Andoni Egaña Bilbon
Bihar, asteazkenean, 20:00ean, Andoni Egaa izango dugu Txurdinaga-Santutxun, "Hogeita bina" bere azken saiakera-liburuaz berbetan, Asapala Elkarteak hilero-hilero antolatu ohi duen "Irakurlearen Tartea" solasaldiaren barruan.
Mikrofonoaren aurrean eta oholtza gainean hogeita bi urte bete ostean, Zarauzko bertsolari handiak errepasoa eman dio bertsolaritzaren zenbait gakori, guztira hogeita bi artikulo idatzita. Denak daude liburu honetan txukun bilduta, bertsolaritzaren mundua hurbiletik jarraitzen dutenen atseginerako eta mundu hori urrunagotik ikusten dutenen argigarri. Liburuaren hitzaurrea Xabier Mendiguren Elizegik idatzi du, eta hemen duzue.
Egaña bertsolari legez da ezaguna (hiru bider irabazi du Euskal Herriko Txapelketa), baina idazlea ere bada, eta ez makala: "Sokratikoek ere badute ama", "Aitaren batean", "Pausoa noiz luzatu" edo Jon Sarasuarekin batera idatzitako "Zozoak beleari" liburuak argitaratu ditu, besteak beste.
Oraingoan, baina, Hariadna argitaletxeak ateratako "Hogeita bina" liburuarekin datorkigu, zer pentsatua eta zer mintzatua emango digun lagunartera.
Egilearekin lau berba egiteko aukera paregabea eta Bilbo inguruan literaturaz gozatzeko modu ezin hobea.
Ordua: 20:00
Lekua: AEKren euskaltegia, Txurdinagan
Kalea: Arbidea 21
Galdu barik heltzeko argibide txiki bat:
Metroz joanez gero, irten Santutxun, Zabalbideko irteeratik. Kalean gora egin, errepide nagusira heldu arte. Errepidea zeharkatu (goian, zebrabidea; behean, lurpeko pasagunea), eskailera batzuk igo eta Txurdinagan agertuko zarete. Lehenengo kalea eskumatarantz hartu, aldats behera. Hantxe bertan dago, parke baten ondoan, AEKren euskaltegia.
---------------------------------------------------------------------------------------
Hurrengo zita: martxoaren 16an, Patxi Gallego "Pololoak (1): Poxpoliñen lurriña" komikiari buruz berbetan.
Harkaitz Canorekin berbetan
Harkaitz Cano Santutxu-Txurdinagako Irakurlearen Tartean egon zen urtarrilaren 26an, eta luze egin genuen berba.
Wislawa Szymborskaren poema bat omen dago liburu honen sorreran.
Poema "Hitlerren lehen argazkia" da, eta hasten da esanez Alemania eta Austriako mugako herri txiki batean ume bat jaio dela, Hitler. Jaio da eta ez dakigu zer izango den: ez dakigu okinaren alabarekin ezkonduko den, ez dakigu apaiza izango den, zuzenbidean lizentziatua, operako kantari... Herrian bizkotxo usaina dago, xaboi usaina, eta lore-saltzailea ere han dabil, eta esaten du Hitler txikia jaio dela, eta hainbeste denboraren ondoren poza ekarri duela Hitlertarren etxera, eta txintxirrina daukala eskuetan eta sehaskan dagoela. Eta poemaren amaiera oso polita da: "ikasleak aspertuta daude eta Historiako irakasleak gorbata laxatzen du eta aho-zabalka ari da koadernoen gainean". Horrela bukatzen da. Oso esanguratsua iruditzen zait. Oraindik ez da ezer gertatu: ume bat jaio da eta haur jaioberrien antza baino ez dauka. Eta gero, errealitateak bilakaera bat erakusten digu, baina izan zitekeen beste bat. Beraz, poema horrek izan zuen, bai, zerikusia liburu honen sorreran.
