Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Anti-gona / Hauteskunde kanpainaren estiloa (II)

Hauteskunde kanpainaren estiloa (II)

Elena Laka 2012/10/15 10:39
Bigarren lehendakarigaia: Laura Mintegi

Bi hilabete eta erdi pasa dira Laura Mintegik politikaren lehen lerrorako jauzia egin zuenetik. Uztailaren hasieran izendatu zuten lehendakarigai, artean deitzeke zeuden hauteskundeetarako. Izendapenetik BECeko igandeko ekitaldi loriatsurarte, janzkiei dagokienez, jaka mila-arraiadun xuabe zuzenetik, txaketa gorri militar estilora iritxi da. Ikus dezagun bilakera.

Zerrendaburu emakume bakarrak, eta beraz, (horregaitik?) kanpainan kolore eta estilo desberdina sartu duen hautagai bakarrak, jaka udatiar pastel kolorekoa soinean zuela aurkeztu zuen bere burua.

Mintegi hasiera

 

Uda-udara zen, baina bero egiteagatik ez zuen Mintegik jaka bazterrean utzi aurkezpenerako. Urrutitik pastel kolorekoa zirudien jaka entallatuak, gertutik mila-arraiduna zela ikus zitekeen. Irudi garbia. Egokia erakundeetako agintea eskuratu nahi duen hautagai batentzako. Kanpainaren aurkezpen itxurarekin oso bat zetorrena.

Jaka, gainera, diskretua zen.  Dotorezia apaingarri gutxirekin, gero ere ikusi dizkiogun xehetasunekin:

- beti erabiltzen ditu belarritakoak, baina txikiak.

- ilea, motza eta urdindua, tintatu barik, baina ondo eta kontuz moztuta.

- aurpegiko makilaje bistakorik ez, baina kolore ona bisaian. Ezpainetako diskretu bat behar bada?

- hasieran ez, baina lepoko diskretuak ere ikusi dizkiogu kanpaina zehar.

- ezker abertzalaren estetika tradizionalean hain ohikoak diren uztai eta lepoko zapi handiren arrastorik ez.

BECeko kanpaina-gailurrera iristerako, jaka oso bestelakoa jantzi du (nahiz eta azpiko top-a kanpaina hasierako berbera izan): gorria, jende artean ondo nabarmentzen duena (lidertzarako kolorea?), aurten modan dagoen estilo militarrekoa, zilarrezko botoi handiduna, mao lepoduna eta solapa barikoa.

Mintegigorria

 

Tartean beste kolore batzuetako jakak erakutsi ditu, beti ere praka beltz edo bakeroekin. Piska bat Angela Merkelen estiloa gogora ekartzen duen joera: jaka koloredunak, praka zuriak ala beltzak.

Sagar erako berdea, oso nabarmena gainerako hautagai gizonen jaka  ilunaren ondoan, El Diario Vasco egunkariak egindako azalean.

Mintegiberdea

Urdin iluna, kazadora moduko jakan. Egun osoan (ez dotore, bai eroso) ibiltzeko emakume praktiko batek jantziko lukena.

Mintegiurdina

 

Urdin argia, baita ere mao lepoa eta solapa gabe, goitik behera lotuta. Jaka amerikarraren ordezko modelo hau, garai batean asko ikusi zen Espainiako gobernuan, Pilar Del Castillo  kultura ministro PPkoak sarritan erabili ohi zuen.ETBko galdeketa programan jantzi zuen Mintegik. Jakaren lepoaldearen azpitik bolantedun alkandora zuri erromantikoak (goiko argazkikoaren berbera edo antzekoa), kolorere urdin zerutiarrarekin, irudia leuna ematen zion.

Mintegizeruurdina

 

Orain arte ikusi dugunez, jaka lisoak eta kolore bakarrekoak jantzi ohi ditu hautagaiak. Hala ere ikusi diogu zerbait ausartagoa, baina ausartzen denak akatsak ere egiten ditu, eta hobe deritzogu jaka hau beste behin armairutik aterako ez balu: pinporta beltzez estanpatutako jakak bete betean dalmata itxura ematen du.

Mintegidalmata

 

Laura Mintegi berriki lehendakarigaituak, irudiaren aldetik ematen du  agintean egon nahi duen alderdi serio eta egonkor bateko hautagaia. Esan dugun guztiarengatik. Baina baita ere atera diotelako argazkia edozein euskal alderditako hautagaik nahitaez izan beharreko txamarra soinean duela: sport euritakoa. Euskal festetara, konzentrazioetara, agerraldietara txukun agertzeko, edozein euskal politikari pedigridunak behar duen janzkia. Mintegik ere, badauka. Bada bete-betean, ofizialki eta janzkeraz, euskal politikaria.

Mintegitxamarra

maria
maria dio:
2012/10/15 14:00
Zehatza deskribapena. Dalmata itxura ematen dion txaketa aipatu duzue aukera txarrena bezala, baina niri, ETBko galdeketa saiokoa ez zitzaidan asko gustatu. Txaketa handiegia zuela ematen zuen.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2012/10/15 14:46
Jose Antonio Zarzalejosen ustez, Laura Mintegik darabilen arropak frogatzen du gaiztoa dela, amorala. Bilboko señorak bezala janzten da, Urkixo Zumardiko elizan eguerdiko meza entzun eta arratsaldez manifan "Gora ETA militarra" garrasi egiten zuten horiexek. Getxo eta Bilboko dendarik tradizionaletan erosten ei du arropa. Ileko metxak benetako adina ezkutatzeko darabiltza, eta darakusan etengabeko irribarrea ere gezur hutsa da, gezur zitala. Zarzalejosek artikulua amaitzen du ziurtatuz Mintegik emaitza bikainak erdietsiko dituela, gainerako euskaldunok hura bezain gaizto eta gezurtiak baikara.

Analisi sotila Zarzalejosena, datu eta ñabardura jakingarriz hornitua.
Elena
Elena dio:
2012/10/15 14:47
Posta idatzi ondoren zalantzan geratu naiz DVko txaketa eta ETBkoa ez ote zen berbera izango, oso berdintsuak dira biak.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2012/10/15 14:49
Zarzalejosen artikulua:

http://www.elconfidencial.com/[…]/
Elena
Elena dio:
2012/10/15 15:30
Zarzalejosek gizon baldarraren ikuspegi estilistikorik eskasenarekin epaitu du Mintegiren estiloa: hautagaiaren estiloa klasikoa da, baina ez du ez soinekorik, ez gona trajerik erabiltzen, ia beti ikusi dugu prakekin, eta esango nuke beti trajea osatzen ez duten praka eta jakak nahasten dituela. Mitinetako jaka gorria algodoizkoa da, ez narruzkoa, eta ileko metxak apustua egingo nuke ez direla emandakoak, horrela ateratzen zaizkiolako baino.
Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2012/10/19 23:10
Eta, ez duzue ezer esan behar Xabier Isasik telebistara eraman zuen alkondara haren inguruan? Bada aipatzekoa ba...
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

"Jantzi. Erantzi. Janzkiak, arropak, soin gainekoak. Moda, estiloa, bizitzaren zati bat. Umorez, eztenaz, xarmaz. Leire eta Elenari interesatzen zaigu. Baita zuri  ere, ala ez?"

@ElenaLaka

@txargain

Izan eta esan

Kalamuatik Txargainera