Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola

Portaleko giltza

gabiria 2005/05/06 08:25

Gernikako Bgbiz aldizkarian irakurria, kaleko inkestan:

Galdera: Udabarrian odola berotzen jatzu?

Dolores Ruiz Sagasti, 83 urte, aspaldiko garaiak gogoratuz:

Orduen domekatan pasilekuen eitten gendun jantzan, musika bandie egoten zan eta. Praka zuridun beraniantiek gustetan jakuzen, trenien Busturittik etorten zien mutil elegantiek. Akordetan naz, hareetako bategaz agarraue jantzan ibili nintzela behin, eta zeozer igerri neban hanka artien. Pregunteu ein notson, "zer dekozu hor ba"?, "Portaleko giltze" esaban, eta nik pregunteu notson "ene! Artieko kastiloan bizi zara ala?".

Bartali eta elitearen garaia

gabiria 2005/05/05 08:07

Gaurko egunez hil zen, duela bost urte, Gino Bartali, 85 urterekin. Ziklista handia, itzela.

Gogoratzen naiz Giroan, etapa amaieran, zelan beti egoten zen gizon zahar bat esponsorraren bisera jantzita, jendeari eskua ematen zoroen moduan. Huraxe zen Gino Bartali.

Tour bi irabazi zituen Bartalik. Institutuetan-eta hori aipatzen dudanean, gazteek purrustada egiten dute. Nik uste dut oso esanguratsua dela hori: sentsazioa daukat (ziklismoa adibide hartuta, baina ez ziklismoan soilik) inork ez zaituela kontuan hartzen Tour bi "baino" ez badituzu irabazi. Zazpi Tour irabazi behar dituzu norbait izateko. Sei irabazi badituzu, hain ona ere ez zara: gehienez, esango dizute onena zarela, baina Armstrongekin enpatean. Ziklismoan eta beste gauza guztietan, jarrera hori zabaltzen ari dela iruditzen zait.

Eta niri jarridazu Armstrong, jarridazu Indurain, jarridazu nahi duzuna Bartaliren ondoan, eta Bartalirekin geratuko naiz duda barik. Tour bi irabazi "baino" ez bazituen ere. Tour bi, bai, hamar urteko aldearekin: hori inork ez du errepikatu. Bartalik 1938ko eta 1948ko Tourrak irabazi zituen. "Eta tartean zer? Potrojorran?", galdetuko du norbaitek. Tartean II. Mundu Gerra egon zen, eta ez zen Girorik, Tourrik ez ezer korritzen. Pentsatu ziklistak zaretela. Imajinatu egoera: urteak aurrera doaz, gerrak ez du amaierarik, Tourrik ez da egiten eta ez dakizu egingo den ere, edo, inoiz egiten bada, ez dakizu parte hartzeko adinean egongo ote zaren. Eta, hala ere, entrenatzera irteten zara. Jakinda aurten ez dagoela Tourrik. Sumatuta hurrengoan ere ez eta hurrengoan ere ez. Horrela zazpi urtez, 1940tik 1946ra bitartean (biak barne) ez baitzen Tourrik egin.

Gaur egun, onena ez bazara, ia-ia txarrena zara. Sentsazio hori daukat. Kontzertuetan ere sumatzen dut hori. Talderik ospetsuena ekarri behar da aretoa betetzeko. Eta zelan bete ere! Sarrerak egunean bertan agortzen dira, danbor eta turutekin abisatzen dizutelako talderik ospetsuena dela (ez derrigorrez onena, baina horrek ez du ardura), eta ibiltzeko adi, ensegida amaituko dira-eta sarrerak. Amaitzen dira, jakina. Eta ensegida gainera. Horren ostean, egin beste berrogei kontzertu talde apalagoekin, eta berrogeien artean ere ez duzu lortuko hainbeste jende.

Elitearen garaian bizi gara, sekula baino ikono gehiago ditugu, sekula baino pertsonalizatuagoak eta sekula baino espezializatuagoak. Eta eliteko idoloetatik behera ez dago inor. Gazteak guztiz sartuta bizi dira elite-nahiaren giro horretan.

Baina nik Bartali maite dut, eta bere moduko bartaliak. Tour gutxiagorekin, baina Indurain baino askoz ziklista hobea. Seguruenik, Armstrong baino hobea.

Hurrengo asteetan Bartaliri buruzko zenbait anekdota kontatuko dizkizuet, gustu baduzue eta astia ateratzen badut.