Eta zerikusia izan zuen Parisera joan eta erresistentzia bizi-bizi zegoela ikusteak. Han badute kulpabilitate konplexu bat, Parisko burges gehienak alemanekin oso gustura bizi zirelako. Gero, pelikuletan eta liburuetan mitifikatu egiten da hori, eta erresistentzia agertzen da, baina hori, seguruenik, gutxiengoa izango zen. Eta aurkitu nuen erresistentzia berreskuratzeko giroa, hemen Gerra Zibilarekin moduan. Hori izan zen bigarren faktorea. Eta poemarekin eta erresistentziarekin batera, hirugarren faktorea izan zen Charlie Chaplinen "The great dictator" pelikularen berrestreinaldia, 2002an. Hori ikusteak ere izan zuen zerikusirik.
Baina Parisera ez zinen liburu hau idaztera joan, beste zerbait idaztera baizik...
Parisera joan nintzen nobela bat idaztera. Nobela bat buruan neukana eta oraindik ere badaukadana, eta uztailaren 1ean hasiko dudana.
Hain metodikoa zara?
Ez. Nire burua engainatzeko modu bat da. Horretara joan nintzen, baina Paris da paseatzeko, idazteko baino. Eta idatzi nuen, askatasun handiarekin, baina oso dispertso. Idatzi nuen antzerki lan politiko bat, gero utzi egin nuen... Gogoak ematen zidana idazten nuen. Eta beti ari nintzen aitzakia bila, nobela horretan ez sartzeko. Beti daude bi liburu: bat, idazten duzuna; bestea, buruan daukazuna. Eta buruan daukazuna beti iruditzen zait hobea dela. Eta Parisen ere hori gertatu zitzaidan.
Liburu bat zelan sortzen da Harkaitz Canoren buruan?
Nire kasuan, liburu guztiak diferente sortzen dira, baina liburu hau aurkitutakoa izan da. Liburuaren erdia bi astean idatzitakoa da, oso azkar. Gero, liburuaren erdian aldaketa bat dago, eta nabaritzen da, eta hor geratu egin nintzen, denbora dezente gainera. Hortik ateratzeko era bakarra, nire ustez, ukitu poetikoa zen. Eta gero meatzariaren istorioa zegoen: nire izebaren senarra meatzaria zen, Huelvan. Eta, berari entzunda, inpresionatuta utzi ninduen gauza bat zen berak ez zuela minerala ateratzen: bere lana zen besteek egindako zuloak betetzea. Liburuan kontatzen den gauza bera. Gogorra zen psikologikoki, esaten zuenean berak ez zuela ezer baliozkorik egiten, atzetik joaten zela eta lurra botatzen zuela zuloetan. Eta beti gogoratu naiz zelan esplikatzen zuen bere lana, eta beti izan dut gogoan meatzariaren istorioa. Orduan, zerbait idazten hasten zarenean, motibatuko zaituzten elementuak behar dituzu, eta kasu honetan elementua meatzaria izan da.
Liburuan askotan aipatzen dituzu geruzak. Sinbolismo handiko elementua da.
Bai. Orain, adibidez, umeentzako antzerki bat idazten ari gara, eta konturatzen zara irakurketa maila desberdinak dituela: umeek gauza bat ulertzen dute eta zuk beste bat. Bakoitzak bere geruzatik interpretatzen du obra hori. Atzo, Tanttakaren "Tramankuluak" obraren estreinaldian, Jose Ramon Soroizek galdetzen zien umeei: "Errege bat nolakoa izan daiteke?". Batek Errege Magoak aipatu zituen, beste batek Espainiakoa... eta beste batek esan zuen: "Alzheimerra duen erregea". Orduan, Soroiz, bere 30 urteko esperientziarekin taula gainean, zer esan jakin gabe geratu zen. Hor geruza bi daude, eta momentu batean zerbait gertatzen da: zerbait arraroa, potentea, zirraragarria... Liburuaren kasuan badago geruza poetiko bat, alegorikoa, batez ere amaieran. Eta liburuaren hasieran jendea engantxatzeko geruza dago, ni neu ere engantxatu ninduena idazterakoan. Baina jende hori beste esparru batera eraman nahi dut. Ez gerra edo akzioko liburu baten esparrura, baizik eta beste norabait.
Eta, hala ere, liburu hau dibertimendutzat hartu izan duzu. Geruza poetikoa ere dibertimendu horren barruan sartzen da?
