Gizonen estilo ohiturak: inkestaren emaitzak
Hogeitazortzi mutilek eman diote erantzuna aurreko postean proposatzen genituen galderei, Garik gertatutako formatuan. Erantzun dutenen adina 21 eta 77 urte bitartekoa izan da.
Eskerrik asko joku honetan parte hartu duzuenoi!
Hau ez da zientifikoa, topikoak dira, jolas bat da, baina bada gure irakurle gizonek modarekin eta arroparekin zein harreman duten erakusten duen lagintxo bat.
Hona emaitzak:
Paperezko musuzapia erabiltzen dute |
%64,28 |
Oihalezko musuzapia erabiltzen dute |
%35,72 |
Lo galtzontziloetan egiten dute |
%14,28 |
Lotarako pijama erabiltzen dute |
%42,86 |
Lotarako kamiseta erabiltzen dute |
%17,86 |
Lo bilutsik egiten dute |
%25 |
Barruko kamiseta erabiltzen dute |
%39,29 |
Barruko kamisetarik ez dute erabiltzen |
%60,71 |
Boxer estua janzten dute |
%53,57 |
Boxer zabala erabiltzen dute |
%17,85 |
Slipa erabiltzen dute |
%28,58 |
Arpegian krema ematen dute |
%55,56 |
Arpegian ez dute kremarik ematen |
%44,44 |
Gorbataren korapiloa egiten badakite |
%29,63 |
Gorbataren korapiloa ez dakite egiten |
%70,37 |
Praka piratak erabiltzen dituzte |
%75 |
Praka piratarik ez dute sekula erabili |
%25 |
Norbere arropak lisatzen dituzte |
%50 |
Lisatzen jakin bai, baina ez dute lisatzen |
%21,43 |
Arropa lisatzeke erabiltzen dute |
%28,57 |
Alaben mototsa eta janzkera tajuz egin |
%82,36 |
Alaben motsoa eta janzkera egiten ez |
%17,64 |
Emaitza zehatzak, hemen.
Adi nesken moda eta estilo ohiturei buruz aterako dugun postari!
Zein motatako gizona zara?
Topikoak topiko, estereotipoak estereotipo, moda eta estiloa aitzaki, gizonen hamar kategorizazio egiteko modua (azalekoak). Iradokizunak onartzen ditugu.
1. Musuzapiaren arabera:
- Oihalezko musuzapi lisatua ateratzen dutenak
- Paperezko musuzapia erabiltzen dutenak
2. Lotarako arroparen arabera:
- Pijamarekin lo egiten dutenak
- Galtzontzilotan lo egiten dutenak
- Kamiseta hutsa erabiltzen dutenak
- Bilutzik lo egiten dutenak
3. Kamisetaren arabera:
- Barruko kamiseta erabiltzen dutenak (maukaduna zein tiranteduna)
- Barruko kamisetarik janzten ez dutenak
4. Galtzontziloen arabera:
- Boxer estua
- Boxer zabala
- Slip
5. Arpegiko kremaren arabera:
- Arpegian krema ematen dutenak
- Arpegian krema ematen ez dutenak, ezta udan ere
6. Gorbataren arabera:
- Gorbataren korapiloa egiten dakitenak
- Gorbataren korapiloa egiten ez dakitenak
7. Praka piraten arabera:
- Inoiz praka piratak jantzi dituztenak
- Sekula santan praka piratarik jantziko ez lituzketenak
8. Poltsoaren arabera:
- Poltsoa sorbaldatik gerriko kontrako alderaino gurutzatuta daramatenak
- Poltsoa sorbalda batetik zintzilik erabiltzen dutenak
- Poltsoa erabiltzea tontokeria demasa iruditzen zaizkienak
9. Lisatzearen arabera:
- Norbere arropa lisatzen dakitenak edo lisatzen dutenak
- Lisatzen jakin ez, baina arropa lisatuta eramaten dutenak
- Arropak lisatzeke erabiltzen dituztenak
10. (Aitak badira) Alaba txikiak atontzeko gaitasunaren arabera:
- Alaba txikiak tajuz orrazten eta egoki janzten dakitenak
- Motots zuzen bat egiten ez dakitenak, edo soineko bat leotardo batzurekin nola elkartu ez dakitenak.
