Euskal Herriko Liburutegi Nazionala, zergatik ez?
Euskal Herriko Liburutegia onuragarria izango da guztiontzat. Liburutegi honen onurak zerrendatzeak luze joko lukeen arren, hona hemen arrazoi batzuk.
Lehenik, ekonomia eta kultura ikuspuntutik abantailak baino ez ditu ekarriko. Kultura aldetik, mundu osoan euskal kultur ondarea zabaltzeko erreferentzia izango da. Izan ere, mendeetan zehar eta baita azken urteotan ere, unibertsitateetan eta zientzia munduan Euskal Herria kultur eremu gisa hartu dute, besteak beste: Nevadan dagoen Renoko Unibertsitatean, British Libraryn edo Entziklopedia Britanikan; eta zer esanik ez Hego Amerikako unibertsitateetan eta erakunde akademikoetan. Bestalde, ekonomia aldetik ere, partaide guztientzat lan tresna komunak sortzea onuragarria eta merkeagoa izango litzateke.
Bigarrenik, guk baino lehenago beste herri askok irizpide ekonomiko eta kulturalen mesedetan muga politikoak gainditu eta erakunde komunak sortu dituzte. Herri hauetako Sistema Bibliotekarioak kultura eta batik bat hizkuntza irizpideei begira antolatu dira; eta ez soilik irizpide administratibo, juridiko edo politikoei begira.
Hirugarrenik, oso jende gutxi dago Euskal Herriko Liburutegia sortzearen kontra, batez ere, kultura arloan murgiltzen direnen artean. Ez da ahaztu behar historian zehar eta baita gaur egun ere, zazpi lurralde historiko hauek berezko komunitate kulturala osatzen dutela.
Azkenik, Europako Batasunak, eta batik bat nazioarteko liburutegietako erakunde ofizialek (UNESCO, IFLA, ISO ) administrazioetan antzerako ekimenak sortzea gomendatzen eta bultzatzen dute, hala nola: Eskoziak, Kanadak, Frantziak eta Espainiak. Espainiako Estatuan autonomia erkidegoek ere Liburutegi Nazionalak sortu dituzte.
Ezbairik gabe, Euskal Herriko Liburutegia sortzeko ekimena administrazio desberdinek eraman beharko lukete aurrera: Iparralde, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoako administrazioen erantzukizuna baita. Baina argi eta garbi dago administrazioek gai honen gainean ez dituztela behar adinako urratsak eman; areago borondate politikarik eza antzematen da. Azken 25 urteetan euskal administrazioak ez dira Euskal Herriko Liburutegi Nazionala sortzeko gai izan, ez eta Euskal Herriko Liburutegien Sistema komuna antolatzeko ere.
Garbi gera dadila, antzerako erakunde ofizialak sortzea, bultzatzea eta kudeatzea administrazioei dagokiela. Baina, euskal agintarien borondate politikarik eza ikusita, beste bide batetik etorri beharko du irtenbideak. Gaur egun, erakunde ofizialetatik at ezin dela gehiegi egin nahiko zabalduta badago ere, liburutegi arloan Jon Bilbaoren lana eredutzat hartuta, eta distantziak distantzia ondo legoke begiratzea Euskal Herrian beste hamarkadetan egindakoari, esate baterako, 60. hamarkadan ikastolen sorrerari, politika ofizialetik at.
Zergatik liburutegietako kontuetarako ez gara Euskaltzaindiaren, Principe de Vianaren edo Eusko Ikaskuntzaren moduko erakunde ofizial bat sortzeko gai? Lerro hauek idazten ari nintzela, El Pais egunkariaren gehigarrian Espainako Liburutegi Nazionalari buruzko artikulua irakurri nuen eta inbidia eman zidan: inkunableak, liburu bereziak, mapak, grabatuak, eskuizkribuak guztientzat eskura eta ondo kontserbatuta. Euskal Herriko Liburutegi Nazionala euskal dokumentazio eta informazio gunerik garrantzitsuena izango denez, euskal kulturaren ikurra izateaz gain, Euskal Herrian argitaratzen den ekoizpen bibliografiko osoa jasotzeaz eta mundu osoan zehar zabaltzeaz arduratuko da; eta, baita gure memoria historikoa betiko ondo kontserbatzeaz ere.