Beharbada gutxiago, baina bai. Parte lirikoa aipatzen dudanean, ironiaz eta umorez kargatutako partea ere bada. Eta gauzak irekita uztea ere bada dibertimenduaren parte, eta bukaeran hasierara bueltatzea ere dibertimendua da. Nik nire bertsioa kontatu dut, baina amaieran berriro heltzen gara Szymborskaren poemara, eta umea sehaskan uzten dut.
Liburuan diozu ironikoa izateko argia izan behar dela. Ez kultua, baizik eta argia. Eta leihoak behar direla ironikoa izateko.
Jendeak ironia eta zinismoa konfunditzen ditu batzuetan. Nire ustez, bizirik irauteko era bakarra ironia da. Ironia eta autoironia bizitzeko modu bat dira: ziniko eta sarkastiko izan gabe, ironikoa izatea, hortxe dago salbazioa, nik uste. Ez da muga erraza, eta horregatik aipatzen nuen argiarena. Baina argia, fisikoki ere bai: nik besterik ez diot eskatzen etxe bati edo idazteko leku bati, leihoak izatea baino. Argia. Hor gero badago zati bat, sortzaileei egin diedan omenaldia, oso parte autobiografikoa dena. Nik ere leiho ondoan idazten dut, hirira begira, eta, gainera, nire idatziek norbaiti zerbaitetarako balio behar diote...
Inoiz esan duzu miopiak ere baduela zerikusia zure sorkuntzan...
Liburuaren portadak ere badu horrekin zerikusia. New Yorken egon nintzenean, galera sentsazioa izan nuen: bertan zaude, baina iruditzen zaizu inguruan gertatzen ari diren gauza asko galtzen ari zarela. Horrek antsietatea sortzen du, ez duzulako ezer ikusten. Astebete neraman bertan, eta Askatasunaren Estatua oraindik ez nuen ikusi. Eta banuen gogoa, ze nire aitona 30eko hamarkadan Estatu Batuetan egon zen, eta, besteak beste, Askatasunaren Estatuaren koroaren barruan egon zen. Ikusi behar nuen, orduan! Eta azkenean ikusi nuen, urrunetik: gauza txikia, dezepzionantea. Baina espejismo bat izan nuen, betaurreko gabe ibiltzen bainaiz: iruditu zitzaidan nazi bat zela, besoa altxatuta.
Jendea animatzen ari zait begietatik operatzeko. Eta nik esaten diet: "nik orain borroso ikusten zaituztet, eta ondo ikusi nahi bazaituztet, badakit zer egin behar dudan: betaurrekoak jantzi. Baina operatzen banaiz, zer egin beharko dut gaizki ikusi nahi dudanean?". Miopea izateak eta gida-baimenik ez izateak balio dit modu batean idazteko. Idazteko modu hori agortzen zaidanean gida-baimena aterako dut, idazketa fase berri bati ekiteko.
Pertsonaia xumeak erabiltzen dituzu.
Adibidez, orain hirietan beste herrialde batzuetako pertsonak ikusten dira, Jugoslavia ohikoak eta. Nik uste dut hor daudela zerbait adierazteko, hango gauzen ordezkariak balira bezala. Gauzak gogorarazten dizkigute, eta uste dut jende horrek oso funtzio inportantea betetzen duela maila poetiko batean. Hainbat giro, herri eta gauza desagertuen edo desagertzera doazenen ordezkariak dira.
"Belarraren ahoa" diozunean, jende arruntari begiratzeko modu bat ere bada belar hori. Aipuan jaso duzun moduan, "belar artetik begiratzean, hutsaren pareko begitantzen da heroiaren estatua eta handitasunez betea gizon arruntaren sega-lan apala".
Belarra idazlearekin konparatzen dut, idazlearen lumarekin. Idazlearen lumak izan behar du belarra bezain bisturi zorrotza baina, aldi berean, izan behar du belarra bezain etzanleku samurra. Ruperren kantuak dioen moduan, gizonak behar du zalantza, baina heldulekuren bat ere bai.
Aurkezpen egunean esan zenuen iruditzen zitzaizula liburu hau beste norbaitek idatzi zuela.
Bai, baina ez nire liburutzat ez dudalako, baizik eta liburu honen tematika-eta orain arte landu ez dudana izan delako, eta aparteko pieza bezala ikusten dudalako. Sentsazio bitxi hori geratu zitzaidan, liburu hau Bohumil Hrabalek idatzi izan balu bezala. Oso presente izan dudan autorea, beste alde batetik.
