Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Tronpetaren soinua

Tronpetaren soinua

gabiria 2005/02/11 10:42

Lehengoan Sorgintxulo zenaren azpitik pasatu nintzen. Horrelakoetan begirada joan egiten zait, bertan egon beharko lukeenaren bila beti. Egon beharko luketen baina ez dauden lekuetara begira ibiltzen naiz, eta ez ditut aurkitzen. Bada, begiratu nuen gora oraingoan ere, eta Sorgintxuloko atea zarratuta ikusi nuen. Aterik ere ez, egia esan: zemento kapa bat, gris-grisa.

Beheko kaletik nindoan ni, eta gogoratu nintzen zelan. Zelan hau eta zelan hura. Zelan dena.

Pentsamendu horietan nengoen, Sorgintxuloren azpian dagoen garaje bateko atea zabaltzen hasi zenean. Ate automatiko horietako bat. Zabaltzen hasi zen eta zarata egin zuen, olio faltan. Baina ez nion kasu handirik egin, hirian eta zaraten artean ibiltzen ohituta.

Aldiz, nire ondoan zihoan andre zahar batek bai, erreparatu egin zion zaratari. Hain zarata berezia ere ez zen, gñññek antzeko bat, luzeagoa akaso: gñññeeeñññek. Zarata desatsegina, esate baterako, Tahitiko hondartza batean bazaude. Zarata artistikoa, berriz, Guggenheimen bazaude. Edozelan ere, zarata bat, beste hainbesteren antzekoa, hirian izaten diren horietako bat besterik ez. Baina andreak erreparatu zion, eta bitxia iruditu zitzaion agian, eta inguruetara begira hasi zen, gorantz eta alboetarantz. Horrelakoetan gertatzen zaidan moduan, ilargiari baino, ilargia seinalatzen duen atzamarrari begira geratu nintzen: zaratari baino, atsoari.

Eta unetxo batez biak geratu ginen geldi espaloian: nik zarata entzuten nuen, andreak auskalo zer. Nik garajea zabaltzen ikusten nuen; andrea inguruetara begira ari zen, zarata nondik zetorren asmatu ezinda.

Azkenean, begiratu eta esan zidan:

-Alguien está tocando la trompeta, pero no se donde.
-Ahí arriba -gezurra esan nion, Sorgintxulora seinalatuz.
-Ah! ¿Los del gaztetxe?
-Sí. Están ensayando para Semana Santa, para salir con una cofradía.
-¿Pero no lo habían cerrado? -galdetu zidan, harrituta, erosketako poltsak lurrean uzten zituen bitartean.

Egia esatea pasatu zitzaidan burutik. Pentsatu nuen esan behar niola zarata hura alboko garajetik zetorrela, ez zirela tronpetak. Are gutxiago Sorgintxuloko gazteenak. Eta uste dut denbora larregi geratu nintzela isilik, zer esan jakin barik. Izan ere, berak, poltsak lurretik hartu eta, alde egiteko keinua eginez, berriro galdetu zidan:

-Lo han cerrado, ¿no?

Baina azkenean, disimuluz, belarrira hurbildu, eta esan nion:

-No se lo diga a nadie: entran por la ventana.
-¿Los del gaztetxe?
-Sí.
-Pues me alegro -esan zidan, eta joaten hasi zen. Gero, burua jiratuta, aitortu zidan-: porque a mí el sonido de la trompeta me encanta.

etiketak: Belarriak erne
Gabi
Gabi dio:
2005/02/11 13:31

Ipuin laburren balizko liburu berri baterako materiala erretzen zabiltza (je je). Ona, oso ona!

satortzulo
satortzulo dio:
2005/02/11 13:10

erabat ados patxirekin, bikaina

Patxi
Patxi dio:
2005/02/11 12:58

Buuuuuuffa!

Goizaren erdian, zerbeza bat edan det, aspaldiko partez, eta txorabio puntu bat daukat, errealitatea diferente ikustarazten didana,

Baina ez ez, ez diferente eta ez ezer, ipuin hau demasa da. Zoragarria.

IGELA !
IGELA ! dio:
2005/02/14 22:51

Aupa!

Gaztetxe horretatik ibiltzen zen bibolin-jole bat ezagutzen dut. "Sorgintxulo" eta Xabik aipatutako "bibolina" irakurri ondoren gomutatu dut eta hango sorginkeriaz lagunduta edo, nire lehenengo korreoa bidaltzera animatu naiz. Irudimenari bidea laga eta barruan ikusi dut ene burua. Benetako tronpeta batekin ez dut inoiz topo egin barruan egon naizenetan. Antzeko instrumentuekin gozatzeko parada izan nuen,bai.Ederra izango zen soinu haiek tronpeta batekin nahastea, errezeta bikaina!!!(Oi! doinuak agian?). Aspaldiko giroetan "oka egiten" laguntzeagaitik... eskerrik asko!! eta segi zazu horren majo idazten!!

Xabi
Xabi dio:
2005/02/14 18:44

Bazkalosteak gogorarazi dit gaur txoko honetan oso gustura irakurtzen ditudan kontuak agertzen direla sarri, eta... zer esango dut ba, perla hau irakurri ondoren begitantzen zait ordenadorearen zurrumurrua bibolin baten soinua dela. Mirari txiki bat, inondik ere.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.