Dendarikale (I)
Degustazio bat da leku bat zeinetan ama-alabek inon baino antz handiagoa hartzen duten. Ikus ditzakezu kalean batera, eta ez zara konturatuko antza dutela. Ez zara konturatuko ama eta alaba direla ere. Baina degustaziora sartzen dira eta ikusiko dituzu berba larregi egiten, elkar trabatzeraino; edo berba gutxiegi egiten, belarrietan min egiteraino.
Amak laurogeita hamar urtetik gora ditu, onenak emanda dago. Alaba, berriz, alferrik galduta dago. Onenak ematera heldu barik, alferrik galduta. Eskuak handituta ditu, gorri-gorri, ilea koipetuta, eta katiluari begiratzen dio ispilu bati begiratuko balio bezala, ulertu ezinik. Berrogeita hamar bat urte ditu. Ez dute elkarrekin berbarik egiten, alabak uste duelako ama gorra dela, eta amak uste duelako alaba mutua dela. Beti pentsatu dute horrela izan dela, eta ahaleginik ere ez dute egin kontrakoa frogatzeko. Alabak txoriek bezala edaten du kafea, amak purrustadaka; alabak behera begiratzen du etengabe, amak bizi-bizi inguruetara. Alabak zigarroa piztu du eta apenas den gai atzamarren puntatxoarekin eusteko. Kafe kikara ezpainetara hurbildu eta tantatxoren bat edaten du, txori-txori, eta beti, hutsik egin barik, kafez eta txistuz osatutako haritxo bat geratzen zaio zintzilik ezpainen eta katiluaren artean. Gero zigarroari zupada bat eman eta errautsa kafera jausten zaio, baina ez da konturatzen edo berdin zaio, eta edan egiten du, eta berriz ere haritxoa.
Inon baino antz handiagoa dute degustazioan ama-alabek. Berba gehiegi edo berba gutxiegi egiten dutelako, adibidez. Eta amak, bat-batean, alabari begiratu eta galdetu dio: "hiltzen naizenean norekin etorriko zara hona?". Alabak kafeari begiratu dio, ispiluan erantzunen bat aurkitu nahian. Baina ez dio erantzun, begiratu ere ez dio egin. Amak esan dio: "nire antza duzu, gero eta handiagoa". Gero kalera irten dira, eta ez zait iruditu ama-alabak zirenik ere.
Niri, amarekin gustatzen zait gehien kafea hartzera joatea eta ahal dudan guztietan, lanetik urrun badago ere, joan egiten naiz betiko kafetegira, betiko orduan, badakidalako ama bertan egongo dela. kafea berak ordaintzen dit, bai, eta hori eskertzen da, baina benetako elkarrizketa bat ere emango dit, eta benetako erantzunak ere emango dizkit gauzaren batek kezkatzen nauenean eta horregatik esaten dizut, gure kasuan, kafetegitik kanpo ikusten bagaituzu, berehala jakingo duzula ama-alabak garala.