Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Loretopetik (XV) Indarkeria nagusi

Loretopetik (XV) Indarkeria nagusi

Mikel Iturria 2007/06/28 06:00

Irutxuloko Hitzan ekainaren 28an argitaratutakoa.

Igande goizaldean emakume bat erail zuten Bilbon. Goizeko 11:00etan entzun nuen irratian zintzurra moztu ziotela. Geroxeago, lagun batek pasa zidan erailketaren berri ematen zuen interneteko lotura bat. Sasi-jakintsu, hau da, ezer ez dakienaren moduan, zera erantzun nion: "Kanpoko gero eta jende gehiago dago hemen, eta orain arte bertakoenak izan ez diren zenbait indarkeria ohitura hasi dira agertzen".

Ordurako banekien taberna latinoa zela, irrati esatariak bota baitzuen datua albistegian. Arratsaldean, berriz, interneteko bideo bat ikusi nuen. Esatariak zioen hemeretzi urteko ustezko hiltzailea dominikarra dela. Bizilagunek zioten askotan izaten zirela istiluak.

Kazetariek duten ohitura txarra da gaizkilea nazionalitatea jakin batekoa denean datu hori ematearena. Hiltzailea norvegiarra izango balitz, hain garbi adieraziko ziguten? Kazetari bizkaitar batek taberna latinoaren datua ematekoa zela esan dit, baita ustezko hiltzailea dominikarra zela. Nire tesiaren kontra ihardetsi dit Londresen berriki bi urteko alaba akabatzeagatik atxilotu zuten exekutiboari buruzko albiste guztiek tipoa bilbotarra zela azpimarratzen zutela.

Honekin loturik, Harresiak Apurtuz erakundeak ekainaren 27an aurkeztu behar zuen Bilbon "Inmigrazioa eta hedabideak. Kazetaritzarako jardunbide egokien eskuliburua" izeneko materiala. Ez naiz kazetaria, baina interesgarria dirudi ahaleginak.

Indarkeria autoktonoa ere badugu, zelaia uzten ez dakien ETArena, besteak beste. Loiolako kuartela ez dakit autoktonoa ote den, baina hemen dago. Duela aste batzuk, itxura guztien arabera bertakoak ziren soldadu batzuekin egin nuen topo taberna batean, gaugiroan. Latinoamerikar bi, edanda eta edaten; on puska itxura zuen ekialdeko kankailu bat; taberna guztiari desafio egiten zion beste tipo zatar bat. Orduan pentsatu nuen Espainiako nazionalitatea eskuratzeko batzuek zer nolako lanak hartu behar dituzten.

Igande arratsaldean Armada espainiarreko kide ziren sei soldadu hil zituzten Libanon, horietako hiru kolonbiarrak. Pasa den udazkenean Joseba Kamiok Artelekun eginiko EH 2.0 jardunaldietan jarritako adibide batetaz gogoratu nintzen orduan. Telebista informatiboa batean ikusitako gauza deigarri bat aipatu zuen, gaur egungo egoera globalizatua laburbiltzen duena: soldadu bat, kolonbiarra, abizen euskaldunekoa, Armada espainiarreko kide, Nazio Batuen Erakundeak Libanon duen indar armatuetako partaide.

Gazteak bortitzak direla esango dugu gero, baina egiturazko indarkeria marka guztiak puskatzeko modukoa da gure gizartean. Igandeko Berrian beste adibide xume bat. Hamar mila langile kaleratu behar dituen Airbus hegazkingile europarrak nabarmen hobetu dituela emaitzak azken bolada honetan.

Ondo goaz, bai. Hain ondo, bandera txuria ateratzeko gogoa ematen baitu.

En castellano

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter