Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Arnasa hartzera noa

Arnasa hartzera noa

gabiria 2005/03/03 11:25

Batzuek galdetu didate zer gertatu zitzaidan joandako barikuan, blog honetan ezer ez argitaratzeko. Erantzuna sinplea da: gorputzak kito! oihukatu zidala.

Aspaldi ikasi nuen gorputzari kasu egin behar niola, lan handiko bolada batean gaixotu egin nintzenean. Baina kotxearekin bezala gertatzen zait batzuetan gorputzarekin: nire kotxea izaki kuriosoa da, eta gure arteko komunikazio perfektua lortu da urteen poderioz. Ez daukat ideiarik ere motor kontuei buruz, baina kotxeak soinu arraroren bat egiten badu, gutxi gorabehera badakit zer izan daitekeen. Ura izaten da beti. Eta eskerrak, ze hori baino ez dakit egiten: ura aldatzea (txikitan perikito bat izan genuen etxean, eta hortxe trebatu nintzen ur-aldaketa kontuetan). Derrepente aire beroa jarri eta botatzen ez badu, ura falta zaio. Larregi berotzen bada, ura falta zaio. Beti falta zaio ura, eta beti botatzen diot. Horrela zaintzen dut kotxea, beste barik.

Eta gorputzarekin ere antzeko zerbait izaten da, baina diferentzia batekin: ura beharrean, atsedena eta kirola behar izaten dituela gorputzak. Baina gutxiegi ematen diot batetik zein bestetik: azken aldian, atseden askorik ez dut hartu ("Drogarik gabe, atsedenik ez", zelan zen hura?), eta kirola ere nahi baino gutxiago.

Aurrekoan, medikuarenean egon nintzen. Galdetu zidan: "¿haces deporte?", eta azken boladan ezetz. Hasteko gogoa dudala, baina une honetan ezin. Gero esan zidan: "¿duermes lo suficiente?", eta ezetz erantzun nion. Egia esan, loarena kontu erlatiboa da: "lo nahikoa egitea" zer da? Edozelan ere, ezetz erantzun nion, erlatibotasunak albo batera utzita. Bada, medikuak esan zidan: "ez zait ardura kirolik egiten ez baduzu. Astirik ez baduzu, lasai: ez egin kirolik. Baina lo bai: hori, gutxienez, egin. Lo nahikoa egiten baduzu, zure gorputza gai izango da indarra berreskuratzeko".

Eta esango didazue hori Pernandoren egia dela eta ea orain arte ez nekien. Bai, banekien. Baina ahaztu egiten zait batzuetan! Eta aste honetan aplikatu dut lezioa: ez naiz ibili goizeko orduetan idazten. Lo egin dut eta ahaztu egin naiz obligazioez eta debozioez. Eta askoz ere hobeto nago, deskantsatuago. Pernandoren egia, berriz ere.

Hori, gorputzari dagokionez. Buruari dagokionez ere osasun apur bat behar da, eta denbora gutxi izan dut benetan barrutik irteten zaizkidan gauzak idazteko. Blog honetan joan dira horietako gehienak, baina beste proiektu luzeago batzuk ere heldu zaizkit, eta horiekin hasteko gogotsu nago. Burua beti bor-borrean izaten da, eta niretzat suplizioa da ideiak kaskoan utzi beharra, denbora faltagatik.

Hori dela eta, blog honek arnasa hartuko du eta beste erritmo batean sartuko da. Hasieran uste nuen Basque Press Format-a (BPF) emango niola, hau da, astelehenetan jai, baina gero pentsatu dut hori ere lotura bat dela, ze astelehen batean blogean idazteko gogoa badut, zer egin behar dut? asteartera arte aguantatu? Beraz, blogak erritmo lasaiagoa hartuko du hemendik aurrera, zehaztu barik noiz idatziko dudan. Honek ez du esan nahi erabat isilik egongo naizenik: asteazkenetan Bertan Bilbo izango duzue, hori seguru. Hortik aurrera, batek daki. Beharbada asteren batean bost egunetan idatziko dut, eta igual beste aste batean birritan edo behin bakarrik. Idazteko denboraren arabera. Ze gogoa, idazteko gogoa, ez zait joan. Alde horretatik, ez duzue bakerik izango oraindik.

Bien bitartean, eskerrik asko pantailaren atzean egon zareten, zaudeten eta egongo zareten guztioi, zuen animoengatik. Blogintza, batzuetan, basamortuan predikatzea bezala izaten da, eta eskertzen da zuen oihartzuna heltzen denean gugana. Laster arte, beraz. Ondo-ondo lo egin.

etiketak: Hara-honakoak
Joxe Aranzabal
Joxe Aranzabal dio:
2005/03/04 18:47

Bai, joan den ostiralean lotarako begiak ekarri zenituen, nekatuta zeunden. Asteazkenean, berriz, alaiago eta argiago ikusi zintudan.

Jozulinen aholkua zuhurra da, oso, eta seguru nago egingo diozula kasu. Hala ere, ez ahaztu gutaz.

Besarkada bat.

Patxi
Patxi dio:
2005/03/04 17:42

Tarot Carmenen plantak hartuta pixkabat, nik beste arrazoi bat aurkitzen diot aldaketa edo erritmo jeiste honi:

Emakume bat ere ba omen daukazu aldamenean...

  • Julen! Beti ilargian zaude! Noiz egin behar didazu kasu pixkabat?
  • Bai bai baina... Blogerako ideia bat etorri zait eta libreta...
  • Julen, ez libreta eta ez krixto. Nahikoa neukan zure nobelekin eta zutabeekin! Edo bloga, edo ni!

Barka diezadala Olaiak, gaixtotasuna. (Trapero! artistaren inspirazioarekin sartzea ere!)

Zure idatzi ederren zain, irrikaz.

Julen
Julen dio:
2005/03/07 11:11

Eskerrik asko denei, benetan. Zuek bai ematen duzuela arnasa!

Jaio
Jaio dio:
2005/03/04 17:22

Egizu lo, Julen. Baina amesten duzuna kontatu beharko diguzu noizbait, e? Zaindu!

eneko
eneko dio:
2005/03/03 18:50

Ondo, ondo. Bloga gozatzeko izan behar du, ez estresatzeko.

Kiroletan ez, baina idazten xme-ren martxa edonor itotekoa modukoa dirudi :-)

Gabi
Gabi dio:
2005/03/03 13:59

Medikuak esan dizu blog-a utzi behar duzula eta blog-zaleak umezurtz utzi behar dituzula, web orrien amaraunean galduta, nora ezean. Zer irudituko zaio Patxitraperori? Ez al da Mendigreen eta enparauen marketing estrategia hutsa izango Gabiria-gosez gabiltzanok hurrengo liburua eros dezagun?

satortzulo
satortzulo dio:
2005/03/03 14:38

hori duk eta, errutina ez duk on!

gainera, egunero gauza onak sortzea ez duk erraza

baleen moduan egizak lasai iger maindre azpian, eta noizik eta behin arnasa hartzera kanpora irtetean, gogoratu gutaz

Jozulin
Jozulin dio:
2005/03/03 14:32

Aupa, txabal ! Oin, inbiokena da deskantzeu. Eik lo eta eik narruten be, ein al bok. Ori dok onena ta.

Aritza
Aritza dio:
2005/03/03 15:39

baina beste proiektu luzeago batzuk ere heldu zaizkizu, eta horiekin hasteko gogotsu zaude antza, bai baina geu bere jaso dozuzan proiektu luzeago horreen barri eukiteko gogotsu gagoz.

Xabi
Xabi dio:
2005/03/03 14:42

Jozulinen erantzuna ikusita neu ia berba barik geratu naz: sekula ikusi dodan gomendiorik onena, zalantza barik.

Lonarrutan egin, eta nozean behin zeozer idatzi, hori bai. Ez ete da guztiok barruan daukagun alperrak amesten duen bizitza perfektua?

xme
xme dio:
2005/03/03 17:50

ordenagailuan ez bada paperean, hire burutazioak irakurtzen segitzeko suertea izan dezagula.

ez adiorik

Julen
Julen dio:
2005/03/03 17:50

Hori da, nobela berri bat? Gogotsu izango gaituzu ba beti pantailaren atzean, edozein gisako idatzia dakarzkizularik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.