaxeta zergatik erail zuten baldin badakigu? Ararat pelikulan, Charles Aznavour aktore miresgarriak, armeniarrarena egiten: «ez nau beldurtzen 1915ean turkiarrek armarik gabeko milioi bat armeniar hil izanak. Beldurtzen nauena da ez dakidala zergatik gorrotatzen gintuzten, ezta zergatik gorrotatzen gaituzten oraindik ere».

Haatik, eta hitza eman dizuedan bezala, euskaldun hitza eta hori guzia, bigarren urratsa liburutegianÉ Tatxan-tatxan: karneta egin eta liburu bat eskatu nahi dut. Anatema! Bekatua! Infernurat joanen zara! Taliban! Ez, kojonian, liburu bat nahi dut, liburu bat ez bertzerikÉ

Mahaia alderat hurbildu eta liburuak eskatzeko orriak ageri. Denak gaztelaniaz. Ongi hasi gara eta hobeki jarraitzen dugu. Ah, ez, ez pentsa, Erlantz, ez izan hain bihurrittoa, malpensáu, eskaerak egiteko orriei buelta eman eta euskaraz ere baduzu aukera. Eta euskara hutsez! Los amos son buenos con los negritos! Glory Day! Aleluya!Bai, baina, kontxo, buelta emaiten ez badiozu, ba orduan idazten hasi eta ez zara konturatzen bertzaldean euskaraz egiteko aukera daukazunik. Ikastolero batek eman dit erantzuna: «Hombre, tio, eske kontrakoa esperatzea, euskarazko aldea ageri egotea, eske hori gehiegi eskatzea da, non uste duzu bizi zarela, ein?». Katxiporreta, non bizi naiz, ba, Euskal Herriko hiriburuan, ene aberrian, gure gurasoen herrian. Bai, badakit, hobe hori ez aipatzea, Europan bai, hemen ez, total, zertarako.

Tira, ba, garaiz ohartu naizenez, buelta emanen diot elebitasuna ezkutaturik duen orri bedeinkatuari. Eta orduan ikusi dut. Inoiz baino garbiago. Jaingoikoak argitu nau. Alak argitu nau. Armeniarrek eta turkiarrek argitu naute. Budak ere argitu nauela erranen nuke itaunketa batean. Al loro: Gaztelaniazko aldean honela dio: «nombre y apellidos». Euskarazko aldean: «izen abizenak, irakurgarriak».

...eta froga aurkitu!

Bi eskuen bidez eskaera orri tipia altxatu, begien aitzinean airean eutsi eta, ezin gehiago erresistitu, bihotz-bihotzez, Lauaxeta fusilatu zuen «bibalaguardiazibil!» espiritu mitikoaz bete zait arnasa eta arima. Euskalduna bazara, «Nombre y apellidos, sí, ¡pero legibles!». Berriz ere gauzatu da sortilegioa, «vasco ser, oreja no tener, ir al colegio y no aprender». Zertarako egin dut doktorego tesi bat euskalduna banaiz? Iruñeko ene teilatupeko ganbarako sutondoan Lizardik aurkitu du amatxi zaharren baratza. Galduak ez gara! O tempora, o mores! Fas fatum! Henry Bengoaren inbentarioa! Sarri eta Ruperren abestia: «ene begiek ez dute malko isuritzeko gogorik, lehenik eta bizitza bakarra bizi dutelako. Entzun! Astiro doia denboraÉ».

Arrastaka itzuli naiz teilaturat, ilunabarrean, euripean, teilen artean Eki agurtzeko, Mari, Ama Lurrari bihar berriz ere itzularazten eskatzeko. Baina laguntza behar dut. Katu eta putzuak bidelagun, liburutegiko orriek merezi duten konponbidea bilatu dut. Teila bat altxatu eta Iulen Urbiola Loiarteren, Euskara Kultur Elkargoko zuzendariaren milagarren salaketa judiziala ikusi dut, nafar instituzioen aurka, horrelako astakeria soziolinguistikoak egiteagatik. Bertze teila bat altxatu eta Nafarroa Garaian euskal kulturak bizirauteko 2007an zerbait erabakigarria gertatuko dela ikusi ahal izan dut.

Baina bazen bertze teila bat, primeran egina, labetik atera berria edo, gorrixka-gorrixka, fina, artisau artistak sortua. Hura zutitu eta azpian, etorkizunean, Iruñerrirako euskal komunikabideak ikusi ditut. Iruñeko uskaldunok definitiboki baskoak izaiteko, belarriak edukitzeko, eskolan ikasteko, gure izen abizenak «legible» izaiteko, hondarrean neu ere, azkenekotz, irakurgarria izan nadin.

Euskal Herriko Liburutegi Nazionala, zergatik ez?

Gerardo Luzuriaga 2005/10/25 11:46

Euskal Herriko Liburutegia onuragarria izango da guztiontzat. Liburutegi honen onurak zerrendatzeak luze joko lukeen arren, hona hemen arrazoi batzuk.

Lehenik, ekonomia eta kultura ikuspuntutik abantailak baino ez ditu ekarriko. Kultura aldetik, mundu osoan euskal kultur ondarea zabaltzeko erreferentzia izango da. Izan ere, mendeetan zehar eta baita azken urteotan ere, unibertsitateetan eta zientzia munduan Euskal Herria kultur eremu gisa hartu dute, besteak beste: Nevadan dagoen Renoko Unibertsitatean, British Libraryn edo Entziklopedia Britanikan; eta zer esanik ez Hego Amerikako unibertsitateetan eta erakunde akademikoetan. Bestalde, ekonomia aldetik ere, partaide guztientzat lan tresna komunak sortzea onuragarria eta merkeagoa izango litzateke.

Bigarrenik, guk baino lehenago beste herri askok irizpide ekonomiko eta kulturalen mesedetan muga politikoak gainditu eta erakunde komunak sortu dituzte. Herri hauetako Sistema Bibliotekarioak kultura eta batik bat hizkuntza irizpideei begira antolatu dira; eta ez soilik irizpide administratibo, juridiko edo politikoei begira.

Hirugarrenik, oso jende gutxi dago Euskal Herriko Liburutegia sortzearen kontra, batez ere, kultura arloan murgiltzen direnen artean. Ez da ahaztu behar historian zehar eta baita gaur egun ere, zazpi lurralde historiko hauek berezko komunitate kulturala osatzen dutela.

Azkenik, Europako Batasunak, eta batik bat nazioarteko liburutegietako erakunde ofizialek (UNESCO, IFLA, ISO…) administrazioetan antzerako ekimenak sortzea gomendatzen eta bultzatzen dute, hala nola: Eskoziak, Kanadak, Frantziak eta Espainiak. Espainiako Estatuan autonomia erkidegoek ere Liburutegi Nazionalak sortu dituzte.

Ezbairik gabe, Euskal Herriko Liburutegia sortzeko ekimena administrazio desberdinek eraman beharko lukete aurrera: Iparralde, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoako administrazioen erantzukizuna baita. Baina argi eta garbi dago administrazioek gai honen gainean ez dituztela behar adinako urratsak eman; areago borondate politikarik eza antzematen da. Azken 25 urteetan euskal administrazioak ez dira Euskal Herriko Liburutegi Nazionala sortzeko gai izan, ez eta Euskal Herriko Liburutegien Sistema komuna antolatzeko ere.

Garbi gera dadila, antzerako erakunde ofizialak sortzea, bultzatzea eta kudeatzea administrazioei dagokiela. Baina, euskal agintarien borondate politikarik eza ikusita, beste bide batetik etorri beharko du irtenbideak. Gaur egun, erakunde ofizialetatik at ezin dela gehiegi egin nahiko zabalduta badago ere, liburutegi arloan Jon Bilbaoren lana eredutzat hartuta, eta distantziak distantzia ondo legoke begiratzea Euskal Herrian beste hamarkadetan egindakoari, esate baterako, 60. hamarkadan ikastolen sorrerari, politika ofizialetik at.

Zergatik liburutegietako kontuetarako ez gara Euskaltzaindiaren, Principe de Vianaren edo Eusko Ikaskuntzaren moduko erakunde ofizial bat sortzeko gai? Lerro hauek idazten ari nintzela, El Pais egunkariaren gehigarrian Espainako Liburutegi Nazionalari buruzko artikulua irakurri nuen eta inbidia eman zidan: inkunableak, liburu bereziak, mapak, grabatuak, eskuizkribuak… guztientzat eskura eta ondo kontserbatuta. Euskal Herriko Liburutegi Nazionala euskal dokumentazio eta informazio gunerik garrantzitsuena izango denez, euskal kulturaren ikurra izateaz gain, Euskal Herrian argitaratzen den ekoizpen bibliografiko osoa jasotzeaz eta mundu osoan zehar zabaltzeaz arduratuko da; eta, baita gure memoria historikoa betiko ondo kontserbatzeaz ere.