Barrenkale (II)

gabiria 2005/05/04 08:07

Begiak zabalik, kieto, hormaren kontra egon nintzen horietako batean, nire ezkerreko belarriaren ondotik neska batek oihu egin zuen: "Vaneeeeee!". Bera zen. Izan behar zuen. Patxik abisatu zidan, eta, geroztik, sarritan ikusi dut. Ezagutu, lehen ere ezagutzen nuen, baina izena jartzea falta zitzaidan, eta hori Patxiri zor diot. Vanessa ez dela neska bakarra esan zidan: Vanessa, Vanessak direla, azken tribu handia. Esan zidan kontuz ibili behar nuela eurekin, sorginak zirela. Erretratua zehatza zen oso: plataformak, dena ondo markatzen duten kanpaidun praka arrosak, piercingdun zilborra agerian uzten duen kamixeta laburra, ile lisua (aukeran, ile beltz naturala, botilako hori barrakeroa edo metxa laranjak fondo beltzaren gainean) eta uztai formako belarritakoak. Beste pista bat ere eman zidan: Vanessak, askotan, ez dira Vanessa deitzen, baina beti egongo da Vanessaren bat tartean, tribuko gurua, hain zuzen. Gainontzekoak Ainara deituko dira, esate baterako. Eta derrigorrezkoa: euren artean oihuka komunikatzen dira, esku batean zigarroa daramatela, besoa -erakunde autonomo hori- altuera erdian balantzaka, parean tokatzen zaien edonor erretzeko puntuan. Iturri fidagarrietatik jakin dudanez, Vanessa batek zigarroarekin erretzen bazaitu, zugana joan eta alkandora astintzen dizu errautsa kentzeko, eta lehenengo kontaktu hori galbidea da: maitemindu egiten zara berarekin, alkandora astintzeko modu horrekin, bere azazkal pintatu eta ipurdi estuarekin, kamixeta laburraren azpitik irteten den gerri txitxiarekin, eta orduan akabera da: zu bere Charly bihurtzen zara apurka-apurka, eta denbora gutxi beharko duzu plastikozko praka eta jaka zuriak erabiltzen hasteko, eta betaurreko ilunak, eta ilea bale-koipez bustiko duzu eta rottweiler bat paseatuko duzu Zazpi Kaleetatik, eta zeure burua tunningduko duzu, eta Gueñesko kartingeko bazkide egingo zara, eta kotxeko antenatik sokatxo laranja bat zintzilikatuko duzu, eta okerrena da Vanessarekin seko maiteminduko zarela, eta okerragoa akaso: bera ere zurekin seko maiteminduko dela.

Bwana eta biok

gabiria 2005/04/29 10:23

Ez naiz gogoratzen nork idatzi duen bere blogean, duela egun batzuk, "esploradore bat naiz" esaldia. Horrela amaitzen zuen testua, eta oso ona iruditu zitzaidan amaiera, baina ez naiz gogoratzen nor izan zen.

Edozelan ere, esaldi horrek balio dit duela aste pare bat gertatu zitzaidana azaltzeko. Mendira gozatzera joaten naiz, baina aurrekoan esploradore kolonizatzaile sasijakintsuaren sentsazioa izan nuen.

Markina aldeko mendietan gertatu zen. Etxetik irten baino lehen, orritxo batean apuntatu nuen ibilbidea (mendiko ibilbideen liburua ez eramatearren), ingurua ezagutzen ez dudanean egiten dudan moduan. Kontua da ibiltzen hasi eta denboratxo batera horreo edo garai baten albotik pasatu behar nintzela, orriaren arabera.

Hasi nintzen ibiltzen eta, denboratxo baten ostean, hantxe ikusi nuen, aldats baten goiko aldean: baserria eta, ondoan, garaia.

Horren ostean, beti ere apuntatutakoaren arabera, eskumatara egin behar nuen. Baina han ez zegoen modurik eskumatara egiteko.

Zorionez, hogeita hamar urte inguruko baserritarra ere inguruan zegoen, lanean jo eta fuego. Bere ondora joan eta esan nion:

-Eup! Egun on!
-... -erantzun zuen.
-San Martin ermitara nundik juten da? -hori baitzen orritxoan neukan erreferentzia nagusietakoa.
-... -tematu zen.

Ez zuen ezer ere esaten, baina begira-begira neukan.

-Hemen dekot apunteta: San Martin -bota nion, hain isilik ez egotearren.
-Eta hemetik jun bizu derrigor? -galdetu zidan kolpean.
-Bueno. Hori dino orriek -eta erakutsi egin nion bloketik moztutako orri kuadrikulatuko letra nanoa.
-Hemetik San Martina?
-Beitu: hemen ipinten dau. "Llegar a un hórreo y torcer a la derecha por una pista con roderas".

Morroia isilik.
Ni begira.
Morroia isilik.

-Eta horreue hortxe dau, baina ez dakit nundik ein eskumatara... -esan nion azkenean, baserriaren ondoko horreoari begira.

