Dendarikale (II)
Zure atzean, ahots bat gailendu da beste guztien artetik. Ez zara jiratu: nahiago izan duzu imajinatu.
Emakumeak esan du: "Nik beti pentsatu dut gauza bat, eta arrazoi dut: kamioiak geratzen diren lekuan, ondo jaten da beti". Koadernoa atera duzu. Holako esaldiak botatzen dituzten emakumeak hizketan ari direnean, koadernoa atera behar da beti. Pentsatu duzu arrastiak itxura ona hartu duela bat-batean, zoologikora edo museora doan antropologoaren harrokeria berarekin. Lotsagarri samarra ere bada koaderno batekin joatea degustazioetara, eta emakumeek esaten dituztenak jasotzea bertan, errealitatetik mila kilometrora biziko bazina bezala eta, astean behin, mundu errealera jaisteko beharra izango bazenu moduan. Zalantzak etorri zaizkizu orduan, baina ez duzu koadernoa itxi. Emakumeak esan du: "Eta ondo jan genuen, baina gero Portugalera sartu ginen, eta hortxe hasi zen abentura: egun horretatik aurrera, potitoak jaten pasatu genituen oporrak". Jarraitu du gero: "eta egin kontu asko bidaiatutakoak garela, ze birritan egon gara Saloun; baina, benetan: niri ez eman Portugalgo janaririk, ze oka egingo dizut gainean". Andre batek erantzun dio: "bakailao ona omen dago Portugalen". Emakumeak erantzun dio: "ba gaur da eguna" (talk-showak ikusten dituzten emakumeei ikaragarri gustatzen zaie txorakeria hori esatea), "gaur da eguna nire semeak bakailao bat ikusi eta oka egiten duena". Zehaztu du: "txuletoiak bai, hori gustatzen zaio". Esan du: "ezta, Jaime?". Umea, harrotu eta mozolokeriak esaten hasi da, degustazioko emakumeen eta, bereziki, bere amaren bozkariorako. Esan du amak: "eskolara ere potito bat eramaten du, badaezpadan". Mutikoa puztu egin da: "eskolan ez digute idi-txuletarik ematen. Kabroi hutsak dira".
Azkenean atzerantz begiratu behar izan duzu, halako elkarrizketa bat ze freak motaren ahotik irten daitekeen imajinatu ezinda. Eurek ere lasaitu ederra hartu dute, jakitean ze freak mota den euren elkarrizketak koaderno batean apuntatzen ari dena.
Julenzianori: bazenkixen Bilbokokalerik laburrenetako bat "Askatasuna" kalea dala? Plaza Barria joten dau... Kaleak be bizitzatik edan dauela emoten dau,e?
talib.