Doako Mailegua

nere 2005/10/16 10:00

ITURRIA: Argia, 2011. zkia, 2005-10-16

Hemen Gotzon Barandiaranek idatzi duena Argian:

Liburutegietan liburuak hartzearren: irakurtzeko ezkerbidea

Alokairu eta maileguari buruzko Europako Batzordearen 92/100/CE zuzentarauak, herritarroi maileguan hartzen dugun sorkuntza lan bakoitzeko euro bateko kanona -nire euskaran lapurreta- ordainarazteko agintzen die Europar Batasuneko estatuei. Euro bat maileguan hartzen dugun DVD bakoitzeko, aldizkari bakoitzeko, interneten lortutako dokumentu bakoitzeko, argazki bakoitzeko, euro bat liburutegian hartzen dugun liburu bakoitzeko. Espainiako Estatuak ez du oraingoz agindua bete eta euskaldunoi ere ez digute betearazi. Baina nago Belgikari ezarri dioten isunaren ostean neurriak hartzen hasiko direla. Eta hasi badira hasi dira, orain arte DVD bat alokatzerakoan, filma hasi orduko drogazaletzat hartzen bagintuzten, orain pirata edo lapur ere bagara. Izan ere, jabego pribatua lapurtzea delitua ei bada, maila bereko bekatua ei da jabego intelektuala lapurtzea.

Interneteko edukien eskuratze librearekin eta musikaren erreprodukzio librearekin hasi zitzaizkigun jabego intelektualaren inguruko gezurrak sinestarazten. Ordura arte egile eskubideetatik eta prezio altuegia duten diskoetatik dirutza ikaragarriak irabazten zituzten multinazionalak larritzen hasi ziren iturriak emari mendreegia zekarrelako. Eta Senegalgo saltzaileak zein hamasei urteko nerabeak atxilotzen hasi ziren. Orain liburutegietan liburuak hartzearren ordaintzea gura dute.

Liburutegien onurak zerrendatzeak luze joko liguke baina bat-batean zenbait arrazoi datozkigu akordura: mailegua doakoa izateak egilearen lana hedatzen laguntzen du, hau da, egilearen ideiak eta jakintza ezagutarazten laguntzen du, liburutegietako maileguak doakoak izanik, ez dago diruduna izan beharrik beste bide batzuetatik eskuragaitza den ezagutzaz jabetzeko, ikastea librea da, jakitea ez da eskubidea, ezkerbidea baino. Duela gutxi argitaratu da EAEko 11.000 lagun pobreziaren mugetan bizi dela.

Egileen eskubideak defendatzeko neurria dela diote baina gezurra da, liburutegiek egileen eskubideengatik ordaintzen baitute ale bat erosten duten bakoitzean. Beraz, mailegua ordainarazten badigute, bitan ordainduko dugu. Europako Batzordearen agindua bete dadin indar gehien egiten ari direnak CEDRO eta SGAE dira, egileen eskubideen kudeaketaz arduratzen diren irabazi asmo handiko elkarteak, eta horiek ez dute egilearen obra ahalik eta gehien hedatu gura, egiten den obraren erabilera bakoitzeko zein kopia bakoitzeko ahalik eta gehien kobratzea baino. Liburutegietan liburua hartzearren ordainduko genukeena elkarte horiek jasoko lukete, ez egileak, Europako zuzentarauak ez baitu egileari ordaindu beharreko portzentajearen aipamenik egiten. Dena dela, ez dut uste egileak kobratzeak zilegitasuna ematen dionik.

