Reparaz Estatu Batuetako arrakaletan barrena
Reparaz nos lleva por los Estados Divididos de América, este apunte en castellano
Alberto Pirisen urriko bi apunte azaro hasieran AEBn izango diren hauteskundeei begira daude idatziak. Bertan gertatuko denak ondorioak izango baititu gurean ere.
Estatu Batuetan bost urtez egon zen Mikel Reparaz kazetaria EITBrentzat korrespontsal lanetan. Etxebizitza New York-en izanik ere, AEBak osatzen dituzten 50 estatuak zapaldu zituen Obama eta Trump presidenteek Etxe Zuritik agintzen zuten bitartean.
Euskal Herriratu ondoren, bi urte pasa ditu Las grietas de América liburua idazten. Hori kontatu dio Andoni Urbistondori. Telebistarako piezak laburregi geratu zaizkiola eta atera nahi zituela. Covid-ak atzeratu du argitalpena, hasiera batean udaberrian baitzen ateratzekoa.
Sarreran dio «liburu hau gatazka bati buruzkoa da, esplikatzen duena, zati batean soilik, azken urteetan Estatu Batuetan gertatu dena eta datozenetan gertatuko dena».
Kilometroak korritu ditu Reparazek eta nabari zaio gustura aritu dela. Ilusio hori idatziz transmititzen baitu. Horrelako obra bati buruz esan daitekeen gauzarik onena baita bertara joateko gogoa pizten dizula.
Kilometroak egiteaz aparte, irakurri eta ikasi egin du Reparazek. Guri kontatzeko, besteak beste.
Sarrera labur baten ondoren, Baltimore eta Charlottesville hiriak lotzen dituen 250 kilometroko bidaiaren berri ematen digu egileak, 2019ko udan eginikoa. Bi hirien artean Washington dago.
Ondorioz, obrak hiru zati ditu: Baltimore, Trumpistan eta Charlottesville izenekoak. Guztira 26 kapitulu eta izenburu argigarriko epilogoa: «Continuará» (Jarraipena izango du).
Baltimore: 2015eko udan Freddie Gray hil zuen poliziak furgoi baten barruan. Heriotza horrengatik ez zuten poliziarik epaitu, eta beraz are gutxiago kondenatu. Horrek ekarri zituen protesta handiak eta, besteak beste, Black Lives Matter mugimenduaren indartzea.
Charlottesville-n, berriz, neonazi batek autoz jo zuen antifaxistek antolatutako martxa baten kontra. Heather Heyer izeneko manifestaria hil zuen eta beste hainbat zauritu. Kartzelan dago egilea eta ez da bertatik aterako.
Bi gertakari garrantzitsu horiek, gehi Trump-en 2016ko garaipena, erabiltzen ditu Reparazek herrialdearen historia eta egungo gatazkak esplikatzeko.
Gogotik azpimarratu dut liburua eta saiatu naiz horietako pasarte batzuk hona ekartzen, baina alferrik, gehiegi luzatuko bailukete apunte hau.
Nebraska. 3.600 biztanle dituen herrixka. Paperik gabeko etorkinen aurkako operazio batek nola alda ditzakeen gauzak.
— Mikel Iturria (@iturri) October 23, 2018
“Without immigrants, who would process potatoes, pick tomatoes and chiles? We do all of the work. They don’t appreciate it.”
https://t.co/TEgAeyEFgc
Bai kontatuko dudala anekdota bat. 2018ko urrian ibili ginen AEBetako zati bat korritzen. Goian jarritako txioan ageri den albistea irakurri nuen: etorkinen kontrako legedia aplikatu zutela gordinki Nebraskako herri txiki batean. Polizia bidali zuten paperik gabekoak atxilotzera. Egun batzuen buruan, dozenaka lagun atxilotu zituzten, baina etorkinik gabe akabo produkzioaren katea: uztak jaso gabe, animaliek jatekorik ez eta abar.
Obama ez da guapo ateratzen liburuan (besteak beste, berak kanporatu ditu inork baino pertsona gehiago, paperik ez zutelako) baina orain ere irabazteko aukera handiak dituen Trump-en agintaldiarekin lotuta geratuko den irudia da 4-10 urteko haurrak gurasoengandik banantzea (batzuetan, zientoka kilometroak tarteko) Estatu Batuetan atzeko atetik sartu zirelako.
Obamaren erreakzioa izan zen Trump, Estatu Batuen sormenetik elkarren kontra dauden bi aldeek akzioa-erreakzioa eskema horretan daudelako. Eta armiarmatzarrak ondo baino hobeto menperatzen duelako sistema. Hau da, beltzak, latinoak eta beste gutxiengoak azpiratuak egoteko.
Eta Trump-ek irabazteko aukera du han ez duelako balio AEB mailako inkestarik. Hauteskunde sistema bospasei estatutan jokatzen da: Pennsylvania, Florida, Ipar Carolina, Wisconsin, Michigan, Arizona, Ohio…
Zuri haserretuak mugiarazten baditu berriro, Trump garaile. Zer gertatuko da, baina, datozen urteetan zuriek populazioan duten gehiengoa galtzen dutenean? Auskalo.
Liburua irakurtzea gomendatzen dizuet.
Osagarri gisa bota bistadizo bat ondorengo lotura hauei.
1.- Andoni Urbistondoren elkarrizketa Garako Gaur8 gehigarrian.
2.- Ttap aldizkarirako Juan Kruz Lakastak eginikoa (segapotoan edo tabletan jaitsi beharko duzue).
3.- Iñaki Urdanibiaren erreseina (gaztelaniaz).
4.- Raquel Nogueiraren elkarrizketa (gaztelaniaz).
Amaitzeko, liburuan zehar musika asko ageri da eta Reparazek berak sortu du kantuen zerrenda bat Spotify-n.