Tipoa ingurura begira hasi zen, eta galdetu zidan:

-Horreu?
-Bai, hori -berriz ere horreoari seinalatuz.
-Hori horreu? -tipoa, irribarrez.
-Bai.
-Horreu, garaixe?
-Bai.

Joder! Horreo bat zen! Bere lau hankatxoekin! Pagoda bat behintzat ez zen!

Baserritar gazteari irribarreak irten zion:

-Hori horreu?... Hori korti re! -bota zidan.

Bai, egia da: baserrikoek arrapalatxo bat jarria zioten eraikinari, hormak ere berritu egin zizkioten eta kortarako erabiltzen zuten. Baina horreoa zen, inguruan beste batzuk ere badaude eta. Ezagunena Etxebarri eta Barinaga arteko Ibargueneko garaia da. Baina hasi zaitez azaltzen. Klaro korta zena! nor nintzen ni baserriko mutilari esateko zer zen hura eta zer ez zen?

Ni mendizalea naiz, ez esploradorea, ez antropologoa, ez indigenak "artezten" doan misiolaria. Baina nire burua, zoritxarrez, ikusi nuen Zaldi Eroak marrazten duen Gizon Jakintsua bezala, eta nire ondoan baserritarra, Bwana. Nazka eman zidan neure buruak, eta San Martin ermitarantz egin nuen, pentsatzen nuen bitartean arrazoi zuela baserritarrak: hura ez zela horreoa, hura korti zela, eta ni ez nintzela asfaltokume ziztrin bat baino, indigenen lurretarantz jo behar duena asteburuero, asfaltoak kentzen didan arnasa hartzera.

Irakurketaren munduan sartu nintzenekoa

gabiria 2005/04/28 10:03

Gaur goizean Bloglines zabaldu eta Xabier Mendigurenen testu batekin egin dut topo, zeinetan bere gazte garaiko sari batekin gogoratzen den.

Sorpresa izan da, ze gaur gauean horrekin egon naiz pentsatzen, edo ia. Ez justu sari horrekin, baina bai Mendigurenen beste batekin: ea ondo kontatzen dudan, aspaldi da-eta honen berri irakurri nuela Nerabearen biluzia liburuan.

Kontua da literatura lehiaketa bat irabazi zuela, eta horren saria liburu sorta bat izan zela. Ez naiz ondo gogoratzen, baina esango nuke 100 bat liburu izan zirela, hango eta hemengo klasikoak denak ere. Hortik hasi zen edaten gure Mendigreen.

Horrekin egon naiz pentsatzen gaur gauean. Normalean, gauez izara artean nagoela, ez dut berarekin pentsatzen, baina gaur bai. Horren arrazoia da gogoratu naizela zelan zaletu nintzen ni irakurketara, eta pentsamendu horrek eraman nau Mendigurenengana.

Gero bururatu zait polita izango litzatekeela jakitea euskal idazle bakoitzak literaturarekin izan zuen lehenengo harreman kontzientea zelakoa izan zen jakitea, bost lerrotan kontatuta. Beharbada email bat bidali beharko nieke idazle guztiei, hori eskatzeko.

Hori guztia izan dut buruan gauean, interesatzen zaizkidalako gazteen joerak eta, zehatzago esateko, literaturara hurbiltzeko dituzten arrazoiak. Dena eginda ematen den garai honetan, zeure kabuz zerbait egitera derrigortzen zaituen alor batera hurbiltzea da zailena. Lehen ere bai, baina orain zailagoa, eta, hala ere, institutuetako hitzaldien ostean, beti hurbilduko zaizu bat edo beste, esanez zenbat gustatzen zaion irakurtzea. Eta zuri esaten dizute, euren gustuak izan ditzakeen inguruko "bakarrari". Literaturzaleek, gazte-gaztetatik, gustu bereko jendearengana egiten dute, konpartitzeko eta liburu batzuek uzten duten gozatua askatzeko. Miresgarria da. Ez irakurketa, berez, hobea edo txarragoa delako, baizik eta lan hori hartu dutelako, ez lanik errazena gainera.

Eta nik? Zein izan zen nire lehenengo harreman kontzientea literaturarekin? Bada, Galdakaoko liburutegian. Eta horrekin gogoratu naiz, ze, gaur, hitzaldi bi eman behar ditut Galdakaoko Udal Euskaltegian, hain zuzen ere lehen liburutegia zen leku berean.

Berrian idatzitako artikulu batean azaldu nuen, labur, zelan joan nintzen zaletzen.