Hrabal hartuko zenuke, beraz, liburu honen eragin nagusi bezala?
Bai. Liburuaren amaierak badauka haren istorio batekin zerikusia ere.
Zuretzat lasaigarria ere izango da hori, hainbeste bider konparatu zaituzte Paul Austerrekin...
Bai, bai. Paul Austerrekin pixka bat nekatu egin naiz. Gehiegi ezagutzen dut eta badakit zer kontatuko duen. Nekatu egin naiz bere obsesioetako batzuekin. Beste alde batetik, pena ematen dit, bere liburu batzuk asko estimatu ditudalako.
Kanpoan geratu dena aipatu duzu lehen. Zer da liburu honen kanpoan geratu dena?
Ezintasun bilduma bat, hau da: buruan badago neurona bat, benetan obra geniala egiteko aspirazioa duena. Liburu bat amaitzen dudanean, poza, lasaitasuna, urduritasun berria, beste zerbaitetan hasteko gogo arraroa... agertzen zaizkit, baina ez naiz geratzen guztiz aseta, "bai jauna!" esanez. Ez. Nire kasua ez da inoiz hori izan. Insatisfakzio puntu bat da geratzen dena, eta baztertutako bideekiko nostalgia.
Narratzaile, poeta, zutabegile, gidoilari, enkargu-egile... zelan uztartzen dira lan horiek eta zer ematen dio batak besteari?
Hori da idazlearen dilema: balantza batean jarri behar dituzu, alde batetik, idaztera dedikatu eta, askotan, besteentzako gauzak idaztearen aukera, eta, bestetik, arrandegi batean lan egin eta gauez edo asteburuetan idaztearen aukera. Nik nire alde interpretatzen dut, eta uste dut arlo bakoitzak zerbait aportatzen duela. Egia da lan batzuk mekaniko bihurtzen direla, baina gidoigintzak eta zutabegintzak, adibidez, zertxobait irakasten dute hitzen ekonomiari buruz.
Eta etorkizunera begira zer?
Ipuin-bilduma bat daukat amaitzeko puntuan, eta horretan ari naiz. Bestalde, umeentzako antzerki obra bat ere idazten ari naiz orain Tentazioak taldearentzako, Lurdes Bañuelos gidoigilearekin batera: sukaldari baten monologoa, formatu txikikoa. Eta uztailaren 1etik aurrera... disfrutatzera: nobela bat daukat buruan, eta egun horretan hasiko naiz. Oraindik gauza asko ez ditut garbi, baina beste batzuk bai: mudantza batekin hasiko da. Liburutegi handi bat kutxetan sartuta, horrela hasiko da. Liburuko lehenengo esaldietako bat Billy Wilderren pelikula batekoa da: "Zure larruan banengo, eta inoiz egonda nago...", eta horraino esan dezaket.
Afrika
Inoiz entzun duzue afrikar batek zelan ahoskatzen duen Afrika hitza?
Entzun duzue zelan ebakitzen duen lehenengo aaa luze bat, Somaliako adarretik gora garamatzana, tribuak kantuan hasten direnean bezalako aaa luze bat?
Entzun duzue, arnasa ematen duen aaa horren ostean, zelan datorren efffffe bat, Kameruneko trenak etortzen diren bezala urrunetik, zerura kea botatzen, efffffffe eginez?
Entzun duzue, Somaliatik gora barkuz eta Kamerunetik behera trenez ibili ostean, ia igarri ere egiten ez den errrre hori, danbor urrunen batekoa dirudiena, haizeak eramaten duenean?
Entzun duzue iii hori, aire berria ematen diona hitzari, eta euria Nigerreko lur idorrari? Entzun duzue inoiz afrikar batek zelan ebakitzen duen bere kontinentearen izena, zelan luzatzen duen iii hori, notarik altuena letra horretan jarriz, baobaben adaburuak konkistatu nahiko balitu bezala?
Entzun duzue inoiz Cabo Verdeko muino leunen antza duen k txiki hori, gainditu eta itsasoak eta lur berriak erakusten dituena?