Nire uste apalean, maileguak ordaintzearen alde dagoen egileak helburu ekonomikoak baino ez ditu aintzat hartzen, inolaz ere bere obraren duintasuna. Eta bizi behar dela aitxakiatzen duenak egin ditzala urteko aurrekontuetan ekarpenak eta exigitu ditzala sorkuntza lanentzako benazko laguntzak. Azken batean, kulturaren hedapenaz ari gara, ezagutza konpartitzeaz, irakurtzeko ezkerbideaz. Oso lantzean behin egiten dut baina txarto pentsatzen hasita zera bururatu zait: Europar Batasuna osatzen duten herrialdeetako agintaririk gehienak eskuineko alderdietako ordezkariak dira, beraz, kultura etsaitzat dute noiz eta, gai honi dagokion lez, dirutzak sortzen ez dituenean. Badakite gutxi irakurtzen dena eta jakiteaz gain horixe dute helburu, alegia, gutxiago irakur dadila.

Izan ere, gero eta gutxiago irakurtzen duenak gero eta gutxiago pentsatzen du eta gero eta gutxiago pentsatzen duena engainatzea errazagoa da eta irakurtzeari prezioa jarriz gero are gutxiago irakurriko da eta are jende gehiago engainatu ahal izango da. Berandu orduko, urtero ogasunari ordaindu beharrekoen artean, ehunekoa kenduko digute lagunei egin diezaiekegun balizko maileguarengatik. Liburuei, eskuak ezberdintzen dituen txipa erantsiko zaie eta poliziak etxez etxe arituko dira esku aldaketak zenbatzen. Berandu orduko oparitan jasotako liburuak irakurtzearren ordaindu egin beharko dugu, berandu orduko obra bakarreko idazleak hogeita hamabost urterekin jubilatuko dira eta dakiten gutxiari eta ez dakiten beste guztiari buruzko iritzia emanez dibertituko dira telebistan. Barkatu, gehiegi irakurtzearen betekada izango dut.

Gotzon Barandiaran, Larrabetzuko literatura eskolako kidea

Arrasateko artxiboko dokumentuak berreskuratzeko laguntza

nere 2005/10/10 10:00

ITURRIA: Goiena.net http://www.goiena.net/Arrasate/News/1128930720

Lagun Arok 25 mila euro eman ditu artxibategirako

  1. G., 2005-10-10 | 09:52

Iazko abuztuan bustitako artxibategiko dokumentuak berreskuratzeko dirulaguntzak hitzartu zituzten egubakoitzean, urriak 7an, Arrasateko Udalak eta Lagun Aro Aseguru-etxeak.

Artxibo historikoak izan ziren urak gehien kaltetu zituenak. Guztiz ez galtzeko izoztu egin behar izan zituzten bustitako agiriak eta Madrilgo enpresa bat arduratuko da horiek berreskuratzeaz.

Horretarako, Udalak, Lagun Aroren eskutik 25.000 euroko laguntza jasoko du. Berreskuratze lanak ondo badoaz, bi hilabete barru ekarriko dituzte agiri historikoak Arrasatera. Gainontzeko dokumentuei dagokienez, hau da, administratiboei, iaztik daude Oñatiko Artxibategian eta aurki itzuliko dira euren jatorrizko lekura.

Bi urteko epean artxibategia bere osotasunean berreskuratuta eduki gura du Udalak, bai administratiboa eta historikoa. Etorkizunean agiriak argitaratzeko asmoa daukate, balio historiko handiko dokumentuak daude-eta artxibategian.

Liburutegi Legearen aurreproiektuaz

Gerardo Luzuriaga 2005/09/30 14:04

Euskadiko liburutegiaren legearen afera iaz bertatik bertara jarraitu banuen ere eta berrartzeko gogo handirik ez badaukat ere, horri buruzko berriak gaurko hedabideetan agertu direnez, behin eta berriro orain arte esandakoa egunean jarriko dut. Tamalez, aurreko legealdian prestatutako liburutegien aurreproiektua legealdi honetan onartzea da helburua. Tamalez esaten dut, ezaguna baita lege horren gainean profesionalek dauzkagun iritzia, esate baterako ALDEErena: “Eusko Jaurlaritza liburutegi sistema antolatu nahian dabil, plangintza ezin txarragoa garatu du, eremu honetan lan egiten duten sektore garrantzitsuenetariko batzuk kontatu gabe”.

Arestian artikulu batzuetan aurreproiketu horren gabeziak agerian utzi ditugunez, eta kezkak kaleratu ditugunez, mezu honetan lurraldetasunarena eta euskararen tratamenduarena baino ez ditut aipatuko. Halaber- mintegiko dokumentuen atalean ere aurkitu ahal den artikulua (2005-03-22), interesgarria delakoan, gehitzen dut albisteotan.

XXI. mendean gaude eta Informazioaren garaian bizi gara. Gure herria Informazioaren Gizartean kokatzeko helburuarekin etengabeko ahaleginak egin dira, bai teknologia berriak garatu eta gizarteratzeko, bai informazio sareak (Internet) zabaltzeko. Baina, informazio teknologiekin batera, behar-beharrezkoa da informazio sistema sendo eta egituratua izatea, ondoko bi helburu nagusiokin:

Lehenengoa, herrialde bakoitzari dagokion ondare bibliografikoa eta dokumentala gordetzea eta eskuragarri jartzea.

Bigarrena, informazio zerbitzu publiko eraginkorra ematea, herritar guztiengana berdintasunean helduko dena eta berrikuntza teknologikoek sortutako arrail sozial berria txikiagotuko duena.Biblioteken Sistemaren beharrizana helburu horietan oinarritu behar da, ondo antolatu eta bitarteko guztiekin hornitu, bibliotekak baitira Informazioaren Gizartearen eragile garrantzitsuenetarikoak. Lege aurreproiektura joanda, euskal ondare bibliografikoari buruz ari garenez, ezin dugu ahaztu berau hainbat esparru juridiko-politikotan zatituta dagoela, lurraldeari dagokionez. Hori kontuan izateaz gain, ondare horren babesa bermatzeko neurriak hartu behar dira, eta egungo legediaren arabera parte diren herri-agintarien arteko akordioak ziurtatu. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, nahiz eta bertako administrazioak arlo honetako eskumen osoa eduki, atzerapen ikaragarria izan da (1990eko kultur ondareari buruzko lege orokorra besterik ez dugu), eta bitarte honetan erakundeen atomizazioa areagotu egin da, bakoitza bere eskumenen arabera, diru-iturrien arabera eta helburu propioen arabera antolatzen joan den heinean.Beraz, Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiak guztiz premiazkotzat jotzen du liburutegien legea, euskal kulturaren informazio politika arautu eta ondare bibliografikoaren babesa ziurtatzeko. Baina gure mintegia ez dago batere ados Eusko Jaurlaritzako Kultura Departamentuak aurkeztu duen Liburutegien Legearen aurreproiektuarekin, eta berau ez onartzeko arrazoiak azaldu nahi ditu:

  1. Hizkuntza eskubideak EAEko Biblioteken Sistemak hizkuntza ofizialen erabilpena bermatu behar du. Elebiduna izango dela esatea ez da nahikoa: euskarari zor zaion lekua argi eta garbi arautu behar du. Lan ugari dago egiteko: Espainiako ereduak erabiltzen dira oraindik bibliotekonomiako lanetan, hemengo berezitasunak kontuan hartzen ez dituztenak; elebitasunaren auzia konpondu gabe dago, halaber, euskarri informatikoetan; Euskal Herriko bibliotekonomia eta dokumentazioaren profesionalak trebatuko dituen unibertsitate-ikasketarik ez dago...
  2. Lankidetza Aurreproiektu honek eratzen duen biblioteka sistema osoa arlo honetako erakundeen borondatezko lankidetzan oinarritzen da, erakundeen artean etorkizunean izan daitezkeen akordioetan. Borondatea, lankidetza eta koordinazioa guztiz beharrezkoak diren arren, ez dira aski egungo egoerari aurre egiteko. Euskal ondare bibliografikoa gorde, babestu eta zabaltzeaz ari garenean, konplexurik gabe egin behar zaio aurre zatiketa administratiboari: egungo legeak errespetatuz sustatu behar dira herri aginteen arteko akordio politikoak, eta, horietatik abiatuta, euskal ondare bibliografikoaren babesa ziurtatuko duen sarea eratu behar da.
  3. Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea Lege honek garatu nahi duen Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean EAEko partaide batzuk falta dira; hala Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiak, nola Unibertsitateak eta Eskoletako liburutegiak; izan ere, etorkizunean Sarean parte hartzeko balizko eskarietan oinarrituko lirateke erakunde horiekiko harremanak. Arestian esan bezala, horrelako gai garrantzitsua lotuago egon beharko lukeela uste dugu.
  4. Langileria Ezinbestekoa da liburutegietako langileen egoera zehatz-mehatz arautzea. Liburuzainen profila zehaztu behar du legeak, gutxieneko titulazioak eta lan baldintzak.Biblioteka publikoetan, udal biblioteketan batez ere, bibliotekari gutxi dago eta Administrazioko beste profesionalen aldean lan baldintza desegokietan jarduten dute: ordutegi aldrebesak eta erantzukizunarekin bat ez datorren soldata. Biblioteka Publikoa kultura arloko azpiegitura nagusienetakoa izanik, Lege aurreproiektuak kontuan hartu beharko luke oinarrizko arazo hau.
  5. Ikasketak Gai honek aurreproiektuan espresuki aipatua izan behar ez badu ere, daukan garrantziagatik kontuan hartuta izan beharko lukeela uste dugu. Estatu espainolean, Bibliotekonomia eta Dokumentazioaren unibertsitate diplomatura 1987 urtetik aurrera irakasten da hainbat tokitan, zenbait espezialitatetan jarduteko profesionalen heziketa ziurtatuz (kazetaritzako dokumentalistak, liburuzain zientifikoak, liburutegi publikoetako liburuzainak, artxibozainak ...). 1995etik aurrera Dokumentazioaren lizentziatura ere bada. Gurean, ordea, ez dugu euskal bibliotekonomiaren berezitasunak irakatsiko dituen ikasketa programarik. Harrigarria ez ezik, guztiz kezkagarria ere bada gaur egungo egoeran.
  6. Euskadiko Liburutegia Lege aurreproiektu honek zentro baten lidergoa falta du, liburutegi sistemaren buru izango dena. Aurreproiektu honekin, hainbat tresna ezinbesteko erakundeen arteko balizko borondatearen eta elkarlanaren menpe geldituko dira. Euskadiko Liburutegi Nagusiari dagozkion eginbeharrak sakabanatuta geldituko dira aurrerantzean ere zenbait erakunderen artean. Euskal ondare bibliografikoaren defentsa eta zabalkundeaz ari garen heinean, EAE barruan ere akordioak gauzatu behar dira, inongo erakunderi protagonismo eta ardurarik kendu gabe, baina helburuak bermatuko dituen koordinazioa ziurtatuz. Horretarako, Euskadiko Liburutegi Nagusiak erakunde nagusia eta bakarra izan behar du, euskal bibliografi ondarearen eta euskal kulturaren zabalkundeaz arduratu, Euskal Agentzia Katalografikoa eratu, nazioarteko estandarrak gurera egokitu, eta beste hainbat lan egin ahal izateko.Amaitzeko, sinboloen arloan dagokion paper garrantzitsua aldarrikatu nahi dugu, izan ere Euskadiko Liburutegi Nagusiak beste liburutegiek (Liburutegi Nazionala sortu artean) ordezkatuko ez duten egitekoa ere badu: euskal nortasun nazionalaren ikur bilakatzea eta egun munduan diren antzeko biblioteken ondoan egotea, Euskal Herriaren izaera propioa agerikoa izan dadin.

Gerardo Luzuriaga

Euskadiko Liburutegia eta Agiritegia

nere 2005/09/29 14:02

Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan sortu nahi omen ditu Euskadiko Liburutegia eta Agiritegia. Hemen agertu diren berriak:

Berrian: Euskadiko Liburutegia eta Agiritegia sortuko ditu Jaurlaritzak legealdion

Deian: Cultura quiere abrir un debate sosegado sobre la normalizacion linguistica

Etorkizuneko orrialdeak

nere 2005/09/01 11:00

LIBURU-IRAKURGAILU ELEKTRONIKOAK

Etorkizuneko orrialdeak

Liburu elektronikoak — e-book izeneko horiek — errealitate dira dagoeneko; orain, eroso irakurtzeko dispositibo egokia asmatzea da kontua