Kontua da Galdakaoko liburutegiak hiru gela handi zituela: umeena, gazteena eta helduena. Ni beti umeen eta gazteen geletan ibiltzen nintzen: umeenean, bertan zeudelako komikiak, eta gazteenean, lotsagarria zelako umeen gelan jesartzea, umez inguratuta. Beraz, komikia umeen gelan hartu eta gazteen gelara joaten nintzen irakurtzera.

Baina egun batean, helduen gelako liburuak egunero-egunero urrunetik ikustera ohituta, erabaki nuen jauzia eman behar nuela, komikietatik liburuetara. Hasi nintzen helduen apaletatik begira, eta nik uste dut orduak eman nituela bueltaka (ez zen hainbesterako izango baina), zer hartu jakin ezinik, hainbeste eta hainbeste autoreren artean igerian. Denak ezezagunak egiten zitzaizkidan. Izango zen 1985-86 ingurua, hor nonbait.

Azken datu hori jarri dut, nolabaiteko azalpena eman nahi diodalako neure buruari, ulertzeko zelan heldu zen liburu hura nire eskuetara, oraindik ez zait buruan kabitzen eta. Izan ere, Julio Cortázarren bat hartu nuen. Horrela izan zen, horrelako sinplea. Inork ez zidan berba egin Cortázarri buruz, baina huraxe izan zen hartu nuena, eta akaso Cortázar 1984an hil izana (eta, ondorioz, han edo hemen bere izena entzun izana) izan zen "Un tal Lucas" liburua hartzera eraman ninduena. Baina ez dut horren oroitzapenik. Nik dakidan bakarra da hura hartu nuela, nor zen jakin barik. Eta txundituta utzi ninduela, artean literaturara sartu berri.

Mirari bat izan zen. Hari hartatik tiraka, Hego Amerikako beste zenbait autore deskubritu nituen, eta handik Europakoetara, eta hortik Errusiakoetara, eta... Gero esango dute Cortázar topiko bihurtu dela euskal idazleen artean, Euskal Herrian ezin zarela idazlea izan ez baduzu Cortázar aipatzen. Gogoratzen dut ze apaletan zeuden Cortázarren liburuak. Gogoratzen dut liburua esku artean hartu nuenean ere. Dena gogoratzen dut garden. Gogoratzen naiz, liburu hura irakurri ahala, sentitzen nuela betiko sartua nintzela irakurketaren munduan.

Geroztik, ez naiz irten.

Barrenkale (I)

gabiria 2005/04/27 08:33

Edo lehen ez ginen ezertaz enteratzen, edo orain gehiegi enteratzen gara. Edo lehen ez zen hainbesterako eta orain bada hainbesterako. Nora begira egoten ginen gu 15 urterekin? Nora begira daude orain 15 urte dituzten mutikoak? Ez dakit, baina ondo emandako zaplazteko bi mereziko lituzkete, euren adineko neskei begira ez baleude. Ez naiz gogoratzen zelan ziren gauzak duela 15 urte inguru, baina, duda barik, ez zen orain Barrenkalera joatea bezala. Atzera begiratu eta iruditzen zait gure garaian neskak bufandarekin ibiltzen zirela, udan ere bai. Esate baterako, ez dut gogoratzen neskek belaunik zeukatenik. Nik uste dut hanketan ere bufandak eramaten zituztela. Zer esanik ez paparrari buruz. Paparra zen couché paperetik honantzago existitzen ez zen paradisua. Nesken txandalekin bai, horiekin ondo gogoratzen naiz.

Akaso horregatik, txandalek ez dutelako grina sutsuegirik pizten, akaso horregatik, guk, adin horretan, bagenuen beste gauza inportanteagorik buruan: koadrilan egiten genuen futbolin-liga, hain zuzen. Ez ginen enteratzen, eta, asko jota, nagusiagoei begiratzen genien: gustu ona genuen, baina ez ginen batere praktikoak.

Neska kontu honekin kirolekin bezala gertatzen da. Ikusten dituzu futbolariak, eta denak dira zu baino zaharragoak, eta pentsatzen duzu egunen batean zuk ere golen bat sartuko duzula, Taxoaren adibidez. Baina apur bat deskuidatuz gero, urte batzuk pasatu eta konturatzen zara futbolari horiek lurrera jausten direnean, gero salto batez altxatzen direla, eta pentsatzen duzu: "ni ere, horren edadearekin, berdin-berdin altxatuko nintzen". Horrek esan nahi du ez duzula euren edadea, eta txarragoa dena: inbidia diezula.

Orain, urte batzuk joan direnean, Barrenkaletik zapatu gauez pasatzen bazara, zail egingo zaizu neskei begietara begiratzea, batez ere gaztea zinenean neskak bufandarekin ibiltzen baziren, paparrik ez bazuten eta minigonak barik txandala janzten bazuten. Barrenkaletik pasatzen bazara, akaso, hantxe topatuko nauzu, begiak zabalik, kieto.