Entzun duzue, finean, Madagaskarreko zabalak gogorarazten dituen aaaa luzea, hare zuri eta finez egindakoa, barruan karramarroak eta mende luzetako karakolak gordetzen dituena? Entzun duzue aaaaaaaa hori aaaaa entzun duzue Aaafffffrriiikaaaa?
Entzun duzue zelako doinu goxoz esaten duten afrikarrek Afrika? Saiatu gauza bera egiten Europarekin, edo Amerikarekin, edo Asiarekin, edo dauden kontinente guztiekin, baina labur geratuko zarete, beti, beti.
Harritzeko motiboak
Athleticen jarraitzaileak Vienara joan dira, eta etorri ere bai, bufandamakur.
Nik ez dut futbola jarraitzen. Ez zait gustatzen, ez jokoa bera, ez inguruan duen guztia. Izango da txikitako traumaren bat, egunen batean blog honetan kontatu beharko dudana, baina, edozer dela ere, ez zait gustatzen futbola.
Gustatzen zaidana da jendeari begiratzea. Eta, askotan, telebista begi ona izaten da jendeari begiratzeko. Esate baterako, asteartean, lehenengo hintxak Vienara heldu zirenean. Teleberrin ikusi nituen, harrituta inguruko guztiarekin. Ezin zuten sinistu. Ez zitzaien buruan kabitzen, aspertzen hasiak ziren, eta argi esaten zuten: "inor ez dabil kaletik euren taldearen kamiseta jantzita". Vienako konkistatzaile berriak, aldiz, bufanda, kamiseta, txapel, galtzerdi eta kit osoarekin jantzita zeuden, zuri-gorri. Baina harrituta, zuri-zuri: "noizean behin kotxeren batek bozina jotzen digu, baina besterik ez: partidua dagoenik ere ez da igartzen...".
Une batez, egoerari buelta ematen saiatu nintzen. Nork dauka harritzeko motibo handiagoa?
-Klubaren koloreak gainean ez daramatzaten vienarrei begira dauden bilbotarrak, ala
-Klubaren koloreak gainean daramatzaten bilbotarrei begira dauden vienarrak?
Normaltzat ematen dugu hemengo futbol-sukarra, esate baterako arrandegira joan eta saltzailea zuri-gorriz, zuri-urdinez, gorriz, blaugranaz, zuriz, berdez edo hori-lilaz jantzita ikustea. Normaltzat ditugu etxafuegoak talde batek gola sartzean. Normaltzak kotxeak bozina joka. Normaltzat poztea eta normaltzat sufritzea, gurea ez den enpresa baten irabaziekin edo galerekin. Normaltzat albistegiko hiru minutu eskaintzea jokalari baten orkatila trokatuari. Normaltzat dugu zoramen hau, eta harritu egiten gara besteek ez daudenean sukarrak hartuta.
Baina, benetan, nork dauka harritzeko motibo handiagoa?
Artekale (II)
Lagun batek esan dit lagun batek esan diola zelan, duela makina bat urte baino gehiago, negu betean, elurtzak hartu zuela Bilbo. Ezin zela Zazpi Kaleetatik ibili ere egin, dena zuri-zuri, eta zaldirik sendoenek ere ezin zituztela gurdiak mugitu elurraren gainetik, hain handia zen negu hartako otso-giroa.
Bada, merkatari aberats bat joan zen Gregorio Martínen bakailao-dendara eta, mahai gainean sekulako dirutza jarrita, esan zion egiteko zerbait. Hurrengo goizean, Zazpi Kaleetako seitan ezin zen ibili, zaldirik sendoenak ere ez. Artekaletik bai: Gregorio Martinek biltegiko bakailao guztiak eta gatz guztia atera zuen kalera, eta elurretara bota zituen, dena urtu arte. Lagunak esan dit lagunak esan diola ikusteko modukoa zela Artekale gau hartan, kalearen punta batetik bestera elur gainean bakailaoak jarrita, eta mundu guztia balkoietan, eta Gregorio Martín eskopeta batekin zaintzen, badaezpadan, ez ote zen inor ausartuko bakailaoetako bat lapurtzen, gose garaia zen eta.
