Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Faroltxo gorria Azkunari

Faroltxo gorria Azkunari

Julen Gabiria 2005/04/21 15:59

Atzo sari banaketa batean egon nintzen, Farolillo de Papel saria eman didatelako "Han goitik itsasoa ikusten da" liburuagatik. Euskadiko Liburu Ganberak antolatutako gala moduko batean eman ziren sariok, Estatu Batuetan ikusten den estiloan: ehun pertsonatik gora areto batean afaltzen, mahai borobilak han eta hemen, eta aurre-aurrean atrila mikrofonoarekin.

Ni pozik geratu nintzen. Saria ez da ezer, pozteko motibo hauengatik:
1- Lagun asko agurtu ahal izan nuela.
2- Gioconda Belli ("La mujer habitada", gogoratzen?) eta haren editorearekin afaltzen oso gustura egon nintzela.
3- Diskursoan, aprobetxatuta pare-parean Bilboko alkatea neukala, eztenkadatxoa bota niola, Gabriel Arestiri errespetu handiagoa izan behar diola aldarrikatuz. Eta berak arpegi txarra jarri zuen, baina ez dakizue horrek zelako poza emon zidan.

Gero, kritika bakarra onartzeko kapaz ez den horrek, bere diskursoan erantzun egin zidan: "yo hago el mismo caso a Unamuno, Otero y Aresti, al contrario de lo que ha dicho ese joven de Galdácano (sic) al que no conocía". Asike ederto pasatu nuen. Gero, antolatzaileetako bat etorri zitzaidan esanez alkatea haserre zegoela, jende horren guztiaren aurrean ezin dela holakorik esan eta hura ez zela momentua eta... Bufaa!! a zelako gozatua, alkatea nigatik hasarre zegoela entzutea! Gero, ondo fijatu, eta konturatu nintzen ez zela geratu afaltzen, ez dakit horregatik izango ote zen baina.

Baina Azkunak beste arrazoi bat ere erabili zuen bere jokaera zuritzeko. "Es cierto que a lo mejor cito un poco más a Unamuno". Baina orain dator onena: "Pero es que la obra de Aresti es muy corta! Tiene algo sobre el Sendeja, algo sobre..." (hor ez nuen ondo entzun, hain flipatuta geratu nintzen).

Urtzi Urrutikoetxeak ezin hobeto azaldu du gaur, Literatura Eskola izeneko posta-zerrendan, nik atzo bizitako mila egoera eta pentsamendu. Hemen bere hitzak:

"Bitxia da gure tolerante eta talantezaleak zelangoak diren, ustez hain zabal eta benetan kritika txikerrena onartzeko gaitasun mininorik ez daukeela. Izan be Julen, nori okurridu hain ondo eta hainbeste dirugaz laguntzen daben euskerea eta Gabriel Aresti (ez deutsi ba omenaldi bat egiten? ez dago lehiaketa bat bere izenagaz? nahiko dok hori, gizona!) kritikatzea? Hori ez da ez kitsch ez cool, holango lekuetan "Gerrarik ez" edo bestelako kritikak egiten dira, esaten espainola be gurea dala eta merezi dauela arreta handiagoa, beste haren moduan, edo pozgarriak direla holangoak eta gehiago egin beharko liratekeela idazleak alkar ezagutzeko "por encima de todas las lenguas, blablabla". "Por encima del euskera" esan beharko leukie, of course, ze guk ez daukagu bape arazorik euren hizkuntzan berba egiteko eta euren liburuak irakurtzeko, baina hain intransijenteak izatea be... mahaira gonbidatu eta ondo jan eta isildu beharrean inor hasarratuazoten? Ez da hori lekua gizona, lekua, badakizu, Berria da, foroak, blogak eta aldizkaritxoak dira, inoz leiduten ez dabezanak, baina euren musturrean holangorik? ¡Y luego se quejarán de que no les invitemos! Si es que no saben comportarse".

Goitik behera asmatu du Urtzik, goitik behera. Horrelako mila sentsazio izan nituen nik atzo, baina ezin izango nuke berak baino hobeto azaldu.

Eta Urtzik Gabriel Aresti lehiaketa aipatu duenez, ez da soberan egongo Lutxo Egiari gertatu zitzaiona gogoratzea.