Karmele Jaio Bilbon

gabiria 2005/04/26 10:09

Bihar, asteazkenean, 20:00etan, Karmele Jaio izango dugu Santutxun, Hamabost zauri (Elkar) ipuin-liburu ederrari buruz berbetan.

Jaioren lehenengo liburua izan arren, maila itzela eman du, eta iazko uztak ekarri digun sorpresarik politena izan da, Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur (Susa) lanarekin batera.

Hamabost ipuin motzetan, gasteiztarrak bikoteen munduan arakatzen jakin du, eta ondo baino hobeto hurbildu gaitu eguneroko xehetasun txiki baina garrantzitsuetara. Begirada horri esker, irakurlea hunkitzen asmatu du idazleak, benetako deskubrimendua izan den obra honekin. Eta, orain, irakurle asegaitzak hurrengo urteko udaberriaren zain egongo gara, Karmelek otsaila-martxoa aldean argitaratuko baitu bere lehenengo nobela, Igartza Bekari esker.

Froga enpiriko bat daukat, ikus dezazuen zelako kalitatekoa den lan hau. Kontua da Durangoko Azokan eskuratu nuela liburua. Eta Durangotik bueltan, trenean nentorrela, hango ipuinetako bat irakurri nuen, edozein. Gustatu zitzaidan, asko. Baina hortxe utzi nuen hilabete pare batez, artean beste gauza batzuk irakurri behar nituelako. Denbora hori pasatuta, berriz hartu nuen liburua, baina guztiz ahaztuta neukan Durangotik bueltan ipuin bat irakurri nuela. Eta hala, ipuin hartara heldu, eta sentsazio arraro batekin geratu nintzen: oso ona zen ipuina, baina beste nonbait ere irakurri nuen. Ez zegoen dudarik: Karmele Jaiok plagioa egin zuela pentsatu nuen. Baina ez nekien nori. Eta hasi nintzen errepasatzen azken aldian irakurri nituen liburuak, eta tartean lehenagotik irakurrita nituen Carverrenak ere goitik behera begiratu nituen, baina keba, inon ez zegoen horrelako ipuinik. Non irakurri ote nuen ipuin hura? Pentsatu eta pentsatu, azkenean gogoratu nintzen Karmeleren ipuina Karmeleren liburuan irakurri nuela, trenean, Durangotik bueltan. Eta ni Carver, Mansfield eta abarren liburuak arakatzen! Pisu galanta kendu nuen gainetik, baina, batez ere, sekulako poza hartu nuen, beste idazle on bat agertu delako gure letretan. Zorionak Karmele, eta munduko zorte guztia zuretzat!

Beraz, gogoratu: egilearekin lau berba egiteko aukera paregabea eta Bilbo inguruan literaturaz gozatzeko modu ezin hobea.

Ordua: 20:00
Lekua: AEKren euskaltegia, Txurdinagan
Kalea: Arbidea 21
Galdu barik heltzeko argibide txiki bat:
Metroz joanez gero, irten Santutxun, Zabalbideko irteeratik. Kalean gora egin, errepide nagusira heldu arte. Errepidea zeharkatu (goian, zebrabidea; behean, lurpeko pasagunea), eskailera batzuk igo eta Txurdinagan agertuko zarete. Lehenengo kalea eskumatarantz hartu, aldats behera. Hantxe bertan dago, parke baten ondoan, AEKren euskaltegia.

-----------------------------------------------------------

Hurrengo zita: maiatzaren 25ean, Urtzi Urrutikoetxea santutxuarra, Auzoak (Susa) liburuari buruz berbetan.

Doisneau etorri duk hitaz galdezka

gabiria 2005/04/22 08:14

Loritoa joan eta Doisneau etorri da, Robert Doisneau.

Lagunen gomendioei kasu eginda, blogaren diseinua aldatu egin behar zela erabaki genuen. Kolore laranjak "distraitu" egiten zuen irakurketa, kontuan izanda, gainera, nire testuak luze samarrak izaten direla batzuetan.

Bloga pertsonalizatu egin didate, beraz. Beste zenbait diseinu ere izan ditugu esku artean, baina Doisneauren argazki horrekin egindakoa ikusi genuenean, ez zen dudarik egon.

Akaso galdetuko didazue: eta zer ikusi dauka argazki horrek zure blogarekin? eta "Lagun batek esan dit lagun batek esan diola" izenburuarekin?

Ez gara orain azalpen metafisikoak ematen hasiko: argazki horrekin eta Doisneauren gehienekin maiteminduta nago.