Hortxe dago, oraindik ere, Gregorio Martínen denda: "Almacén bacalao y coloniales". Ezaguna da, batez ere, dendaren kanpoan duen bakailao-formako kartelagatik, zoragarria. Izena ere ederra du, eta barrua zer esanik ez, txunditzeko modukoa. Mostradore handia, seinale, gaur egun bezala, garai batean ere denda hau bezeroz gainezka egoten zela. Eta dendariak, lau edo bost dendari mostradorean atzera eta aurrera, ikustekoak dira euren bata zuriekin: eszenatoki horretan, aktore horiekin, denda osoa hartzen duten bakailaoekin, gerriraino heltzen zaizkizun indaba zakuekin, gerraostekoak diruditen kartel horiekin, denbora gelditu egin dela ematen du, ze garaitan ez dakidan arren.
Merkataritza zentro erraldoi bihurtzen ari den auzo bateko, hiri bateko, gizarte bateko azken dinosauroak dira, ozta-ozta irauten dutenak gehiago eta merkeago saltzeko gai diren piztien artean. Baina horiek, piztia horiek, ez dira gai kale osoko elurra bakailaoekin urtzeko.
Lur bat haratago
Ilusio zaharrez, indar berriz, mexikar beltzaranak muga pasatu du gauez eta isilpean, inork ikusi barik.
Alanbre-hesi baten azpitik pasatu da lehenengo. Gero erreka batean busti du bizkarra. Ilea ere busti zaio bide batez, eta beltzaranago geratu da, lokaztuago, lupeztuago. Horma bat igo du gero eta, berriro, alanbre-hesi bat aurkitu du azkenean, ia goizaldea zenean jada.
Momentu batez pentsatu du hasierako hesia zela, alferrik egin duela ihes, berriro Mexikora sartzeko, AEBetara sartu beharrean.
Baina ez. Ez da alanbre-hesi bera izan: oraingoa gainetik pasatu behar izan du.
Goizaldean, askatasunaren lurraldean, poliziek harrapatu egin dute. Urrunean hiri bat ikus zezakeen, baina badaki laster bidaliko dutela atzera Mexikora.
Telebista bateko kamera ere han zegoela ikusi du orduan. Etorkina, joankina, gizaki baino gizakina zen hark zuzen begiratu du kamerara, eta irribarre egin du. Gero, patxada galdu barik, galdetu du:
-Eta hau... ze kanaletan irtengo da?
Sortzaile berriak, blog berriak
Eskolaz eskola ibili naiz gaur, atzera eta aurrera Gipuzkoako herrietatik, gustura. Gazteen artean gustura ibiltzen naiz ni. Zer esanik ez, ikusten dudanean euretako batzuek zelako interesa duten literaturarekiko.
Gaur, etxera heldu, eta nire plana hemen istoriotxo bat idaztea zen, eskola horietako batean gertatutakoa. Baina heldu naiz, ordenagailua piztu dut, korreoa begiratu dut eta sorpresa eder batekin egin dut topo.
Ez naiz berba handitan galduko. Esan behar dena esango dut, eta gero bakoitzak egin dezala egin nahi duena: Bloglines-zaleek egin ditzatela euren fitxaje berriak, Aurki.com-ekoek igurtzi ditzatela eskuak, eta guk adi-adi jarrai ditzagun blogari berri hauek:
Josu Martinez: Santutxuko idazle, musikari eta showman gazteak Bloga bloga, marinela! sortu du. Bistan denez, izenburutik bertatik, geniala.
Pog Mo Thoin banda: Irlandarren klanak ere mugitu du ipurdia (musukatu beharreko hura, gogoratzen?), eta Esan ziguten baietz blog kolektiboa sortu du.
Bestetik, gogoratu Jon Fernandez ondarrutarrak ere baduela berea, Jontxuren idazkortza izenekoa. Gainera, Miren Rubio lesakar eta urruzunotar ohiak Miruaren hegaldia sareratu zuen duela denboratxoa. Eta pertsonalki ezagutzen ez dudan arren oso interesgarri agertu zaigun Katixa Agirreren bloga, eta denborarekin agertuz joango diren beste zenbait blog interesgarri. Literatura maite dugunon atseginerako.