Hauteskunde kanpainaren estiloa (eta VI)
Gure blogean hauteskunde-batzorde zentralak agintzen ez duenez, guk baizik, Maneiroren estiloa aztertu beharrean UPyDen Koloreaz egingo dugu berba "Osteraleko katekorratzean". Egia esatera, Maneirori ez diot gehiegi erreparatu bere begirada horrek hotzikara eragiten didalako…
Horretara, UPyDen kolorean fijatu naiz. Magenta (bizitza guztian arrosa fuksia esan dioguna). Agian, kolore hori asko gustatzen zaidalako. Partidu guztiek dute kolore bat euren logo eta karteletan baina Rosadieztarrek nonahi eta noiznahi erabiltzen dute, karteletan ez ezik, arropetan ere. Antza denez mitinetan derrigorrezkoa da:
Kamisetak, biserak, petoak
Alkandorak, kamisetak, paxminak
Fuksia ez bada, izan dadila antzeko zer edo zer!
Mitineko publikoaren artean
Atzetik ere bai!
Mertxandaisinean aterkiak ere sartu dituzte!
Maneirok polo hau hirutan erosi behar izan zuen, kanpainan egunero erabili ahal izateko!
Magenta, lehengo arrosa fuksia, euren lideresa ROSAren omenez! orain konturatu naiz!
Hauteskunde kanpainaren estiloa (V)
Desberdin eta originala izatea ez da erraza; are gutxiago gizonezkoen janzkera hain estua eta zurruna izanda. Eta askoz zailagoa, politikarien mundu horretan traje eta gorbatatik atera nahi izatea.
Mikel Aranari hori gertatzen zaiola uste dut. Ez du uniformera jo nahi, eta horregatik ez dugu inoiz horrela jantzita ikusten. Agian, trajeren bat soinean bai (argazki eta bideotan ez da ondo ikusten trajea den, beti jaka zabalik daramalako), baina gorbataren arrastorik ez; ezkerretik gorbataren zaion fobiaren (justifikatua) arrastoa.
Goian bezala, beste batzuetan ere ikusi dugu bakeroak eta jakaz jantzita, irudi formala baina hurbilagoa emanez. Moderno eta kultureta style
Alkandora hutsean ere sarritan agertzen da (beharbada, amerikana erantzi duelako). Alkandorok koadro txikidunak edo lisoak izaten dira. Nahiko klasikoak, nahiz eta ator hauetako asko beltzak izan; horretara, ausartagoak.
Poloz jantzita ere agertu izan da, agian bero handiagoa egiten duenean
Baina edozeren gainetik, jertse-gizona da Arana. Pullover piloa darabiltza: eskote pikodunak, lepo luzeak, marradunak, lepo zabal dutenak, marcelino estilokoak, eskote biribilekoak, kremailera txikia dutenak… denetarik! Eta beti alkandora azpian daroala.
Hau bere faboritoa dela esango nuke!
Hau ere sarritan erabiltzen du.
Edozein ama klasikok nahiko lukeen suhia!
Marzelino modernoa
Mazelino berritua
Koadrodun alkandora gehi kolore biko jertsea.
Grisa eta beltza gustuko badu ere, beste kolore batzuekin ausartzen da, eta benetan eskertzen diot nik neuk, behintzat. Apurtu egiten du politikari gizonen gris-urdin ilun inposizio tristea.
Nire ustez irudi txukuna ematen du, garbi-usaina dauka. Baina oreka larrian dabilela uste dut: klasikotasuna laga, baina gehiegi ausartu barik. Trajea abandonatu, baina jertse klasikoetan gelditu. Nahia baina ezina.
Ilean ere antzematen zaio hori: bekokiko ilea, flekilloa, ez da oso klasikoa, baina beti bere lekuan dago, ile-zuriek ematen duten ukitu interesgarri horrekin. Betaurrekoak ere politak, ondo ematen diotenak, baina oso diskretuak.
Berba baten, ama askok euren alabendako nahiko luketen senarra, etxerako modukoa, formal itxurakoa, suhi perfektua… irribarre gehiago egingo balu
Hauteskunde kanpainaren estiloa (IV)
Industria giroan hazi garenok badakigu zer den gauza edo pertsona bi edo gehiago trokelean egindakoak izatea. Edo gauza edo pertsona batzuk trokel berekoak izatea. Alegia, trokelean egindako lau gizon, adibidez, funtsean berdin-berdinak dira, trokel berekoak.
Euskadin Partido Popularrak hautagai aurkezten duen Antonio Basagoitiren estiloa, Mariano Raxoiren estiloaren trokelekoa da.
