Afrika
Inoiz entzun duzue afrikar batek zelan ahoskatzen duen Afrika hitza?
Entzun duzue zelan ebakitzen duen lehenengo aaa luze bat, Somaliako adarretik gora garamatzana, tribuak kantuan hasten direnean bezalako aaa luze bat?
Entzun duzue, arnasa ematen duen aaa horren ostean, zelan datorren efffffe bat, Kameruneko trenak etortzen diren bezala urrunetik, zerura kea botatzen, efffffffe eginez?
Entzun duzue, Somaliatik gora barkuz eta Kamerunetik behera trenez ibili ostean, ia igarri ere egiten ez den errrre hori, danbor urrunen batekoa dirudiena, haizeak eramaten duenean?
Entzun duzue iii hori, aire berria ematen diona hitzari, eta euria Nigerreko lur idorrari? Entzun duzue inoiz afrikar batek zelan ebakitzen duen bere kontinentearen izena, zelan luzatzen duen iii hori, notarik altuena letra horretan jarriz, baobaben adaburuak konkistatu nahiko balitu bezala?
Entzun duzue inoiz Cabo Verdeko muino leunen antza duen k txiki hori, gainditu eta itsasoak eta lur berriak erakusten dituena?
Entzun duzue, finean, Madagaskarreko zabalak gogorarazten dituen aaaa luzea, hare zuri eta finez egindakoa, barruan karramarroak eta mende luzetako karakolak gordetzen dituena? Entzun duzue aaaaaaaa hori aaaaa entzun duzue Aaafffffrriiikaaaa?
Entzun duzue zelako doinu goxoz esaten duten afrikarrek Afrika? Saiatu gauza bera egiten Europarekin, edo Amerikarekin, edo Asiarekin, edo dauden kontinente guztiekin, baina labur geratuko zarete, beti, beti.
Joo zein ederra geratu zaizun Julen, asko gustatu zait.