Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Artekale (eta III)

Artekale (eta III)

gabiria 2005/02/23 08:55

Iraganaz ere mintza gaitezke luze. Gogora ditzakegu antzinako larunbatak, larunbatetako bazkalosteak, 45 pezeta ordaindu eta autobus zahar hura hartzen genuen garaietako larunbatak adibidez. Har dezagun, esate baterako, antzinako Artekale hura, eta saia gaitezen imajinatzen zenbat edo ze gutxi aldatu den. Galde diezaiogun geure buruari non geratu den labirintoa iruditzen zitzaigun Bilbo hura, eta erantzuna etsigarria izango da beti: "hortxe, zapaltzen ari zaren Bilbo horretan bertan, hortxe dago lehengo labirintoa". Okerrena hori da: ingurura begiratu eta ez dudala antzinako labirintorik aurkitzen Zazpi Kaleetan. Okerrena da pentsatzea hiria zertxobait aldatu dela, baina batez ere gu, gu aldatu garela ikaragarri, eta jada ez garela kapaz zazpi kale ziztrinetan galtzeko. Orain nahita ere ez gara galtzen. Ezin galdu, begietan benda bat jarri eta norbaitek bueltak ematen badizkigu ere.

Beste gauza asko ere ez ditugu egiten orain. Ez gara etortzen larunbat bazkalosteetan arropa erostera, ez dugu gurinezko bollorik jaten, autobusak ere ez dira lehen bezain kaskarrak eta merkeak. Lehen harritu egiten ginen, amak labirintoan orientatzeko gaitasuna zuelako eta aitak beti zekielako kotxean hara eta hona heltzen. Orain, ondo edo txarto, guk ere egiten dugu hori, eta kaleak leku berean daude, dena dago leku berean, gu izan ezik.

Eta Artekaletik paseoan goazela, ezer ez da garai batekoa. Nahita ere ezin dugu aurkitu txikitako begirada harritu hura, eta badirudi labirintoan galduta geratu dela larunbat bazkalosteetako garai hura, Bilbo hura, ume hura. Iragan hura. Gaur, Artekaletik paseoan goazela, iraganeko arrastoak agertzen zaizkigu han-hemen: oihal-dendaren bat, mostradore handikoa, zaharra; aspaldi hildako farmazia baten kartela, ezer gutxi. Eta, halako batean, "Tarot Carmen". Eskuak irakurtzen dizkizute 6 euroren truke. Baina nik ez dut etorkizuna jakin nahi. Nik iragana jakin nahi dut.

etiketak: Bertan Bilbo
Aritza
Aritza dio:
2005/02/23 12:24

Zaharra zara Bilbo zioen Gariren kantak, zaharra eta handia. Urte asko dira aita Zazpi Kaleetan galdu zala, atara ezinda ebilela, urte asko dira urtetako tranbiaren errailak jarraitu eta Areatzara ailegau zala. Zazpi Kaleetan galtzea Bilbo handia dan seinale. Orain, ordea, tranbiaren atzetik ibili ezkero, beste Bilbo bat agertzen jaku begi aurrean. Diseinua bihotzaren ganetik ipini dabe edo ipini dogu, auskalo, Bilboren handitasun edo handikeriaren isla dan; zein gurago?.

Julen
Julen dio:
2005/02/23 12:31

Aupa Eneko eta konpainia, eskerrik asko denei lehenengo eta behin. Zure galderari erantzunez: 1) Bilbo Zaharrera pasatu baino lehen, Zazpi Kaleak (edo bederatziak, Erronda eta Pelota kaleak sartuta) paseatu nahi ditut, eta gero joan errekaren beste aldera. 2) Auzokoen historiak kontatzearena... Jende gutxi ezagutzen dut Zazpi Kaleetan edo Bilbo Zaharrean bizitzen. Hiru-lau lagun baino ez. Beraz, gustura jasoko ditut e-postaz holako kontuak, blog honen izenari ohore egiten jarraitzeko. Aurrekoan beste blogari ezagun batek istorio ederra kontatu zidan, baina berak jarriko du laster sarean. Bestela, idazlearen lana gezurrak esatea denez, horretan segituko dut, eta asmatu egingo ditut istorio horiek. Baina lasai: ari naizela, ari naizela... Horretan ere banabil, Eneko, eta tarteka-tarteka helduko da jendearen txanda.

Patxi
Patxi dio:
2005/02/23 11:28

Nik ere, Bilbora jun nahiko nuke nere aitarekin berriz, Simca 1200ean. Corte Inglesen sartu, eta Kas naranja edanez eta patata prijituak janez bueltatu etxera. Polita da gogoratzea.

Gauza berriak ikusiz, umearen begirada harritua, hori galdua degu. Baina altxorrik haundiena, neretzako behintzat, ezagutzen ditugun atzean ezkutatzen diren gauzak deskubritzea da. Eraikinak berritu egiten dira. Ezer gutxi aurki daiteke hor. Zorionez, pertsonak geratzen zaizkigu.

Tarot Carmen ere hor dago! Kuriositaterik ez?

eneko
eneko dio:
2005/02/23 12:14

Kostatu zitzaidan Zazpi kaleetan galdu barik ibiltzea.

Eta kostatu zitzaidan bide motzena aurkitzea San Anton zubia pasa eta Urazurrutia kale zaharrean zegoen PESA autobusen geltokira ailegatzeko.

Iragana jakin nahi eta etorkizunean bizi behar, hau da hau.

Oso gustokoak ditut Bertan Bilbo ataleko artikuluak. Zorionak.

Eta irakurketek sortutako galderak:

lehen artikuluan aipatzen zen Bilbo Zahar aldera pasatzeko asmoa duzu? noizbat bizilagunen bat aipatzen bada ere, gehienetan kale rasean dauden dendak, tabernak, ... aipatzen dituzu, auzokoen historia txikirik kontatzeko asmorik ez?

xme
xme dio:
2005/02/23 11:26

Ui, ui, ulen: nostalgiaren aldapan behera hasiz gero, akabo.

Heu ere zahartzen!

Besarkada bat.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.