Tronpetaren soinua
Lehengoan Sorgintxulo zenaren azpitik pasatu nintzen. Horrelakoetan begirada joan egiten zait, bertan egon beharko lukeenaren bila beti. Egon beharko luketen baina ez dauden lekuetara begira ibiltzen naiz, eta ez ditut aurkitzen. Bada, begiratu nuen gora oraingoan ere, eta Sorgintxuloko atea zarratuta ikusi nuen. Aterik ere ez, egia esan: zemento kapa bat, gris-grisa.
Beheko kaletik nindoan ni, eta gogoratu nintzen zelan. Zelan hau eta zelan hura. Zelan dena.
Pentsamendu horietan nengoen, Sorgintxuloren azpian dagoen garaje bateko atea zabaltzen hasi zenean. Ate automatiko horietako bat. Zabaltzen hasi zen eta zarata egin zuen, olio faltan. Baina ez nion kasu handirik egin, hirian eta zaraten artean ibiltzen ohituta.
Aldiz, nire ondoan zihoan andre zahar batek bai, erreparatu egin zion zaratari. Hain zarata berezia ere ez zen, gñññek antzeko bat, luzeagoa akaso: gñññeeeñññek. Zarata desatsegina, esate baterako, Tahitiko hondartza batean bazaude. Zarata artistikoa, berriz, Guggenheimen bazaude. Edozelan ere, zarata bat, beste hainbesteren antzekoa, hirian izaten diren horietako bat besterik ez. Baina andreak erreparatu zion, eta bitxia iruditu zitzaion agian, eta inguruetara begira hasi zen, gorantz eta alboetarantz. Horrelakoetan gertatzen zaidan moduan, ilargiari baino, ilargia seinalatzen duen atzamarrari begira geratu nintzen: zaratari baino, atsoari.
Eta unetxo batez biak geratu ginen geldi espaloian: nik zarata entzuten nuen, andreak auskalo zer. Nik garajea zabaltzen ikusten nuen; andrea inguruetara begira ari zen, zarata nondik zetorren asmatu ezinda.
Azkenean, begiratu eta esan zidan:
-Alguien está tocando la trompeta, pero no se donde.
-Ahí arriba -gezurra esan nion, Sorgintxulora seinalatuz.
-Ah! ¿Los del gaztetxe?
-Sí. Están ensayando para Semana Santa, para salir con una cofradía.
-¿Pero no lo habían cerrado? -galdetu zidan, harrituta, erosketako poltsak lurrean uzten zituen bitartean.
Egia esatea pasatu zitzaidan burutik. Pentsatu nuen esan behar niola zarata hura alboko garajetik zetorrela, ez zirela tronpetak. Are gutxiago Sorgintxuloko gazteenak. Eta uste dut denbora larregi geratu nintzela isilik, zer esan jakin barik. Izan ere, berak, poltsak lurretik hartu eta, alde egiteko keinua eginez, berriro galdetu zidan:
-Lo han cerrado, ¿no?
Baina azkenean, disimuluz, belarrira hurbildu, eta esan nion:
-No se lo diga a nadie: entran por la ventana.
-¿Los del gaztetxe?
-Sí.
-Pues me alegro -esan zidan, eta joaten hasi zen. Gero, burua jiratuta, aitortu zidan-: porque a mí el sonido de la trompeta me encanta.
Pau Dones
Jarabe de Palo taldeko Pau Dones kantariak elkarrizketa eman du gaur Garan, eta hauxe esan du, besteak beste:
Pirateoa konpontzeko moduaz
Ez da arinkeriaz jokatu behar kontu hauekin. Musikak prezio bat dauka, hortik bizi den jende asko dagoelako; beraz, konponbidea jendea kontzientziatzea izango litzateke. Hori zaila da, orain oso erraza delako musika doan jaistea. Konponbide drastikoak? Niri bat bururatzen zait: disko gehiago ez grabatzea, hau da, gure kantu berriak beti zuzenean aurkeztea, eta Jarabe de Palok egiten duena jakin nahi duena datorrela kontzertuetara. Gure kantuak ezin izango lirateke irratian jarri, ez internetetik jaitsi. Zer gertatuko litzateke? Ez dakit ondo, baina hori konponbide ona izango litzateke. Onena da jendeak musika entzuteagatik ordaintzea, eta Jarabe de Paloren disko bat oso garestia iruditzen bazaizu, ez erosi, ez da ezer gertatzen. Baina disko hori nahi baduzu, erosi, ez jaitsi internetetik.