Eta trokel bereko estiloa dauka baita ere Galiziako Partido Popularraren hautagaiak, Alberto Nuñez Feijook.
Basagoiti, Nuñez eta Raxoi trokel berekoak dira, estiloaren aldetik. Hau da, berdin-berdinak. Txino batek bereiztuko ez lituztekeen horietakoak.
Ilea berdin moztuta eta orraztuta, antzeko betaurrekoak, traje urdin edo grisa, eta gorbata urdina. Hirurak berdinak, beti berdin janzten dira.
Raxoiren trokelak baina pieza ugari eman ditu, eta hemen daukagu Javier Maroto, Arabako zerrendako bigarrena, Raxoi eta Basagoitiren arteko klona baitlitzan.
Edo Alfonso Alonso, Gasteizko alkate izandakoa, trokelaren beste emaitzetako bat.
Ez kolorerik, ez irudimenik, ez ekimenik, ez modarik, ez ausardirik. Raxoiren trokelean dena da urdina:traje-gorbata, betaurreko fin eta marra-orrazkeren estiloa. Hain urdina, ezen zuri-gorria ere urdin bihurtzen duen.
Hauteskunde kanpainaren estiloa (III)
“The Bridges or Madison County” pelikulan, Clint Eastwooden pertsonaiak, argazkilari abenturazaleak, herri txiki batera iritxi eta Meryl Streepen pertsonai etxekoandre ezkondua maitemindu duenak, galdetzen dio Meryl Streepi bere senarra nolakoa den. “Oso garbia da”, erantzuten du etxekoandreak.
Hori berori erantzungo nuke baten batek Patxi Lopezen estiloa nolakoa den galdetuko balit. Patxi Lopezen estiloa oso garbia da. Ez du aldatzen, ez du arriskatzen, ez da nabarmentzen, baina irudi egokia emateko balio dio.
Arropari dagokionez, hiru aldaera berdintsu erabiltzen ditu:
Traje urdina edo grisa, alkandora argia eta gorbata diskretua.
Alkandora trajearen jakarekin, gorbatarik gabe. Mitinetara-eta joateko. Eta jaka kentzen duenean, alkandora hutsa, Obamak bezain ondo inongo politikarik erabiltzen ez dakiena.
Jertseiak, segurasko kaxemirezkoak, lepoaldea triangelu moduan daukatena, ez oso lodiak, kolore diskretuetakoak: grisa iluna, gris argia, urdin iluna eta moreak ikusi dizkiogu.
Eta hotza denean, kale agerraldietarako, jertseia gehi jaka, apur bat institutuko irakasle zahar eta apaiz arteko itxura ematen duen janzkera.
Eta kitto. Patxi Lopezen hautagaiaren arropak ez du atentzioa ematen, ez onerako ez txarrerako. Estiloa osatzeko, beti ilea ondo moztuta (irudia emango luke mozte egunak zehaztasun matematikoz errespetatzen dituela, beti daukalako antzerako tamaina, ez motzegi, ez luzeegi), sekula ez lekuz kanpo. Bistan daraman apaingarri (beharrezko) bakarra, betaurrekoak. Lehendakari denetik hiruren bat modelo ikusi dizkiogu:
- Hasierakoa euskarririk gabeko estilokoa, Aresek ere berdinak zeuzkan.
- Gobernuan egon eta piska batera, aldatu egin zituen, eta patilla pastazkoa daukaten betaurreko horietako batzuk jarri zituen, Basagoitik zeramazkienaren oso antzekoak.
- Orain kanpainan beste modelo bat erakusten du, euskarri metaliko txikia daukaten horietakoak, diskretua baita ere.
Horrela osatzen du bere itxura Lopez hautagaiak. Argazkietan ikusten den irudiak iradokiko luke hautagaiak lurrin garesti samar sotil bat erabiltzen duela (kolonia edo aftershave-a), gerturatu eta goxoki antzematen den horietakoa, baina hori in situ konprobatu barik daukagu. Ostera, bai esango genuke ilea moldatzeko gel edo gomina apur bat erabiltzen duela. Estilo garbia.