Kontua da irabazleek berba batzuk egiteko aukera dutela saria jasotzerakoan, zer gutxiago. Lutxok Txabi Aretxaga HBko zinegotzi eta Likinianoko liburu-saltzaileari eskaini nahi izan zion saria, kartzelan baitzegoen (eta dago). Halaxe egin zuen, liburuen negozioan zebilelako eta bestelako apologiarik gabe. Eszena hura ikusten,jende piloa Lutxoren aurrean, zinegotziak ere denak edo. Azkuna ere tartean, jakina. Eta zinegotziek ez dakite euskaraz, eta Azkunak ere ez, baina "Txabi Likiniano" ulertu du Azkunak. Bat-batean bueltatu zen Lander HBko zinegotzi eta alkategaiarengana eta, hango denek entzuteko moduan, esan zion: "¿Quién ha organizado esto? ¿Qué es esto?", halakoak. Matxinada antolatu zen areto arabiarrean: Azkunak Lutxori bota zion begiradak dena esan zuen. Dena esanda, ezer esan barik. Hurrengo egunean, pasadizoa Eginen zetorren.

Antzeko zerbait gertatu zen duela urte pare bat, antzerki obra baten aurkezpenean. Han ere sekulakoak ikusi ziren, antzerkikoak bi edo hiru egia esaten hasi zitzaizkionean alkateari. Ez nago seguru baina uste dut Ramon Barea izan zela. Antologikoa, edozelan ere.

Beste alde batetik, zuetako askok ez duzue jakingo, baina iaz, Bilboko Udalak errespetu falta galanta erakutsi zuen Arestirekin. Xabier Mendigurenek azaldu du ondo gaur, Eibartarrak zerrendan:

"Arte Ederretako Museoaren aurrean, Arestiren omenez jarritako haritz bat eta harrian zizelkaturiko poema-zati bat zeuden, 85ean edo jarriak, heriotzaren 10. urteurrenean. Zeuden esan dut, eta halaxe zen orain dela urtebete inguru arte. Egun batean desagertu egin baitziren. Arestizale batzuek, pentsatuz ganberroen edo ultren lana izan zitekeela, udaletxera jo zuten, abisua ematera. Publikoki ez baina off-the-record esan zieten goitik etorritako agindua zela. Zinegotzi bat ere izan omen zen, esan ziena obra batzuen birmoldaketa zela-eta mugitu zituztela handik harria eta haritza eta aurki jarriko zituztela berriro, behar bezalako solemnitateaz, baina dirudienez gezurra zen dena, jendea lasaitzeko esana".

Goizalde Landabasok ere anekdota esanguratsu bat bidali dit emailez, kasu honetan ez Arestiren gainean, ezpada euskararekiko errespetuaren gainean:

"Bilbon euskera biziberritzeko plana. Prentsaurrea emoten Azkarate-Azkuna. Azkuna, ezelango lotsa barik gure hizkuntza gora eta behera, oso garraintzitsua hau eta bestea. Dana espainiera goxo eta txukunean, jakina. Galderen txandan kazetari batek: ¿Y ahora que ha presentado el plan de revitalización del euskera para Bilbao, cuándo va a estudiar euskera?. Azkunak nundik edo handik urten eban, lan asko ebala hau eta bestea".

Atzo, saria jasotzean, beste gauza bat ere esan nuen, gaztelaniaz, enteratu behar zirenak ondo enteratzeko: "el euskera vive entre vosotros, a vuestro lado. Pero a veces no os dais cuenta o no os quereis dar cuenta. Es una cultura más, no una cultura de propina, sino una cultura como la vuestra, que también es una cultura más". Azkunari begiratu nion eta urduri zirudien. Gioconda Belliri begiratu nion, eta irribarre zabala erakutsi eta buruarekin baietz egin zidan. Eta pentsatu nuen, politikariak gurekin deseroso sentitzen badira, izango dela arrazoi dugulako. Eta poztu nintzen, ez nik faroltxoa irabazi nuelako, ezpada Azkunak ("demagogo" horrek, Giocondaren editoreak esan zidanez, Azkuna bost minutuz ezagutu ostean) merezi zuen faroltxoa jaso zuelako: faroltxo gorria, tropeleko azkenari eman behar zaiona.

etiketak:
Joxe Aranzabal
Joxe Aranzabal dio:
2005/04/22 20:40

Zorionak blogaren diseinu berriagatik, Julen. Bai potila! Eta irakurterrazagoa lehengoa baino. Beste sariagatik ere zorionak, baina niretzat hauxe duzu saririk onena, Maitek egin dizuna. Zuri ere zorionak, Maite. A ze gauza ederrak egiten dituzun!

