Zein handia den London!
Ez dakit noiz izan zen, 1997an edo izango zen. Izeba-osaba eta lehengusu-lehengusinekin (horiek bai blogaren jarraitzale finak), Londonen izan nintzen. Orduan kamara digitalik ez eta paperean egindako argazkiekin album bat egin nuen. Album bat !! En fin. Orduandik beti izan dut gogoa Londonera itzultzeko. Asko gustatu zitzaidan hiria. Handia, jende asko, jende mota ezberdin asko, erraz galtzeko modukoa. Horregatik idatziko nuen ziur aski Loreak malko artean.
Gauza da aurtengo Plone Konferentzia Bristolen izan dela, eta bidaia eta astelehena jai dela aprobetxatuz, asteburua Londonen emango dut! Eskerrik asko CodeSyntax bidaia patrozinatzeagatik. Eramango dizkizuet bonboi goxo batzuk!!
Noan harira. Ahaztuta nuen Londonen handitasuna. London Eye gailurretik begiratuta, bukatzen ez den gauza bat dela dirudi. Begiratzen duzun tokira begiratzen duzula etxeak eta parkeak ikusten dira. Eraikinak ere handiak dira, garaiak, itzalak. Jende kopurua ikaragarria. Arratsaldez Docklands Light Railway eta metroan ibili naiz eta bertan zebilen jende kopurua izugarria. Picadilly Circuseko Lillywhites denda gainezka zegoen, zer esanik ez Picadilly plaza bertako monumentua edo Regent Street.
Bertako Apple Storeari egin diot bisita. Aste honetan Applez inguratuta egon naiz. Ploneren komunitateko gehienek/ok Applek egindako ordenagailuak darabiltzagu. Ez dakit zergatik den, baina konferentzian egon diren ordenagailuen %90tik gora MacBookak ziren (bere kolore guztietan, arruntak, zuriak, Pro, Pro berriak, iPadak...). Iphone eta Android telefonoak ere bai, azken hauek inoiz baino gehiago gainera.
Oxford Street ere gainezka, jendea dendetatik sartu eta irten. Ehunka, milaka lagun ikusi dut. Kolore guztietakoak, fraka motzetan eta begiak bakarrik bistan zituzten emakumeak ere bai. Txakurrik ez. Ondoan txakurrik zeraman inor ere ez dut ikusi. Pare bat eskale izan ezik.
Eta metroan zer esan. Gogoan nuena, hori ez da aldatu. Jende pila, bakoitza bere rollora eta gizartearen ispillua. Hori bai, jende asko eta asko ikusi dut iPhonea atera eta metroan bertan lineen egoera kontsultatzen. Adi egon, asteburuetan Londonera baldin bazatoz metroan lanean dabiltza eta geltoki, ibilbide edo linea oso batzuk itxita aurkitu ditzakezu. Etorri aurretik bisitatu Transport for London webgunea eta informatu, edo deskargatu zure telefonorako aplikazioa.
Gaur ikusi eta egindakoa, ibilbideka banatu eta Tagzanian kargatu dut. Gomendiorik baduzu edo Londondik zerbait ekartzea nahi baduzu, utzi erantzun bat, astelehen arratsaldera arte egongo naiz hemen.
mikel map