Artistaren definizioa
Maider Lopez (Donostia, 1975) artistari elkarrizketa egin diote gaur hainbat egunkaritan, Veneziako Bienalera gonbidatu dutelako. Baina elkarrizketa guztietatik, Ainara Gorostitzuk Berrian egindakoa gustatu zait niri gehien, gogoetarako aukera gehiena horrek ematen duela iruditzen zaidalako.
Artearen eta publikoaren arteko harremanaz ari da Maider Lopez, eta detaile interesgarriak botatzen ditu airera, norbaitek harrapatu nahi baditu:
Publikoak garrantzi handia du zure obran. Hari begira egiten duzu lan?
Ez, baina publikoa beharrezkoa da pieza horrek zentzua izan dezan. Interesen arabera sortzen dira ideiak, lan batek eramaten nau beste batera. Baina beste batzuetan kasualitatez gertatzen da, horiek dira niri gehien gustatzen zaizkidanak: oporretan hondartzatik bueltatu, eta bat-batean ikusten duzu ideia emango dizun zerbait. Hori gertatzen zait izan nahi ez dudan momentuan ere artista naizelako. Horrela sortu da udan egingo dudan Proyecto coches.
(...)
Horrelakoetan jendea konturatzen al da interbentzio artistiko bat dela?
Batzuek ulertzen dute, eta beste asko haserretu egiten dira. Beste batzuek diote ni ez naizela inor artista naizen edo ez esateko; nik erantzuten diet, ona edo txarra baina artista naizela, psikologo bat karrera amaitzean psikologoa den bezala.
-----------------------------------------------------------------------------------
Beltzez markatu dudan lehenengo esaldia da aspaldian artista bat zer den definitzeko entzun dudan onena. Esaldia huts-hutsean ezin dugunez testuingurutik atera, barkatuko didazue atrebentzia: negritaz dagoen lehenengo esaldi hori nolabait borobildu egingo dut (beti ere aurretik Maider Lopezek esandakoak erabiliz), nola-halako esaldi antologiko bat sortzeko. Niri, behintzat, ezin hobea iruditzen zait artistaren definizio hau:
"Ideiak etortzen zaizkit, artista izan nahi ez dudan momentuan ere artista naizelako"
Itzela. Ez dut Maider Lopezen obrarik ikusi, baina seguru nago Veneziako Bienalekoek arrazoiak soberan izango dituztela donostiar gazte hau artearen gertakari handi horretara gonbidatzeko. Seguru nago artista handia dela.
Bide batez: definizio horrek balioko ote du behingoagatik Patxitraperok artistatzat har dezan bere burua?
Nik ez nau inor artistatzat baina askotan bururatzen zaizkidan gauzak itzelak direla uste dut eta batzuetan ni ere emozionatu eta guzti egiten naiz! armariotik irten gabekoa naizela diot,zeren oso zaila da zuen kategoriara heltzea,beraz,konformatu beharko dut neure burua emozionatuz jarraitzen,pena bai zuona!