Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia

Fatima

gabiria 2005/02/28 11:10

Azken egunotan asko ari gara berbetan Joxe Aranzabali buruz. Merezita, inork merezi badu. Gaur bertan Etiam ere aritu da Joxeri buruz, ohi duen goxotasunarekin.

Nik ere asko dut esateko Joxeri buruz, eta denak gauza onak. Durangoko Azokan etorri zitzaidan, ni Elkarreko estandean liburuak sinatzen ari nintzela, eta orduan ezagutu nuen. Gero, Gabonen bueltan, egun-pasa egin genuen Elorrion, egun ederra zinez. Paseoa Elorrioko auzoetatik, bazkaria Espaloian, ibilbide literarioa Intxorta ingurutik, tertulia goxoa Esteñibarren, eta, amaitzeko, basurdea ikusi genuen Kanpazarren. Joxek galdetzen zuen ea zeren premonizioa ote zen basurde hura. Elkarren zerikusirik ez daukaten arren, adiskidetasun on baten premonizioa izango zen, duda barik. Biok dakigu hori horrela dela.

Joxek Sustatun mezu haiek idatzi zituenean, nik ere pantailaren beste aldetik irakurri nituen, hunkituta. Kikilduta. Isilik. Artean, mezu haietako batean, irakurri nuen Fatima arrebak hezur-muina eman ziola, mini-alotransplantea eginez. Garai hartan hunkitu egin nintzen, betiko moduan. Eta Fatima izena hortxe geratu zen, baina ahaztu ere egin zitzaidan gero.

Harik eta Joxe ezagutu nuen arte. Gabonetako egun hartan Elorriora joan nintzenean, arrastia Esteñibarren pasatu genuen, Mikelekin eta Fatimarekin batera. Eta ez nintzen konturatu. Ez nintzen gogoratu Fatima hura zela hezur-muina eta bizitza eman ziona Joxeri. Geroztik, Joxek arreba txikiaren odola dauka. Lehen A+ zeukan eta orain O- dauka.

Joandako ostegunean, Elkar argitaletxeko Lander Irizarrek Medikuak esan dit minbizia dudala liburua bidali zidan etxera. Afalostean irakurri nuen, di-da. Ez gara ezkutatzen hasiko malkotan izan nituela begiak denbora luzez. Baina kontua da orduan gogoratu nintzela nork eman zion dena Joxeri: Esteñibar etxeko andreak. Konturatu nintzen berari esker ari garela orain denok liburu honi buruz berba egiten, eta berari esker ari garela Joxeren liburu aurkezpenetara joaten. Berari esker eta Begori esker eta Mireni esker eta Mikeli esker eta Aitorri esker eta Idoiari esker eta... zenbat eta zenbat jenderi esker izan dudan aukera Joxe ezagutzeko! Ez baita dena medikuntzaren miraria, ez baita dena odol kontua: hor daude Joxeren adorea eta emaztearen irribarrea eta alabaren arnasa beroa Joxeren lepoan, eta mahastiak eta senideen babesa.

Horregatik, ostiralean, Elorrioko liburu aurkezpenean, Joxeri sinadura eskatu nion, baina Mireni ere bai, alabatxoari. Iruditzen zitzaidalako berari esker eta beste jende askori esker dagoela Joxe hemen, eta ez zaidalako bururatzen eskerrik asko esateko beste modurik. Modu bakarra bururatzen zait: eurei denei eskerrak ematea, benetan.

Den-denei, egin duten guztiagatik, bihotzez, eskerrik asko eta besarkada handi bat.

etiketak: Lurrekoak
irakurle bat
irakurle bat dio:
2005/02/28 13:37

Nik ere atzo hasi nuen liburua eta negar egingo nuela banekien ere(lagun batek abisatuta)ez nuen uste hainbesterako izango zenik, baina bai. Izan ere hainbesteko energia positiboa dago orrialdeetan! gaur goizean metroan irakurtzen jarraitu dut baina berehala itxi behar izan dut, jende aurrean egotea ez delako traba izan berriro ere negarrez hasteko. Etxera heltzeko itxaron beharko dugu!

Bestalde, eskerrak Joxeri egin digun opariagaitik!

Fatima
Fatima dio:
2005/02/28 21:56

Lotsa galanta pasa arazi didazu, baina badakit intentzio onez egin duzula. Intentzio onagatik, eskerrik asko!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.