Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret / Euskaldun bat liburutegian

Euskaldun bat liburutegian

nere 2005/10/29 10:00

Liburutegietan euskaldunei egiten zaien harrera "normalizatua" noizbait aztertuko da... bitartean honelako perlak!

ITURRIA: Berria. 2005-10-29. Iritzia.

------------------

Irakurgarria naiz?

ERLANTZ URTASUN ARTANO

historialaria

Nondik hasi. Ene irakurle maitia, nahi bai, baina ez dakit nola. Azaltzen saiatuko naiz. Horrela, eta kutxazain, kajeroetan ezina adierazteko diotenez, «barka endredoa». Aupa, ez nahastu bazterrak, gizona; harira, harira!

Aurreko egunean gertatu zitzaidan. Bon, ez da egia. Izan ere, aspaldidanik ohartu bainintzen ezin gauza ikaragarriagoa zela. Gure patua edo, auskalo. Inoiz existitu ez den abesti haren arabera, «hauxe duk, hauxe, gure destinu petrala, hauxe!». Ene Iruñeko Alde Zaharreko teilatuetan aritu nintzen bila, miatu ere egin nuen. Ezin kausitu, halere, uskaldunon zoritxarraren iturburua. Bertan ez baitzen, bistan da. Teilak altxa, haien azpian behatu, gibelean sudurra sartu, alboetan zabor tipiak ertzean utzi eta emaitza berdin. Hots, deus ez. Ondorio zuzena: gure errua ez da. Eskerrak.Ekainean kontatu nizuen moduan, eta eni Iruñeko hainbat amatxik errana, duela 70 urteko eskola publikoan erranairu, esaera hau ikasi behar zuten haurrek buru-belarri: «vasco ser, oreja no tener, ir al colegio y no aprender». Euskaraz jakin ala ez, hori barneratu eta erran behar izaten zuten klasean. Antza, euskaldunok edota, euskaraz jakin gabe, baskook ez baikinen ikasle onak, Australiako aborigenen mailakoak baizik. Ankawa, wazemank.

Egun, aipatu Iruñeko eskola publikoan, tipienen artean euskarazko ikasketak, D eredua delakoa, nagusi ditugu, bertan %52 edo matrikulatu baita 2005ean. Hau berri pozgarria! Bai, hala da, baina, itxuraz behintzat, aldaketarik ez. Lehen bezain leloak, belarrigabeak ez belarrimotzak, bai zera, omen gaituzue, eta eskolatzen bagara ere, ez dugu zipurrik ere ikasten. Horregatik, apika, auzoetan ingeles haurtzaindegiak hedatzen ari dira. Badakizue, Iruñea berria eraikitzen ari diren gure abokatuak, arkitektoak, informatikariak edota ekonomialariak zibilizatzeko, euskaraz jakinez gero ez baitira fidagarriak Pamplona zaharrean.Zer argudioa dut, beraz, honelako iritzi potoloaren defendatzeko, duela 70 urteko iruinsheme-iruinalabok eta egungook kalamidade hutsa garela erraiteko? Ba, frogak badira, esku artean hamaika dut. Zer diozue? Bat irakurri nahi duzuela? Hementxe.

Froga baten eske...

Iruñean bada supermegahiper ezaguna den liburutegi publiko bat. Alde Zaharreko San Frantzisko plazan da, ostatu handi baten eraikuntzan paraturik. Aitzinean ehun urteko San Frantzisko eskola dago, lehen «vasco ser, oreja no tener» eta orain nagusiki D ereduan, euskara hutsez aritzen den ikastetxe publikoa. Garbi erran dezagun, Iruñeko jendearendako, toki estrategiko samarraÉ

Bada, normalean jendeak deitzen duen «la biblio de sanfrancisco» hartan ehunka ikasle aritzen da, unibertsitate ikasleak oro har, klaseak eta, batez ere, azterketak prestatzen. Liburutegi publikoetan gertatzen ohi dena, hitz batez.

Liburuak kontsultatu nahi izanez gero bertako karneta eskuratu beharra dago, eta horretarako fitxa bat bete. Arrunta, datu pertsonalak eman, Suedia, Egipto edo Bostonen egiten dena. Ezberdintasuna da hemen bi aukera duzula fitxa betetzeko. Bata gaztelaniaz. Bertzea elebiz, gaztelaniaz eta euskaraz dago. Azken hau ez da batere elebiduna, euskaraz bigarren mailan azaltzen baita, azpian eta letra etzanda, ulertzen didazue.

