Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret / Doako Mailegua

Doako Mailegua

nere 2005/10/16 10:00

ITURRIA: Argia, 2011. zkia, 2005-10-16

Hemen Gotzon Barandiaranek idatzi duena Argian:

Liburutegietan liburuak hartzearren: irakurtzeko ezkerbidea

Alokairu eta maileguari buruzko Europako Batzordearen 92/100/CE zuzentarauak, herritarroi maileguan hartzen dugun sorkuntza lan bakoitzeko euro bateko kanona -nire euskaran lapurreta- ordainarazteko agintzen die Europar Batasuneko estatuei. Euro bat maileguan hartzen dugun DVD bakoitzeko, aldizkari bakoitzeko, interneten lortutako dokumentu bakoitzeko, argazki bakoitzeko, euro bat liburutegian hartzen dugun liburu bakoitzeko. Espainiako Estatuak ez du oraingoz agindua bete eta euskaldunoi ere ez digute betearazi. Baina nago Belgikari ezarri dioten isunaren ostean neurriak hartzen hasiko direla. Eta hasi badira hasi dira, orain arte DVD bat alokatzerakoan, filma hasi orduko drogazaletzat hartzen bagintuzten, orain pirata edo lapur ere bagara. Izan ere, jabego pribatua lapurtzea delitua ei bada, maila bereko bekatua ei da jabego intelektuala lapurtzea.

Interneteko edukien eskuratze librearekin eta musikaren erreprodukzio librearekin hasi zitzaizkigun jabego intelektualaren inguruko gezurrak sinestarazten. Ordura arte egile eskubideetatik eta prezio altuegia duten diskoetatik dirutza ikaragarriak irabazten zituzten multinazionalak larritzen hasi ziren iturriak emari mendreegia zekarrelako. Eta Senegalgo saltzaileak zein hamasei urteko nerabeak atxilotzen hasi ziren. Orain liburutegietan liburuak hartzearren ordaintzea gura dute.

Liburutegien onurak zerrendatzeak luze joko liguke baina bat-batean zenbait arrazoi datozkigu akordura: mailegua doakoa izateak egilearen lana hedatzen laguntzen du, hau da, egilearen ideiak eta jakintza ezagutarazten laguntzen du, liburutegietako maileguak doakoak izanik, ez dago diruduna izan beharrik beste bide batzuetatik eskuragaitza den ezagutzaz jabetzeko, ikastea librea da, jakitea ez da eskubidea, ezkerbidea baino. Duela gutxi argitaratu da EAEko 11.000 lagun pobreziaren mugetan bizi dela.

Egileen eskubideak defendatzeko neurria dela diote baina gezurra da, liburutegiek egileen eskubideengatik ordaintzen baitute ale bat erosten duten bakoitzean. Beraz, mailegua ordainarazten badigute, bitan ordainduko dugu. Europako Batzordearen agindua bete dadin indar gehien egiten ari direnak CEDRO eta SGAE dira, egileen eskubideen kudeaketaz arduratzen diren irabazi asmo handiko elkarteak, eta horiek ez dute egilearen obra ahalik eta gehien hedatu gura, egiten den obraren erabilera bakoitzeko zein kopia bakoitzeko ahalik eta gehien kobratzea baino. Liburutegietan liburua hartzearren ordainduko genukeena elkarte horiek jasoko lukete, ez egileak, Europako zuzentarauak ez baitu egileari ordaindu beharreko portzentajearen aipamenik egiten. Dena dela, ez dut uste egileak kobratzeak zilegitasuna ematen dionik.

Nire uste apalean, maileguak ordaintzearen alde dagoen egileak helburu ekonomikoak baino ez ditu aintzat hartzen, inolaz ere bere obraren duintasuna. Eta bizi behar dela aitxakiatzen duenak egin ditzala urteko aurrekontuetan ekarpenak eta exigitu ditzala sorkuntza lanentzako benazko laguntzak. Azken batean, kulturaren hedapenaz ari gara, ezagutza konpartitzeaz, irakurtzeko ezkerbideaz. Oso lantzean behin egiten dut baina txarto pentsatzen hasita zera bururatu zait: Europar Batasuna osatzen duten herrialdeetako agintaririk gehienak eskuineko alderdietako ordezkariak dira, beraz, kultura etsaitzat dute noiz eta, gai honi dagokion lez, dirutzak sortzen ez dituenean. Badakite gutxi irakurtzen dena eta jakiteaz gain horixe dute helburu, alegia, gutxiago irakur dadila.

Izan ere, gero eta gutxiago irakurtzen duenak gero eta gutxiago pentsatzen du eta gero eta gutxiago pentsatzen duena engainatzea errazagoa da eta irakurtzeari prezioa jarriz gero are gutxiago irakurriko da eta are jende gehiago engainatu ahal izango da. Berandu orduko, urtero ogasunari ordaindu beharrekoen artean, ehunekoa kenduko digute lagunei egin diezaiekegun balizko maileguarengatik. Liburuei, eskuak ezberdintzen dituen txipa erantsiko zaie eta poliziak etxez etxe arituko dira esku aldaketak zenbatzen. Berandu orduko oparitan jasotako liburuak irakurtzearren ordaindu egin beharko dugu, berandu orduko obra bakarreko idazleak hogeita hamabost urterekin jubilatuko dira eta dakiten gutxiari eta ez dakiten beste guztiari buruzko iritzia emanez dibertituko dira telebistan. Barkatu, gehiegi irakurtzearen betekada izango dut.

Gotzon Barandiaran, Larrabetzuko literatura eskolako kidea

etiketak: Albisteak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.