Hauteskunde kanpainaren estiloa (V)
Desberdin eta originala izatea ez da erraza; are gutxiago gizonezkoen janzkera hain estua eta zurruna izanda. Eta askoz zailagoa, politikarien mundu horretan traje eta gorbatatik atera nahi izatea.
Mikel Aranari hori gertatzen zaiola uste dut. Ez du uniformera jo nahi, eta horregatik ez dugu inoiz horrela jantzita ikusten. Agian, trajeren bat soinean bai (argazki eta bideotan ez da ondo ikusten trajea den, beti jaka zabalik daramalako), baina gorbataren arrastorik ez; ezkerretik gorbataren zaion fobiaren (justifikatua) arrastoa.
Goian bezala, beste batzuetan ere ikusi dugu bakeroak eta jakaz jantzita, irudi formala baina hurbilagoa emanez. Moderno eta kultureta style
Alkandora hutsean ere sarritan agertzen da (beharbada, amerikana erantzi duelako). Alkandorok koadro txikidunak edo lisoak izaten dira. Nahiko klasikoak, nahiz eta ator hauetako asko beltzak izan; horretara, ausartagoak.
Poloz jantzita ere agertu izan da, agian bero handiagoa egiten duenean
Baina edozeren gainetik, jertse-gizona da Arana. Pullover piloa darabiltza: eskote pikodunak, lepo luzeak, marradunak, lepo zabal dutenak, marcelino estilokoak, eskote biribilekoak, kremailera txikia dutenak… denetarik! Eta beti alkandora azpian daroala.
Hau bere faboritoa dela esango nuke!
Hau ere sarritan erabiltzen du.
Edozein ama klasikok nahiko lukeen suhia!
Marzelino modernoa
Mazelino berritua
Koadrodun alkandora gehi kolore biko jertsea.
Grisa eta beltza gustuko badu ere, beste kolore batzuekin ausartzen da, eta benetan eskertzen diot nik neuk, behintzat. Apurtu egiten du politikari gizonen gris-urdin ilun inposizio tristea.
Nire ustez irudi txukuna ematen du, garbi-usaina dauka. Baina oreka larrian dabilela uste dut: klasikotasuna laga, baina gehiegi ausartu barik. Trajea abandonatu, baina jertse klasikoetan gelditu. Nahia baina ezina.
Ilean ere antzematen zaio hori: bekokiko ilea, flekilloa, ez da oso klasikoa, baina beti bere lekuan dago, ile-zuriek ematen duten ukitu interesgarri horrekin. Betaurrekoak ere politak, ondo ematen diotenak, baina oso diskretuak.
Berba baten, ama askok euren alabendako nahiko luketen senarra, etxerako modukoa, formal itxurakoa, suhi perfektua… irribarre gehiago egingo balu