Steven Spielberg-ek 2054 urtean kokatu duen Minority Report filmeko eszena batean metroan bidaiariek egunkari elektroniko malgua irakurtzen dute: bertan, albisteak jazo ahala aldatu egiten dira. Zientzia-fikzioa den arren, baliteke epe ertainera fikziorik ez izatea. Ez dirudi beste berrogeita hamar urte itxoin beharko dugunik horrelako dispositibo elektronikoa eskura izateko. Xerox PARC eta E Ink (www.eink.com) enpresako ikerlariek urte batzuk eman dituzte aukera hori aztertzen: lan horien oinarrian, elektrizitatea jasotzean hitzak moldatzen dituzten milioika esfera ñimiño zuri-beltzek osaturiko lamak ekoizten ari dira. Irakurlearentzat paperak duen abantaila bakarrak formatuaren erosotasuna —hori tinta elektronikoak berdinduko du— eta bereizmena dira. Inprimatutako orrian 300 puntu hazbeteko injektatzen dira eta PCko edo mugikorreko pantailak 72 baizik ez du onartzen; horrez gainera, pantailaren kasuan argi igorriaz ari gara eta, paperarenean, argi islatuaz. Horregatik da nekeza eta deserosoa ordenagailuko monitorean irakurtzea. Paper elektronikoak landarezkoak ohikoak dituen malgutasun eta bereizmena hartzean begiak ez du alderik hautemango.

Osorik irakurri

Liburutegi Publikoen egoera kaskarra

Gerardo Luzuriaga 2005/07/07 11:02

Gaurko "EL PAIS" egunkarian artikulu interesgarri hau ageri da.

Emiliano Martinezek, Espainiako Argitaratzaileen Ferderazioaren lehendakariak, Espainiako liburutegi publikoen azterketa bortitza eta erreala egin du. Martinezek emandako datuak Espainiako liburutegien egoera kaskarra agerian utzi du. Liburuen kopuruen aldetik Nafarroaren liburutegiak baino ez dira salbatu.

Hona hemen agertzen diren beste datu adierazgarri batzuk: liburuen %42 1980 urtean baino lehenagokoak dira, liburuak erosteko erabiltzen den kopuru ziztrina, eta abar.

Rogelio Blancok, Liburuaren Zuzendari Orokorrak, ikuspuntu baikorra jarri du: gero eta gehiago irakurtzen da, gero eta liburu gehiago liburudendetan saltzen dira, Hezkuntzaren legean Eskolako liburutegiak kontuan hartu dira...

Azpimarratzekoa da Blancok Maileguaren kanonari buruz esandakoa: Gobernuak helegiteak aurkeztu ditu, atzeratzea lortu du, beste bide batzuk ere saiatu da, baina alferrik, epea bukatzear dago. Urtea bukatzearekin batera betetzea baino beste erremediorik ez du edukiko. Bestela, izuna ordaindu beharko luke. Egunero 300.000 €.

Terminologia

Gerardo Luzuriaga 2005/07/01 21:29

Katalogatzeko terminologia datu-basean!


Batzuek, weblog hau askotan erabiltzen duzuenok konturatu zarete eskuineko zutabean katalogatzeko terminologia lerroan sakatuz gero liburutegietan erabiltzen ditugun oinarrizko terminoen datu-basea agertzen dela; baina seguraski noizean behin helbide hau kontsultatzen duzuenok datu-base honi erreparatu gabe uzten duzue interneteko saioa. Beraz, katalogatzeko terminologia atalean aurki dezakezuena ahalik eta motzen azalduko dut:

  • Datu-basean edozein termino jarri euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez eta emaitza segundo batzuk iragan ondoren edukiko dituzue. Orain arte eztabaidatu ditugun terminoak hor dauzkagu jasota.
  • Hemendik aurrera edozein hitz Terminologia Batzordetik pasa orduko (behin-behinekoa izan arren) kontsultagarri izango da.

Katalogatzeko terminologia barruan atal hauek bereizten dira:

  • Hiztegia
  • Laburdurak. Alfabetikoki antolatuta.
  • Ohar erabilienak.

Zuen iradokizunak, zalantzak eta galderak eskertzekoak izango direnez, liburutegietako tresna interesgarria delakoan. Laster arte.

Mailegua doan

Gerardo Luzuriaga 2005/06/13 13:29

Liburutegietako maileguetatik eratorritako egile eskubideen legeari buruzko egileen eta liburuzainen jarrera ofiziala ez dator bat. Bi talde korporatiboren jarrera denez, jarrera ofiziala azaltzean bakoitzaren aldeko ikuspuntuei baino ez diegu erreparatzen.

Errealitatea da, Europan liburutegietako maileguetatik eratorritako egile eskubideei buruzko legea indarrean jarri dutela; baina liburuzainok garbi daukagu irtenbidea beste bide batetik etorri beharko duela. Beraz, guk liburutegietako maileguen gainean sortutako eztabaidak ontzat emateaz gain erabat komenigarriak ikusten ditugu.