Europan ezin sinetsi, bai, baina hemen errealitate hutsa: bi txartel, bata gaztelaniaz eta bertzea gaztelaniaz euskarazko itzulpenekin apaindurik. Mespretxu handiagorik ote? Apustua egiteko garaian Mila kolorau!Demagun euskaldunak garela eta, «vasco ser, oreja no tener» eredu, jadanik nahikoa frogatu dugula zein «tontos delculo» garen, hau da, berdin diola zein karneta egin dugun, gaztelaniazkoa edota gaztelaniazkoa. Hortaz, eta kexatu gabe, hurrengo urratsa egin dezagun, paperak prestatu dituenak eskuan duen azukre kozkorra erakutsi eta guk salto egin dugulakotz, alehop! Abere onak uskaldun hauekÉ Eta ni zeruari begirat, biraoka, horretarako eman dut makina bat ordu Txepetx, Xamar, Irigarai, Txillardegi, Odriozola, Gaminde, Urrutia, soziolinguistika lan mardulak irakurri eta irakurri gure hizkuntza egoera zertan den jakin ahal izaiteko. Inozoa ni, inozo galanta!Zergatik galdetzen du jendeak zergatiari buruz, Lauaxeta zergatik erail zuten baldin badakigu? Ararat pelikulan, Charles Aznavour aktore miresgarriak, armeniarrarena egiten: «ez nau beldurtzen 1915ean turkiarrek armarik gabeko milioi bat armeniar hil izanak. Beldurtzen nauena da ez dakidala zergatik gorrotatzen gintuzten, ezta zergatik gorrotatzen gaituzten oraindik ere».

Haatik, eta hitza eman dizuedan bezala, euskaldun hitza eta hori guzia, bigarren urratsa liburutegianÉ Tatxan-tatxan: karneta egin eta liburu bat eskatu nahi dut. Anatema! Bekatua! Infernurat joanen zara! Taliban! Ez, kojonian, liburu bat nahi dut, liburu bat ez bertzerikÉ

Mahaia alderat hurbildu eta liburuak eskatzeko orriak ageri. Denak gaztelaniaz. Ongi hasi gara eta hobeki jarraitzen dugu. Ah, ez, ez pentsa, Erlantz, ez izan hain bihurrittoa, malpensáu, eskaerak egiteko orriei buelta eman eta euskaraz ere baduzu aukera. Eta euskara hutsez! Los amos son buenos con los negritos! Glory Day! Aleluya!Bai, baina, kontxo, buelta emaiten ez badiozu, ba orduan idazten hasi eta ez zara konturatzen bertzaldean euskaraz egiteko aukera daukazunik. Ikastolero batek eman dit erantzuna: «Hombre, tio, eske kontrakoa esperatzea, euskarazko aldea ageri egotea, eske hori gehiegi eskatzea da, non uste duzu bizi zarela, ein?». Katxiporreta, non bizi naiz, ba, Euskal Herriko hiriburuan, ene aberrian, gure gurasoen herrian. Bai, badakit, hobe hori ez aipatzea, Europan bai, hemen ez, total, zertarako.

Tira, ba, garaiz ohartu naizenez, buelta emanen diot elebitasuna ezkutaturik duen orri bedeinkatuari. Eta orduan ikusi dut. Inoiz baino garbiago. Jaingoikoak argitu nau. Alak argitu nau. Armeniarrek eta turkiarrek argitu naute. Budak ere argitu nauela erranen nuke itaunketa batean. Al loro: Gaztelaniazko aldean honela dio: «nombre y apellidos». Euskarazko aldean: «izen abizenak, irakurgarriak».

...eta froga aurkitu!

Bi eskuen bidez eskaera orri tipia altxatu, begien aitzinean airean eutsi eta, ezin gehiago erresistitu, bihotz-bihotzez, Lauaxeta fusilatu zuen «bibalaguardiazibil!» espiritu mitikoaz bete zait arnasa eta arima. Euskalduna bazara, «Nombre y apellidos, sí, ¡pero legibles!». Berriz ere gauzatu da sortilegioa, «vasco ser, oreja no tener, ir al colegio y no aprender». Zertarako egin dut doktorego tesi bat euskalduna banaiz? Iruñeko ene teilatupeko ganbarako sutondoan Lizardik aurkitu du amatxi zaharren baratza. Galduak ez gara! O tempora, o mores! Fas fatum! Henry Bengoaren inbentarioa! Sarri eta Ruperren abestia: «ene begiek ez dute malko isuritzeko gogorik, lehenik eta bizitza bakarra bizi dutelako. Entzun! Astiro doia denboraÉ».

Arrastaka itzuli naiz teilaturat, ilunabarrean, euripean, teilen artean Eki agurtzeko, Mari, Ama Lurrari bihar berriz ere itzularazten eskatzeko. Baina laguntza behar dut. Katu eta putzuak bidelagun, liburutegiko orriek merezi duten konponbidea bilatu dut. Teila bat altxatu eta Iulen Urbiola Loiarteren, Euskara Kultur Elkargoko zuzendariaren milagarren salaketa judiziala ikusi dut, nafar instituzioen aurka, horrelako astakeria soziolinguistikoak egiteagatik. Bertze teila bat altxatu eta Nafarroa Garaian euskal kulturak bizirauteko 2007an zerbait erabakigarria gertatuko dela ikusi ahal izan dut.

Baina bazen bertze teila bat, primeran egina, labetik atera berria edo, gorrixka-gorrixka, fina, artisau artistak sortua. Hura zutitu eta azpian, etorkizunean, Iruñerrirako euskal komunikabideak ikusi ditut. Iruñeko uskaldunok definitiboki baskoak izaiteko, belarriak edukitzeko, eskolan ikasteko, gure izen abizenak «legible» izaiteko, hondarrean neu ere, azkenekotz, irakurgarria izan nadin.

etiketak: Albisteak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.