Irungo Alatrista, tinko
2006ko irailaren hasieran idatzi nuen blog honetan Alatrista baserriari buruz. Orduan, Arturo Pérez-Revertek bere liburuetan sortutako Alatriste kapitainari buruzko filma egin berria zuen Agustín Díaz Yanes zinema-zuzendariak, Viggo Mortensen protagonista zela.
Alberto Moyanok José Carlos Iribarren aholkulariari eginiko elkarrizketa medio, jakin nuen Alatrista baserria zela Alatriste abizenaren jatorria, Pérez-Reverteren mexikar editorearena hain zuzen ere. Ohikoa omen da abizen hori Amerikan eta, hemen ez, baina gaztelaniazko blogean oraindik ere baditut sarrerak Alatriste deitura duen jendearenak.
Duela gutxi hasi dituzte inguru horretan etxebizitzak egiteko lanak (Santano eta Arriolak jarri zuten lehen harria hilabete pasa). Eta inguru horri buruzko webgunea dago sarean, Oinaurre, Irungo etxebizitza-albisteak ematen dituena.
Larunbatean bertatik pasa nintzela aprobetxatuz, autoa aparkatu eta argazki batzuk atera nizkion inguruari. Bideo eskas bat ere grabatu nuen telefonoarekin. Hiri-baratze piloa egon da bertan urteetan eta makinek hankaz gora jarri dute guztia.
Bitxia bada ere zutik geratu den etxe bakarra Alatrista da. Horregatik ekarri dut hona.
Resiste Alatrista, la casa solar de Alatrista. Este apunte en castellano