Hauteskunde kanpainaren estiloa (II)
Bi hilabete eta erdi pasa dira Laura Mintegik politikaren lehen lerrorako jauzia egin zuenetik. Uztailaren hasieran izendatu zuten lehendakarigai, artean deitzeke zeuden hauteskundeetarako. Izendapenetik BECeko igandeko ekitaldi loriatsurarte, janzkiei dagokienez, jaka mila-arraiadun xuabe zuzenetik, txaketa gorri militar estilora iritxi da. Ikus dezagun bilakera.
Zerrendaburu emakume bakarrak, eta beraz, (horregaitik?) kanpainan kolore eta estilo desberdina sartu duen hautagai bakarrak, jaka udatiar pastel kolorekoa soinean zuela aurkeztu zuen bere burua.
Uda-udara zen, baina bero egiteagatik ez zuen Mintegik jaka bazterrean utzi aurkezpenerako. Urrutitik pastel kolorekoa zirudien jaka entallatuak, gertutik mila-arraiduna zela ikus zitekeen. Irudi garbia. Egokia erakundeetako agintea eskuratu nahi duen hautagai batentzako. Kanpainaren aurkezpen itxurarekin oso bat zetorrena.
Jaka, gainera, diskretua zen. Dotorezia apaingarri gutxirekin, gero ere ikusi dizkiogun xehetasunekin:
- beti erabiltzen ditu belarritakoak, baina txikiak.
- ilea, motza eta urdindua, tintatu barik, baina ondo eta kontuz moztuta.
- aurpegiko makilaje bistakorik ez, baina kolore ona bisaian. Ezpainetako diskretu bat behar bada?
- hasieran ez, baina lepoko diskretuak ere ikusi dizkiogu kanpaina zehar.
- ezker abertzalaren estetika tradizionalean hain ohikoak diren uztai eta lepoko zapi handiren arrastorik ez.
BECeko kanpaina-gailurrera iristerako, jaka oso bestelakoa jantzi du (nahiz eta azpiko top-a kanpaina hasierako berbera izan): gorria, jende artean ondo nabarmentzen duena (lidertzarako kolorea?), aurten modan dagoen estilo militarrekoa, zilarrezko botoi handiduna, mao lepoduna eta solapa barikoa.
Tartean beste kolore batzuetako jakak erakutsi ditu, beti ere praka beltz edo bakeroekin. Piska bat Angela Merkelen estiloa gogora ekartzen duen joera: jaka koloredunak, praka zuriak ala beltzak.
Sagar erako berdea, oso nabarmena gainerako hautagai gizonen jaka ilunaren ondoan, El Diario Vasco egunkariak egindako azalean.
Urdin iluna, kazadora moduko jakan. Egun osoan (ez dotore, bai eroso) ibiltzeko emakume praktiko batek jantziko lukena.
Urdin argia, baita ere mao lepoa eta solapa gabe, goitik behera lotuta. Jaka amerikarraren ordezko modelo hau, garai batean asko ikusi zen Espainiako gobernuan, Pilar Del Castillo kultura ministro PPkoak sarritan erabili ohi zuen.ETBko galdeketa programan jantzi zuen Mintegik. Jakaren lepoaldearen azpitik bolantedun alkandora zuri erromantikoak (goiko argazkikoaren berbera edo antzekoa), kolorere urdin zerutiarrarekin, irudia leuna ematen zion.
Orain arte ikusi dugunez, jaka lisoak eta kolore bakarrekoak jantzi ohi ditu hautagaiak. Hala ere ikusi diogu zerbait ausartagoa, baina ausartzen denak akatsak ere egiten ditu, eta hobe deritzogu jaka hau beste behin armairutik aterako ez balu: pinporta beltzez estanpatutako jakak bete betean dalmata itxura ematen du.
Laura Mintegi berriki lehendakarigaituak, irudiaren aldetik ematen du agintean egon nahi duen alderdi serio eta egonkor bateko hautagaia. Esan dugun guztiarengatik. Baina baita ere atera diotelako argazkia edozein euskal alderditako hautagaik nahitaez izan beharreko txamarra soinean duela: sport euritakoa. Euskal festetara, konzentrazioetara, agerraldietara txukun agertzeko, edozein euskal politikari pedigridunak behar duen janzkia. Mintegik ere, badauka. Bada bete-betean, ofizialki eta janzkeraz, euskal politikaria.