Datozela orain egile eskubide eske. Ez diegu ezer ordaindu, jakina: artelantzat har dezakegu argazki hori, eta bada. Baina artelan soiltzat hartzea, izango litzateke bizitza bera artelantzat hartzea. Eta orduan, nori ordaindu egile eskubideak? Doisneauri? Berak ez du bizitza asmatu, berak bizitzari (artelan eder horri) argazki hau atera zion, eta zoragarri geratu zitzaion. Bai, badakit: plan horretan jarriz gero, literatura ere bizitzan oinarritzen da, eta, beraz, idazleei ere ez zaie egile eskubiderik ordaindu behar. Lasai denok, eta gogoratu blog honen izena: "Lagun batek esan dit lagun batek esan diola". Hau da: gezurra, egia, gezegia, egiurra edo nahi duzuena. Esaten dudan guztia ez da egia, ez gezurra, FOAF bat da hau, ez egin kasurik niri, egiazko engainua da, edo gezurretako errealitatea.

Nik imajinatzen dut Robert Doisneau Parisko kafetegi bateko terrazan jarrita, eta marmolezko mahaiaren gainean argazki kamera. Eta, bat-batean, bere aurrean, bikote bat muxu ematen. Egon dira segundo batez, eta Doisneauk ikusi ditu, baina kafea hartzen jarraitu du. Egon dira segundo bi muxuka, eta Doisneau begira geratu zaie. Egon dira hiru segundo, eta Doisneau konturatu da bizitzak argazki bikain bat oparitu nahi diola: bikote bat muxuka, eta inguruan bizitza presaka pasatzen. Euren mundua geldi, enfokatuta; besteena azkarrago, desenfokatuago. Muxuetan sortzen diren irla horietako bat topatu du Doisneauk pare-parean, eta laugarren, bosgarren, seigarren segundoan ahalik eta arinen prestatu du kamera, eta zazpigarrenean, bisoretik begiratu barik, klik egin du, zortzi, bederatzi, hamar.

Argazkiek istorioak kontatzen dizkigute. Batzuetan egia esaten digute, beste batzuetan ez. Lagun batek esan dit lagun batek esan diola.

Edo interpreta dezakezue bikotearen atzean dagoen betaurrekoduna ni neu naizela. Eta eszena hori ikusi eta blogean zuei kontatzera natorrela: "Gaur bikote bat ikusi dut kalean muxuka. Mundua gelditu egin dute, baina nik presa handiegia neukan euren munduan geratzeko". Horrela hasiko litzateke agian. Neu naiz betaurrekodun hori.

Edo bikoteak ondoan duen andre kuxkuxero horrek (konturatu zarete begi ertzetik begira dagoela?) kontatu didala niri. Lagun batek esan dit. Esan dit gezurra, esan dit egia. Ez dakit zer esan didan, baina esan egin dit, hori da inportanteena.

Edozelan ere, maiteminduta nago argazki horrekin. Datozela orain, bizitzari egile eskubideak ordaindu behar dizkiodala esatera.

Baina batez ere, azalpen metafisiko guztien gainetik, eskerrik asko eta muxu bat Maiteri.

Faroltxo gorria Azkunari

gabiria 2005/04/21 15:59

Atzo sari banaketa batean egon nintzen, Farolillo de Papel saria eman didatelako "Han goitik itsasoa ikusten da" liburuagatik. Euskadiko Liburu Ganberak antolatutako gala moduko batean eman ziren sariok, Estatu Batuetan ikusten den estiloan: ehun pertsonatik gora areto batean afaltzen, mahai borobilak han eta hemen, eta aurre-aurrean atrila mikrofonoarekin.

Ni pozik geratu nintzen. Saria ez da ezer, pozteko motibo hauengatik:
1- Lagun asko agurtu ahal izan nuela.
2- Gioconda Belli ("La mujer habitada", gogoratzen?) eta haren editorearekin afaltzen oso gustura egon nintzela.
3- Diskursoan, aprobetxatuta pare-parean Bilboko alkatea neukala, eztenkadatxoa bota niola, Gabriel Arestiri errespetu handiagoa izan behar diola aldarrikatuz. Eta berak arpegi txarra jarri zuen, baina ez dakizue horrek zelako poza emon zidan.

Gero, kritika bakarra onartzeko kapaz ez den horrek, bere diskursoan erantzun egin zidan: "yo hago el mismo caso a Unamuno, Otero y Aresti, al contrario de lo que ha dicho ese joven de Galdácano (sic) al que no conocía". Asike ederto pasatu nuen. Gero, antolatzaileetako bat etorri zitzaidan esanez alkatea haserre zegoela, jende horren guztiaren aurrean ezin dela holakorik esan eta hura ez zela momentua eta... Bufaa!! a zelako gozatua, alkatea nigatik hasarre zegoela entzutea! Gero, ondo fijatu, eta konturatu nintzen ez zela geratu afaltzen, ez dakit horregatik izango ote zen baina.

