Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Karmele Jaio Bilbon

Karmele Jaio Bilbon

gabiria 2005/04/26 10:09

Bihar, asteazkenean, 20:00etan, Karmele Jaio izango dugu Santutxun, Hamabost zauri (Elkar) ipuin-liburu ederrari buruz berbetan.

Jaioren lehenengo liburua izan arren, maila itzela eman du, eta iazko uztak ekarri digun sorpresarik politena izan da, Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur (Susa) lanarekin batera.

Hamabost ipuin motzetan, gasteiztarrak bikoteen munduan arakatzen jakin du, eta ondo baino hobeto hurbildu gaitu eguneroko xehetasun txiki baina garrantzitsuetara. Begirada horri esker, irakurlea hunkitzen asmatu du idazleak, benetako deskubrimendua izan den obra honekin. Eta, orain, irakurle asegaitzak hurrengo urteko udaberriaren zain egongo gara, Karmelek otsaila-martxoa aldean argitaratuko baitu bere lehenengo nobela, Igartza Bekari esker.

Froga enpiriko bat daukat, ikus dezazuen zelako kalitatekoa den lan hau. Kontua da Durangoko Azokan eskuratu nuela liburua. Eta Durangotik bueltan, trenean nentorrela, hango ipuinetako bat irakurri nuen, edozein. Gustatu zitzaidan, asko. Baina hortxe utzi nuen hilabete pare batez, artean beste gauza batzuk irakurri behar nituelako. Denbora hori pasatuta, berriz hartu nuen liburua, baina guztiz ahaztuta neukan Durangotik bueltan ipuin bat irakurri nuela. Eta hala, ipuin hartara heldu, eta sentsazio arraro batekin geratu nintzen: oso ona zen ipuina, baina beste nonbait ere irakurri nuen. Ez zegoen dudarik: Karmele Jaiok plagioa egin zuela pentsatu nuen. Baina ez nekien nori. Eta hasi nintzen errepasatzen azken aldian irakurri nituen liburuak, eta tartean lehenagotik irakurrita nituen Carverrenak ere goitik behera begiratu nituen, baina keba, inon ez zegoen horrelako ipuinik. Non irakurri ote nuen ipuin hura? Pentsatu eta pentsatu, azkenean gogoratu nintzen Karmeleren ipuina Karmeleren liburuan irakurri nuela, trenean, Durangotik bueltan. Eta ni Carver, Mansfield eta abarren liburuak arakatzen! Pisu galanta kendu nuen gainetik, baina, batez ere, sekulako poza hartu nuen, beste idazle on bat agertu delako gure letretan. Zorionak Karmele, eta munduko zorte guztia zuretzat!

Beraz, gogoratu: egilearekin lau berba egiteko aukera paregabea eta Bilbo inguruan literaturaz gozatzeko modu ezin hobea.

Ordua: 20:00
Lekua: AEKren euskaltegia, Txurdinagan
Kalea: Arbidea 21
Galdu barik heltzeko argibide txiki bat:
Metroz joanez gero, irten Santutxun, Zabalbideko irteeratik. Kalean gora egin, errepide nagusira heldu arte. Errepidea zeharkatu (goian, zebrabidea; behean, lurpeko pasagunea), eskailera batzuk igo eta Txurdinagan agertuko zarete. Lehenengo kalea eskumatarantz hartu, aldats behera. Hantxe bertan dago, parke baten ondoan, AEKren euskaltegia.

-----------------------------------------------------------

Hurrengo zita: maiatzaren 25ean, Urtzi Urrutikoetxea santutxuarra, Auzoak (Susa) liburuari buruz berbetan.

etiketak: Deialdiak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.