Hauteskunde kanpainaren estiloa (I)
Hauteskunde kanpaina badoa aurrera, herritarrendako eta politikariendako, batzuek jaramon gehiago egiten diotela, besteek urrutiko soinua baino ez dutela aditzen. Legebiltzarrean eserlekua izango duten lau alderdietako zerrendaburuak dena ematen ari dira Lehendakaritzara iritxi nahi horretako propagandan. EAEko lurralde osoa zeharkatzen dihardute, goi eta behe, esker-eskuin, entzun ditzagun eta kontutan izan ditzagun. Euren argazkiek leku arraroenetatik begiratzen gaituzte. Baina erretratuak ez dituzte nonahi jarri eurak gu ikusteko, guk beraiei erreparatzeko baizik.
Ikusi ditugu. Konturatu gara zein arropa janzten duten. Jabetu garan euren estiloaz. Eta hona hemen, hainbestetan parean ikusgai ipini zaizkigunez, lau hautagai ohiartzuntsuen estilo azterketa labur bat:
Eskaini genion post labur-laburra Urkullu lehendakarigaiari, hain izan zen handia haren ezpain glosseatuak egunkariko argazkitik azaltzen agertu zitzaizkigunean eman zigun inpresioa.Orain, polikiago, bere estiloa dugu berbagai.
Iñigo Urkullu hautagaia, arropari dagokionez, ez da apainkeriatan ibiltzen den gizona. Kanpaina aurretik ere ezagutzen genuen bere estiloa: Bilbo-Bilboko jaun batena. Traje perfektoa, alkandora argia, Windsor korapiloa gorbatan, mokasin disdiratsuak eta galtzerdi beltzak.
Kanpainan baina, piska bat herritartu nahian edo, hiru lizentzia hartu ditu bere estilo bilbo-gentleman horretan:
Bata, jaka eta alkandora barik, nikia.
Jakina, aurrekanpaina beroa izan genuen (eguraldiaz nabil) eta erromerietara joateko sport estiloa behar da. Horretarko I.U.k nikia aukeratzen du: ez t-shirta, beti poloa. Hau bezalakoa, urdin argi-argia, edo zuria. Markakoa, hori bai, eta lepoaldea piska bat jasota. Estilo hau Oier Gorosabelek azaldu zuen hemen.
Bigarrena, gorbata erantzita. Kanpainan murgilduta, gorbata gabe ikusi dugu sarritan hautagaia. Gertutasun handiagoa ematen du irudi honekin.
Edo gorbatabako bigarren aldaera: Obama modua, alkandora hutsean, mauka luzeak piska bat jasota. Oso imitatua, baina Barakek bezala inork gutxik defendatzen dakiena.
Eta hirugarren lizentzia, ausardia estetiko ateraldi batean, jakaren ordez, kazadora. Hori bai, Bilbo-Bilbokoek eramaten dutena bezalakoa. Gazteekin-eta elkartzeko, irudi ez hain serioa ematekotan.
Hori ba, arropa bat ala bestea jantzi, Iñigo Urkulluren estiloak badauka ezaugarri bat, eta da beti lisatu berria ematen duela. Berdin dio telebistako agerraldi bat izan, jendearekin bilera batean, iluntzeko ekitaldi batean izan. Bere alkandorek beti lisatu berriak ematen dute, praketan ez dauka simur bat ere ez. Horrek eskatzen du lisatze on bat, eta lisatuari eusten jakitea. Lisatzaile onak badakigu Sabin Etxean egon badaudela. Lisatuari luzaroan eusten jakitea berriz, norbere meritua da.
Urkullu lip gloss
EAJ ko lehendakarigaiaren arpegiari kolorea eta sakontasuna eman nahian, baten bati eskua joan zaio strawberry lip glossarekin.
Bizarra bibote gabe
Argazki hau ikusi dudanean, lehenengo begiratuan, herrialde islamiko bateko talde atxilotua zela pentsatu dut. Bizar luzeak, bibote barik, musulman ortodoxo askok erabiltzen dituztenak bezalakoak.
Gero, testua irakurri eta AEBtako amish komunitate bateko atxilotuak. Antza denez, amish komunitatea ez da pelikuletan erakusten diguten modukoa, goapoak eta baketsuak, alegia. Izan ere, argazkiko koadrila epaimahai batek zigortu du ilea eta bizarra beste amish batzuei bortxaz mozteagatik.
Aste honetan, twitterren mutil talde batek bibotea modan zegoela konbentzitu nahian ibili dira. Ez daitezela Ohiora hurreratu, amish komunitate horretara, zeren, hemen bezala han ere ez baitaude biboteak modan. Egin kasu!