Baina Azkunak beste arrazoi bat ere erabili zuen bere jokaera zuritzeko. "Es cierto que a lo mejor cito un poco más a Unamuno". Baina orain dator onena: "Pero es que la obra de Aresti es muy corta! Tiene algo sobre el Sendeja, algo sobre..." (hor ez nuen ondo entzun, hain flipatuta geratu nintzen).

Urtzi Urrutikoetxeak ezin hobeto azaldu du gaur, Literatura Eskola izeneko posta-zerrendan, nik atzo bizitako mila egoera eta pentsamendu. Hemen bere hitzak:

"Bitxia da gure tolerante eta talantezaleak zelangoak diren, ustez hain zabal eta benetan kritika txikerrena onartzeko gaitasun mininorik ez daukeela. Izan be Julen, nori okurridu hain ondo eta hainbeste dirugaz laguntzen daben euskerea eta Gabriel Aresti (ez deutsi ba omenaldi bat egiten? ez dago lehiaketa bat bere izenagaz? nahiko dok hori, gizona!) kritikatzea? Hori ez da ez kitsch ez cool, holango lekuetan "Gerrarik ez" edo bestelako kritikak egiten dira, esaten espainola be gurea dala eta merezi dauela arreta handiagoa, beste haren moduan, edo pozgarriak direla holangoak eta gehiago egin beharko liratekeela idazleak alkar ezagutzeko "por encima de todas las lenguas, blablabla". "Por encima del euskera" esan beharko leukie, of course, ze guk ez daukagu bape arazorik euren hizkuntzan berba egiteko eta euren liburuak irakurtzeko, baina hain intransijenteak izatea be... mahaira gonbidatu eta ondo jan eta isildu beharrean inor hasarratuazoten? Ez da hori lekua gizona, lekua, badakizu, Berria da, foroak, blogak eta aldizkaritxoak dira, inoz leiduten ez dabezanak, baina euren musturrean holangorik? ¡Y luego se quejarán de que no les invitemos! Si es que no saben comportarse".

Goitik behera asmatu du Urtzik, goitik behera. Horrelako mila sentsazio izan nituen nik atzo, baina ezin izango nuke berak baino hobeto azaldu.

Eta Urtzik Gabriel Aresti lehiaketa aipatu duenez, ez da soberan egongo Lutxo Egiari gertatu zitzaiona gogoratzea.

Kontua da irabazleek berba batzuk egiteko aukera dutela saria jasotzerakoan, zer gutxiago. Lutxok Txabi Aretxaga HBko zinegotzi eta Likinianoko liburu-saltzaileari eskaini nahi izan zion saria, kartzelan baitzegoen (eta dago). Halaxe egin zuen, liburuen negozioan zebilelako eta bestelako apologiarik gabe. Eszena hura ikusten,jende piloa Lutxoren aurrean, zinegotziak ere denak edo. Azkuna ere tartean, jakina. Eta zinegotziek ez dakite euskaraz, eta Azkunak ere ez, baina "Txabi Likiniano" ulertu du Azkunak. Bat-batean bueltatu zen Lander HBko zinegotzi eta alkategaiarengana eta, hango denek entzuteko moduan, esan zion: "¿Quién ha organizado esto? ¿Qué es esto?", halakoak. Matxinada antolatu zen areto arabiarrean: Azkunak Lutxori bota zion begiradak dena esan zuen. Dena esanda, ezer esan barik. Hurrengo egunean, pasadizoa Eginen zetorren.

Antzeko zerbait gertatu zen duela urte pare bat, antzerki obra baten aurkezpenean. Han ere sekulakoak ikusi ziren, antzerkikoak bi edo hiru egia esaten hasi zitzaizkionean alkateari. Ez nago seguru baina uste dut Ramon Barea izan zela. Antologikoa, edozelan ere.

Beste alde batetik, zuetako askok ez duzue jakingo, baina iaz, Bilboko Udalak errespetu falta galanta erakutsi zuen Arestirekin. Xabier Mendigurenek azaldu du ondo gaur, Eibartarrak zerrendan:

"Arte Ederretako Museoaren aurrean, Arestiren omenez jarritako haritz bat eta harrian zizelkaturiko poema-zati bat zeuden, 85ean edo jarriak, heriotzaren 10. urteurrenean. Zeuden esan dut, eta halaxe zen orain dela urtebete inguru arte. Egun batean desagertu egin baitziren. Arestizale batzuek, pentsatuz ganberroen edo ultren lana izan zitekeela, udaletxera jo zuten, abisua ematera. Publikoki ez baina off-the-record esan zieten goitik etorritako agindua zela. Zinegotzi bat ere izan omen zen, esan ziena obra batzuen birmoldaketa zela-eta mugitu zituztela handik harria eta haritza eta aurki jarriko zituztela berriro, behar bezalako solemnitateaz, baina dirudienez gezurra zen dena, jendea lasaitzeko esana".