Irtenbiderik aurkitu nahian afera zuzenean hartu beharrean zeharka hartuko dut. Europar Batasunean herri asko daude, errealitate ekonomiko askotako herriek osatzen dituzte Europar Batasuna. Indarrean jarri duten legea herri guztietarako da, nahiz eta egoera ekonomiko desberdinak bizi izan. Susmoa daukat lege hau ez ote dagoen oinarrituta kultura aldetik garaituago dauden Europako Batasuneko herrietan, non liburutegi publikoetako oinarrizko beharrak bermatuta baitaude, gainontzeko herrietako liburutegi publikoetako baldintzak kontuan eduki gabe, alegia.

Lehenik eta behin esan behar dut, egileen eta argitaratzaileen aldarrikapenak ontzat ematen dudala, eta ulegarritzat jotzen dudala horien jarrera, bada behingoz Europa mailan legeen bitartez liburu alorraren alde aurrerapausua eman dute. Izan ere, lege hau egileen eta argitaratzaileen jabetza intelektuala bermatzeko sortu da. Ezbairik gabe, liburu munduaren barruan izanda eta ondo ezagututa, esan behar dut liburu alorrean egingo dituzten ekimenen alde izango naizela eta egingo duten guztia beharrezkotzat jotzen dudala. Beraz, argi dadila, egileen eta argitaratzaileen eskubideak legeen bitartez bermatu izan beharko dela; baina, halaber garbi geldi dadila Euskal Herriko Liburutegi Publikoetako liburuzainok lege honen kontra gaudela.

Lehenenik, liburutegi publikoen politikaren eta filosofiaren kontra baitoa, bada liburutegi publikoek sortu zirenetik doantasuna, sarbide askea eta denontzat, -ahalik eta zabalkuntza handiena- izan baita ezaugarririk garrantzitsuenetariko bat.

Bigarrenik, kanon hau ordaintzeko dirurik ez daukagulako; beraz “de fakto” ezinezkoa egiten zaigu Europako Batasunak indarrean jarri duen legea aurrera eramatea. Oro har, Liburutegi Publikoek aurrekontu murriztu eta jakin batekin funtzionatzen dugu, aipatutako zerga bete orduko afera honen gaineko eztabaida zentzurik gabe geldituko litzateke, bada diru kopuru ziztrinari buruz eztabaidatzen ari ginela.

Hirugarrenik, egileen eta argitaratzaileen ordezkari ofizialek liburutegi publikoek ekartzen dituzten onurei erraparatu beharko diete. Gure ustez egileen eta argitaratzaileen alorrei kalte egin beharrean onurak baino ez dizkigu ekartzen liburutegi publikoek, hala nola, publizitatea eginez, irakurketa bultzatuz, euren lanak ezagutarazi eta zabalduz gizartean, egile eta argitaratzaile guztiak aukera berdina izan dezaten irakurleen aurrean.

Laugarrenik, arazoa maileguari zerga hau ezartzearen aurretikoa bada ere, liburutegi publikoak dauden egoeran ikusita zama honek kalteak baino ez dizkie ekarriko. Liburutegi publikoen helburua kaltitatezko zerbitzua ematea denez, alde batetik, liburu berriak erosteko aurrekonturik gabe nekez beteko du helburu hau; eta beste aldetik, kontuan hartzekoa da agindu hau ez dela Europar Batasunetik datorkigun agindu bakarra, Europako liburutegi publikoen zerbitzuen, langileen, instalazioen, baliabide ekonomikoen ratioak aztertzea baino ez daukagu ikusteko zer ikusirik Europako liburutegiek Euskal Herrikoekin alderatuz gero ez daukatela.

Laburbilduz, aipatutako Liburutegi Publikoen gabeziak gainditu arte kanon hau jartzea liburutegiek ordaintzea ez da zentzuduna. Ezbairik gabe, liburu mundu bera da, beraz egile, argitaratzaile, inprimatzaile, banatzaile, zuzentzaile, liburuzainen alorra da, areago, atal guztietan agerian daude gabeziak. Pobreen ate joka ibiltzea afera hau konpontzeko ez da irtenbidea. Europar Batasunak indarrean jarritako direktiba zentzurik gabe ikusten dugu.

Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.