---------------------------------------------------------------------------------
Betiko kontua da: jendea gaiztoa da, izatez. Eta denborarekin, gainera, gehiago gaiztotzen da. Horretarako baliabideak (internet) jartzen badizkiozu, zer esanik ez. Matraka horrekin dabiltza denak, internet gora eta internet behera, eta, jakina, jendea ze maltzurra eta kupidagabea den esateko ere aprobetxatzen dute, bide batez.
Pau Donesek proposatzen duen konponbidea ondo iruditzen zait, baldin eta taldeek (Jarabe de Palo izan beharko litzateke lehenengoa) hori egiteko ausardiarik izango balute: diskorik grabatu ez eta soilik kontzertuak ematea. Baina egin dezatela, ausartu daitezela hori egitera! Ea zenbat irauten duten. Irratirik gabe, internetik gabe, promoziorik gabe... bizirik iraun nahi dute musikariek?
Uste dut badela garaia konturatzeko errealitate baten barruan bizi garela, eta errealitate hori ez dela duela berrogei urtekoa, ez duela hamar urtekoa, guztiz bestelakoa baizik. Gaur egungo errealitatea internet da, eta alferrik da esatea jendea kontzientziatu egin behar dela, interneten diskoak dohainik baditu. Esku batean disko bat dohainik daukat, eta bestean disko bera, baina ordainduta. Zein hartzen duzu? Galdera hori egitea bezain gauza inozoa da ordaindutako diskoa aukeratzea, jendearentzat.
Beraz, ez eskatu jendeari kontzientziatzeko: kontzientziatu gaitezen gu, eta onar dezagun errealitate berri horretara egokitu behar dugula, irudimena erabiliz baina mugak jarri barik.
Artekale (I)
Badaezpadan, ez larregi fidatu taberna bi baino ez dituzten kaleekin. Taberna bi eta hogeita hamar arropa dendatik gora, holako kaleekin ez fidatu, badaezpadan. Egia esan, tabernak ere ez dira, baizik eta degustazioak. Gustura egingo nizueke berba degustazioei buruz, baina ez gaur: kale bat harago, Dendarikalen, izango dugu aukera hoberik.
Metro-zulotik irten eta, Unamuno plazan zaudela ez bazeneki, Montparnassen ere imajina dezakezu zure burua, metroaren ahoan akordeoia jotzen egoten den ijitoari esker. Begi bi hauek ikusitakoarekin fidatzen bazarete, kontatuko dizuet aurreko batean mutil itsu bat, hogeita bost urte ingurukoa, dantzan ikusi nuela ijito akordeoilariaren aurrean, bueltaka eta bueltaka ziba baten moduan, besoak airean solte. Begi zuriak zabal-zabalik zituen, beharbada hobeto entzuteko. Horrelakoak ikusten dira, Unamunon eta Montparnassen, edo igual bakarrik Unamunon, mitoek ere asko baitute gezurretik.
Gero, Montparnasserekin segituan ahazten zara, eta larregi ez fidatzen hasi behar duzu, taberna bi baino ez dituen kalera sartzean. Hau ez da Somera, hau konkistatuta dago, ez dago adin eta giro desberdinak lotzen dituen zubirik, eta eskaparateei begira konturatzen zara okerreko kalean zaudela, handiegi eta zaharregi geratzen zaizkizun arropa horiek ikusten dituzunean salgai.
Baina kale guztiek dute esperantza printza bat, eta albotik pasatu zaizu orain, zu koadernoan zerbait apuntatzera joan zarenean. Esperantza ilehori bat, kasu honetan. Ez dakizu gehiago: ilehoria dela eta, albotik pasatzean, haren adatsak masaila laztandu dizula. Gero ez dago gehiago: ez airean zintzilik geratutako perfumerik ez ezer. Bakarrik dakizu ilehoria dela. Aurpegia ere ez diozu ikusi, aurrean duzun arren. Eta, probabilitateen legearekin jolasean, pentsatu duzu degustazio bi horietako batera sartzen bada, zu ere sartuko zarela atzetik. Alferrik: arropa denda batean sartu da, jakina. Lehendik ere bazenekien ez zarela fidatu behar taberna bi baino ez dituzten kaleekin.