Goizalde Landabasok ere anekdota esanguratsu bat bidali dit emailez, kasu honetan ez Arestiren gainean, ezpada euskararekiko errespetuaren gainean:

"Bilbon euskera biziberritzeko plana. Prentsaurrea emoten Azkarate-Azkuna. Azkuna, ezelango lotsa barik gure hizkuntza gora eta behera, oso garraintzitsua hau eta bestea. Dana espainiera goxo eta txukunean, jakina. Galderen txandan kazetari batek: ¿Y ahora que ha presentado el plan de revitalización del euskera para Bilbao, cuándo va a estudiar euskera?. Azkunak nundik edo handik urten eban, lan asko ebala hau eta bestea".

Atzo, saria jasotzean, beste gauza bat ere esan nuen, gaztelaniaz, enteratu behar zirenak ondo enteratzeko: "el euskera vive entre vosotros, a vuestro lado. Pero a veces no os dais cuenta o no os quereis dar cuenta. Es una cultura más, no una cultura de propina, sino una cultura como la vuestra, que también es una cultura más". Azkunari begiratu nion eta urduri zirudien. Gioconda Belliri begiratu nion, eta irribarre zabala erakutsi eta buruarekin baietz egin zidan. Eta pentsatu nuen, politikariak gurekin deseroso sentitzen badira, izango dela arrazoi dugulako. Eta poztu nintzen, ez nik faroltxoa irabazi nuelako, ezpada Azkunak ("demagogo" horrek, Giocondaren editoreak esan zidanez, Azkuna bost minutuz ezagutu ostean) merezi zuen faroltxoa jaso zuelako: faroltxo gorria, tropeleko azkenari eman behar zaiona.

Harategizar (eta III)

gabiria 2005/04/20 09:04

Kebabeko okrea ez da hain okrea ere. Zurbil samarra da, lotsatia eta behargina. Esate baterako, zapatu gaua aurrera doala, ez du burua altxatzen fogoietatik, eta, zurbiltasuna galduta, gorri-gorri jartzen zaio aurpegia. Lanean murgiltzen da eta ez dizu ezertxo ere esaten, etengabe galdetu arren. Nik, adibidez, galdetzeko ohitura hartu dut, eta berak ere bai, ez erantzuteko ohitura. Ezin zehaztu, beraz, nongoa den, ze ez dit esaten. Izan daiteke marokoarra edo aljeriarra, eta berdin-berdin tunisiarra, baina mutua ez da, eta, hala ere, ez dit esaten.

Zuzenean galdezka hasi nintzen. Gero zeharka. Hurrengoan pistak eskatu nizkion. Gaur kebab bat eskatu diot, atera egin dit, jan dut, ordaindu diot eta barran geratu naiz bi ordu. Pertsiana jaisten duenean etxeraino jarraitzearen ideia bertan behera utzi behar izan dut, konturatzean tabernaren atzeko gelatxo batean bizi dela.

Galdetu diot ea Bilbo ezagutzen duen. “Bilbo...”, errepikatu du berak, izena ezaguna egingo balitzaio bezala. Nik kanpoaldera seinalatu dut: kalea, parkeak, plazak... ea ezagutzen dituen. Ezetz, buruarekin, baina baduela telebista; eta piztu egin du eta gero amatatu, nire dudak uxatzeko. Galdetu diot kapaz izango ote zen munduko mapa batean kokatzeko, exaktamente, bera non dagoen. Behargina da eta ez du alferrik berba egiten, baina duda egin barik erantzun dit “eta hori zertarako?”. Eta arrazoi zuela aitortu behar izan dut, burua makurtuta eta ezer esan barik. Zertarako jakin zein den zure kokapena atlasean, Kebab batean bizi bazara gau eta egun, eta soilik eguzki printzaren bat sumatzen duzunean irteten bazara atarira, Marokoko edo Aljeriako edo Tunisiako eguzki berak epel zaitzan, fogoiak epeltzen ez zaituen moduan.

Galdetu diot nor den lo aurreko bere instanteen jabe, nor den. Bihotzean daramana, nor den. Bere begietan gorderik, nor den. Telebista piztu, eta kate arabiar bat jarri du, berak baino ulertzen ez zuen hizkuntzan.

Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.