Kazetarien koadernoak
Ostiral arratsaldean «Las grietas de América» liburua aurkeztu zuen Mikel Reparaz kazetariak Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoan. Beheko bideoan ikus dezakezue Iñigo Artamendik gidatutako ordubete inguruko solasaldia.
Liburuaren abiapuntuari buruz galdetuta, hauxe bota zuen Reparazek koadernoen inguruan.
«Telebistan eta irratian aritzen garen kazetariok istorioak minutu batean kontatzen ditugu eta asko kanpoan gelditzen dira. Beti bi koaderno eramaten ditut soinean: bata, kazetaritza kronikak egiteko; bestea, hausnarketak eta bestelako elkarrizketak jasotzeko. Azken koaderno hau erabili dut liburua idazteko».
Ostiral arratsaldean bertan hasi nuen «El viejo periodismo» liburuxkaren irakurketa. Revista 5W-k kaleratu berri du eta bertan Martin Caparros eta Agus Moralesek izandako solasaldi luzea ageri da. Larunbat arratsaldean amaitu dut irakurketa. Gustura astindu dut arkatza: makina bat esaldi azpimarratu ditut eta oraintxe txorroskiloaren behar larria du gaixoak.
Azken zatian, biak libretei buruz hizketan topatu ditut:
Agus Morales: Ez-fikzioa idazteko dudan armarik garrantzitsuena, nabarmen gainera, nik egunerokoa deritzodana da. Erreportajeak hainbat modutan egiten ditut. Libreta batekin izan daiteke, grabatuz (...), notak hartuz edo sentsazioaz gogoratuz... Dena jasotzen dut eta egunean bertan, hurrengoan gehienez ere, ordenagailuan garbira pasatzen dut (...) Badago ahalmen handiko jendea, gutxi behar duena asko egiteko. Magia. Nik gutxi dakit egiten eta asko behar dut horretarako; gainera memoria txarra daukat (...) Aipatutako egunerokoa, beste izen bat har dezakeena, oso erabilgarria da kronikak eta erreportajeak idazteko, baina batez ere liburuak idazteko.
Martín Caparrós: Nik ere dena momentuan idazten dut. Beti libreta beltz batzuk ditut inguruan. Idazten dudan gehiena jada nire libretetan dago (...) Ordenagailuan ordenatu egiten dut (...) Ez dut apuntatzen esaten didatena, beti grabatu egiten dut esaten didatena. Apuntatzen duzunean ahotsaren testura galtzen baituzu, eta testura pertsonak dioena bezain erabakigarria da.
Agus Morales: Libreta oso erromantikoa da, baina zuk diozun horrekin bat nator ni ere. Nik ahal dudan guztietan grabatu egiten dut, eta askotan entzuten dudan ahotsa gero buruan errepikatu egiten da, eta testuari musika emateko balio izaten dit. Grabatzea garrantzitsua da, nahiz eta batzuetan ezinezkoa den.
Martín Caparrós: Neketsua da, gero entzun eta transkribatu behar duzulako. Baina diskurtso bakoitzaren inflexioak gordetzeko balio du. Gainerakoan, diskurtso guztiak homogeneizatu egiten dira, kazetari gehienek egiten dutena, bide batez. Elkarrizketatuak nik periodistiqués esaten diodan hizkuntzan jartzen dituzte: ustezko hizkuntz zuzena, dotorea, errepikapenik eta zalantzarik gabea. Ene ustez erabat kontrakoa egin beharra dago, ahal den neurrian mantendu ahotsezko testu horien birjintasuna idatzizko testuetan. Eta horretarako grabatu beharra dago.
Amaitzeko garrantzitsua iruditu zaidan detailea: berriki Cháchara izeneko bloga zabaldu du Caparrosek.
Gaurko kanta ere Reparazi lapurtu diot: The Road I Must Travel, Tom Morelloren The NightWatchman bakarkako proiektukoa.
Los cuadernos de los periodistas, este apunte en castellano