Besarkada bana bioi.

Josu
Josu dio:
2005/04/22 11:53

HORI DOK ETA RUPERZIAN!!! EDERTO, MU MU BIEN!

Zelango poza hartu dudan mezua leiduta, horixe egin behar jake "gure" agintari maiteeri, esistitzen garela gogoratu jendearen aurrean, lotsa daitezan euren lotsarik ezaz! Horixe bai dala borroka bidea!

Ta Arestirekiko aprezioaz, zer esan...

Nik be erabili izan dot teknika hori ganera. Bigarrenez Bizkaiko Eskolarteko Txapelketa irabazi nebanean saria emoten Kultura Diputaua, Gotzon Lobera, etorri jatan txapela janzten eta arren, agurra bota bitartean nire alboan geratuteko eskatu neutson.

tipoa, harro ta pozik etorri zan, ta orduan eskua lepoan jarrita kantau neutson: "arren ez bota Sorgintxulo Gaztetxea".

Ikusi behar zenduen zelango karetoa jarri eban, ta zelan ein eban handik alde, ipurdian pipermina baleuko legez!

Hurrengo urtean be, bardina egin neban Bilboko Konzejala andra bategaz, baina harek, abiseta edo ez eban nire albora etorri gura izan. Eta eneutson arpegia ikusi... kasuen...

Baina bai, arrazoi daukozu. Sentsazio orgasmikoa da, min gehien egiten deutsen tokian zaplasteko bat emon dotsezula sentitzen dozu.

Biba zu!

Nork deko hurrengoko zita agintari bategaz??

Patxi
Patxi dio:
2005/04/22 03:21

Loritoa lapurtu didate!

Mundiala diseinu berria. Eta Azkunaren argazkia. Mezuari egingo diot haginka beste batean, logure gutxiagorekin, baina xamur xamurra dirudi!

eneko
eneko dio:
2005/04/22 02:15

Saria jaso eta saria banatu, zu bai esker onekoa :-)

Zorionak!!

OH: Oso dotore eta polita geratu da diseinu berria. Hau hobea da, baina, egia esan, ez zitzaidan hain itsusia begitantzen bestea.

Janire
Janire dio:
2005/04/25 22:17

Kaixo Julen! Zorixonak zeure blogagaitik! oso politte da. Nire bitakorako loturetan sartu dotzut, blog interesgarrize benetan. Beti gaztieri da gaztiek ez dizenei be idaztera bultzatzen. Horrek bai meritue dekola da Trapagaranetik (ni bizi nazen herritik) zorixonak zeure lanagaitik!

Luistxo
Luistxo dio:
2005/04/25 15:16

Ai literatook, egoismoz egiten duzue: Ohore haundiagorik ez dago agintari publikuen kondena baino... Flaubert prozesatu zutenean, Mme Bovary zela eta, karta idatzi zuen, zigorraren irrikaz:

Je vous annonce que demain, 24 janvier, j'honore de ma présence le banc des escrocs, 6e chambre de police correctionnelle, 10 heures du matin. Les dames sont admises, une tenue décente et de bon goût est de rigueur.

Je ne compte sur aucune justice. Je serai condamné, et au maximum, peut-être, douce récompense de mes travaux, noble encouragement donné à la littérature.

Baina absolbitu egin zuten, Gustave. Bere gutunen artean, prozesukoa ederra da benetan.

Jozulin
Jozulin dio:
2005/04/23 11:44

Adjetibo berria asmatu du Joxek: potila. ;-)

Joxemari
Joxemari dio:
2005/04/21 19:05

Literatur eskolako posta zerrendan jaso diat berria. Zorionak! Ona gaurko orainkeriak eskainitako guztia. Anekdotario bikaina egiteko modukoa! Bestalde, farolilloa Azcunari. Denok zekiagu farolak argitu bai, baina gutxi gastatuz argitu nahi izaten diatela. Euskeraren kasuan gehiago! Ondo izan.

Joxemari

Gari
Gari dio:
2005/04/22 00:56

Zorionak diseinu berriagatik! Oso fina!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.