Markako ipurdiak
Duela aste pare bat gazte batzuk ikusi nituen, eta zer pentsa eman zidaten. Berez, gazteak ikusten eta gazteekin egoten ohituta nago, eta alde horretatik ezer gutxik harritu behar ninduke. Baina ez. Harritu ninduten, eta ia-ia farola bat jo nuen eurei begira egoteagatik.
Nire etxe ondoan aterpeko galeria bat dago, kalea baino apur bat gorago. Ea hobeto azaltzen dudan: lehenengo solairuaren altueran dagoen galeria bat da, aterpea duena. Bertan, denda batzuk daude, eta balkoi antzeko bat galeriaren luzera osoan, kalera begiratzen duena.
Herriko talde batzuek balkoi luze horretan zintzilikatzen dituzte euren pankartak, dela presoena, dela gazte mugimenduena, dena delakoarena. Beti egoten da pankartaren bat han.
Beste alde batetik, gazteek galeria hori erabiltzen dute bariku eta zapatu arrastietan, bertan egoteko, besterik gabe, bertan. Bestela ere ez dute aukera handirik astia beste zerbaitetan pasatzeko, hori ere egia da, egiarik nagusiena eta bariku eta zapatu arrastiak modu horretan pasatzearen arrazoi behinena. Baina, edozelan ere, irrikarik gabe ikusten ditut nik gazte asko. Baina hori beste kontu bat da, eta beste artikuluren baterako gaia, esate baterako institutuetan hurbiltzen zaizkidan gazte askoren fama-goseari buruzko artikuluren baterako gaia. Baina goazen harira: hortxe pasatzen dituzte arrastiak.
Baina horrek ez ninduen harritu. Harritu ninduena da, zelan gazteek, aukeratu ostean galeria horretako ze izkinatan jarriko ziren (lurrean, han ez baitago bankurik), egin zuten niri sekula burutik pasatuko ez zitzaidan gauza bat. Kontua da galeria horretako zorua zikin dagoela, hori ere kalea baita azken batean. Euria ere ari zuen eta, aterpea izan arren, sartuko zen ur apurren bat, eta dena kakaztu. Eta gazteek han jarri nahi, eta ez da kontua edonon jartzeagatik zure Pepe Jeansak edo Libertoak edo Dieselak zikintzea. Zure markako ipurditxoa zikintzea ez da kontua. Ez da kontua, ez.
Eta, esate baterako, gazteei bururatu zitzaien han eskegitako pankartetako bat hartu eta sofarako erabiltzea. Eta, pentsatu eta egin, preso dauden herriko gazte batzuei buruzko pankarta arrankatu eta gainean jarri ziren. Euren ipurdiak ez zikintzeko, ipurdia aurpegian jarri zieten herriko beste gazte batzuei. Eta lasai hasi ziren pipak jaten.
Mutil bat eta neska bi, gazteak, irrika handirik gabekoak, moda-modakoak.
Ba ni behintzat, ez naiz hainbeste ere harritzen.
Gazte hoien ekintza, mingarria da, baina neurri haundi batean, ulergarri ere bai.
Zeragatik diot hau:
Pankartak, urteen poderioan, ikusezin bihurtu direlako. Inork erreparatzen ez dien elementuak.
Duela zapatu pare bat, gazte batek paper bat eman zidan (8/98). Segituan deitu nion atentzioa. Erderaz bakarrik zetorren. - Ez, euskerazkoak beste neska batek ditu, plazan.
Garestiagoa, eta ilogikoa, Zumarragan behintzat, helburua jendeari mezua heleraztea bada.
Eskatu nion papera neskari, eta euskerazkoa eman zidan. Irakurtezina zan (erderazkoa bezela). Ez irakurri ezin zalako, baizik eta orri osoa betetzen zuen parrafo bakar batean zetorrelako azalpen guztia, ohizko terminologian. Betiko esaldiak, modu berean azalduak.
Denbora pixkabat egon nintzen begira. Papera, hartzen zuen jendeak, baina inork ez zuen irakurtzen. Lurrera zuzenean.
Jendeari egoera baten berri eman behar bazaio, asmatu egin behar da mezua zabaltzeko moduarekin. Eta pankartei, inork gutxik erreparatzen die, hori da errealitatea.