Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Bwana eta biok

Bwana eta biok

gabiria 2005/04/29 10:23

Ez naiz gogoratzen nork idatzi duen bere blogean, duela egun batzuk, "esploradore bat naiz" esaldia. Horrela amaitzen zuen testua, eta oso ona iruditu zitzaidan amaiera, baina ez naiz gogoratzen nor izan zen.

Edozelan ere, esaldi horrek balio dit duela aste pare bat gertatu zitzaidana azaltzeko. Mendira gozatzera joaten naiz, baina aurrekoan esploradore kolonizatzaile sasijakintsuaren sentsazioa izan nuen.

Markina aldeko mendietan gertatu zen. Etxetik irten baino lehen, orritxo batean apuntatu nuen ibilbidea (mendiko ibilbideen liburua ez eramatearren), ingurua ezagutzen ez dudanean egiten dudan moduan. Kontua da ibiltzen hasi eta denboratxo batera horreo edo garai baten albotik pasatu behar nintzela, orriaren arabera.

Hasi nintzen ibiltzen eta, denboratxo baten ostean, hantxe ikusi nuen, aldats baten goiko aldean: baserria eta, ondoan, garaia.

Horren ostean, beti ere apuntatutakoaren arabera, eskumatara egin behar nuen. Baina han ez zegoen modurik eskumatara egiteko.

Zorionez, hogeita hamar urte inguruko baserritarra ere inguruan zegoen, lanean jo eta fuego. Bere ondora joan eta esan nion:

-Eup! Egun on!
-... -erantzun zuen.
-San Martin ermitara nundik juten da? -hori baitzen orritxoan neukan erreferentzia nagusietakoa.
-... -tematu zen.

Ez zuen ezer ere esaten, baina begira-begira neukan.

-Hemen dekot apunteta: San Martin -bota nion, hain isilik ez egotearren.
-Eta hemetik jun bizu derrigor? -galdetu zidan kolpean.
-Bueno. Hori dino orriek -eta erakutsi egin nion bloketik moztutako orri kuadrikulatuko letra nanoa.
-Hemetik San Martina?
-Beitu: hemen ipinten dau. "Llegar a un hórreo y torcer a la derecha por una pista con roderas".

Morroia isilik.
Ni begira.
Morroia isilik.

-Eta horreue hortxe dau, baina ez dakit nundik ein eskumatara... -esan nion azkenean, baserriaren ondoko horreoari begira.

Tipoa ingurura begira hasi zen, eta galdetu zidan:

-Horreu?
-Bai, hori -berriz ere horreoari seinalatuz.
-Hori horreu? -tipoa, irribarrez.
-Bai.
-Horreu, garaixe?
-Bai.

Joder! Horreo bat zen! Bere lau hankatxoekin! Pagoda bat behintzat ez zen!

Baserritar gazteari irribarreak irten zion:

-Hori horreu?... Hori korti re! -bota zidan.

Bai, egia da: baserrikoek arrapalatxo bat jarria zioten eraikinari, hormak ere berritu egin zizkioten eta kortarako erabiltzen zuten. Baina horreoa zen, inguruan beste batzuk ere badaude eta. Ezagunena Etxebarri eta Barinaga arteko Ibargueneko garaia da. Baina hasi zaitez azaltzen. Klaro korta zena! nor nintzen ni baserriko mutilari esateko zer zen hura eta zer ez zen?

Ni mendizalea naiz, ez esploradorea, ez antropologoa, ez indigenak "artezten" doan misiolaria. Baina nire burua, zoritxarrez, ikusi nuen Zaldi Eroak marrazten duen Gizon Jakintsua bezala, eta nire ondoan baserritarra, Bwana. Nazka eman zidan neure buruak, eta San Martin ermitarantz egin nuen, pentsatzen nuen bitartean arrazoi zuela baserritarrak: hura ez zela horreoa, hura korti zela, eta ni ez nintzela asfaltokume ziztrin bat baino, indigenen lurretarantz jo behar duena asteburuero, asfaltoak kentzen didan arnasa hartzera.

etiketak: Lurrekoak
Julen
Julen dio:
2005/04/29 14:08

Gogoratu naiz nork amaitu zuen bere testua "esploradore bat naiz" esaldiarekin: Orakulua! Aste honetan testu sorta interesgarria jarri du bere blogean, eta horietako bat zen esaldi horrekin amaitzen zena. Testu hau zen, hain zuzen.

Animo Patxi, lunbago horrek mimoak eskatzen ditu! Nork eman faltan ez zaude behintzat!

Patxi
Patxi dio:
2005/04/29 13:57

Nik esango nuke, baserritarrak sobran zekiela korti, horreu ere badala, baina adarra jotzeko gogoz ere bazegoela, "asfaltokume ziztrinari". Hala ere, zu ez zera asfaltokume konpletoa, asfaltokume konpletoa nekez ausartzen dalako indigenari ezer esaten. Urrutitik begiratu eta... Saludatu, justu justu!

Ez zerala esploradore? Idazleak baino esploradore haundiagorik! bizitzaren azken txokoetararino iristen direnak, besteak ikusten ez dutena ikusteko gai direnak, altxor txikiak haundi-haundi egiteko gai direnak...

Ohore zuri! Henry Morton Gabiria stanley!

Literarioki bada ere, Livingstone doktorea aurkitzen badezu hortik zehar, galdeiozu lumbagoa azkarrago sendatzeko formularik edo ba ote daukan.

(Seguru guztiz osatzen naizenerako, eguzkia gorde egiten dala!)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.