Abuztu hasiera Vlissingenen
Iaz Italian egin genuen bidaiarekin hasitakoaren bigarren geldialdia egiten ari gara egunotan Herbereetako Vlissingen herrian. Bertan 15. Hogeschool Zeeland xake txapelketa jokatzen ari da eta berau jokatu eta oporraldi lasaia pasatzeko asmoarekin etorri gara bost lagun bertara.
Vlissingen 45000 bizilaguneko kostako herri bat da. Hondartza eta portua ditu eta jende asko dabil bertan bizikletan, baina gaur arratsalde-iluntzean eman dudan bizikleta ibilaldian gehien harritu nauena etxeak izan dira. Etxe guztiak berdin berdinak, txikiak eta bi pisukoak dira. Ah, eta ez dute pertsianarik. Pertsiana gabe bizi dira holandar hauek!!
Goizean hondartzan izan gara batzuk Iparraldeko Itsasoko ur hotza probatu, eguzkia hartu (ederto berotzen zuen hemen ere) eta Vlissingen aurretik Antwerpera (Anberes) bidean edo hango portutik datozen itsasontziak ikusten. Belgikako portu handienetakoa izango denaren itsas-trafiko guztia hemendik pasatzen da.
Bizikletena ere aipagarria da. Lehenengo egunean tren geltoki ondoan astebeterako bizikleta alokatu genuen, bakoitza 37.50 €ko prezioan eta benetan garraiobide erosoa da herrian zehar ibiltzeko. Supermerkatura, hondartzara, garagardo bat hartzera, partidara, buelta bat ematera... edozertara bizikletan joaten gara. Benetan asmatu genuen bizikleta hartzerakoan. Hemen bizikletan ibiltzeak inbidia ere ematen dit, eta Eibarren nola ibiliko ote nintzatekeen ere pentsatu dut, hala ere hemengo lautadak (aldapa txikiena ere ez dago) eta Eibarko gora-beherak ez dira konparatzekoak, eta zer esanik ez bideak: hemen guztia dago prest bizikletentzat, bidegorriak kale guztietan, kotxeak gelditu egiten dira pasatzen uzteko... laneko bizikleteroak gustora asko arituko lirateke hemen.
Besterik ez, xakeak uzten badit idatziko dut zerbait gehiago hemendik edo Amsterdametik (hara goaz txapelketa bukatzean), bitartean argazki batzuekin uzten zaituztet eta baita Eibarko Klub Deportiboaren webgunean idazten ditugun kronikatxoekin ere. Lizak Vietnam eta Laostik dioen bezala: Biba gu!!
Kontxo! Geu be Herbeheretan ibili gaittuk abuztu honetan, Amsterdamen aste bat, eta han be bizikletena be harrigarri-harrigarria zuan. Entzuna najakan baina bizitzia beste kontu bat dok. Hik aittatu dok alderdi ona, nik oin txarra azalduko deuat: gu gehixen bat oinez mugitzen ginttuen, sarri be bizikletak dabixen toki beretik, eta hi, gauzak dirazen lez, benetan arriskutsua zuan. Bizikletak pila bat, ziztu bizian, han ez jauan pasiorik, ez, biharrerako edo etxerako zijoazen, arrapaladan, eta benetan arriskua han zebixen oinezko, are gehixago, ohittura gitxi bagenduan hortik eta umiekin ibiltzen. Amsterdan bertako aldizkari (ingelez) batian irakurri najuan aiuntamentua be konturatuta zeguala auziakin eta neurrikan hartuko zittuala oinezkoak hobeto eta "lehentasunez" ibili ahal izan zittezen. Ikaragarrixa.