Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Fidel Vicenteren omenezko kontzertua: #fidelforever

Fidel Vicenteren omenezko kontzertua: #fidelforever

Mikel Iturria 2018/05/03 19:15
Ekainaren 12an Fidel Vicenteren omenezko kontzertua antolatu dugu lagun batzuk Intxaurrondo Kultur Etxean. Joseba Irazoki Banda izango da gonbidatu nagusia.

Pasa den urteko urrian idatzi nuen Fidel Vicente, gugan bego izeneko sarrera blog honetan. Gaur salgai jarri da haren omenezko Fidel forever izeneko kontzerturako sarrerak (loturan eros ditzakezue, zeren kultur ekitaldiak ez dira airetik finantzatzen. Mila esker!).

Sarrerak 10 euroan jarri ditugu salgai maiatzaren 3an (goizeko 11:30etik aurrera) Donostia Kulturako kanaletan: donostiakultura.eus/sarrerak eta Victoria Eugenia zein Antzoki Zaharreko leihatiletan (11:30-13:30 / 17:00-20:00). Intxaurrondo Kultur Etxean ere salduko dira, baina soilik ikuskizun egunetan, dagokion jarduera hasi baino ordubete lehenago.

Bideo hau egin du Beñat Gantxegik.

Ikusten den irudia, berriz, Beñat Garcíak prestatu du.

Fidel Forever jaialdiko irudia 

Hona hemen zabaldu dugun prentsa oharra.

Fidel forever: ekainak 12, 20:00. Intxaurrondo Kultur Etxea

2017ko urriaren 3an hil zen Fidel Vicente Cintero. Gehienok soinu teknikari gisa ezagutu genuen, hainbat urtez makina bat ekitalditan ikusi duguna soinua jartzen. Baina Fidel hori baino gehiago zen.

Denbora azkar doa eta, berandu baino lehen, hainbat lagun elkartu gara haren omenezko ekitaldi bat antolatzeko.

Kontzertu bat, ikuskizun bat, kultur ekitaldi bat azken finean, aurrera eramateko hainbat pertsona behar da eta askoren lana oharkabean pasatzen da. Besteak beste, soinu, argi eta ikus-entzunezko teknikariena. Horregatik, hitzordu hau aprobetxatu nahi dugu eszenatokiaren atzealdean dauden lagun horien lana ere azpimarratzeko.

Hitzordua Intxaurrondo Kultur Etxean izango da, ekainaren 12an, iluntzeko 20:00etan:

  • 20:00etan, gure laguna gogoratzeko ekitaldi xume bat egingo dugu.
  • 21:00etan, rock kontzertua. Joseba Irazoki Banda igoko da eszenatokira: Joseba Irazoki, ahotsa eta gitarrak; Ibai Gogortza, gitarra; Jaime Nieto, baxua; Felix Buff, bateria.
  • Kontzertuaren ondoren, DJ saioa: Fidelen gustuko kantuak entzuteko aukera izango dugu.

Ekitaldiak irauten duen bitartean taberna zabalik izango da.

Antolatzaileak Fidelen lagunak izeneko kolektibo bat gara eta ekimena aurrera eraman ahal izateko Donostia Kultura, Eragin STAC eta Buenawista Prolleckziom's ditugu laguntzaile.

Joseba Irazoki Banda

Hainbat musikarirekin gitarra-jotzaile gisa luzaroan ibili da Joseba. Batzuk aipatzeagatik: Xabier Montoia, Petti, Anje Duhalde, Mikel Erentxun, Bide Ertzean, Lou Topet, Terry Lee Hale, Maixa eta Ixiar.

Kantugile eta abeslari moduan agertu zen duela urte batzuk ONDDO bere pop taldearekin eta DO inprobisazio proiektuarekin.

Gaur egun musika estilo desberdinak jorratzen ditu Josebak eta bere argitalpenak eta kontzertuak sorpresaz beterik egoten dira.

Une honetan, Atom Rhumba taldearen Cosmic Lexicon diskoa eta iazko udazkenean Achiary aita-semeekin batera kaleratutako Bashoan ari da zuzenean aurkezten.

Esan bezala, Intxaurrondora Ibai Gogortza (gitarra), Jaime Nieto (baxua) eta Felix Buff (bateria) musikariek osatzen duten hirukotearekin etorriko da.

Bi gauza eskatu dizkiogu Josebari: “rock gaua” eta Fidelen gustuko pare bat bertsio.

Musika, oholtza bat, lagunak eta taberna. Zer gehiago behar da Fidel omentzeko?

Concierto en recuerdo de Fidel Vicente: #fidelforever

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter