Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Harritzeko motiboak

Harritzeko motiboak

gabiria 2005/02/17 10:11

Athleticen jarraitzaileak Vienara joan dira, eta etorri ere bai, bufandamakur.

Nik ez dut futbola jarraitzen. Ez zait gustatzen, ez jokoa bera, ez inguruan duen guztia. Izango da txikitako traumaren bat, egunen batean blog honetan kontatu beharko dudana, baina, edozer dela ere, ez zait gustatzen futbola.

Gustatzen zaidana da jendeari begiratzea. Eta, askotan, telebista begi ona izaten da jendeari begiratzeko. Esate baterako, asteartean, lehenengo hintxak Vienara heldu zirenean. Teleberrin ikusi nituen, harrituta inguruko guztiarekin. Ezin zuten sinistu. Ez zitzaien buruan kabitzen, aspertzen hasiak ziren, eta argi esaten zuten: "inor ez dabil kaletik euren taldearen kamiseta jantzita". Vienako konkistatzaile berriak, aldiz, bufanda, kamiseta, txapel, galtzerdi eta kit osoarekin jantzita zeuden, zuri-gorri. Baina harrituta, zuri-zuri: "noizean behin kotxeren batek bozina jotzen digu, baina besterik ez: partidua dagoenik ere ez da igartzen...".

Une batez, egoerari buelta ematen saiatu nintzen. Nork dauka harritzeko motibo handiagoa?
-Klubaren koloreak gainean ez daramatzaten vienarrei begira dauden bilbotarrak, ala
-Klubaren koloreak gainean daramatzaten bilbotarrei begira dauden vienarrak?

Normaltzat ematen dugu hemengo futbol-sukarra, esate baterako arrandegira joan eta saltzailea zuri-gorriz, zuri-urdinez, gorriz, blaugranaz, zuriz, berdez edo hori-lilaz jantzita ikustea. Normaltzat ditugu etxafuegoak talde batek gola sartzean. Normaltzak kotxeak bozina joka. Normaltzat poztea eta normaltzat sufritzea, gurea ez den enpresa baten irabaziekin edo galerekin. Normaltzat albistegiko hiru minutu eskaintzea jokalari baten orkatila trokatuari. Normaltzat dugu zoramen hau, eta harritu egiten gara besteek ez daudenean sukarrak hartuta.

Baina, benetan, nork dauka harritzeko motibo handiagoa?

etiketak: Hara-honakoak
satortzulo
satortzulo dio:
2005/02/17 12:52

hau da poza, ez naiz bakarra munduan!

nire ipuintxoa:

gaztea gasolindegian igande euritsuan hau eguraldi eskasa, dio langileak bai etxean gelditzeko hobea, gazteak gutxienez errealak irabazten badu! ta irabazten ez badu zer, pentsatu du gaztek bere artean

Aritza
Aritza dio:
2005/02/18 13:01

Edo mitozaletzat bere burua hartzen duena. Zein da muga? Noizean behin poztasun irrazionalak behar dira (Igor Elortza)

Julen
Julen dio:
2005/02/18 13:32

Eta zure ekipoaren bolada txarrekin txarto pasatzearena? Garaipenekin poztea ulertzen dut, baina bestea ez. Inondik inora. Poztasun irrazionalak bai, nik ere behar ditut eta izaten ditut, baina ez dut uste Igor Elortzak poztasun irrazionalak aipatzen dituenean futbolari buruz ari denik. Niretzat, poztasun irrazional bat askoz ere gauza txikiagoa da, kalean ikusi duzun irribarre bat edo eguna eguzkitsu egotea. Izatekotan, futbolak ematen duen poztasuna oso-oso arrazionala da. Arrazionalegia: irabaztean poztu eta galtzean tristetu. Eta zure poza hamaika mutikoren esku ustea penagarria iruditzen zait (edo ziklista baten esku, berdin). Gauza bera Jozulinek esaten zuenarekin, guztiz ados: Euskaltelen koloreak euskal koloretzat hartzea okagarria iruditzen zait. Eta hori bezain okagarria Tourreko etapa batera Realaren edo Athleticen banderekin joatea. Futbolarekin dagoena akaso ez da sukarra, akaso atzo txarto definitu nuen. Futbolarena itsukeria da.

Aritza
Aritza dio:
2005/02/17 16:07

Seguruena vienarrek edukiko dute harritzeko motibo handiagoa, Newcastletik etorritako 3000 zaleek Pozaseko garagardoa amaitu zutenean gu harritu egin ginen bezalaxe. Ez da zaila egunerokotasunean murgilduta dagoen bat 4.500 lagunekin harritzea, Bilbon lanegunetan turistak ikustean harritzea bezain erraza, hain zuzen ere. Euskaldunoi ere harrituta begiratzen ziguten frantziarrek Plateau dŽbelle edota Tourmalet edota Luz Ardiden mendateetako bide bazterrak milaka lagunek okupatu genituenean. Errepide batean dozenaka txirrindulari 5 segundo ikusteko hiru egun ematea bezain harrigarria (edo ulergaitza) da Vienara edo Lyonera joatea. Edo gau osoa euripean itxarotea U2 taldea ikusteko. Edo zortzi milako bat igotzea. Edo 300 kiloko harria jasotzea. Edo... Sukarra izan daiteke, edo ilusioa, edo irrazionaltasuna, edo ondo pasatzeko gogoa, besterik ez.

Jozulin
Jozulin dio:
2005/02/18 11:50

Harritu, harritu aspaldi ez naz harritzen, baina berdin antzekoak begitantzen jataz niri 22 millonarioren korrikaldiak baloi baten atzetik ikustera lana eta beste utzita joandako zaleak zein telefono enpresa baten elastikoa jantzita lekutara joandako txirrinduzaleak, "Euskaltel !, Euskaltel !" oihuka. Harritu ez; auzo lotsa, sarritan.

Aritza
Aritza dio:
2005/02/18 19:48

Igor Elortzari telebistan entzun nion nik Athletic bertso batean sartu izanaz galdetu ziotenean; Nik Euskaltel ez dut aipatu ere egin(auskalo zer daukazuen buruan), txirrindularitzaren epikotasuna, baita zaleena ere (edo akaso Pirineo edo Alpetako etapak bezain ikusgarriak izango lirateke bide ertzeetan zalerik ez balego?) gogora ekarri nahi nuen. Argi dago zuek ez duzuela emango bost minutu baino gehiago ilara batean kontzertu baterako sarrera bat erosteko (Ruperrena ez bada behintzat), edo ez duzuela inoiz zortzi milako bat egingo. Nork uzten du poza hamaika mutikoren esku?. Kirola, mendia, literatura, antzerkia, musika, zaletasunak baino ez dira, kitto. Nortzuk gara gu besteen gustuak edo zaletasunak epaitzeko, ongia eta gaizkiaren gainetik ez bagaude, behintzat. Jakina poza gauza txikiez osatzen dela, baina zer da gauza txikia? Eguzkia izan daiteke, edo pintxo bat jatea, edo txango bat egitea, edo laztantxu bat, edo argazki batek ekarritako oroimena, edo mendi batean zeu bakarrik egotea, edo musikaz, literaturaz, antzerkiaz, IHESaren kontrako txertoaz edo xakeaz berba egitea, edo norberak gogoko duena. Baina egia da, igual denok arrazionalagoak izan beharko genukeela.

Reala txapeldun
Reala txapeldun dio:
2005/08/16 01:57

Etzatik earki iruditzen zuek pentzatzen tzuena xke nik 3urte nitxazkanetik juten nauk Anoeta REALA ikustea, uain 13 zazkatik ta gustoa natxiok. Astero erosten diat Don Baalon ta Marca, Mundo Dep. ... Batzui zinia gustatuko zakoek baño nei fubola . Ta beti REALA zakatik buruan. Nai eztunak izorratzia . ALLLLLLLEEEEE ERREALA ALLLE.Aupa Getaia No me importa lo ke digan... lo ke digan los demas ... yo te sigo a todas partes , cada dia te kiero mas.. Real lorolorolorololoroloro...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.