Pau Dones
Jarabe de Palo taldeko Pau Dones kantariak elkarrizketa eman du gaur Garan, eta hauxe esan du, besteak beste:
Pirateoa konpontzeko moduaz
Ez da arinkeriaz jokatu behar kontu hauekin. Musikak prezio bat dauka, hortik bizi den jende asko dagoelako; beraz, konponbidea jendea kontzientziatzea izango litzateke. Hori zaila da, orain oso erraza delako musika doan jaistea. Konponbide drastikoak? Niri bat bururatzen zait: disko gehiago ez grabatzea, hau da, gure kantu berriak beti zuzenean aurkeztea, eta Jarabe de Palok egiten duena jakin nahi duena datorrela kontzertuetara. Gure kantuak ezin izango lirateke irratian jarri, ez internetetik jaitsi. Zer gertatuko litzateke? Ez dakit ondo, baina hori konponbide ona izango litzateke. Onena da jendeak musika entzuteagatik ordaintzea, eta Jarabe de Paloren disko bat oso garestia iruditzen bazaizu, ez erosi, ez da ezer gertatzen. Baina disko hori nahi baduzu, erosi, ez jaitsi internetetik.
---------------------------------------------------------------------------------
Betiko kontua da: jendea gaiztoa da, izatez. Eta denborarekin, gainera, gehiago gaiztotzen da. Horretarako baliabideak (internet) jartzen badizkiozu, zer esanik ez. Matraka horrekin dabiltza denak, internet gora eta internet behera, eta, jakina, jendea ze maltzurra eta kupidagabea den esateko ere aprobetxatzen dute, bide batez.
Pau Donesek proposatzen duen konponbidea ondo iruditzen zait, baldin eta taldeek (Jarabe de Palo izan beharko litzateke lehenengoa) hori egiteko ausardiarik izango balute: diskorik grabatu ez eta soilik kontzertuak ematea. Baina egin dezatela, ausartu daitezela hori egitera! Ea zenbat irauten duten. Irratirik gabe, internetik gabe, promoziorik gabe... bizirik iraun nahi dute musikariek?
Uste dut badela garaia konturatzeko errealitate baten barruan bizi garela, eta errealitate hori ez dela duela berrogei urtekoa, ez duela hamar urtekoa, guztiz bestelakoa baizik. Gaur egungo errealitatea internet da, eta alferrik da esatea jendea kontzientziatu egin behar dela, interneten diskoak dohainik baditu. Esku batean disko bat dohainik daukat, eta bestean disko bera, baina ordainduta. Zein hartzen duzu? Galdera hori egitea bezain gauza inozoa da ordaindutako diskoa aukeratzea, jendearentzat.
Beraz, ez eskatu jendeari kontzientziatzeko: kontzientziatu gaitezen gu, eta onar dezagun errealitate berri horretara egokitu behar dugula, irudimena erabiliz baina mugak jarri barik.
Ni, talde batean abesteaz (edo oihukatu gura bada) gain, pirata itzela naiz. Izan beharko! Etxean nire CD bilduma 800 ingurukoa da, gehien-gehienak originalak, eta hala ere euki gura nituzkeenak seguruenik ditudanak hirukoizten dituzte. Zenbat irabazi behar dut pisutxoa ordaintzeaz gain gustatzen zaidan musika guztia lortzeko? Pau Dones delakoak (eta lasai egon daiten, bere disko bakar bat be ez dut pirateatuko, erosi bez, jakina) ez du bere bizitzan ezer kopiatu? Eta hau ez da ezer berria. Txikia nintzenean (adinez, bestela ondino be txikia naiz) aitak bazituen kopiatutako zintak. Etxean nik 400 bat zintako bilduma egin nuen gaztaroan, gehienak 90 minutukoak eta alde bietatik minutu guztiak ondo beteta. 15 urteko batek eros dezake gogoko duena? Aldea da orduko grabaketen kalitatea askotan guztiz penagarria zela, baina halan be danok gustura etxean Eskorbutorena bozgorailu bakar batetik entzunda. Orain eMuleri esker bestela ezelan bere ezagutuko ez nituzkeen Txekia, Hungaria, Errusia, Japonia, Estoniako taldeak ditut ordenagailuan, fresko-fresko edonoiz entzuteko. Horregatik gure taldean erabaki dugu gura musika webgunean doan eskaintzea. Pirateoak musika zabaltzen laguntzen duelako, eta nik jendeak entzutea, ezagutzea, abestea, auzokoei nik ematen nien matraka ematea gura dut. Gogoko duenak agian erosiko du CDa, edo kontzertura gerturatuko da. Eta Kuala Lumpurreko inork nire musika entzun gura badu, aukera izango du, ostia! Eskerrik asko, internet!